Imanol Ubeda: “Gure sarea oso hauskorra da”
Esku hutsik izenburuko disko berria aurkezten ari da Imanol Ubeda. izurriteak sektore osoan agerian utzi dituen gabeziei eginiko keinua da. Bada, era berean, Pello Lizarraldek idatzitako kantu bat. Diskoari izenburua ematen diona.
1991. Hogeita hamar urte beteko dira lau gazte ausart taulagainera igo ginetetik. Hamairu kantu eskaini genituen Deabruak Teilatuetan izenarekin. Guk sortutako kantuak ziren, eta hogeita hamar urteren bueltan bazatoz plazara Don Inorrez izenarekin, eta ‘Esku Hutsik’ izeneko diskoarekin. Ez dakit minimalismoa besarkatu duzun edo…
Badugu halako fijazioa, galtzaileen izenekin erreparatzeko. Lehengo batean batek gogora ekarri zidan lehen Don Inorrez nintzela, eta gainera orain Don Inorrez eta esku hutsik natorrela. Oraingoan, izenburuak aldarrikapenetik du gehiago. Pandemia honekin musikaren sektoreak oso garai zaila eta gogorra bizi du, eta keinu bat egin nahi genion horri.
Helduko diogu horri, geroago. Don Inorrez zure hirugarren proiektu handia da. Estatu mailan izen handia duen Paco Loco ekoizlarekin lanea ari zara. Harekin lan egitea bidaia estilistiko eta estetiko berri bat abiatzea izan da.
Don Inorrez martxan jartzeko gakoetako bat hori zen. Momentu batean ere naturala da, edo humanoa esango nuke nik. Hamazortzi urte eta gero, beste zerbait abiatu behar duzunean, nahi duzu beste zerbait erakutsi. Nahiz eta gure abilezia musikalak mugatuak izan. Eta guk power pop kutsuko kantu batzuk genituen, eta Karlos Aranzegi bateriajolearen intuizioa izan zen. Berak aipatu zuen lehenik Paco Locorengana jotzeko aukera hori. Bete-betean asmatu zuen. Neurrira egindako jantzi bat egin zigun. Jantzi estetikoa eta sonoroa. Gure neurrira eginda. Berak eman zigun guk ez genuen nortasuna. Nortasun hori sendotu nahi genuen bigarren diskoan, eta horregatik jo dugu berriro berarengana.
Badira kantu pare bat behintzat, rock and rollera gerturatzen direnak. “Izan liteke” eta “Chuck eta Little” izenekoak.
Bai. Esango nuke hori dela disko honetako ekarpena. Artze gogora ekarrita, hark zioen iturri zaharretik edaten dugula ur berria. Antzekotasun hori gure eginez, musika genero zaharretara jo dugu zerbait berria egiten saiatzeko. Ridikulua litzateke rock and roll disko bat egingo bagenu, eta rock and rollaren standar horiek gure egiten saiatu gara. Gurera ekarriz, nolabait. Hori izan da guretzat erronka edo ariketa musikal interesgarriena. Paco Locok, beste behin ere, beste kutsu bat eman dio. Kantu horiek gurera ekarriz, gure soinukerara ekarriz.
Bide Ertzean eta Don Inorrez taldeetan kantaria eta kantugilea Imanol Ubeda da, baina ñabardurak hor daude. Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean, Don Inorrez…. Don Inorrez Peiremanstik gertuago dago.
Baietz esango nuke. Peiremansen kontua da elementu oso inportante bat dagoela: Gorka. Baina Peiremansi eskaini izan dizkiodan kantuak kutsu honetakoak dira. “Barre ala Negar” izan zitekeen Peiremansen abesti bat. Badago komunean zerbait, musikalki.
“Barre ala negar” kantua aipatu duzu. Elkarrizketa batzutan ironiaren erabilera aipatu duzu, autoparodia modukoa dela aitortuz. Kantu horretan diozu kantu batzuk egin dituzula, “baina ez dakit norentzat”. Zure inguruko lagun batzuk kezka agertu dute. Sortu da halako zerbait kantu horren bueltan.
Antzeko inputak iritsi zaizkit niri. Auto parodia moduko bat da. Gauzak kiroltasunez hartzen ditugulako da, ez ditugu errudunak beste nonbait topatzen. Gerta daiteke momentu batean, hainbeste urte eta gero, ezin zarela beti hamaika emanaldi eskaintzen ibili. Gorabeherak egoten dira, ibilbide artistiko luzean. Batzuetan goian zaude eta besteetan behean. Baina hor jarraitzen dugu. Honen harira, batzuk kezkatuta idatzi didate. Gehiago zen disko bat atera orduko, edo liburu bat argitaratu orduko, edo antzezlan bat plazaratu orduko denok antzeko beldur eszenikoa dugula. Ilusioa, denbora, gogoa jarri dut lan honetan, orain kanta bat aurkeztu behar dut. Eta jendeari gustatuko al zaio? Zeren eta agian espero dute aurreko diskoko zerbait eta ni orain hau naiz eta hau defendatu nahi dut. “Ba al dago inor bestaldean?” abesten dudanean, zentzu horretan ari naiz. Lan berri batekin gatoz, baina ez dakit jendeari gustatuko zaion edo ondo hartuko duen.
Eta, bestela, egia da ere bolada hobeak ezagutu ditugula. Baina badugu inguru bat, babesten gaituena eta jarraitzen gaituena. Gure txikitasunetik eta elementu askoren kontra, borrokan jarraitzeko prest gaude eta gerra emateko prest. Disko hau da horren erakusgarri.
“Gure txikitasunetik, borrokan jarraitzeko prest gaude“
“Izan ere” kantuan beste analisi edo ondorio atera daitezke. Badago belaunaldi bat zeinean musika industria ezagutu genuen. Bazeuden disko dendak, gaur egun ez daudenak, diskoen salmenta majoak eta gaur egun dena lainoan geratzen ari da. Diskoetxeak baziren eta hori nabarmen galdu da. Egun, geroz eta gehiago, artistak egin behar du tiraka.
Momentu batzutan lehen aipatu duzun 1991. urtean gaudela dirudi. Orduan lau gazte elkartu ginen. Hura zen autogestioa, %100ean. Guk lotzen genituen kontzertuak, kontzertu horien kartelak pegatzen genituen… eta sentsazioa daukat antzeko egoerara itzuli garela.
Zer gertatzen zen orduan? Disketxe batzuk oso indartsu zeuden, eta zirkuitua zegoen. Demokratizatu egin ziren gauzak ondoren, gaur egun edonork graba dezake disko bat, eta hori ere ona da, oso interesantea da. Baina bai egia da asko aldatu dela musika industria, oso azkar. Eta onartuko dizut oraindik badudala orduko logika. Guk oraindik diskoaren logikaren arabera lan egiten dugu. Gaur egun, ordea, musika jada ikusi egiten da. Nork esango zuen hori, duela hogeita hamar urte. Musika beti lotu da irratiarekin. Irratia izan da betidanik musikaren aliatu handiena, eta oraindik hala izaten jarraitzen du. Orain, akaso, streaming plataformak gehiago. Youtuben, adibidez, konsumitzen da musika izugarri pila. Eta hor nik arazoa daukat. Niri ez zait nire irudia horrela agertzea hainbeste interesatzen, ez zait gustatzen. Gure bideoklipetan gu ez gara ateratzen. Eta, era berean, belaunaldi berrietan dena da erakustea. Belaunaldi aldaketa horretan konturatzen naiz ez naizela ondo egokitzen ari. Ikus-entzunezko logiko horretan, ez. Beste mekanismo batzuk gustatzen zaizkit niri, baina akaso ez daude jada bogan.
Diskoetxeak zeuden garaian, aipatu dugu, industria bazegoela. Orain nolabait hori galdu egin da, baina era berean sektore askorekin harremanetan jarri behar duzu: Portadarako ilustratzaile batekin, diskoak egingo dituen enpresa batekin, ekoizle batekin…. Disko on bat egiteko inbertsio bat egiten jarraitu behar da, ezta?
Bai, noski. Guk egia esan, diskogintzaren garaio oso ona ezagutu genuen Deabruakekin. Esan Ozenkiren garaian egin genituen disko batzuk. Diskoak saltzen ziren, fisikoan. Bide Ertzeanekin ere hasiera batean hala zen. Eta gero hasi zen diskoen salmentaren gainbehera. Guk hala ere, Bide Ertzean taldearekin autogestio maila altu batean ari ginen. Azken aroan autogestioa nagusi zen. Gaztelupeko Hotsak-ek egiten zituen kopiak… bide hori egina genuen. Gutxi-asko, urrats batzuk ezagun genituen. Garai batean biratxoa egiten nuen, emanaldi batzuk eskaini, diru pixka bat aurreztu eta diru horrekin finantzatzen genuen hurrengo diskoaren grabazioa. Eta gero, disko horren aurkezpen kontzertuekin jarritakoa berreskuratzen genuen. Orain gertatzen dena da guk disko hau plazaratu dugula, batetik aurreko biratik egindako aurrezki batzuekin gehi guk geuk aurreratu dugun diruarekin.
Baina, orain, pandemia dela edo ez dakit zer dela, ez ditugu emanaldiak begi bistan. Eta aurreikuspenak ez dira batere onak. Orduan, guretzat oso oso gogorra da hori. Azkenean, normalean argazkitan taldekoak agertzen gara, baina talde baten atzean daude soinu teknikariak, soinu enpresak, komunikazio arduraduna edo diskoak ateratzen ditugunean kontratatzen dugun komunikazio bulegoa, kopien fabrikazioa… Momentu batean kate hori eten egiten bada ez da bakarrik taldea ipurdi bistan gelditzen dena, baizik eta aipatutako guztia. Eta horrek kezkatzen nau. Ikusten dut, gainera, hau luzatzen ari dela. Iruditzen zait momentu batean arriskuan daudela gure moduko taldeak. Talde handiak aterako dira aurrera, baina guk ditugun sareak oso hauskorrak dira. Oso eskuzabal jokatzen genuen, bestela ere. Eta gero eta eskuzabalago jo behar dugu, baina horrek muga bat du. Zeren eta zu gero bizi beharra dago.
“Kantuak egiteko, behar ditut denbora, isiltasuna eta liburu batzuk inguruan”
Aurreko batean Rafa Ruedarekin hizketan, apur bat krepuskular jarri ginen. Bestalde Iban Arantzabalek bere blogean Elgetako gaztetxeko garai haiek gogoan hartu zituen. Orain itxita dago. Azkarateko Hargiñeenean estudioa itxi egin dute, eta gure gureak eta beste askoren diskoak bertan grabatuta daude. Eta era berean, Plateruena kafe antzokiaren ateak ofizialki itxi ziren urtearen bukaeran. Plateruenaren azkeneko hitzordu-sortan parte hartu zenuen. Zer izan zen zuretzat bertan parte hartzea?
Oso eskertuta nago. Bide ertzean modura despedidako kontzertuetako batean parte hartzeko deitu gintuzten. Han izan ginen Hertzainak, Katamalo, Zea Mays eta Sei Urtekoekin. Oso gau ederra izan zen, gainera pandemiarekin ezin genuen batetik bestera mugitu eta aitzakia horrekin aspaldiko lagunekin elkartu ginen. Eredugarria izan da dena. Durangon kulturzale-euskaltzale batzuk elkartu ziren beraien herrian horrelako azpiegitura bat jarri nahi zutelako martxan, eta begira zer nolako plaza eskaini diguten. Eta bestetik eredugarria iruditzen zait despedida bera. Nola asmatu duten agur esaten. “Agurraren lezioa”, Ruperren kantuari keinu eginez. Hori bai, lezioa. Honaino iritsi gara, gu honaino iritsi gara. Gehientsuenok agurra modu dramatikoan interpretatuko genuke, eta hauek berriz balioan jarri nahi izan dute egindakoa.
Zer pentsatua eman zidan jende horrek, modu altruistan, bere denbora eta dirua hipotekatu zuelako. Zer eta euskararentzat eta euskal kulturarentzat horrelako plaza bat sortzen. Iruditzen zait garaiak asko aldatzen ari direla, eta ez dakit horrelako ekimen altruista gehiago sortuko diren denborarekin. Gizartea aldatzen ari delako. Eta gero eta indibidualistagoak gara, eta era berean gurea bezalako sistema batean zeinen inportanteak diren. Gure aurreko diskoarekin, “Mugiro bila” izenekoa, Bilboko Kafe Antzokian izan ginen. Itxita dago. Plateruena izan ginen, itxita dago. Kataku ostatuan izan ginen. Guretzat azpiegitura horiek desagertzea, gure belaunaldiko artista, kantari, talde eta bakarlari askorentzat galera handia da.
Nik beti oso ezkor ikusten ditut gauzak, baina pentsatzen dut garaiak aldatzen diren bezala beharbada beste ahalegin berri batzuk egingo direla. Orain imajinatzen ez ditudanak, eta hutsune horiek betetzera etorriko direnak.
Literaturarekin ere baduzu lotura, Hitzen Uberan egitasmoan ibili zinelako lanean. Harreman estua izan duzu idazle eta poeta ezberdinekin, Don Inorrez aipatzen hasita, ezin aipatu gabe utzi Pello Lizarralde idazlea bera. Paco Loco aipatu dudan bezala, Gorka Bereziartuari irakurrita– eta arrazoi osoz–, Lizarralderen eta zure arteko uztarketa hori oso oparoa izaten ari da. Oso kantu ederrak egitera iritsi zaretelako.
Ez da programatutako zerbait izan. Berez etorri da, baina egia da Don Inorrezen konstante bat bilakatu dela Pello Lizarralderen agerpena. “Mugiro Bila” diskoan E Jauna kantuarekin parte hartu zuen. Hor demostratzen da zein indarra duen letra batek, eta batez ere zer indarra duen letra on batek. Bide erdia ez, ia bide osoa egiten du. E Jauna konposatu berritan, beste bi letra jaso genituen eta horiek gero “Dardara hura” singelean plazaratu genituen. Azken diskoan izenburua ematen dion kantua idatzi du. Alaba jaio berritan idatzi zidan email bat, alabaren etorreraz. Letra zoragarri, hunkigarri bat zen. Kostata, baina uste dut egin dugula diskoko kantuetako bat. Pellorekin dudan sentsazioa da bere abestiek errepertorioan luze iraungo dutela.
Zuen bion laguna da Toño Muro Balerdi Balerdiko kantaria. Lehenengo entzunalditik kantu zati batean ikusten nuen bere bere parte hartzea. “Plazarik plaza, kalakan” aipatzen den kantu zati horretan.
Aipatu zenidan aurrekoan, bai. Pello Lizarralde eta Esku hutsik kantua aipatu berri ditugu kanta, eta nik ere Balerdi Balerdiren aire bat hartzen diot kantu horri. Pop alai hori. Iruditzen zait Esku hutsik kantuarekin, nolabait, Balerdi Balerdiren uniberstora gerturatzen garela.
Zu zerbait baldin bazara kantugilea zara. 1991az geroztik hainbat kantu eta egin dituzu. Jende askok imajinatzen zaitugu gitarrarekin. Ahosoinuarekin… baina zer behar duzu kantu bat egiteko?
Niretzat gauza oso ebidentea da. Denbora eta eta isiltasuna behar da. Eta geroz eta denbora gutxiago eta isiltasun gutxiago dago nire etxean. Zoritxarrez, edo zorionez. Beste gauza on batzuk ere baditugu. Gitarrarekin ideiaren bat sortzen bada, eta ideia hori buruan gelditzen bazait, ideia horrek zer nolako garapena izan dezakeen… horrek niri bizipoz handia ematen dit. Gero gehienetan ideia horiek ezerezean gelditzen dira, baina batzutan kantu izatera iristen dira. Eta kantu izatera iristen denean satisfakzio handia da.
Bestalde, TTAPen Lizar Begoñari irakurri nion irakurtzea inspiragarria zaiola. Eta zer pentsatua eman zidan, zeren eta konturatu nintzen badudala irakurtzeko joera. Konturatu nintzen askotan liburuetan irakurriz sortu zaizkidala kantuetarako abiapuntuak, edo kantuetarako letrak. Noiz edo noiz liburuaren esaldi bat kantuan txertatu izan dut. Beraz, zer beharko nuke nik? Denbora, isiltasuna eta liburu batzuk inguruan.
Azkenaldi honetan niretzat Munduko Poesia Kaierak bilduma kristoren leihoa da. Eta, adibidez, Don Inorrezentzat gakoa izan da. Anjel Gonzalez edo Eugenio Montaleren kasuan. Baten umorea, bestearen ironia… tono horretako kantuak egiten ditugu eta niretzat Montale eta Gonzalezen poesia liburuak oso inspiragarriak izan dira.
Denbora agortzen ari zaigu. Anaiak izateko makina bat elkarrizketa egin dituzu, egin dizkizute… zer moduzkoa iruditzen zaizu gaurkoa?
Ondo joan da, ez dakit titular handirik bota dudan.
Anaia on batzuk bezala agurtuko gara. Jakin dezala audientziak jantzi daukadan kamixeta zurea dela.
Ez nuen ezer esan nahi, baina. Oso polita da.
Eskerrik asko.
Zuei.