Iñaki Gonzalez Abadia: “Niretzako futbola da bizitzari buruz ikasteko tresna bat”

Iñaki Gonzalezek zazpi urte daramatza, Qatarren, futbol entrenatzaile modura lanean. Beldurtuta joan zen, baina pozik dago, aberastu egin baitu herrialde arabiarrak. Muturreko beroari eta talka kulturalari aurre eginez, futbol selekziorako jokalariak prestatzen egiten du lan. Aitortu digu azken urte hau gogorrena izan dela, Iraneko gerrak sortu zuen tentsioagatik. Baina, momentuz, ez du etxera bueltatzeko asmorik.

Iñaki Gonzalez Abadia, ongi etorri TTAPera!

Aupa, Amaia!

Iñaki, futbol entrenatzailea zara, Qatarren. Nolako esperientzia ari da izaten?

Desberdina. Ni hemen egon nintzen entrenatzaile moduan, Athleticen beheko mailetan, urte pila batean. Sei urte egin nituen, eta aukera atera zitzaidan Dohara joateko, Aspire Academyra. Gobernuaren proiektu bat da: gobernuak dauka futbol federazio bat, selekzioa izango litzatekeena, eta horren aurrekaria da Aspire Academy. Guk egiten dugu lan bertako talentu nagusiekin, mutilekin. Mutil horiek euren klubetan daude kokatuta, bai entrenatzen eta bai jokatzen, baina guk aukeratzen ditugu herrialdearentzat onenak direnak, eta, hamabi urtetik aurrera, egun osoko programa baten daude gurekin.

Egun osoa entrenatzen. Horretara dedikatzen dira?

Bai. Eurek daukate pentsio osoa deitzen zaiona. Goizeko gosaria, eskola daukagu bertan, irakasleak… Goizean entrenatzen dugu, eskolara doaz, bazkaltzen dute, berriro entrenatzen dute arratsaldean, eta, gero, aukera dute bertan afaltzeko, lo egiteko… dena egiteko. Hau da, bekadunak. Hemen lirateke bekadunak, goi mailako kirolariak. Akademia hasten da lau urterekin, baina, lautik hamaika-hamabi urtera, gehiago da kirolaren sustapena eta astiro-astiro ezagutzen hastea. Eta, gero, hamabi urtetik aurrera, goi-errendimenduko akademia bat da.

Eta zuk ze lan egiten duzu hor?

Lan eskaintza batekin joan nintzen bertara, beheko mailetako koordinatzaile moduan. Zazpi urte daramatzat jada bertan, eta denetarik egin dut: koordinatzaile moduan, hogei urtez azpiko Qatarreko selekzioa entrenatu dut, akademiako koordinatzaile nagusia izan naiz… Denetarik egin dut urte hauetan.

Gobernuak, orduan, apustu sendoa egiten du futbolaren alde…

Bai. Gobernu honek lau oinarri sendo ditu. Bat da energia; hau da, gasa eta petrolioa. Beste bat da hezkuntza; hezkuntzari garrantzia handia ematen zaio Qatarren. Dago, baita ere, osasuna; niri harritu egin nauen sistema bat da. Sare publikoa eta pribatua daude, baina publikoa goi-goi mailakoa da: profesionalak, ospitaleak… inbertsio handia dago. Eta azkena da kirola, kirolaren sustapena. Beraiek uste dute kirola agente inportante bat dela gizarterako. Inbertsio oso handiak daude, eta futbola da inbertsio nagusiena daukana.

Zaletasun handia dago futbolaren inguruan?

Zaletasun handia historikoki, bai, baina, gehiago, kontsumitzeko. Orduan, gure lana da, batez ere, sustapena egitea eta goi errendimenduko kirol baten prozesua hobeto finkatzea, ze beraiek zaletasun handia izan dute futbolarekiko, baina, agian, ez dute eduki garapen bat entrenamenduena… Gure akademiak hogei urte baino ez ditu. hogei urte oso gutxi da; Lezamak, adibidez, baditu 50 urte baino gehiago. Hortaz, gure lana da kultura hori sustatzea: zelan lortu goi mailako kirolera moldatzea.

“Qatarren uste dute kirola agente inportantea dela gizarterako, eta inbertsio handiak daude kirola sustatzeko”

Eta nola ikusten dituzu Qatarreko jokalariak, gaur egun?

Kontuan eduki behar dugu oso gizarte txikia dela; hiru milioi eta piku biztanle ditu. Eta biztanle horietatik, belaunaldi bakoitzean, oso ume gutxik jokatzen dute futbolean. Dagoena da kirol zaletasun handia. Orduan, umeek kirol aukera pila bat dituzte. Gure akademian, futbolaz gain, dago esgrima, atletismoa, igeriketa, arbitroak, motorrak… Kirol ibilbide handia dago. Hango umeak ez doaz futbolera bakarrik, kirol modalitate pila bat egiten dituzte. Eta ni heldu nintzenetik gaur egunera arte, garapen handia ikusi dut.

Esan duzu, selekzioan ere egon zinela. Nolako esperientzia izan zen hori?

Garrantzia handia ematen dio herrialdeak selekzioari. Eta, gainera, selekzio bat da zeinetan, baliabide aldetik, dena eskuratzeko aukera dagoen. Asko bidaiatzen genuen, eta ikusten nuen hango lokalek garrantzia handia ematen diotela selekzioari. Polita, exijentea, gogorra, baina aberasgarria izan zen niretzat selekzioarekin lan egitea.

Ardura bat ere bai, ezta?

Bai, ardura bat. Garrantzia ematen zioten selekzioari.

Eta nola joan zen emaitza aldetik?

Qatarren selekzioen lehen helburua da beheko mailetako jokalariak lehen mailara bideratzea. Athleticek daukana. Beheko jokalariak zenbat eta hobeto garatuta egon, lehenengo taldera bideratzeko aukera gehiago. Orduan, nire lana zen azkenengo etapa horretan jokalari argienei edo proiekzio handiena zeukatenei azken bultzada ematea. Gero, lehiaketa aldetik, Asiako sailkapena jokatzen da, hemengo Eurokopa izango litzatekeena. Horra sailkatu ginen, eta hori Qatarrentzat lorpen bat da, ze ez da erraza. Asian selekzio pila bat daude, herrialde pila bat, eta hamasei onenen artean sartzea lorpen handi bat da. Sailkatu ginen, baina, gero, Asiako Kopan, lehenengo fasean kalera joan ginen. Gurako genuke gehiago egin izana, baina ez da erraza, ze Japonia, Korea, Australia edota Iran oso gogorrak dira. Herrialde askoz handiagoak dira, eta futbol eta goi errendimendu kultura handia dute historikoki, baina bagoaz hurbiltzen astiro-astiro.

Lezamako harrobiaren moduan funtzionatzen du zuen akademiak?

Bai, esentzian bai. Biztanle kopuruan, Euskal Herria eta Qatar antzekoak dira, eta helburua ere antzekoa da. Hau da, ez da bilatzen hamasei urtekoak txapeldun izatea edo hogei urtekoak txapeldun izatea. Bilatzen dena gehiago da jokalari argienak eta proiekzio handiena dutenak lehenengo taldera bideratzea. Hori da helburua. Lehenengo taldea da garrantzitsuena Qatarren.

Baliabideak aipatu dituzu. Oso herrialde aberatsa da. Hor ez dago arazorik, ezta?

Nik ez dut sekula ikusi gure akademia bezalakorik. Qatarren bizi naizenetik, sarri bidaiatzen dut. Qatarreko ligaren maila ez da oso altua, hortaz, gure helburua da gure jokalariek nazioarteko esperientziak bizitzea. Egindako bidaietan, instalazio pila baten egon naiz, baina guk daukaguna modukorik ez dut ikusi inon. Gure jokalariak ez dira gai hori barneratzeko, ze beraiek uste dute normala dela. Baina guk, kanpotik gatozenok, ikusten dugu beste maila baten dagoela.

“Irango gerrarekin momentu gogorrak bizi izan ditugu”

Ze motatako jokalariak dira zuenak? Baliabide ekonomiko handiak dituzte? Denetarik dago?

Herrialdean daude qatariak, lokalak, baina oso gutxi dira, ze, qataria izateko, hiru belaunaldi izan behar dira, gutxienez, Qatarren jaiotakoak. 1940ko lege bat dute, eta urte horren aurretik Qatarren bizi zirenak dira qatariak. Horrez gain, palestinar asko daude, Jordaniako eta Libanoko palestinar asko, Egiptokoak… baina horiek ez dira qatariak, nahiz eta hirugarren belaunaldia egon hor. Euren aitona-amonak eta gurasoak bertan jaio dira, baina ez dira qatariak. Qatar nahiko zorrotza da horretan. Eta, orduan, qatariak daude beste maila batean: herrialdeak ematen die lana, ez ditu jausten uzten. Eta horiek daude oso-oso baldintza onetan. Eta, gero, herrialdearen gehiengoa dira mundu arabiarreko familiak, joan direnak etorkizun hobe baten bila. Guk asko ditugu siriarrak, Egiptokoak, Sudanekoak… Sudan, nahiz eta Afrika izan, herrialde musulmana da, eta asko daude Sudanekoak. Jordaniakoak ere badaude, eta, batez ere, Libanokoak. Orduan, denetarik dago: beharrizan gehiago dutenak, eta herrialdean urte batzuk daramatzatenak eta posizio ekonomiko egonkor baten daudenak. Baina egia da, ni heldu naizenetik, geroz eta qatari lokal gutxiago ditugula akademian. Nik uste dut qatarien familietan ez dela lehentasun bat. Ze, dena daukazunean, zaila da goi mailako kirolari baten bizitza estilora moldatzea. Eta beraiek dena daukate: ekonomikoki, baliabideak, dena daukate. Aldiz, atzerritik etorri direnek dena daukate, baina ez daude maila horretan, eta, beraz, futbola aukera bat da eskala sozialean aurrerapauso bat emateko, izan ere, Qatarren nahiko erraza da futbolean profesionala izatea. Maila on bat badaukazu, nahiko erraza da profesionala izatea eta kontratu on bat izatea, eta Egiptokoa bazara edo Palestinakoa, horrek dakar beste aurrerapauso bat ematea gizartean edo ekonomikoki.

Eta lan eskaintza hori iritsi zitzaizunean, esan zizutenean “nahi duzu Qatarrera lanera etorri?”, zer pentsatu zenuen?

Beldurra. Ez herrialdeagatik, baizik eta galdetu niolako nire buruari: “Gai izango ote naiz?” Atzerrian lan egiteko, moldatzeko beste hizkuntza baten, beste erlijio baten… Bertigo apur bat sentitu nuen. Baina egia da Lezaman nintzela bisiten arduraduna, eta mundu osoko jendearekin harremanetan egoten nintzela sarri. Beti eduki ditut jakin-mina eta atzerrira lanera joateko gogoa. Ez nuen espero Qatar izango zenik aukera bat, baina agertu zen, nire bikotekidearekin berba egin nuen, eta han joan ginen abenturara. Bi urterako sinatu genuen, zazpi daramatzagu eta ez dakigu noiz arte egongo garen!

Momentuz, gustura!

Bai. Azken urtea apur bat zaila izan da, egia esan. Gerraren kontuarekin, bizi izan ditugu egoera batzuk sekula bizitzea espero ez nituenak. Misilak ikustea, antimisilak, berriro etxean konfinatuta egotea, online lan egiten, aire espazioa itxita, ezin irten herrialdetik… Egoera horiek oso gogorrak izan dira aurten.

Eta imajinatzen ez zenituztenak.

Gainera, ni gernikarra izanda, bonbardaketaren kontuarekin… Nik oso txarto eraman dut, pertsonalki, eta nire bikotekideak ere bai. Arabiarrek, adibidez, palestinarrek, libanoarrek… normaltasun baten barruan ikusten dute egoera, historikoki bizi izan dituztelako gerra egoerak. Nik hegazkinak, droneak-eta entzuten nituen, eta beldurra sentitzen nuen.

Eta, hasieran, bertara iritsi zinenean, nolakoa izan zen? Talka kultural handia, ezta?

Bai. Azkenean, ez nintzen gai izan hemengo egitura soziala eta mentala berrikusteko hara heldu arte. Hemen, nire bizitza automatikoa zen: nire ohiturak, nire bizitza ikuspegia… Eta hara heltzerakoan, bizitzaren beste ikuspegi bat aurkitu nuen: ordutegiena, bizitza balioak, familia balioak… Hori ikusi arte, ez nuen halako hausnarketarik egin, aldaketa handia izan zen. Batetik dago alde logistikoa: bankuak, kontratuak… horrek guztiak ematen duen buruko-minarekin. Baina aldaketa igarri nuen tratuan eta harremanean ere. Arabiarrak eta, kasu honetan, musulmanak, oso ezberdinak dira gurekiko gauza batzuetan, aldiz, beste batzuetan, oso hurbil gaude. Baina ez nekien. Orduan, hasiera gogorra izan zen.

Zenbat denbora behar izan zenuen egokitzeko?

Lehenengo hiru hilabeteak izan ziren borroka moduko bat. Nahi gabe, nire ulertzeko era inposatu nahi nuen, nire izateko era, nire ikuspegia lanean. Gero, esan nuen: “Ezin dut jarraitu borrokan, ulertu behar dut nondik datozen, ze historia daukan herrialde honek, herritar hauek nondik datozen, ze ikuspegi daukaten…” Hori ulertu, hori entzun, hori saiatu barneratzen eta hortik hasi lanean eta ikusi non aldatu dezakegun. Nire ustez, beraiek uste dute atzerritik gatozenok beraiek baino hobeto egin dezakegula arlo batzuetan, eta hor bai lagundu behar diegula hobetzen. Beste batzuetan, ordea, ulertzen saiatu eta guk ikasi behar dugu eurengandik. Hiru hil horiek gogorrak, beraz, eta hurrengo seietan lur hartzen… urtebete bai, gutxienez, egokitzeko!

Eta nolakoa da Qatar? Nola azalduko zenuke?

Herrialde oso lasai bat, oso isila. Hona natorrenean bueltan, zaratarekin harrituta geratzen naiz, hemen zarata asko dago denean: kalean, tonu altua hitz egiteko… Beraz, oso herrialde lasaia. Hemen bizi gara erritmo oso altuan, dena egin behar da gaurko, agendak bete-beteta ditugu. Eta Qatar da hiru martxa jaistea, konturatzea egunerokotasuna gozatu egin behar dela, lan egin behar dela, baina ezin bada gauza bat bete gaurko, jarriko dugula beste egun baterako. Eta hori izan da niretzat bizitza ikasketa bat. Erritmoa jaistea eta konturatzea ahal dela bizi lasaiago. Gero, herrialde oso familiarra ere bada eta eskuzabala. Harritu egin nau ze eskuzabalak diren qatariak, nirekin, gutxienez, eta nire bikotekidearekin. Irakaslea da bera eta oso eskuzabalak dira harremanean, opariak egiten dituzte, opariak edo jatekoa… Eta nik uste dut gogoa dutela euren burua ezagutarazteko eta mundutik datorren jendearengandik ikasteko. Azkenean, gu euren herrialdera gonbidatuta goaz, eurekin lan egiteko; baina eurek ez badute nahi, ez gara egongo han.

Eta hezkuntza sistema? Oso ezberdina da?

Dena da oso ezberdina. Hasteko, enpresak dira babesleak. Hau da, Qatarren sartzeko babesle bat behar duzu. Kasu honetan, nire babeslea nire enpresa da, eta babesle horrek baldintza batzuk jartzen dizkizu. Ez bakarrik soldata, baizik eta zure seme-alabentzako hezkuntza, bidaiak, aseguruak… Orduan, bi hezkuntza sistema daude: pribatua, guztiz pribatua dena, edo gobernukoa, publikoa dena. Hezkuntza pribatua babesleak ordaintzen du gehienbat. Babeslea dugun atzerritar gehienok aukera dugu nazioarteko hezkuntzara sartzeko. Nire emazteak, adibidez, Spanish Schoolen egiten du lan, baina dago suitzarra, frantsesa, amerikarra, ingelesa… Nazioarteko eskola pila bat daude, eta eskola publikoa gehiago da lokalentzako eta hizkuntza arabiarra bultzatzen da bertan. Nazioarteko hezkuntzan, aldiz, bereziki ingelesa bultzatzen da.

“Basamortuan bizi gara, eta natura asko botatzen dugu faltan”

Arabieraz nola moldatzen zara?

Eskas, eskas. Oso zaila da niretzako, eta hurrengo erronka hori izan beharko litzateke. Saiatzen naiz euren hizkuntza entzuten. Futboleko kontzeptuak ulertzeko eta esateko gai naiz, jokalariek euren artean hitz egiten dutenean gutxi gorabehera jarraitzeko ere bai… Baina ez naiz gai elkarrizketa bat egiteko edo telebistan ikusten dudana ulertzeko.

Baina ingelesez bizi zaitezkete bertan, ez?

Bai. Arabiera eta ingelesa dira hizkuntza ofizialak. Orduan, ingelesez egiten dugu gure egunerokotasunean.

Hemen, azkenaldian, asko ari gara hitz egiten beroari buruz. Imajinatzen dut, han, berora ohituta zaudetela…

Bai. Maiatzetik urrira, bero handia egoten da.

Zein da ikusi duzun tenperatura maximoa?

51 gradu. Bai. Baina ez da nabaritzen, ze herrialdea prestatuta dago horretarako. Hau da, etxean aire girotua, kotxean… Eta, gero, zentro komertzialak kaleak dira. Ez dira hemen ditugun merkatalguneak bezalakoak. Kilometrikoak dira, aire girotua dago eta geroz eta kale gehiago daude aire girotuarekin.

Kalean aire girotua, e!

Bai. Ez dakit ingurumen aldetik egokiena den, baina kalean aire girotua dago eta terrazetan egon zaitezke. Terrazatik ateratzen zara eta 40 gradu eta piku daude; terrazan sartzen zara, eta 24.

Gustura zaude, ezta? Ikusten zaizu gustura bizi zarela bertan.

Bai, ze ikusten dut aberastu egin naizela pertsona modura han bizi naizenetik; jakintza aldetik, ikuspegi aldetik… Asko bidaiatzen dut, gainera, eta bidaiatzen dudanean, beste herrialde pila bat bisitatzen ditut, jende asko ezagutzen dut askotariko tokietakoa… Orain, adibidez, koordinatzailea naiz, eta, inguruan, denetarik daukat: hegoamerikarrak, europarrak, afrikarrak, asiarrak… Denok batera eseri behar gara mahai baten, akordioak sortu behar ditugu eta proiektu berdin baterako lan egin behar dugu, eta hori erronka handi bat da. Hori ere ikasketa handia izan da. Hemen, Bilbon, denok ginen bertakoak. Baina, han, esertzen gara mahai baten eta oso enpresa handi baten. Athletic alderatzen badut Aspirerekin, familia enpresa bat da. Aspire da multinazional bat.

Zenbat langile ditu?

Jakin ere ez dakit, ze gure enpresa dago banatuta hiru enpresa txikitan: Aspire Academy da eskola, kirolak…; gero dago Aspetar, dela nazioarteko ospitale bat; eta gero dago Logistic, hori dena kudeatzen duena. Bere eremu guztia herri bat bezalakoa da, kilometroak eta kilometroak dituen leku bat da.

Zer da futbola zuretzat?

Futbola izan da niretzako beti jolas bat, joko bat, umetatik beti praktikatu izan dudana, beti gustatu izan zaidana. Eta denbora aurrera joan ahala, jakin-mina piztu didana, ikasteko, ezagutzeko hobeto. Nik ikasi nuen Gasteizen Jarduera Fisikoa eta Kirola, eta, hor, gogo gehiago sartu zitzaidan ikasteko, entrenatzaile munduan sartzeko. Baina beti izan da erdi zaletasun bat. Ni Gernikan hasi nintzen entrenatzaile modura, eta aukera sortu zitzaidan Athleticen sartzeko, eta hori bai izan zen esatea: “Hau bizitza estilo bat izan daiteke”.

Zein da zure estiloa entrenatzaile modura? Zeri ematen diozu zuk garrantzia?

Ikasketari. Niretzako, futbola da bizitzari buruz ikasteko tresna bat: norberaren zailtasunak, norberaren mugak, norberaren zalantzak… Jokoaren bitartez ikastea. Eta nire begirada ikaslearekin edo jokalariarekin beti da: “Zer ikasi ahal duzu egoera honetatik? Zer ikasi ahal duzu jokoan egoera honetatik?” Orduan, nik ez dut epe laburrera lan egiten, beti egiten dut epe luzera. Ikasketa da niretzat garrantzitsuena.

Ikusten duzulako futbolak bizitzak aldatzen dituela, ezta?

Hori da, bai.

Esan dugu gernikarra zarela, eta, gernikarra izanik, Gernikako ohitura batzuk ere mantentzen dituzu. Gabon guztietan itzultzen zara hona Marijesietan parte hartzeko. Kontatu zer diren guretzat hain bereziak diren Marijesiak.

Gernikan dagoen tradizio bat dira Marijesiak, eta Gabonak baino bederatzi egun lehenago hasten dira; hau da, abenduaren 16tik 24ra, eta goizaldeko 04:00etatik 06:00etara, Gabonak iragartzen dira estrofa batzuen bitartez. Eta ateratzen gara Gernikako gizon-emakumeak abestera herrian zehar, eta pasarte biblikoak kontatzen dira. Gaur egun, ez dut uste gehiengoak kristautasunetik egiten duenik, baizik eta tradizioa mantentzeagatik. Ni hasi nintzen umetan, eta bakarlari moduan abesten dut Gabonetan hona natorrenean.

Gabonetan beti etortzen zara, ezta?

Bai, turroia bezala etxera.

Eta zer sentitzen duzu etxera itzultzen zarenean?

Ez da erraza etxera itzultzea atzerrian bizi zarenean. Urte asko daramatzat kanpoan eta etxera etortzea poztasuna da, familia, lagunak, natura. Natura asko botatzen dugu faltan, ze basamortuan bizi gara. Asko botatzen ditugu faltan basoa, mendiak, haize freskoa… Orduan, hori da niretzat etxera etortzea: familia, lagunak eta arnasa hartzea. Baina, beste alde batetik, zaila ere bada, ze tarte txiki baterako gatoz, jende askok nahi du gurekin elkartu eta hango esperientziaz hitz egin, eta, momentu batzuetan, sentitzen dut ez daukadala nire bizitzaren kontrola, baizik eta beti nagoela batekin edo bestearekin. Horrek estresatu egiten nau, baina hasi naiz ikasten hori orekatzen.

Eta? Lortzen ari zara?

Uste dut baietz. Batzuetan, ez dut lortzen nahi dudan jende guztiarekin egotea, baina ulertzen dut ezin dela, eta onartzen dut.

Esan duzu gustura zaudela han. Momentuz, ez duzu itzultzeko asmorik, ez?

Gustuko dut Euskal Herria, baina, gaur egun, Qatarrek ematen didana, batez ere, nazioarteko jendearekin harremanetan egotea, ditugun elkarrizketak lanean eta kalean… ez dira eguneroko gauzak. Nik hitz egiten dut Txileko pertsona batekin Txileko egoera politikoaren inguruan, baina beraien begietatik; hau da, ez da egunkarietan irakurtzen dudana. Hitz egiten dut Finlandiako nire lankide batekin berak zelan ulertzen dituen oporrak, zelan doazen saunara… Niri horrek aberastu egiten nau. Orduan, ez dakit zenbat urtez jarraituko dudan Qatarren, baina nire asmoa da beste herrialde batzuk ere esploratzea. Eta egunen baten bueltatu behar banaiz, ondo baita ere!

Baina momentuz, kanpoan.

Ez dago asmorik bueltatzeko.

Ba, eskerrik asko, zure oporretan guri tarte hau egiteagatik, eta zorte on!

Mila esker.