Ile-mozketa naturalak

Mota guztietako ile koloreak, orrazkerak eta akaberak aurtengo ile-joeratan daude, eta horiek kontuan hartu behar dira look aldaketa baten beharra edukiz gero. Gustu guztietarako daude. Izan ere, urte berria, ile berria. Horregatik, 2025erako ile-apaindegietan arrakasta gehien izango duten ile-mozketak fitxatu behar dira: bob zalea izan edo adats luzea nahiago izan.

Ile fina edo lodia

Mozketa-mota aukeratzerakoan, aurpegiaren forma eta ile-mota kontuan hartzea funtsezkoa dela dio Cabok: “Ile lisoa dutenentzat bob motzak aukera egokia dira; ile uhindunentzat, shaggy edo wolf cut-ak; eta ile kizkurrei, berriz, pixie edo bob kizkurrak ondo egokitzen zaizkie”, esan du Bergarako Keixa ile-apaindegiko Miriam Cabok. Ile lodia dutenek bolumena arintzeko teknikak erabili behar dituztela gaineratu du, eta ile fina dutenek bolumena emango

dien ebakia aukeratu behar dutela.

Nortasuna

Ilea mozteko teknikak ere asko aldatu dira. Leku askotan lehorrean mozteko teknikak erabiltzen dituzte; modu horretan, ilearen mugimendua errespetatu egiten da. Bestalde, geruza ikusezinak gero eta ohikoagoak dira; kanpotik lerro zuzen bat ematen duten arren, ilearen barruko geruzak moztuta pisua kentzen dute, eta naturaltasun eta moldakortasun handiagoa lortzen da. Dena den, adituek diote, joerak aldatu arren, ondo aukeratu behar dela orrazkera; ilea pertsona bakoitzaren nortasuna da.