Imanol Arriortua: “Irteeratik urrearen bila joango naiz zalantzarik gabe”

Imanol Arriortua, ezkerrean, Munduko Txapelketan parte hartzen.

Ikusmenean eragiten dion gaixotasun bat dela eta, tandemean lehiatzeko erabakia hartu zuen Imanol Arriortua txirrindulariak (Derio, 1998), duela hiru urte. Ordutik, Munduko Txapelketetan zilarra eta brontzea eskuratu ditu. Bizkaitarraren helburuak Joko Paralinpikoetan lehiatzea eta ostadar maillota janztea dira.

Imanol, konta egiguzu zein den duzun gaixotasuna eta horrek nola eragin dizun zure kirol ibilbidean.

Stargardt gaixotasuna edo gazteen distrofia makularra da dudan gaixotasuna. Gaixotasun degeneratibo bat da, eta ikusmenari eragiten dio. 10-11 urte nituenean atzeman zidaten. Hala ere, beste umeak bezala hazi izan naiz, niretzat normala zen ikusten nuen hori ikustea. Ikusmen agudeziari dagokionez, %10 baino gutxiago dut, eta bizikletan ibiltzen edota futbolean jokatzen ikasi nuen nire gaitasunekin.

Nolakoak izan ziren paraziklismora jauzi egin aurreko lasterketak? Arrisku handiak hartzen zenituela esan izan duzu…

Lehiatzen hasi nintzenetik, antzekoak izan dira lasterketa guztiak. 23 urtez azpiko txapelketetan, tropelaren atzean joaten nintzen, tropelean sartu gabe, arriskuak ekiditeko, eta, ahal nuenean, egun batzuk lehenago joaten nintzen ibilbidea buruz ikastera. Horrela, gune estuetan azkarrago joan ahal izaten nintzen, eta errepideetako zuloak, trabagarriak edota irlak non zeuden ikasten nuen. Tentsio handiarekin joaten nintzen, eta lasterketa bukatu eta gurasoen autora igotzen nintzenean minutu eskas baten lokartzen nintzen. Gero, amateur maila niretzat oso arriskutsua zela konturatu nintzen. Oso dinamikoa da, eta, ibilbidea ikasi arren, eroriko asko egoten dira eta abiadura oso handiak dira. Abiadura gero eta handiagoa izan, geroago eta txarrago ikusten dut, gainera. Eroriko asko aurretik zarataren bat entzun nuelako saihestu nituen. Bestalde, aldapa behera joaten ginenean, gidari moduan erabiltzen nituen beste txirrindulariak.

Eta nolakoa izan zen tandemean lehiatzera salto egitea?

Zoragarria! Lehen egin behar nuen esfortzu hori pilotuak egiten duelako orain, kar-kar. Nire tokia aurkitu nuela esan dezaket. Tandemean noanean, tentsiorik gabe joaten naiz, nire egiteko bakarra pedalei eragitea delako. Tandemean ez dut abiadura mugarik; bakarrik joaten naizenean, badakit ezin dudala abiadura zehatz batetik harago joan, arriskutsua bilakatzen delako egoera. Tandemean askatasunez ibiltzen naiz eta asko gozatzen dut.

Gidariarekin harremana edo konfiantza guztizkoa izan beharko da, ezta?

Bai, oso garrantzitsua da ondo koordinatuta joatea, elkar ezagutzea eta biok batera egokitzeko gaitasuna izatea; arraunean edo piraguan binaka dabiltzanean bezala.

Munduko Txapelketan zilarra eta brontzea irabaztea zer den badakizu, dagoeneko. Urrea helburua ala ametsa da?

Urrea helburua da, noski, kar-kar. Helburu nagusia hobetzen joatea da, eta hobetzeko gogoa izatea. Urrea lortzea horren emaitza da, baina, zalantzarik gabe, irteeratik, urrearen bila joango gara.

Burua Joko Paralinpikoetan jarrita duzu?

Ez dut horren luzera begiratzeko gaitasunik, kar-kar. Argi dago Joko Paralinpikoetan parte hartzea eta bertan lehiakorrak izatea helburu bat dela niretzat. Aurten, puntuak lortzeko borroka hasiko da, eta ahalik eta puntu gehien batzen saiatuko gara. Gero, puntuen arabera, hautatzaileek batzuk edo besteak aukeratuko dituzte.

Zein da igande eguzkitsu baten egiten duzun ibilbiderik ederrena?

Nire tropeltxoarekin Mutrikuko bira bezala ezagutzen duguna. Deriotik irten, Zornotzako errepide nazionala hartu, Durangotik Areitiora igo, Debaraino heldu Eibar eta Elgoibar zeharkatuz, eta, Mutrikura ailegatutakoan, kafea eta palmera bana hartzen ditugu. Gero, itzulera kostaldetik egiten dugu: Ondarroa, Lekeitio, Ereño, Gernika, Gerekiz, Morga eta etxera arte.

Eta bizikleta gainean txakalaldi latzena pasatu duzun unea?

Murgian izan zen. Tropeltxoko kide batek, nahiz eta sekulako eguraldi txarra egin, ez du prestatutako ibilbidea aldatzen. 6 gradurekin eta euriarekin, Barazar igo genuen, eta Murgiara joan ginen opil bat jatera. Zeropeko tenperatura zegoen eta elurra hasi zen. Altube jaisten hasi ginenean, hotzikarak sentitzen hasi nintzen, baina bizkarrean; eskuak lokartu zitzaizkidan, eta ez nekien galgak edo beste zerbait sakatzen ari nintzen… Sekulakoa izan zen, kar-kar.

Gustuko duzun beste hobbyren bat?

Oso zinemazalea naiz.

Eta deskonektatzeko tokiren bat? Hilero, asteburu baten, Madrilera joan behar dut, Osteopatia ikasten ari naizelako, eta errutina alde batera uzten dudanez, deskonektatzea da niretzat. Sauna ere asko gustatzen zait deskonektatzeko.