Inbaditzaileak ala ez

Ander Izagirre

Ondarroa eta Lekeitiotik ehunka itsasontzi eta marinel irten ziren mendetan zehar arrantzara, baleak ehizatzera, salerostera, baita munduari bira ematera ere. Bi herrien arteko errepide estua sigi-saga doa orain itsasbazterreko mendi-hegaletan barrena, eukalipto-masa trinko baten erdian. Zuhaitz hori Australiatik etorri zen globalizazioaren itzulia osatzera, bengantza-usain fin batez etorri ere.

1960ko hamarkadan hedatu zuten Kantauri itsasoaren ertz osoan, diruz ederki lagunduta, bertoko arbolak baino askoz azkarrago hazten delako eta errentagarritasun handiagoz ekoizten duelako paper-orea. Horren ifrentzua ingurumenari eragiten dizkion kalte sakonak dira: ez soilik eukaliptadiak maiz mozten dituztelako eta ondorioz lursailak higatu egiten direlako, ezpada zuhaitz honek zenbait landare-espezieren hazkundea eragozten duelako, biodibertsitatea pobretzen duelako eta sute suntsitzaileen arriskua areagotzen duelako; eta, gainera, bere olio lurrintsuek lurzorua inpermeabilizatzen dute eta substantzia horiek toxikoak dira anfibioentzat. 1986. eta 2019. urteen artean, eukaliptoen azalera laukoiztu egin zen gure lurretan: bost mila hektarea okupatzetik hogei mila hektareara.

Arturo Elosegi biologoak dio eukaliptoak goitik behera betetzen zituela legearen arabera espezie bat inbaditzailetzat hartzeko bete behar diren hiru ezaugarriak: ez da bertakoa, hedatu egiten da, eta ingurumenari kalte egiten dio. Gero legea aldatu egin zuten, errendimendu ekonomikoa ematen duten espezieak ez zitezen inbaditzailetzat hartu. Horra hor Atzerritartasun Legearen espiritua, baina landareei aplikatua.