Imanol Alvarez: “Imanol jokalariak oso gutxi jokatuko luke egungo Imanolen taldean”
2018-2019ko denboraldian heldu zen bigarrengoz Imanol Alvarez (Ermua, 1967) Donostiako Bera Bera taldera. Ordutik dihardu entrenatzaile. Zazpigarren denboraldia hasi du, eta hori ez da oso ohikoa errendimenduko kirolean. Duda barik, ondo egindako lanaren seinale.
Iaz lortutakoaren ostean, berriro zarete txapelketa irabazteko hautagai nagusiak; horrek erantzukizun handiagoa sortzen dizue?
Ez; ni Super Amara Bera Beran nagoenetik beti izan dugu faborito kutsu hori. Barneratuta dugula esango nuke. Halere, ez dut sumatzen derrigorrez irabazi behar hori, baina tituluak lortzeko lehiatzea bai. Ligan parekotasun handia dago, eta, play-off sistemarekin, maiatzera ondoen iristen den taldeak abantaila duela esango nuke. Sistema honekin [bi denboraldi], liga erregularra irabazi duen taldea ez da txapeldun izan ondoren.
Iaz liga, kopa eta superkopa irabazita, zeintzuk dira aurtengo helburuak?
Titulu horiek lortzeko lehian ibiltzea. Zorionez, Iberiar superkopa irabazi dugu, itxura ona emanda, eta ea aurten European Leagueko multzoen faserako sailkapena lortzen dugun.
Aita Manolo Ermua taldeko futbol entrenatzailea zen eta zu zeu futbolean hasi zinen; ostean etorri zen eskubaloia. Zergatik kirol hori?
Ermuko ikastetxera Heziketa Fisikoko irakasle berri bat iritsi zen. Ohorezko Mailan jokatzen zuen, Bilboko talde batean. Gurean ere talde bat sortu zuen eta batzuek izena eman genuen. Berandu hasi nintzen, 14 urte nituela.
Ezkertiarra zinen kantxan, eta horrek balio handia dauka eskubaloiko postu batzuetan; nolako jokalaria zinen?
Fisikoki ez nuen atentziorik ematen, baina jokoa ondo irakurtzen nuen, abantailak non zeuden ikusi eta ondo aprobetxatzen nituen. Ez nintzen oso defendatzaile ona… Hortaz, orduko Imanolek egungo Imanolen taldean oso gutxi jokatuko luke.
Asko aldatu da eskubaloia?
Bai, erabat aldatu da, eta onerako. Orain, jokoa dinamikoa da, jokalariak kirolari indartsuak dira, eta atletikoak. Jokoa ikuslearentzat erakargarriagoa dela esango nuke; ondorioz, entrenatzeko era ere aldatu da, eta onerako hori ere.
Nola sentitzen zara erosoago, jokatzen ala taldeak zuzentzen?
Askoz gehiago entrenatzaile gisa. Jokatzea ez dut faltan igartzen. Betidanik sentitu naiz eroso entrenatzen.
Zer egiten du aisialdian Imanol Alvarezek?
Familiarekin eta lagunekin egoten naiz gustura. Horrez gain, margotzen, irakurtzen eta bizikletan ibiltzen pasatzen dut aisialdia.
Orain eskubaloiak ez dizu denbora libre askorik uzten, baina, denbora duzunean, norako bidaia egin gurako zenuke?
Ea urte gutxiren buruan lortzerik dudan nire ametsa: Kanada bizikletaz zeharkatzea, bikepacking modalitatean.