Ilaski Serrano: “Kulturak izpiritu kritikoa elikatzen du”
Ibilbide luzeko telebista aurkezle modura ikustera ohituta daude ikusleak. Deenek ez badakite ere, kulturzale amorratua da. Eta lanean ez dagoenean, edozein herritako antzoki, areto edo kulturgunean ikusiko duzu. Kulturak elikatzen du bere burua, eta kultur zaletasun hori lanarekin uztartzea lortu du.
Ilaski Serrano, protokoloak agintzen duelako aurkeztu behar zaitut. Aurkezpenik behar ez duen kazetaria zara, ordea. Zehaztu beharko genuke, agerikoa denaz gain, zu zeu kultur mailako edukien kontsumitzaile amorratua zaitugula. Literatura, musika, artea… irakurle, entzule eta ikusle aktiboa. Ulertu behar dugu, ondorioz, zure lana gogoko duzula. Gozatzen duzu lanean?
Asko. Zaletasuna eta lana, biak oso lotuta daude. Lanerako ez balitz ere, nire martxa hori litzatekeelako. Lanerako erabiltzen dut kulturarekiko jakinmina. Plazer hutsa da, erantzukizuna ere bai. Sinesten dut kulturaren balioan. Sortze lanak niregan eragiten du pentsatzeko, sentitzeko, egun eguzkitsuan ibilgailuan noala topera abesteko… Nire bidelaguna kultura da, nire bizitzarako ezinbestekoa. Nire pentsaerarako, izaerarako ezinbestekoa da. Zaletasuna lan bilakatu den unetik, erantzukizuna bada. Erabaki dut aurrean dudan elkarrizketatuarekin norabide berean noala, eta jendearengana iristeko bitartekari lan hori egiten murgildu naiz.
Beharrezkoak dira kultur adierazpen ezberdinak gure izpiritu kritikoa elikatzeko.
Zure lana luxua izatera iritsi daiteke. Bertsozale Txapelketa Nagusia bukatu eta zure platora Maialen Lujanbio elkarrizketatzeko aukera izatea ez dago kazetari askoren esku. Luxua da hori.
Pentsa! Finalean bertan egon nintzen lanean eta Bertsozale elkartearekin adostuta zegoen irabazleak Ahoz ahotik igarotzeko ahalegina egin zezan.
Finalean zer gertatzen ari zen bizi izateko aukera izan nuen, emozio hori guztia. Eta han bertan elkarrizketa mamitzen hasten zara: “Hau galdetu behar diot, beste hura ere bai…”. Eskatzen duen lasaitasuna eskaintzen du Ahoz ahoko elkarrizketa formatuak. Solaskideak badaki nora datorren eta hori oso lagungarria da. Ez da parakaidismo ariketa bat. Programara datorrenak badaki zer nolako programa den, eta zer egiten dugun.
Eta zure kasuan, noiz hasten da eta noiz amaitzen da kazetari lana? Zeren eta eguneroko programa baten ardura daramazu eta aste horretan telebistara doan idazlearen liburua irakurrita agertzen zara elkarrizketara. Hori ez da medio guztietan gertatzen den gauza bat…
Asteburuan lanean nago, bai. Irakurtzeko baliatzen dut asteburua. Baina bestela ere asteburuetan ere berdin-berdin irakurriko nukeen. Niretzat mundutik deskonektatzeko liburua oso aukera ona da. Era berean, nire burua elikatzeko modukoa da kontzertu batera joatea, edo hitzaldi bat entzutera joatea. Horrek guztiak nire agenda markatzen du.
“Lanerako erabiltzen dut kulturarekiko jakin-mina“
Etengabe konektatuta egote hori ez duzu, ordea, karga modura bizitzen.
Ez, eta nire lana da. Are gehiago, komunikatzaile modura erantzukizun modura hartzen dut. Liburu baten aurkezpena egin behar bada, aurkeztu den egunean, ez duzu zertan liburu hori irakurri beharrik. Elkarrizketa luze baterako, hogei minutuz pertsona batekin zaudenean, errespetu minimoz nor den jakin behar duzu. Nik deitzen diot idazleari. Elkarrizketa honetan, adibidez, zuk deitu didazu. Zuk nahi duzu ni hona agertzea, orduan zergatik aukeratu nauzu? Interesgarria iruditzen zaizulako.
Sortzaile guztiei euren lanari buruzko elkarrizketak proposatzen dizkiet. Nire lanean idazle bat aukeratu dezaket, liburu hori ezagutaraztea nahi dudalako. Gozamena da horrela lan egitea.
Tabakaleran gaude eta hemen bertan egiten da Berben lapikoa telebista saioa. Elkarrizketaren generoaren alde hitz egin duzu. Oso eroso sentitzen zara.
Umetatik, eta ikusle modura. Aspaldiko dinosaurio horien elkarrizketa datozkit burura: Jesus Quintero, Merecedes Mila…
Gure telebista kulturaren parte dira.
Bai, halaxe da. Irratian ere oso gustura entzuten ditut elkarrizketa luzeak eta landuta daudenak. Kazetaritza mota hori kontsumitzen dut eta hori lanean egin ahal izatea luxua da. Neure buruari asko eskatzen diodan ardura da. Solaskideari buruzko informazioa biltzen dut, prentsan zer adierazi duen, nondik nora pentsatzen duen… Batzuetan aurretik hartutako lan horrek guztiak bere fruitua ematen du eta, orduan, “buahh!” pentsatzen duzu. Eta beste batzuetan aurrikusitako elkarrizketa beste norabide batetik doa. Hori ere polita izaten da, elkarrizketa solaskideari jarraiki egiten duzulako. Ikasten noala sentitzen dut, neure burua lasaitzen eta ez dakit norainoko exigentzia eskatu aurretik gozatzen ahalegintzen naiz. Entzun, eta lanean jarraitzen dut dudan oinarritik. Gozatzen nabil.
Meritu bikoitza hori guztia zuzenean egiten denean. Oso ohituta zaudete, telebistan.
Beste alde batetik, hobeto. Adrenalina gehiago! Adi egon behar zara. Zuzenean buruak oso ondo funtzionatzen du. Alarma egoera etengabea da.
Zure programan parte hartu izan dudanean, ordea, pott eginda amaitzen dut.
Nekatzen du, asko. Egon behar duzu adi-adi, ez dakizu zeinen gogoko dudan hori. Zuzenekoa maiteminduta egotearen parekoa da: Uneoro gauzak sentitzen zaude.
Mundua “modo avion” moduan utzi eta zentuz guztiak horretara bideratu behar dira.
Den-dena ondo egin behar da, eta zerbait ondo atera ez bada… hortik ere ateratzen asmatu beharra dago.
Kulturgile askorentzat, Ahoz aho telebista saioan ateratzea ezinbesteko hitzordu bilakatu da. Zuzenean ikusteko, edo ondoren nahieran. Ikasturte berrian hor behar zaitugu, Ilaski. Horretan edo antzeko batean.
Ea! Neuk ere nahi dut. Ondo legoke. Beharrezkoa dela uste dut nik ere, ikusle modura eta kazetari modura ere. Oso kontziente naiz telebista eskaintzak zabala izan behar duela, jende guztiak lekua izango duena. Gure programatik eskaintzen duguna eta helarazi nahi duguna hor sartzen dela uste dut. Ez da hain publiko masiborentzat programa bat, ikuslearen aldetik ahalegin handia eskatzen duelako. Datu eta informazio asko ematen da, eta adi egotea eskatzen du. Gutxieneko jakintza maila bat eskatzen da.
Gauza batzuk oso erraz ikusten dira. Ni neu banabil oso errazak diren beste gauza batzuk ikusten. Oso arrakastatsuak direnak. Lehen esandakoaren haritik, feedback handia nabaritzen dut Ahoz Ahozn egindako lanagatik. Formatu hori defendatzen dut, eta ea etorkizunean jarraitzeko aukera dugun.
“Eskatzen duen lasaitasuna eskaintzen du ‘Ahoz aho’-ko elkarrizketak”
Azpimarra saioarekin hasitako ibilbide bat badago, oraingo saioaren oinarrian. Hirukote fantastikoa osatu zenuten Maddalen Iriartek, Iban Garatek eta zuk zeuk. Ez zait iruditzen nostalgiaren oso zale zarenik, eta beti oso prest eta ausart ikusi zaitugu ekimen, formatu eta molde berrietara egokitzeko. Izaerarekin bat datorren dohaia, akaso?
Haziz zoaz profesionalki. Pertsona moduan berdin, gauzak ikasiz helduz goaz eta gauzak erlatibizatzen goaz. Maddalen Iriarte eta Iban Garate ezinbestekoak dira ni orain eta hemen egoteko garaian. Beste “katxondeo” formatuetatik nator eta publikoak ez baina beste jende batek badaki kulturarekin dudan lotura zein den. Maddalen Iriartek apustu argia egin zuen nire alde, lanean elkarrekin egon barik. Lanean hasi eta konexioa sortu zen berehala. Azkarra, langilea da. Zeinen ondo moldatzen den kamara aurrean, zeinen elkarrizketa onak egiten dituen… Miresmena nioen eta ikasteko aukera bikaina eskaini zidan. Iban eta biok batu ginen, aspaldian elkarrekin lanean aritu gabe ginela. Oso harreman ona eduki genuen Betizu saioko garaian. Azpimarran batu ginen eta bata bestearentzat ezinbesteko helduleku bilakatu gara. Konfesore, psikologo, lagun… neba gaztetzat hartuko dut. Hor sortu da, batez ere, maitasun handia. Nire bizitzan, egunerokoan, ezinbestekoa da. Urte bat aritu ginen elkarrekin. Iban informatiboetan hasi zen eta gogoan dut Maialeni telefonoz deitu eta “Maialen, zu barik zelan egingo dut hau?” adierazi niola. “Zuk nahi duzuna ahal duzuegin” erantzun zidan, eta ez dakizu nola eskertzen dudan horrelako berbak jasotzea. Horrelako maitasun keinuak behar dira norberak aurrera egiteko indarra hartzeko. Kike Amonarrizekin gauza bera gertatu zitzaidan. Telebistan bide hori egin ala ez, aurrera egin ala ez… zalantza horretan norbaitek maitasun hori adierazi eta zuregan sinesten duela ikusita… Horrela bai!
Eta urteen poderioz kazetariok gure agenda propioa osatzen dugu. Zure agendak balio handia izango du.
Leioan, unibertsitatean, kafetegian oso urte onak pasa nituen baina klase zalea nintzen. “Kazetari batentzat agenda ezinbestekoa da” entzun nuen unibertsitatean. Eta barrura arte sartu zitzaidan hori. Kode deontologikoarena ere han barneratu nuen… Juana de Arco modura, lanbide honetan sinesten dut. Berehala konturatzen zara agenda zeinen garrantzitsua den. Unibertsitatean nengoela, hirugarren mailan Euskadi Gaztean hasi eta bidean berriro topo egingo duzun jendea ezagutzen hasi nintzen. Jende horrenganako hurbilketa ezinbestekoa izan da, agenda osatzeko garaian. Nire garaiko jendea ikusten dut, hogei urterekin ezagututakoak, oraindik orain kantuekin harat honat dabiltzala. Urteak aurrera joan eta zenbat gauza egiten jarraitzen dute! Gure gaztaroko sasoi hura oso oparoa izan zen. Bazegoen hizkuntzarekiko kezka, sortze lanak euskaraz ziren.
Zure agenda horretan, bizi dugun aro zail eta arraro horretan, egon badira oso egoera zaila bizitzen ari diren kultur profesionalak. Kulturgileez eta kulturari lotutako lanbideez ari naiz.
Sufritzen ari naiz, asko. Hil den jendea eta familiak gogoratuta nabil sufritzen, hau dena kudeatzeko erabili den diskurtsoarekin, zer gertatuko den niretzat ezinbestekoak diren gauza askorekin… tarteka oso baikor nago, eta besteetan betikoek sufritzen jarraituko dutela pentsatzen dut. Bazen asmoa, Berben Lapikoa programan, gertatu denaren diagnostikoa egitea eta batez ere etorkizunera begira jartzea. Atzerapauso garrantzitsua izan ahal da, kasu askotan. Euskalgintzari eta herrigintzari begira ere bai. Sorkuntzan, emakumeen eskubideetan… ustez atzean geratu ziren diskurtso batzuk nagusitzen ari dira. Eusteko unea dela uste dut, duguna defenditzeko eta hobetzeko.
Zu zeu, beraz, gehienok bezala emozioen gurpil zoro horretan murgilduta zaude.
Negar asko egin dut. Eta ondo harrapatu nau. Berben lapikoan doluan adituak direnekin hizketan aritu gara. Horrelako egoera batek txarto harrapatu bazaitu, uff, ez dut pentsatu ere egin nahi. Neu top egon naiz, martxa betean, pozik… baina egoera ikusita asko sufritu dut.
Ea berriro elkar topo egiten dugun. Kafe Antzokian, adibidez.
Hori ezinbestekoa da! Faltan botatzen dut. Ostegunero goaz, gu. Ezinbestekoa da. Asteko momentua da.
Kontatu beharra daukat, zure baimenarekin. Zurekin nengoen Bilboko Kafe Antzokian kontzertu batean eta ernegatuta ikusi zintudan etengabe berriketan dabilen ikuslegoarekin, taula gainean dagoen musikariari inongo errespeturik adierazten ez ziotela eta. Isiltzeko eskatzera hurbildu zinen haiengana. Neuk hori egin aurretik nahiago sufritzea. Zeu ez, oso jarrera aktiboa hartzen duzu.
Andratuta nago. Hor konturatzen naiz andratuta nagoela. Kontzertu batera bazoaz, mesedez, musikariekiko errespetuz jokatu. Badakizu nora joan zaren. Berbetan dabiltzala, joan eta esan egiten diet: “Isildu, mesedez”. Askotan egiten dut. Baina trenean ere berdin ibiltzen naiz. Baten bat bideo bat ikusten badoa, kaskorik gabe, esan egiten diot. Denok berdin jartzen bagara! Horrelako gauzak esan egiten ditut.
Oker ez banago elkarrizketa hau amaitu eta azkar batean Gasteizera zoaz, “Kulturunea” saioa aurkeztera. Zuzeneko emanaldien saioa behar beharrezkoa dela adierazi duzu.
Kanpoko programak egiten dituen lantaldea da, eta azpiegitura handia mugitzen da. Korrikaren hasieran, pilota partidatan… tramankulu handiak mugitzen dira horrelako programak egiteko garaian. Baliabideak jarrita, irudi aldetik oso gauza txukunak egin daitezke. Eta, bestetik, zeinen ederra musikariak oholtza gainean ikustea. Eurek ere zuzenean berriro aritzeko zenbaterainoko gogoa zuten aitortzen dute. Aretoan gaikaldean hiruzpalau lagun egoten gara ikusten, kamarak eta soinu hartzaileak lanean… Amaitzen denean gaudenak txaloka hasten gara. Emozioak jota, majiaz gozatzeko unea da. Taula gainean dagoena eta bertan gaudenok zuzenekoak duen balioaz kontziente gara. Orain arte ez dugulako zuzenekorik izan, eta noiz edukiko dugun ez dakigulako. Sustatu beharra dago, horrelako ekimenak ez laguntzea ezinezkoa da.
Zuzeneko emanaldietarako aretoak irekitzea zabaltzea falta da, eta irizpide garbirik ez da ikusten. Sektorea eskatzen ari da, erregutzen ari da. Aukera hori zabaldu beharra dago, terrazetan egon gaitezkeen bezala emanaldi bat ikusten egon gaitezke ere.
Terrazan egoten garelako, eta Metroan sartzen garelako. Orduan, zelan baliabideak jarri zuzenekoetarako? Emanaldi txikietara joan beharko dugu. Eta formatu txikietara ere oso ohituta gaude. Orduan saio txikiak sustatu ditzagun. Agenda hori zabaldu eta lana eman dezagun. Lehentasunezko kontua da, eta behar duen arreta eman beharko diogu honi.
Plazer handia izan da, Ilaski. Bukaerarako utzi dut aipamena. Ttap aldizkariko 0 zenbakiko bi elkarrizketatzaileak parez pare gaude. Zuk Alex Sardui elkarrizketatu zenuen Durangoko Plateruenan eta neuk Nerea Garmendia Donostiako Ariman. Majia une hori eroriko da, zeren eta esango dizut elkarrizketa hura hagineko minez egin nuela. Antzeko egoera zail, xelebreren bat gogoan al duzu?
Ahaztu egiten dira. Gogoan dut hala ere asko sufritu dudala amama hil zenean. Huts egin dudan egun bakarra izan da hura. Plazer bat izan da. Ttapek behar zuen horrelako amu ona, hasteko ezta? Kar, kar.
Ibilbide oparoa osatzen ari da Ttap.