Iker Zabala: “Iritsi da traineruan tokia beste norbaiti uzteko unea”

Santurtziko entrenatzaile lanetan dihardu Iker Zabalak (Bermeo, 1979) gaur egun. Soterarekin, hain zuzen ere, izugarrizko aurrerapausoak eman ditu azkeneko urteetan, mailaz igotzea lortu eta onenen artean lehiatzera heldu arte. Azkuna Zentroan elkarrizketatu du kirolari bermeotarra Aiert Arieta-araunabeñak.

Gabonetara ere ez gara iritsi eta zuek hasi zarete datorren udarako prestatzen. Beharrezkoa da hainbeste denborarekin hastea?

Egia esan behar badizut, ez. Hiru hilabeteko denboraldia da, ekainetik irailera, eta hilabete asko dira jo eta su lanean. Ez da beharrezkoa, baina soka askatzen hasten bazara mutilak pisua hartzen hasten dira, erlaxatu egiten dira, eta horregatik hobe da animalia guztiak korta barruan sartuta edukitzea; kar, kar, kar. Baina kirol apur bat eginez gero, nik uste dut urtarrilean hasita ere ez legokeela arazorik.

Pereza apur bat eman behar du, ba, eguraldi honekin eta hainbeste hilabete falta direla uretan sartzeak…

Lehenengo asteetan, batez ere. Egunak iluntzen hasi dira, hotza, euria… Baina gaur egun dauzkagun arropa eta materialekin, euria ez bada, ez duzu hotzik pasatzen. Azken urteetan bizikletan ibiltzera zaletu naiz, eta hor bai, baina arraunean, nahiz eta itsasora atera eta bi orduko entrenamenduak egin, ez dut hotzik sentitzen.

Diozu urtean zehar exijentzia maila hain dela handia, libre dauzkazuen bi hilabeteetan puntu fisikoa erabat galtzen duzue?

Bai, bai. Hiru astean urte osoko lana galtzen da. Gorputza oso esker txarrekoa da. Gu orain hasi gara lanean eta hiru-lau hilabete beharko ditugu puntuan jartzeko, baina edozein arazo izanez gero edo astebete gaixo egonez gero, igarri egiten da, eta hiru astean lan guztia doa pikutara.

Eta atsedena, noiz hartzen duzue? Udan arraun denboraldia daukazuelako, baina zuek ez zarete profesionalak, eta, beraz, zuen lana ere badaukazue urtean zehar.

Lanean ari zaren ala ez, lantokian oporrak aurrerago hartzeko aukera ematen dizuten ala ez… Bakoitzaren egoeraren araberakoa da, baina ez da batere erraza. Mentalki deskonektatzeko, behintzat, nik uste dut beharrezkoa dela aste pare bat libre izatea, neskarekin edo lagunekin ibiltzeko, baina egia da gero gorputzak berak eskatzen dizula berriro kirolean hastea. Askotan, behartu egin behar izaten ditugu arraunlariak, ezin dutelako geldirik egon, baina nik uste dut aste bi atseden hartzea beharrezkoa dela.

Zuk izan dituzu bi aste horiek? Zertarako aprobetxatu dituzu? Nola deskonektatzen duzu?

Astebeteko bidaia egiten dut beti neskarekin.

Kostara?

Bai; normalean, kostara eta eguraldi ona dagoen toki batera. Hori da nire baldintza bakarra. Eta aurten, egia esan, denboraldia bukatu aurretik hurrengo denboraldirako taldea gutxi gorabehera eginda neukanez, lasai hartu ahal izan dut astebete hori.

Profesionalak izatearena zientzia-fikzioa delako, ezta?

Diru apur bat egon badago arraunean, baina hortik bizitzeko adina ez. Beti behar duzu beste helduleku bat. Erdaraz esaten den bezala, “pan para hoy y hambre para mañana”. Badira ondo irabazten duten batzuk, baina %90 arraunean debalde ari dira eta beste batzuk dirua euren poltsikoetatik jartzen bidaietarako edo lanean oporrak aurreratzeko eskatzen… Arraunean dabilena afizioagatik ibili behar da, guretzat droga bat delako, baina diruagatik bazabiltza, gaizki.

Zu zeu informatikaria edo programatzailea zara…

Bai. Moldeak diseinatzen ditut Zamudioko enpresa txiki baten. Urte piloa daramatzat bertan. Hamar orduko lan jardunaldia egiten dut, handik zuzenean klubera, beste hiru-lau ordu klubean eta handik etxera. Horrela egunero, egunero, egunero. Eta, egia esan, oso pozik nago. Lehen esan dizut, pare bat aste gustura ematen ditut arraunetik deskonektaturik, baina gero, berehala igartzen dut faltan.

Esan didazu aurten etxeko lanak, fitxaketak, goiz itxi zenituela. Nik sei dauzkat apuntaturik: Zurinaga, Adrian Gonzalez, Oscar Viudez, Diego Hermo, Miguel Angel Ruiz eta Iker Pascual. Zerrendara gehitzeko beste fitxaketaren bat?

Ez, horiek dira, baina bai esan nahi dut fitxaketen kontu hori baztertu egin behar dugula. Hau ez da futbola. Aipatu dituzun arraunlari horiek Santurtzitik ordubetera bizi dira, ez datoz Poloniatik. Arraun munduan oso gutxi gara, gaur hemen gaude eta bihar han. Horregatik, fitxaketa hitza erabiltzea ez dut gustuko. Gainera, Soteraren kasuan edo Urdaibairenean fitxaketak direla esaten da eta beste klub batzuetan, berriz, errefortzuak edo berrikuntzak dira. Ez zaio inori dirutzarik ordaintzen; beraz, kanpotik etorriak bai, baina fitxaketak ez.

Taldean berritzea egon dela esango dugu, hortaz. Arraunlari berri horien batez besteko adina nahiko altua da, 38 urte. Zergatik esperientziaren aldeko apustu hori?

Hutsune izugarri handia dagoelako. Ez da normala ni 40 urterekin arraunean aritzea, 25-26 urteko gazte batek ni trainerutik ateratzea litzateke normalena. Gazteak oso kirolari onak dira, oso ondo datoz, baina 10 urteko hutsune bat egon da, harrobia ez da landu,  eta horregatik jarraitzen dugu gu bezalako dinosauroek hor. Aurten, esaterako, 45 urteko gizon bat daukat taldean, galiziarra, eta sekulako kalitatea dauka. Oso-oso zaila ikusten dut bera ordezkatzea, eta pena da, gu erretiratu egin behar garelako. Zer egin orain? Ba, gazteekin lana, gu gazteak ginenean gurekin egin zuten bezala. Hutsunea ikaragarria da eta pixkanaka tortillari buelta eman behar zaio.

Beraz, momentuz, nire parean daukadan dinosauro hau ez du inork trainerutik aterako? Aurten ere arraunlari eta entrenatzaile izango zara? Noiz arte?

Ez luzaroan. Taldearekin lanean hasi naiz, bai lehorrean zein uretan, baina nire asmoa udan ez lehiatzea da. Nire burua estu ikusten dut. Lana, entrenamenduak… Ikusten dut ez naizela denetara iristen eta heldu da %100ean entrenatzaile izan eta beste batzuei aukera emateko garaia. Gainera, aukera daukat horretarako, sekulako taldea daukat, eta uste dut gehiago emango diodala taldeari kanpotik entrenatzaile bezala, barrutik baino.

Iker Zabalaren traineru barruko ibilbidea amaitu da, beraz. Baina goazen hasierara. Nola hasi zinen? Atxitxe Isidoro arraunlaria zelako?

Arrazoi asko egon ziren, baina bai, hori bat da. Hura ez zen atxitxe, aitona baizik. Gipuzkoarra zen eta aitona esaten genion. Bere seme bat ere, nire osaba, arraunlaria izan zen eta eragina izan zuen, noski. Horretaz aparte, aitak itsasontzia zeukan eta txikitan beti ibiltzen nintzen portuan, batelak nola ibiltzen ziren ikusten eta probatzeko gogoz. Inork ez zuen ezer espero, ni oso alferra nintzelako gaztetan, baina begira, 91n hasi nintzen arraunean eta ordutik ez dut urte bakar bat ere huts egin. Nahiko nuke beste 40 urtez jarraitzea, baina gorputzak hanka altxatzeko eskatzen dit. Zerbait topatu beharko dut hutsune hori betetzeko.

Arraunean proba egin eta gustatu egin zitzaizun. Aitaren barkuan ere probatu zenuen, baina hori ez zen hain ondo atera…

Ordu asko ematen nituen aitaren ontzian eta itsasora joateko gogo handia neukan. Egun baten, aitak esan zidan: “Probatu nahi baduzu nirekin etorriko zara, gaur ez zoaz ikastolara”. 7-8 urte nituen. Sekulako eguraldi txarra zegoen. Bista onarekin aukeratu zuen eguna aitak, itsasoa benetan zer den ikasteko. Guztiz zorabiatuta itzuli nintzen herrira, oso txarto pasatu nuen eta ez nuen berriro ontzia zapaldu. Hura izan zen ikasgairik onena. Oso lan gogorra zen, eta, Bermeon ontzi asko egon arren, jendeak nahiago zuen gazteria barkuetatik aldendu eta ikasketetan zentratzea.

91n hasi zinen, beraz, arraunean. Gauzak erabat aldatuko ziren bai kirolean eta bai Bermeon bertan, ezta?

Momentu hartan, arrauna existitzen zen Bermeon, batelak eta trainerillak beti egon dira, baina traineruez ez zen ezer entzuten eta Kontxako banderak-eta.. zer esanik ez. Baina orduan, pertsonaia bat azaldu zen. Zoro bat. Patxi Bilbao. Infantiletatik apurka gora egin genuen bere eskutik eta haren lan onari esker gaur egungo Urdaibai izatera iritsi ginen. Hark jarri zuen hazia.

Noiz hasi zen Urdaibai gaur egun dena izaten?

92an, zer edo zer mugitu zen, Mundaka eta Elantxobe batu ziren, baina proiektua ez zen batere solidoa. Gero, 99an bai, Bermeo eta Mundaka batu ginenean. Bakoitzak maila handiko 8 arraunlari geneuzkan, baina ezin trainerua osatu, eta horrela erabaki genuen elkartzea. Oso maila handia geneukan eta, gainera, oso gazteak ginen, 18 urte batez beste.  Lehenbiziko urtean hirugarren egin genuen Kontxan. Hura izan zen Urdaibairen aurreneko agerraldia. Gero, bizpahiru urteko beste hutsune bat etorri zen, eta 2004an Aizperro iritsi zenean gertatu zen benetako boom-a. Ordutik, Urdaibai beti izan da erreferente bat arraunean.

“Ziur Bermeora itzuliko naizela, baina oraingoz ez dut Santurtzin lana amaitu”

2004an, Urdaibairen boom hori gertatu zen, eta, justu, hurrengo urtean zu herritik Castrora joan zinen. Zergatik?

Sei arraunlari joan ginen Urdaibaitik Castrora. Ni, herriko semea izanda, itxaroten saiatu nintzen, baina mundu guztiak egin zuen alde, eta, azkenean, Jose Luisek [Korta] deitu zidanean ni ere berekin joan nintzen. Castroko bi urteak oso onak izan ziren, nire lehen Kontxa han irabazi nuen. Eta gauzak nolakoak diren… Bi urte geroago, berriro sei arraunlari Castrotik Urdaibaira bueltatu ginen eta sekulako bolada bizi izan genuen Bermeon.

Zehazki, 5 liga eta beste horrenbeste Kontxa. Tira, zuek 6 Kontxa zenbatzen dituzue Urdaibairekin. Zein da denetan oroitzapen politena?

2010ean Bermeorekin irabazi nuen lehen Kontxa. Aurrez Castrorekin irabazitakoa nintzen, baina norbere klubarekin eta norbere jendearekin irabaztea… ez dago hori ordaintzeko dirurik. Gogoan daukat Bermeora iritsi eta kamioi baten gainean joan ginela banderarekin. Herria festetan zegoen, gainera. Hainbeste urteren ondoren, ez dut hura baino momentu zoriontsuagorik bizi izan.

Eta kontrakoa? Momentu garratzena? Batzuk izan dira…

Asko. Kirolariak gara eta kirolean momentu gogorrak gozoak baino gehiago izaten dira. Niretzat gogorrena 2013ko Kontxa izan zen. Nik beti esango dut Urdaibaik irabazi zuela, eta bandera eskuetatik nola kendu ziguten eta han bizi izan genituen tentsio uneak… Oso gogorra izan zen. Estrobo auziarekin ere hiru-lau urte latz pasa genituen. Baina, aldi berean, ona izan zen taldea batzeko. Emaitza onak lortzen lagundu zigun. Ate guztiak itxi genituen, elkartu egin ginen, gure maila demostratu nahi genuen eta emaitzak sekulakoak izan ziren.

Polemika berpizteko asmorik gabe, baina, auzia nola amaitu zen ikusita, zer ondorio atera dituzu zuk hotzean?

Interes itzelak daudela klub batek edo besteak irabazteko. Legeak tarte handia uzten du interpretazioetarako, eta, horregatik, segun eta taldea zein den, balantzak batera edo bestera egiten du. Gauzak hain argi baldin bazeuden, zergatik ez gintuzten denboraldi erdian kaleratu eta horrela atzetik etorri ziren hainbat episodio ekidin? Nik interes ilunak ikusi nituen atzean. Gaur egun ere ikusten ditut. Denok ikusten ditugu. Baina inork ez du ezer esaten eta horrela segi beharko dugu.

Zauri horiek itxi egiten dira denborarekin?

Ez, nire kasuan ez. Beste aldekoek gauza bera esango dute nitaz, baina niri galdetzen badidazu, 8 urteren ondoren zauriak ez dira itxi eta ez dut uste itxiko direnik. Zergatik? Berriro gauza bera egiteko gai direla uste dudalako. Nigana barkamen eske eta zintzo etorriz gero ez legoke arazorik, baina ziur nago batzuk gauza bera bigarrenez egiteko kapaz direla, eta hortik ez naiz pasako.

Esan duzu alde positiboa ere izan zuela, taldea batu eta sekulako emaitzak lortu zenituztelako. Zure Urdaibaiko azken hiru urteetan Kontxa irabazi zenuten. Zergatik erabaki zenuen orduan Soterara joatea?

Helburu guztiak beteta neuzkalako. 5 liga, 6 Kontxa… eta diozu, zer gehiago? Jarraitzeko motibazioa falta nuen eta Santurtzi bezalako klub historiko batera joateko aukera sortu zitzaidan. Gainera, entrenatzaile bezala probatzeko aukera ematen zidaten, ikasteko aukera, presiorik gabe… Momentua zela ikusi nuen eta gaur egun esan dezaket oso erabaki ona hartu nuela.

KAE 2ra jaisteko arriskuan zegoen talde bat hartu zenuen. Lehen urtean TKE Ligara igo zineten, bigarrenean bosgarren sailkatu zineten eta aurten hirugarren. Helburua hobetzen jarraitzea dela  diozu, baina hobera egiteko marjina gero eta txikiagoa da eta okerrera egiteko arriskua berriz, gero eta handiagoa…

Papeleta guztiak dauzkagu aurrerantzean atzera egiteko, falta zaiguna azken pausoa delako. Zailena. Irabazteko urratsa. Duela bi urte pentsaezina zen, baina gauzak ondo irten dira hasieratik. Izugarrizko taldea batzea lortu nuen. Baina nik eurengan sinesten dut eta eurek nigan. Bermeon falta nuen amorru edo motibazio hori gero eta handiagoa da orain. Badakit aurrerantzean kontua oso gaitza izango dela irabazteak bakarrik aseko gaituelako, eta hori oso zaila da. Baina hau kirola da eta grina hori beharrezkoa da. Ausarta izan beharra dago. Urte txarra iritsiko da; ez dakit noiz, baina etorriko da, beti puntan mantentzea ezinezkoa delako, baina, momentuz, tendentzia behetik gorakoa dela uste dut, eta zergatik ez datorren urtean gorago egon.

Helburua, beraz, iaz baino hobeto ibili eta irabazteko borrokan egotea?

Helburua iaz baino traineru azkarragoa izatea da. Horrek ez dizu inolako bermerik ematen, aurkariak are hobeto badabiltza bosgarren izan zaitezkeelako, baina helburua beti izan behar da hobetzea. Eta ziur nago hobera egiten badugu, Santurtzi oso arerio gogorra izango dela besteentzat.

Norentzat aurkari gogorra? Betikoentzat?

Bai. Orio, Hondarribia… eta Bermeo ere goian ibiliko da, urte txar baten ondoren pilak jartzen direlako, eta aurkari fina izango da. Donostiarra ere lan ona egiten ari da. Eta nik uste dut Sotera ere ohorezko txandan ibiliko dela.

Sotera azken 20-25 urteetan lo egon den erraldoi bat izan da, eta 34 urteren ondoren Espainiako txapelketa irabazi duzue aurten berriro. Nabaritu duzu Santurtzin ilusioa berpiztu dela zaleen artean?

Egia esateko, ez. Ez dut berpizte hori nabaritu. Eta uste dut badakidala zergatik: belaunaldi oso batek ez du bere herriko trainerua goi mailan ikusi eta hainbeste urteren ondoren zaletasuna galdu egin da. Hutsune bat dago. Baina ziur nago bide honetatik jarraitzen badugu Bermeon gertatu zena gerta daitekeela, Santurtzik potentzial handia daukalako. Kluba historikoa da, azpiegiturak izugarriak dira, herria handiagoa da… Soterak etorkizuna dauka horrela jarraitzen badugu.

Zuentzat beharrezkoa da, harrobia hortik sortuko delako…

Biak batera doaz. Umeek herriko trainerua telebistan ikusten badute, zaletuko dira. Urtero sartzen dira gazteak klubean, baina kontua senior mailara heldu arte jarraitzea da. Gaurko gazteek kirol asko praktikatzeko aukera daukate eta hor dago zailtasuna: arraunean urte bat, eta beste bat, eta beste bat jarraitzea. Horregatik, gure gazteak zaindu egin behar ditugu eta eurekin lan egin. Hori egiten badugu iritsiko dira senior mailara.

Azkena. Noiz arte Santurtzin? Edo bestela galdetuta: herrira buelta noiz?

Ni bermeotarra naiz, eta, azkenean, ez dakit noiz, baina denak itzultzen gara sustraietara. Aurten aukera egon zen Bermeora bueltatzeko eta ez zen gauzatu, baina Santurtzin oso-oso gustura nago. Proiektu oso ona daukat esku artean, urtetik urtera hazten ari gara eta ez dut momentuz Bermeora edo beste nonbaitera joateko arrazoirik ikusten. Nire lana oraindik ez dago bukatuta Santurtzin. Hori bai, ez dut ukatzen agendan daukadan zerbait dela eta noizbait Bermeora itzuliko naizela, ziur.