Ilberri taldearen ‘Bizi hil arte’ diskoa

Bere lehen diskoa argitaratu du Ilberri taldeak: Bizi hil arte. 2025a kontzertuz josia izan zen eurentzat, eta 2026a ere halakoa izatea espero dute. Euskal Herri osoan euren kantuak jotzea da euren ametsa.

Nortzuk osatzen duzue taldea?

Taldea honako kide hauek osatzen dugu: Ander Zubizarreta bateria-jotzaileak, Urko Prieto abeslariak, Jon Gorrotxategi baxu-jotzaileak eta Iker Blanca eta Galder Mata gitarra-jotzaileek. Aurretik, Aretx Bidaurratzaga izan zen bateria-jotzailea; oso garrantzitsua izan zen taldearen hasierako garaian, eta, hari ere, zor diogu orain gauden tokira heltzea.

Bizi hil arte diskoa argitaratu duzue. Nolako diskoa da? Zeri abesten diozue?

Bizi hil arte gure lehen diskoa da, eta ez dago gai bakar baten inguruan egina. 16–17 urte inguruko gazteoi burutik pasatzen zaizkigun gauzez hitz egiten dugu: munduan gertatzen ari denari buruz (Palestinako gerra, adibidez), gure bizitza bizitzeko beharrari buruz, gure herriarekiko leialtasunaz, Euskal Herriaren historiari buruz, eta, batez ere, bihotzak eskatzen digunari buruz. Sentitzen duguna, pentsatzen duguna eta bizi izan duguna musikara eramanda.

Zuen lehen lana da. Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Taldea duela urtebete baino gehiago sortu genuen. Lehenengo kanta egin genuenean, ez genekien ezer: ez nola hasi, ez nola jarraitu… Egia esan, gaur entzunda, inork gustuko izango ez lukeen abesti bat izan zen. Baina hor hasi zen dena; hor ikasi genuen zer den kanta bat sortzea. Pixkanaka, batez ere Algortako talde zaharragoengandik asko ikasiz, abestiak egiten ikasten joan gara. Ideiak sortzen, probatzen, moldatzen… eta, horrela, gutxinaka, konposatzen eroso sentitzen hasi gara. Hortik tiraka, sortzen jarraitu dugu, eta, azkenean, argitaratutako diskoa izan da horren guztiaren emaitza.

Nolako harrera izan du diskoak?

Espero genuena baino askoz hobea. Hasieran, gure inguruko jendearengana eta lagunengana helduko zela pentsatzen genuen, baina ez genuen espero halako erantzunik. Argitaratu dugun hilabetean 3.300 entzule ingurura iristea sorpresa handia izan da guretzat. Poz handia eman digu horrek, baita aurrera jarraitzeko motibazio handia ere. Gainera, beste herri batzuetatik kontzertu-eskaerak jasotzen hasi gara. Guretzat oso garrantzitsua da hori, gure musikarekin espazio berriak irekitzen ari garelako.

2025a kontzertuz betea izan zen zuentzat; 2026a ere horrelakoa aurreikusten duzue?

2025a izan da gure lehen urtea kontzertuak ematen, eta, egia esan, babes handia sentitu dugu jendearen aldetik. Emandako kontzertuak oso bereziak izan dira guretzat, eta asko markatu gaituzte. Hala ere, orain arte, ia beti, gure erosotasun-eremuan mugitu gara: leku berdinetan edo etxetik gertu jotzen. 2026ari begira, aldaketa hori sumatzen ari gara: beste toki batzuetan jotzeko aukerak heltzen hasi dira, jende berria ezagutzen ari gara, talde gehiagorekin harremanak egiten, eta horrek asko aberasten gaitu. Guk betidanik izan dugun ametsa, Euskal Herri osotik jotzea alegia, egi bihurtzen hasi da. Hori da benetan baloratzen duguna: musikari esker, bide berriak irekitzea eta talde moduan hazten jarraitzea.