Imanol Ituiño: “Magoak ez badu bere magian sinisten, erraza da harrapatzea”

Ingeniaria izateko bidea utzi, eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikas zuen Imanol Ituiñok. Hala ere, mago gisa ezaguna da bilbotarra. Gaztea bada ere, urteak dira magoa dela.

Magoa… jaio edo egin egiten da?

Askotan galdetzen didate… Ez dakit erantzun zuzena zein den. Nik Ingeniaritza hasi eta urte batean jakin nuen ez nuela hori ikasi nahi. Ikus-entzunezko Komunikazioa egin nuen; ez dakit asko ikasi nuen, baina, behintzat, papertxo batean jartzen du nik horretaz badakidala. Betidanik ikusi dut neure burua mago. Txikitan magia gustatzen zitzaidan. Ez dakit mago jaio nintzen edo egin nintzen. Ez dut uste inolako dohain berezirik dudanik magoa izateko. Pentsa daiteke magoak oso abilak direla, baina nik ez dut inolako abileziarik.

Magoak zer eduki behar du?

Badaude ezaugarri batzuk laguntzen dutenak magoa izateko. Futbol jokalari ospetsu batzuk ez dira abilak, baina beste dohain batzuk dituzte. Esaterako, fisikoki  oso indartsuak dira edo korrika asko egiten dute. Abila izateak lagundu dezake, baina oso abila bazara eta komunikatzen zuhaitz bat baino txarragoa baldin bazara… Nahiz eta oso abila izan eskuekin, hori ez da dena.

Magoaren ezaugarri garrantzitsu bat komunikazioa da?

Bada. Baina, beharbada, oso komunikatzaile ona bazara ez du ezertarako balio ere. Ezaugarriak zerrendatu ditzakezu, baina horiek ez izanda ez du esan nahi magoa ezin zarenik izan. Legeak hausteko daude.

Baina noiz esan zenion zeure buruari magoa zinela.

Magiari errespetu handia diot. Nik, etxean, magia ikasten dut, magia praktikatzen dut, eta aktore lanak ez ditut praktikatzen. Neure burua ez dut aktore ikusten. Egin izan ditut lanak, baina ez naiz aktorea.

Baina egin zinen mago?

Niri magia betidanik gustatu zait. Txikitan edo gaztetan ez nuen esaten magoa nintzenik. Nik magia egiten nuen. Banekien magia egiten, baina asko kostatu zitzaidan magoa nintzela esatea, errespetu handia niolako magiari. Gaur egun, nire lanbidea da, ni magiaz bizi naiz eta. Orain badaukat magoa naizela esateko.

Lanbidea da, hori jada gauza handia da.

Bai. Neure buruari hori esateko baimena eman diot. Eta noiz esan nuen? Ba, egia esan, ez dakit. Baina kostatu zitzaidan.

Ingeniaritza badakigu non ikasi zenuen, Ikus-entzunezkoak ere bai, baina magia non ikasten da?

Hemen ez da Hogwarts eskola existitzen. Magia ikasteko nire bidea egin nuen. Gurasoek mago bat ezagutzen zuten; bueno, banku batean egiten zuen lan, baina magia praktikatzen zuen. Gure etxera etorri, eta magia egin zidan; nik banekizkien gauza batzuk egiten, baina bera izan zen ezagutu nuen lehen magoa. Liburu batzuk utzi zizkidan. Magia liburu horietan, Magia borras jokoan agertzen ez ziren beste trikimailu batzuk agertzen ziren; pixka bat zailagoak zirenak, landuagoak. Gaur egun, oraindik liburu horretako trikimailuak egiten ditut, oso liburu onak dira eta. Hasteko beti gomendatzen ditut. Horri tiraka, topaketetan batzen gara; badaude magia topaketak, kongresuak, konferentziak… Horrelakoetan asko ikasten da, eta beste mago batzuk ezagutzen dituzu. Jendeak pentsatzen du magia mundua oso itxia dela, baina ez da horrela.

Mago bakoitzak bere trikimailuak bakarrik berarentzako gordetzen ditu?

Bai… Sekretuak gordetzen dituela eta ez dituela inorekin konpartitzen… ez da horrela. Magoen artean giro ona egoten da, eta, azken finean, sekretua ez da garrantzitsuena. Hau da, nola egiten den zerbait jakitea ondo dago, baina garrantzitsuena da egitea. Nik biolina nola jotzen den badakit, baina ez dakit biolina jotzen. Magian antzera gertatu liteke. Nik badakit hau horrela egiten dela, baina gero ez naiz gai hori egiteko. Bi gauza ezberdin dira nola egin jakitea eta egiten jakitea. Horregatik, sekretua garrantzitsuena da, baina beste dohain batzuk edukitzea ere garrantzitsua da.

Kongresuak eta topaketak aipatu dituzu. Euskal Herriko magoek elkar ezagutzen duzue? Asko zarete?

Pandemiaren aurretik, topaketak hiru urtetik bitan egiten ziren. Horrela egiten da, hiru urtean behin topaketa mundiala egiten delako. Mundiala dagoenean ez da bestelakorik egiten.

“Magia existitzen da; nik tranpa egiten dut, baina ikusleak magia ikusten du”

Munduko topaketaren batean egon izan zara?

Bai; Stockholmen egon nintzen. 18 urte nituen, eta niretzako lehenengo kongresu handia izan zen. Ez dakit zenbat ordu egin nituen lo bost egunetan, oso gutxi. Mila magok parte hartu zuten, mundu osoko magoak. Eta estatuko kongresuan 600 bat mago batzen gara.

Magia mota ezberdinak daude?

Nik bereiziko nituzke gertuko magia eta agertokian egiten den magia. Bakoitzak bere berezitasunak baditu. Gertuko magia izan daiteke kartekin egiten den magia edo txanponekin egiten dena. Kongresuetan lehiaketak egoten dira, kartomagian, kartekin egiten den magiarekin. Numismagia txanponekin egiten den magia da. Gauza txikiekin egiten den magia ere bai: dadoak, gomak… Objektua txikia bada, hor sartzen da. Agertokiko magian egon daitezke ilusio handiak: kutxa handi horiek, non pertsona bat erditik zatitzen duten, sua… Eta neskak sartzen dituzte. Zeinen matxistak garen magoak; kar, kar, kar… Horiek ilusio handiak dira. Eta gero dago magia orokorra: aroekin, zapiekin… egiten dena. Manipulazioa ere badago.

Aipatu duzu magia matxista dela. Azken urteetan aldatu egin da?

Magia XX. mendearen hasieran ikuskizun handia zen. Momentuan zegoen ikuskizunik handiena zen, gaur egunean futbola bezala. Magoak superizarrak ziren. Houdini superizarra zen, orain dela 100 urte hil zen eta oraindik ezagutzen dugu. Houdini gaur egungo Messi zen. Garai hartan magiak oso lehiakide indartsua izan zuen zinema. 60ko eta 70eko hamarkadetan magia diskoteketan modan jarri zen, kabaretetan. Garai hartan gizartea oso matxista zen, eta ikusleak ere bai. Magia ikuskizun handietatik dator, eta ikuskizun haietan mago bat eta, asko jota, laguntzaile bat izaten ziren. Gaur egun, dugun magia horren isla da. Nahiz eta ez diren oso ikuskizun handiak, jendearen iruditerian hori geratu da. Magia historian zehar ez da horrela izan. Baina gaur egun ditugun sentsazio horiek 70eko hamarkadatik datoz.

Magiaren historian ere arakatu duzu?

Bai; asko gustatzen zait. Gaur egun magia nola egiten dugun jakiteko, historiara jo behar da.

Gure inguruan egon diren magoak; ikertu dituzu?

Bai; dokumental bat egin nuen Bilboko magoen inguruan. Amorrua ematen zidan nik baino lehenago magia nork egiten zuen ez jakiteak.

Euskal Herrian izan dira magoak?

Bai; bat aipatzearren: Roque Ayerdi. Elgoibarko baserri batean jaio zen; beraz, imajina ezazu non ikasi zuen magia. Gaur egun zaila bada, imajinatu duela urte batzuk… Duela gutxi hil zen, 80 urte pasata. Jaio zenean ez zegoen telebistarik; beraz, non ikasi magia? Berak esaten zuen magia ikasten zuela zineman. Bazen pelikula bat Chanin Polo agertzen zena. Mago oso elegantea zen, eta bera uso bat desagerrarazten lehen magoa izan zen. Zapi bat jarri, eta usoa agertu eta desagertu egiten zuen. Ayerdik esaten zuen bera astebururo pelikula hori ikustera joaten zela, ikusteko usoa nondik agertzen zen. Roque Ayerdik asmatu zituen metodo batzuk usoak desagertzeko. Berak asmatu egin zituen, pelikula ikusita! Aitzindaria izan zen. Espainian usoa agerrarazten zuen lehen magoa izan zen. Berak beti esaten zuen: “Para ser de pueblo, no lo hago tan mal”. Nik oso nagusi ezagutu nuen, baina bera ikusterakoan maitasuna ikusten zenuen. Magia maitatzen zuen.

Gurean ere magoak izan dira, beraz, nahiz eta ez ditugun ezagutzen. Bestalde, irratian ere magia egiten duzu?

Nik beste mago batzuekin dudan borroka da. Oso ondo dago magia ikustea, baina ez dago zertan ikusi, magia ulertu egin behar da. Askotan pentsatzen dugu magia begiei egiten dieguna dela, baina magia buruari egin behar diogu. Hau da, nik zuri oso gauza ikusgarria egiten badizut, esango duzu, “o, ze ikusgarria!”, baina ikusgarritasun horrek ez dizute begiek ematen. Pentsatzen duzu hori ezinezkoa dela. Irratia magia zabaltzeko oso baliagarria da.

Bazabiltza Radio Euskadin, liburu bat ere argitaratu zenuen gai horren inguruan.

Lehen komentatu ditugun topaketa horietan gure sekretuak elkarbanatzen ditugu, eta nik liburu bat idatzi nuen irratian magia egitearen inguruan.

Magoen artean giro ona dago, sekretua ez da garrantzitsuena

Buruari buelta asko eman behar dizkiozu irratirako magia sortzeko?

Batez ere, saiatzen naiz ez errepikatzen, eta orduan, bai, buruari eragin behar diot.

Magia ikusteko da; ikusten duzun bitartean gertatzen ari dena ez ikuste hori da gakoa?

Bai, horren garrantzitsua da eskuetan abilezia izatea, beste eskuarekin tranpa egiten dudan bitartean. Ez ikustea ere magia da.

Ze iritzi duzu magia haurren kontua dela esaten dutenean?

Ez dakit zergatik gertatzen den hori. Larunbat gau batean magia ikuskizun bat jartzen duzu taberna ilun batean eta umeren bat egongo da, nahiz eta domeka gaueko hamaikak izan. Magia jartzen baldin badugu, ume bat agertuko da, ziur. Nik ez dut uste magia umeentzako bakarrik denik. Magiak ezinezko bat duenez, umeak ulertu behar du hori ezinezkoa dela, eta ume bati gehiago kostatzen zaio, ume batek fantasia handiago duelako heldu batek baino. Ume batek pentsatzen du Olentzero etxeko tximiniatik sartzen dela, gau bakarrean Euskal Herriko etxe guztietan sartzen dela. Ume horri ze inporta zaio bosteko pika edo bihotzeko dama? Magia, beraz, ez da bereziki umeentzat. Umeek ikusi dezakete, noski. Eta gozatu dezakete.

Zuk esaten duzu helduentzako magia egiten duzula.

Bai; hala ere, umeentzako ere egiten dut. Baina proposatzen ditudan ikuskizunak heldu batek ikusten baditu, berdin gozatzen ditu.

Ikusle heldu asko beti egoten gara trikimailuaren atzetik…

Magian hasi nintzenean, gehiago gertatzen zitzaidan. Magoak ez badu bere magian sinesten, oso erraza da magoa harrapatzea. Momentu bat heltzen da, non ikasten duzun nolabait zureganatzen. Aspaldi ez didate esaten “harrapatu zaitut!”.

Magoek komunikatzeko gaitasun handia izan behar dute. Oso berba-lapikoak izaten dira…

Bai, bagara.

Aipatu duzu ez zarela aktorea, baina egin dituzu lanak; idatzi ere egin duzu: Ramper, vida y muerte de un payaso antzezlana, esaterako.

Antzezten jarraitzen dugu. Azkenengo funtzio batzuk ditugu. Lehen komentatu dugu historiara joateko joera. Ramper Gerra Zibilean zegoen pailazo bat zen. Bigarren Errepublikaren amaieran eta Gerra Zibilean ibili zen pailazoa. Bera madrildarra zen, pailazo oso famatua. Berriro ere konparatuko nuke Cristiano Ronaldo edo Messi moduko figura batekin. Espainia mailan gehien kobratzen zuen artista. Berak ikuskizun bat asmatu zuen, gaur egun oraindik egiten jarraitzen dena. Parodia bat da. Objektu bat hartzen zuen eta berak asmatu behar zuen ze objektu zen, berak hitz-jokoekin esaten zuen. Esaterako, giltza batzuk hartzen zituen eta esaten zuen, “ya ves lo que tengo”, baina inprobisatuta. Oso akrobata ona eta inprobisatzaile ona zen. Gaur egun, ikuskizun hori egiten da Ramperrek asmatu zuela jakin gabe, eta niri amorrua ematen zidan. Orduan, horri tiraka idatzi nuen.

Gidoia idatzi zenuen, eta Cafe Bar Bilbao gidoi sariketa irabazi ondoren moldatu zenuen? 

Bai, moldaketa bat egin genion, hori testu labur bat delako. Juan Pañosek gorpuzten du Ramper.

Ibilbide polita egin du antzezlanak.

Bai; pena dugu Madrilen egon ez izana… historia oso madrildarra da eta.

Baduzu beste proiekturik?

Pandemia aurretik, otsailean, Juan Pañosekin batera estreinatu genuen antzezlana. Oraingoan, paperak aldatu ditugu, ni agertokian nago eta Juanek zuzendu du. Magia ikuskizun bat da, eta magia ikuskizun horretan historiako hainbat mago hartzen ditut pasartetxo bat kontatu eta magia eginez.

Beraz, ezagutzen ez ditugun magoak ezagutzeko omenaldi bat?

Bai; nolabait, omenaldi bat izan daiteke. Azken finean, nire artistatxo bihotz honetan espero dut hemendik urte batzuetara norbaitek egitea: Ituiño, vida y muerte de un comicito. Antzina egondako magoen istorioak berreskuratzea  gustatzen zait; nolabait, publikoa hezi. Mago bat ikusten dutenean jakitea ez daudela mago bat bakarrik ikusten, historian aurretik egon diren mago horiek ere ikusten dituela. Otsailean estreinatu genuen eta hor geratu da… Gainera, magoei pandemiak min handia egin digu, ezin ditugu objektuak erabili, kartak hartu… Antzezlan bat egin daiteke distantziak eta segurtasun neurriak betez, baina mago batek ezin ditu kartak eman, ezin du pertsona bat atera agertokira… Ez dago protokolo zehatzik leku guztietan.

Zuk denetariko magia egiten duzu?

Kartekin hasi nintzen. Ondoren, konturatzen nintzen kartekin bakarrik oso zaila dela bizitzea. Agertoki batean ez da ondo ikusten. Hasteko oso elementu ona dela uste dut, objektu txikia da, ez du askorik okupatzen eta merkea da. Gainera, kartekin pilo bat gauza egin daitezke. Liburu asko daude karten inguruan, ikasteko oso ondo dago. Gehien landu den atala da.

Houdini aipatu duzu; Euskal Herrira etorrita, edozein alorretan, nor da gaur eguneko Houdini?

Valtonyc, ihes egin duelako… Houdini ez zen mago ona. Bera oso publizista ona zen. Houdini sare sozialetan lata ematen egongo zen: Instagram, Facebook… Ez zen mago ona.

Bukatzeko: magian denok sinesten dugu, baina benetako magia existituko balitz? Non egingo zenuke zuk magia?

Benetako magia existitu egiten da, nik tranpa egiten dudalako, baina ikusleak magia ikusten du. Beraz, ikuslearentzat egiten dudana egia da. Antzoki batean egingo nuke magia.