Iñaki Elorza: “Kazetaritza giza faktorea galtzen ari da”

Iñaki Elorza Txapas. Euskal kirolaren ahotsa. Hark finkatu du euskarazko kirol emankizunen kanona, Euskadi Irratiko mikrofonotik. Retegirekin egin zuen debuta eta Irribarriarekin erretiratu da, baina ez da ausartzen esatera zeintzuk diren hobeak, orduko ala gaurko pilotariak. Ez, goitizena ez dio hitz jarioari zor.
IÑAKI ELORTZA: Labrit beti izan da, niretzako, pilotalekurik kuttunena. Motiboak badira: ni 1952an jaiotakoa naiz, eta Labrit urte hartan eraiki zuten. Kintoak gara. Gainera, Iruñean zazpi urtez bizi izan nintzen, 1963ko kurtso hasieratik 1969ko bukaerara. Eta, tarteka, ekartzen gintuzten Labritera, eta, zer esanik ez, Euskal Jai zaharrera, San Agustin kalean.
Irratia ogibidetzat hartu nuenean, motibo gehiago, urtean zehar jaialdi gehien hementxe ematen delako, partidurik interesgarrienak bertan daudelako eta gaurkorako [elkarrizketa Labriten egiteko] gestio bat egin beharra zegoelako, eta federaziokoek beti oso ondo hartu izan gaituztelako hemen.
Deitu nizunean, eta pilotalekua hautatzeko aukera eman nizunean, zalantza izpirik ez zenuen izan.
Aukeran, Labrit. Gainera, azken laneguna sanferminetako uztailaren 14a izan nuen. Jendez gainezka zegoen pilotalekua, eta gaur dena hutsik, pilotaleku guztia guretzat. Hormak hutsik ikusteak oraindik gureagoa balitz bezala sentiarazten dit.
Erraiak mugitu al zaizkizu Labritera itzulita?
Burutazio asko etorri zaizkit: ezagutu dudan jendea, ezagutu ditudan pilotariak…
Hemengo langileak ere ederki ezagutzen dituzu. Denak etorri zaizkizu agurtzera.
Hori ere bai. Aritz, Jon… Urte askotako harremana izan da, eta eskertu baino ez horiei guztiei.
Hemen kontatu zenuen azken partida gogoan daukazu. Lehendabizikoa ere bai?
Irratian gauzak asko aldatu dira. Orain, larunbatero eta igandero, urte osoan, pilota partidua dugu. Hasi ginenean, ematen ziren bakarrik txapelketetakoak, oso inportanteak zirenak: finalerdiak, finalak… Emandako lehenengo finala izango zen 1981koa. Orduan, Herri Irratian nengoen. Julian Retegiren eta Roberto Garcia Ariñoren artekoa. Baina gehiago gogoratzen naiz hori gero paperetan ikusi dudalako. Etxean gordeta daukat orduko nire laburpena. Baina, bestela, ez naiz oroitzen partidu hau edo hura nola joan zen.
Uste nuen debuta lehenago eginen zenuela, gerra karlisten garaietan edo, hor nonbait irakurri baitut Txapas goitizena garai haietatik datorkizula.
Kar, kar, kar… Bai, Txapalangarratik. Gauza da Joaquin De Pablo Txapalangarra Lodosan jaiotako gerrillaria zela, Jose De Esproncedaren garaikidea, harekin gerrilletan ibilitakoa. De Pablok eskultura bat dauka Lodosako plazan. Luzaiden hil zuten. Eta hil zutenean, Esproncedak Oda a la muerte de Joaquin De Pablo ‘Txapalangarra’ (Oda Joaquin De Pablo Txapalangarraren heriotzean) idatzi zuen. Eta literaturako klaseetan, hemen, Iruñean geundela, ni bihurrikeriaren batean ibiliko nintzen, eta irakasleak esan zidan: “Callate, Txapalangarra” (Isildu, Txapalangarra).
Eskubaloian jokatzen nuen, arratsaldean entrenamendua geneukan, eta ekipoko batek esan zidan: “E, pasa, Txapalangarra”. Txapalangarra esateko luzeegia, eta Txapas horretan geratu zen.
Ezizena ez da, beraz, zure hitz jarioaren ondorioa, askok hala uste bagenuen ere.
Ez, ez, hori defenditu beharra daukat: Joaquin De Pablo Txapalangarrarena da. Zentronikon, gainera, festa bat egiten dute, eta bere panpina urtero zintzilikatzen dute.
Pilotaz aritu gara, baina debuta Irratian estropada batekin egin zenuen, alboan gerora sona handikoa izanen zen lankidea zenuela.
Mikel Albisurekin, Mikel Antza-rekin izan zen. Getariara joan ginen, Euskal Herriko trainerilla txapelketa ematera. Hasiberritan ez dakizu zer egin behar den. Ez dakizu zer errekurtso behar dituzun. Nik ez nekien asko, baina paper guztiak neuzkan: Getariako istorioak, Elkanorenak, arrantzaleenak, denak. Eta Mikel besterik gabe joan zen. Hartu zuen hitza eta bera ongi sartzen zen. “Aurrera, Iñaki Elortza” esan, eta Elortza ezin sartu. Eta berriro Elortza, eta berriro ezin. Hala egin genituen hamar minutu. Gero, jada sartu ahal izan nintzen. Eta oroitzen naiz bukaeran Marconi esaten genion teknikariak esan zidala: “Hi, lehengo eguna izateko, oso ondo”. Kar, kar…
Mikelekin orain gutxi egon naizenean, komentatu genuen…
Berriki izan zara berarekin?
Bai, eta komentatu genuen Donostiako hondartzako oharrak gureak zirela. Berak eta nik egindakoak: “Haur bat aurkitzen da galdua kabinetan, bere arduradunei eskatzen diegu etor daitezela bere bila, lehenbailehen”.
Irratigintzara futbolari batek, atezain handi batek, bultzatu zintuen, zeharka bada ere.
Irratira baino gehiago, kirol mundura. Ni ikasketaz aparejadorea naiz. Arkitektura Teknikoa egin nuen bere garaian. 1980an, Joxe Angel Iribar atezain handiari omenaldia egin zioten Bilbon; euskara zeukan, gainera, omenaldi hark ardatz eta lelo, eta berak esan zuen orduan bildutako dirua egun baten kirola komunikabideetan euskaraz eman zitezen nahi zuela izatea [UZEIri eman zion, kirol hiztegia sortu zezan]. Lortu zuen garai hartan 11.700.000 pezeta. Ezin da hori orain eurotara pasa, baina bai baliokide bat: diru horrekin berdin zait Arrasaten, Azpeitian edo Iruñean eros zitezkeen hiru etxebizitza on. Eta hori hiztegigintzara bideratu zuen.
Orduan, hiztegigintzan ari nintzen. Jaxinto Setien artista izan zen liburugintzan eta hiztegigintzan. Eroski hitza berak asmatu zuen. Zizka-mizka hitzak ere berak asmatutakoak ziren. Bazekien nik kirolerako zaletasun handia nuela, eta hark esan zidan: “Futbol partidua euskaraz eman beharra daukak”. Bagenuen magnetofoi zahar bat. Harekin joaten nintzen Atotxara eta jende artetik ematen nuen partidua, neuretzat. Eta astelehenean aztertu egiten genuen. Nik eskertuko nuke Jaxinto bezalako jendea egotea orain, edozein tokitan: berdin komunikabideetan, enpresetan… Behin ere ez zizun esango gaizki ari zinenik, beti: “Oso ondo, segi aurrera, ondo goaz, animo”.
Eta handik irratira nola?
Hori, 81ean. Orduan, Jaurlaritzak dirulaguntza bat eman zuen. Garai haietan, irratian oso gutxi egiten zen euskaraz. Enteratu zen Otermin bazegoela bat joaten zena Atotxara futbol partiduak euskaraz ematera. Deitu zidan eta hitz egin genuen: “Ba al daukak kasete horietako bat ematea?”. Eman nion kasetea, entzuten hasi zen, eta minutu erdi bat pasa baino lehenago esan zidan: “Irratian egin nahi al duzu lan?”. Hala hasi nintzen Herri Irratian.
Gero, Euskadi Irratirako oposizioak atera ziren. Orduan Kazetaritza titulua zeukan eta euskara ondo menderatzen zuen jenderik ez zegoen. Edo oso gutxi.
Athleticen, Osasunaren eta Alavesen partidu bat euskaraz irratiz ematen aitzindaria izan zinen. Realarena kontatzen, ordea, ez.
Realarena nik baino lehenago Gorka Reizabalek egin zuen Herri Irratiko taldearekin, Gijonen Realak irabazi zuenean. Bere garaian RNEk ere egin zuen, Realak Europan jokatu zuen partidu batean. Manu Oñatibiak eta Joxe Mari Etxebestek eman zuten partidu hura. Hortik aurrera, ni hasi nintzen Herri Irratian. Euskaraz eta gazteleraz. Euskaraz egiten zen minutu bat, minutu eta erdi, eta gazteleraz hiru minutu. Baina hor ere Juan Lekuonari, Herri Irratiko zuzendariari, hainbeste gustatu zitzaion euskarazkoa, eta Oterminen antzera esan zidan Madrilera joateko partidua euskaraz ematera. Niretzako, orduan zen Hawaiira joatea bezala.
“Orain, kazetaritzan, badirudi inportanteena azkartasuna dela, eta ez sakontasuna”
Lexikoa nola zehaztu zenuten?
Hasi ginenean, inork ez zekien nondik nora eraman behar zen hura. Iribarren ordezkariak zirenek erabaki zuten dirua UZEIri ematea. Eta UZEIk gurekin, Jaxinto eta Gordailukoekin, egin zuen akordioa. Guk, aurrena, hustuketa bat egin genuen. Zegoen urria hiztegietatik atera, Iparraldeko aldizkarietatik, Argia-tik. Euskaraz idazten zen guztia, dena hustu genuen. Eta gero, UZEIrena egin genuen.
Lexikoan ez ezik, joskeretan ere kanona zuk ezarri zenuen…
Aberastasuna dago, batez ere, garai bateko esaldietan. Nik uste dut gaurko gazteek, 30 urtetik beherakoek, garai bateko testuak asko irakurri behar dituztela. Ezin zara zu izan euskaraz lehengoa ahaztuta. Eta lehengoek sekulako aberastasuna zuten. Esaten zuten frontoia leporaino bete, sabeleraino bete, barruraino bete… Bazeneukan sinonimia bat hogei hitzez erabiltzen zena, eta bakoitzak asko erabiltzen zuen. Joskeretan, garai batekoak oso onak ziren; eskola gutxirekin, seguruenik. Bertsotan bezala: gaurkoak bai, baina lehengoak ahaztu gabe.
Gazte bat, Kepa Iribar bat edo Iñaki Berastegi bat Euskadi Irratian entzuten duzunean kontakizuna egiten, zeure burua ikusten al duzu?
Gauza batzuetan, bai, eta gero, beste gauza batzuk beraiek asmatu dituzte. Eta batzuekin bat nator eta beste batzuekin, ez. Baina ni jada ez naiz inor esateko ondo edo ez.
Gogoko duzun narratzaile bat.
Tranpa eginen dizut: argentinarrak.
Nik euskalduna nahi nuen. Erretiratu den bat aipatuko dizut: Asier Legarda-Ereño.
Asier oso ona zen.
Ez didazu besterik aipatuko.
Ez. Pilotarekin berdin gertatzen zait. Jendeak galdetzen dit. Nik, garaian garaikoa. Julian Retegiren garaian, bera. Eta Juan Ignacioren garaian, bera. Eta Lajosen garaian, bera. Edo Ariño I.a, edo Miguel Gallastegi, edo Atano III.a…
Pilota asko aldatu da urte hauetan guztietan.
Aldatu da dena, eta telebistak aldatu du. Lehenago, frontoia zuria zen, eta berdea telebistak ekarri du. Lehen, pilotariak zuriz joaten ziren; orain, urdina edo gorria daramate soinean. Publizitaterik ez zegoen; orain, hutsarteak daude 12. tantoan eta 18.ean.
Esango nuke egon diren aldaketa guztiak telebistak ekarri dituela. Enpresen oso ekarpen gutxi egon da. Eta ulergarria da. Telebistak behar batzuk dauzka enpresek ikusten ez zituztenak.
Harmaila kirol aldizkari gomendagarrian erreportajea egin zuten eskupilota enpresen joera berriei buruz. Tesi nagusia: pilotariak oso azkar erretzen dituztela, pilotarien ibilbide profesionala laburtu dutela, eta horrek pilotazalearen eta pilotariaren arteko atxikimendu hori asko zailtzen duela. Ados?
Gu hasi ginen garaian, orain bezalaxe, bi enpresa zeuden, baina bi enpresen artean 100 pilotari zituzten. Gaur, bi enpresa daude, baina enpresa batek 25 pilotari dauzka eta besteak, 23. Bien artean, erdia daukate, 48. Lehen, pilotari asko ziren urtean 100 partidutik gora jokatzen zutenak, baita 129 ere, Mikel Berasaluzek bezala. Ehundik gora, askotan, Martin Alustizak.
2018an, bi pilotari bakarrik izan ziren 60tik gora jokatu zutenak, Aimar Olaizola eta Jokin Altuna: 61na partidu jokatu zituzten. Zer pasatzen da? Pilotari gutxiago dauzkazu, eta lehen, askozaz jaialdi gehiago ematen ziren. Gu hasi ginenean, Gipuzkoan, astean zortzi jaialdi ematen ziren: Bergaran bi, Eibarren bi, Tolosan, Donostian eta tokatzen zen tokian.
Enpresek pilotari gutxi dauzkate. Zu fitxatzen zaituzte, eta uste dute bi urtetan gora egingo duzula. Baina bi urtetan beraiek esperatutakotik ez baduzu ematen, zu bazoaz eta beste bat dator. Ez dute 40 pilotarirentzako. Batean dago 25entzako eta bestean 23rentzako. Orduan, denekin segitzen badute, inork ez du debutatzen, eta, batek debutatu ahal izateko, lehenengo, bat kendu behar duzu. Soka horretan sartu dira, eta soka horretatik ez dira aterako.
Pilota ez ezik, kazetaritza ere asko aldatu da azken urteotan. Eta ez ei zaude oso kontent aldaketokin.
Aldaketak onerako izaten dira beti, baina ez dakizu noren onerako. Goian daudenentzat, edo behean daudenentzat, edo erdikoentzat. Kazetaritzako aldaketak seguru naiz goian daudenentzat izan direla onak. Lehen, kazetari guztiek harremana izaten zuten beren inguruko guztiekin. Kirolaren kasuan, Osasuna, Reala, Athletic, Eibar, Alaves, nahi zenuen taldeko jokalariekin hitz egiten zenuen entrenamenduetan, bidaietan… Egun, ez daukazu hori egiterik. Lehen, denen telefono zenbakia zenuen. Gaur, ekipo guztietan badago prentsa arduradun bat, eta, zerbait egiteko, hari baimena eskatu behar. Egingo diozu berak nahi duenean, ez zuk behar duzunean. Asko aldatu da. Eta, niretzat, oso inportantea izan da giza faktorea, pilotariekin egotea, enpresariekin egotea, Federaziokoekin egotea.
Sare sozialak ere oso inportanteak dira, baina argi dago kazetaritza molde bati mesede egin diotela, eta beste bati kalte: egunkari gutxiago saltzen dira, telebista gutxiago ikusten da, irratia gutxiago entzuten da. Orain, badirudi inportanteena dela albistea lehenbailehen ematea, ez sakon ematea.
Ez didazu erantzunen, baina saiatu behar: kontatu zenuen lehen finala, Retegiren eta Garcia Ariñoren artekoa. Azkena, Urrutikoetxearen eta Irribarriaren artekoa. Zeintzuk dira hobeak?
Garaian garaikoak. Nik ezin dut esan Indurain Poulidor, Anquetil edo Merckx baino hobea zenik. Dena aldatu da. Jokatzeko era aldatu egin da. Airez Irujok eta Titinek jokatzen zuten bezala besteek ez zuten jokatzen. Lehenago, dena botez jokatzen zen. Egun, botera, askoz ere gutxiago. Garaian garaikoak. Idazle bat ere ezin dut konparatu lehengoekin. Edo sukaldari bat. Eta ni horretan klasikoagoa naiz: eman babarrunak eta legatza plantxan, edo txuleta. Bestea ere bai. Baina ni klasikoagoa naiz horretan.
Pilotari bat?
Denak. Ondo egin duzu galdetuta, baina nik esango dut Altuna bat, Irribarria bat, Aimar Olaizola bat, Irujo bat, Retegi bat, Abel Barriola bat… Denak.
Kirolzalea zara, baina festazalea ere bai. Festa andana kontatu duzu Euskadi Irratian. Zuk diozu voyeur-a zarela, gozatu egiten duzula ikusiz besteek nola pasatzen duten ongi.
Pilotariak ikusiz gozatzen dut, eta dantzariak ikusiz. Ni neu oso dantzari txarra naiz, baina, kalea dantzan jartzen denean, berdin zait zer den, jota bat, bals bat, arin-arin bat, nik oso gustura ikusten ditut. Eta festan, berdin. Ikustea jendea alai dabilela, pozik dabilela, niretzako, luxu bat da.
Festazalea txikitatik naiz. Azpeitian txarangaren bat etortzen zenean, atzetik joaten ginen. Eta Tolosako Inauterietara akordatzen naiz nola joaten ginen, eta Iruñera, zer esanik ez. Lehendabiziko aldiz 16 urterekin etorriko nintzen. Gero, Tourra egin nuen 90, 91 eta 92 urteak kendu, eta 93az geroztik beti etorri naiz.
TTAPen Gipuzkoako ediziorako ari garela oroitaraziko dizut. Festarako, zein nahiago: Azpeitia, Donostia ala Iruñea?
Iruñea. Hori bai erantzungo dizudala. Zortzi egun, Iruñean. Donostian ere badut nire momenticoa –unetxoa–, eta Azpeitian, aurten ez naiz festetara joan, baina saiatzen naiz joaten Inauterietako asteartean. Egutegiak ematen dizu aukera halako egunetan hona eta halako egunetan hara joateko. Festa bakoitzak berea dauka.
Horren ezaguna ez den zerbait: bidaiak gustatzen zaizkizu, eta, bereziki, bakarrik bidaiatzea.
Bai, bakarrik toki askotan ibili naiz.
Baita Antartikan ere.
Bai, bi aldiz: 91n eta 97an. Lehenengo aldiz bakarrik joan nintzen. Eta Txileko Armadakoak lagun egin nituen. Lehenengo aldi hartan, turista prezioa pagatu nuen, eta bigarrenean, txiletarrarena: hamar aldiz gutxiago.
Semeari Antartiko izena jarri zenion.
Mattin Antartiko deitzen da, bai. Niretzat, Antartika munduko gauzarik ederrena da. Ea urte askoan hala segitzen duen. Beldur naiz, orain ari garenean klima aldaketaz.
Erretiroa hartu berritan, ez zaude geldirik egoteko: unibertsitatean hasi zara.
Esperientzia gela deitzen diote, eta 55 urtetik gorakoentzat da. Berez, hiru urte dira. Giza Zientziak. Ikasten duzu historia unibertsala, musikaren historia, psikologia, filosofia… Lagun berriak egin, jende berria ezagutu…