Iñaki Alegria: “IXA sortu genuen euskararen inguruan AA aplikatzeko”

Iñaki Alegria Loinaz saltsa askotako perrexila da. Bere ibilbide profesionala informatikaren munduan egin du, baina, horretaz gain, beste hainbat alorretan ere ekarpena egin du. Berarekin hitz egin dugu, bere ibilbideaz, IXA taldeaz eta Adimen Artifizialaz, besteak beste.
Iñaki Alegria Loinaz, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko.
Informatikaria izan nahi zenuen?
Niretzat, Informatika ikastea ustekabea izan zen, ikasketa oso berria zelako garai hartan. Nik Matematika ikasi nahi nuen, baina diru kontuak zirela eta, ezin nuen joan Bilbora. Jakin nuen Informatika Matematikarekin lotuta zegoela, eta, azkenean, hortxe egin ditut nire ibilbide akademikoa eta profesionala. Ikasten hasi nintzenean, Informatika ez zen unibertsitateko titulu ofiziala; titulazioa Madrilen menpe zegoen. Garai oso interesgarria zen: Franco hil berria zen, eta euskararen pizkunde betean geunden. Nire lehenengo irakaslea Xabier Artola izan zen. Berak, Arantza Diaz de Ilarrazak eta hirurok batera egin dugu bidea gaur arte.
Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek?
Karreraren hirugarren mailan geundenean, Informatika titulu ofiziala izatera pasa zen; eta pentsa, ikasketa guztiak ordenagailu bakar bat ukitu gabe egin genituen! Ordenagailuak banketxeetan edo ministerioetan zeuden. Guk txartel zulatuak egiten genituen eta zuzentzera bidaltzen genituen. Ikasketak bukatu eta bi urtera, irakasle sartu nintzen. Arantza han zegoen, eta bertan ezagutu nuen Kepa Sarasola , UEUra eraman ninduena. Garai hartan, lehendabizi irakasle bihurtzen zinen eta gero ikertzaile; orain, alderantziz da. 24 urterekin irakasleak ginen jada, eta gure ikasle batzuk 22 urte zituzten. Oso horizontala zen dena, eta kasik ikasleekin batera ikasten genuen guk ere.
Nola aldatu dira ikasketak?
Adimen Artifiziala bazegoen garai horretan ere, kontua da kontzeptua aldatuz joan dela. Xake jokoa zen Adimen Artifizialaren paradigma nagusia, baina, duela 20 urtetatik, hori dagoeneko ez da kontsideratzen. Lehen, ordu asko behar ziren gauza oso txikiak egiteko; gauza asko errepikatu egiten ziren, ez zeudelako tresnak hori egiteko. Orain berriz, besteek egiten dituzten aurrerapenak azkar baliatzen dira, eta, esfortzu txikiago batekin, gauza handiagoak egiten dira.
Nola sortu zenuten IXA taldea?
Irakasle sartu nintzenean, jakin nuen tesia egin behar nuela. Arantza Diaz de Ilarraza eta Kepa Sarasola horretan ari ziren, dagoeneko. Guk ez geneukan katedradunik, eta pentsatu genuen talde bat sortzea euskararen inguruan, Adimen Artifiziala aplikatzeko. “Guk ez badugu egiten, beste inork ez du egingo”, pentsatzen genuen. Bost lagun bildu ginen: Arantza Diaz de Ilarraza, Xabier Artola, Kepa Sarasola, gure ikasle izandako Xabier Arregi eta ni. Taldea anbizioarekin sortu genuen. Hasieratik, esan genuen euskaraz lan egin nahi genuela, baina nazioarteko erreferentzietan kokatuta egon nahi genuen. Bestalde, argi genuen lana egin behar zela planifikazio baten arabera. Hasieran, eskatu ziguten itzulpen automatikoa egiteko, baina ezin genuen, aurretik behar zirelako morfologia, zuzenketa ortografikoak… eta horretan hasi ginen. Garai hartan, hizkuntzalaritza konputazionala askoz gauza xumeagoei deitzen zitzaien. Egia da euskara oso erregularra dela, eta horrek programatzeko eta informatizatzeko prozesua errazten duela; baina, bestetik, inguruko ereduek ez zuten euskararentzat balio, eta, horregatik, Finlandiako bat erabili genuen.
Xuxen izango da euskaldun gehienok erabiltzen dugun tresna…
Lehen esan bezala, euskara batua informatizatzeko oso argia zen, eta, hasieran UZEIrekin eta gero Elhuyarrekin, lanean aritu ginen horretan. Lortu genuen, HIZKIAKekin eta UZEIrekin batera, euskara gaztelaniaren une berean integratzea Microsoft Worden eta Word Perfecten. Emaitza oso ona izan zen. Xuxen bera izan zen euskara batua ondo ezartzeko tresna eraginkor bat.
“Hizkuntza txikietarako bereziki, egokiena software librea da”
Eta itzulpengintza neuronala?
Hori askoz beranduago etorri zen. Horren aurretik, morfologia, sintaxia eta semantika landu behar ziren, eta, une horretan, itzulpen-emaitzak oso txarrak ziren euskaran eta antzeko tipologiako hizkuntzetan. Gauza bat konpontzen genuen bakoitzean, beste bat okertzen genuen. Sare neuronalak euren ahalmen guztiekin iritsi ziren arte, ezin izan genituen itzulpen onak egin; eta, iritsi direnean, iraultza bat izan dira.
Itzulpen perfektua existitzen da?
Itzulpen txar asko daude, baina ez dago itzulpen on bakarra. Orduan, zer da itzulpen perfektua? Gaur egun, orokorrean, euskarazko itzulpen onak ditugu, baina, oraindik, literatura testuen, testu zientifikoen edo testu konplexuen itzulpen onak egiteko asko falta da.
Itzultzaileek esango dute lana kentzen diezuela…
Informatikariok hori askotan entzun izan dugu. Ikasle nintzenean, enpresa batean lan egiten nuen –hantxe ukitu nuen lehendabiziko aldiz ordenagailu bat–, eta, une horretan, Kontabilitate departamentuan hamar pertsonak egiten zuten lan; gero, ordenagailu bat ekarri zuten, eta hamar langile horietatik bi geratu ziren. Ordenagailuak lehen jende gehiagok egiten zuen lan mekanikoa egiten zuen. Itzulpengintzan uste dut hori dela erronka: itzulpen aspergarriak automatikoki egitea, eta testu konplexuak itzultzaileek egitea.
IXAren ekarpena handia izan da.
Guk hanka bat jarri dugu, tresnena, baina, horretaz gain, edukia eta zabalkundea behar dira. Egia da gu unibertsitatean geundela, eta lidergo bat izan dugula.
“Xuxen euskara batua ondo ezartzeko tresna izan da”
Software librearen alde egin duzu beti.
Unibertsitate publikoan egon gara, UEU ere onura publikokoa da, eta gure ikuspuntua beti izan da hori. IXAn argi genuen ezagutza sortu behar genuela, ahalik eta gehien hedatu behar genuela, eta, softwarearen aldetik, hizkuntza txikietarako bereziki, egokiena software librea zela. Pertsona batek Appleren sistema eragilearen mezu guztiak itzuli zituen euskarara, eta enpresak esan zion ezin zituela erabili, itzultzeko eskubidea beraiena bakarrik zelako. Software librean hori ez da gertatzen. Lehen, kontrol politikoa zegoen gai horien gainean, baina, gaur egun, kontrola enpresa handiek dute. Enpresa horiek hartu dituzten edukien zati handiena eduki publikoa izan da, eta ez dute baimenik eskatu hori hartzeko. Berez, eduki hori gero libre jarri beharko lukete, baina kontua da inork ez diela ezer esaten. Hori ez da beste industrietan gertatzen: adibidez, industria farmazeutikoan, medikamentu bat atera baino lehen, frogatu behar dute ez duela kalterik egiten; edo autogintzan ere muga batzuk jartzen dira, ezin duzu 400 kilometro orduko gidatu. Baina sare sozialekin eta Adimen Artifizialarekin inork ez du ezer esaten, nahiz eta frogatuta dagoen erabilera batzuk oso kaltegarriak direla.
Zer da zuretzat UEU?
Niretzat, UEU deskubrimendu bat izan zen. Bertan ikusi nuen hainbat jende zegoela euskaraz gauzak egiten, askotariko jakintza-alorretan. Proiektu berriak aurrera ateratzeko bide eraginkorrena izan da. EHUn ezinezkoak ziren gauza batzuk UEUren bitartez egin ahal izan dira, eta Euskal Unibertsitatea lortzeko iparra da, oraindik horren alde borrokatu behar delako.
Proiektu askoren aita pontekoa izan zara.
Aurretik ideiak hor zeuden, taldean landu izan ditugulako beti. Lastima, oraindik ideia batzuk ezin izan ditugula lortu, online unibertsitate euskaldunarena, esaterako. Ni UEUko zuzendari karguan jarri nintzen, hori martxan jartzeko helburuarekin. COVIDa etorri zen, eta are argiago geratu zen hori egin behar zela, baina 2026an gaude eta oraindik ez dago.
Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartean ere parte hartzen ari zara. Zer dela eta hasi zinen bertan laguntzen?
Euskalgintzan, internazionalismoan eta ekologismoan aritu naiz nire bizitza osoan. Jubilatu nintzenean, pentsatzen aritu nintzen zein arlotan egin nezakeen ekarpena, eta bertan sartu nintzen, ez bereziki esperientzia traumatikorik edo gogorrik bizi izan dudalako, baizik eta jende asko ikusten nuelako une horietan babesik gabe. Legea ez da guk nahiko genukeena, baina, gutxienez, urrats bat eman da. Gaia sozializatzen saiatzen gara, arazoak konpontzen eta legean eragiten. Guk pentsatzen dugu legea oraindik motz geratzen dela, eta sufrimendu gehiegi eskatzen duela. Adibidez, ez du aurreikusten lagundutako suizidioa. Bestalde, jende asko dago sufritzen: burua galdu dutenak eta bizi testamendua ez dutenak egin, adibidez.
Ze amets bete nahi duzu?
Bat, euskarazko online unibertsitatea sortzea. Eta bi, Palestina libre ikustea.