Indabe taldearen ‘Ez banaiz’ diskoa

Indabe taldearen ‘Ez banaiz’ diskoa

Donostiako Indabe taldeak estudioan grabatutako lehenengo diskoa kaleratu du: Ez banaiz. Euren abestiez gain, kolaborazio bat ere badu diskoak, eta dagoeneko iragarri dute aurkezpen-kontzertua.

Pozik zaudete Kristalezko hiria abestiak izan duen harrerarekin?

Egia esan, oso pozik gaude, gogo handia genuen abestia atera eta erakusteko, eta izugarrizko ilusioa egiten digu jendeari hainbeste gustatu zaiola ikusteak; bai ingurukoei eta baita orain arte gure musika entzuten ez zuen jendeari ere. Esan digutenagatik, diskoa entzuteko gogoa piztu du abestiak, eta hori entzutea baino hoberik ez dago.

Disko berria argitaratu aurreko abestia izan da, baina zer esan dezakezue diskoaren inguruan?

Diskoa martxoaren 21ean argitaratu genuen eta zazpi abestiz osatuta dago. Horietako bat kolaborazio bat da, Etxekalte taldearekin. Horrez gain, estudioan grabatu dugun lehenengo diskoa da, Gaztain estudioan grabatu ditugu abesti gehienak eta baten bat Ozen estudioan, eta esan behar dugu izugarrizko esperientzia izan dela. Asko ikasi dugula uste dugu eta esan dezakegu harro gaudela emaitzarekin, ilusio handia dugu.

Nolakoa izan da lan berria sortzeko prozesua?

Lehenik eta behin, prozesua luzea izan da. Abesti bakoitzari garrantzi handia eman nahi izan diogu, bakoitzari behar zuen denbora. Lan asko egin dugu eta oso polita izan da horietako bakoitza orain denera iristen ikustea, baita bidean geratu direnak ere. Estudioko esperientzia izan da guretzat berriena, eta uste dugu gure lanari indar handia gehitu diola.

Diskoa aurkezteko kontzertuak emango dituzue? Non egongo zarete?

Bai, disko aurkezpena egiteko intentzioa dugu, Antiguako Platero tabernan apirilaren 11n. Beste kontzerturen bat ere badugu itxita; adi egon!