Iker Vicente: “Beti izan dut garbi aizkolaria izan nahi nuela”

Euskal Herriko Aizkora txapelduna eta Australian jokatutako Munduko Txapelketako bigarrena izan da aurten. Otsagabiakoa marka guztiak hausten ari da. Aizkolari gaztearekin bere kirolaz eta haren atzean dagoen lanaz mintzatu gara.

MIKEL IDOATE: Kaixo, Iker, eskerrik asko TTAP aldizkaria etxe ondoan hartzeagatik. Lehenik, zorionak! Euskal Herriko txapelduna zara. Nola bizi izan dituzu egun hauek?

IKER VICENTE: Eskerrik asko. Egia esateko, betiko ametsa izan da eta egia bihurtzea izan da. Azkeneko urteetan oso hurbil izan dut eta aurten irabazita oso-oso pozik.

Nola ospatzen da horrelako txapelketa bat?

Lagunekin afaldu genuen. Pena izan zen igandea izatea, parranda pixka bat egin ahal izateko. Beti inguruan dabiltzanekin egon nintzen. Gainera, orain Nafarroako Txapelketa dugu eta ez nuen asko ospatzeko denborarik izan. Denboraldia amaitzen denean izanen dut denbora ospatzeko.

Euskal Herriko txapelketa izanen da futbolean bezala champions-a, txapeldunen liga. Bukatzean oso nekatuta ikusi zintugun, ia ospatu edo keinurik egin ahal izan gabe. Zergatik?

Oso lan gogorra da. Txapelketa guztietako lanik gogorrena. Egurrek tamaina desberdinak dituzte eta erritmo aldaketa handiak. Bukaeran, ezin nuen ospatu ere egin.

Zer sentitu zenuen?

Sentitu… poza, izugarrizko poza. Niregatik eta nire ingurukoengatik. Amak, aitak, lan handia egin dute niregatik, txikitatik.

Joan den urtean, kolpe handia hartu zenuen txapelketa honetan, irabaztetik oso gertu egon zinen. Zer egin duzu berezi aurten txapelketa irabazteko?

Iaz, oso hurbil egon nintzen. Detaile batzuengatik ihes egin zidan txapelak. Aurten, aldiz, asko landu dut teknika eta detaile txiki horiek zuzendu ditut.

Zer detaile mota?

Teknikoak eta psikologikoak ere bai. Adibidez, iaz, nire burua aurre hartuta ikusi nuen eta erlaxatu egin nintzen. Esperientziarik ez daukazunean egiten diren gauzak dira eta urteak pasa ahala hobetzen diren gauzak dira.

Alde psikologikoak eta teknikoak lantzen ditu kirolari batek. Zuk aizkoran ere lantzen dituzu?

Bai. Aizkoran, beste kiroletan bezala, eliteko kirolariak gara eta horrela prestatzen gara. Minutu bat hobetzeko, detaile asko landu behar dira eta buru-belarri ibili behar da urte osoan.

Asko aldatu da aizkora mundua zu profesionaletan sartu zinenetik?

Bai. Maila asko igo da. Ni sartu nintzenean, Aitzol Atutxa zen hoberena eta bazirudien urte askotarako egonen zela egoera horretan. Bat-batean, Mikel Larrañaga eta biok heldu ginen. Orain, Txikia eta Otaño azaldu dira, oso gazte direla. Hemendik aurrera, finalak oso parekatuak eta gogorrak izanen dira. Lehen, aizkorak bazirudien ez zuela erreleborik, eta orain, aldiz, bai.

Kanpotik ikusita, askotan aizkora oso gogorra dela dirudi, pultsazio altuetan ematen duzue denbora asko, baina teknikoki aukera gutxiko kirola dirudi. Horrela da?

Nire ustez, ez. Teknika oso-oso garrantzitsua da. Adin altuko aizkolariak finaletan ikusi izan ditugu goi mailan fisiko hobea zuten gazteen aurretik. Teknika ikastea oso zaila da eta urteak darama. Bi teknika mota daude. Bata, aizkora, egurra eta material klase egokiena aurkitzearena.

Barkatu, zer material klase?

Aizkora tipoa. Ni aizkora handiarekin hasi nintzen eta asko probatu ditut. Ahoa zabalagoa, meheagoa, graduak, sarrera…. Orain, laguntzaileekin, Luis Mari Belarra eta aitarekin, lortu dugu erreminta aproposa aurkitzea. Eta bestetik, aizkoran aritzeko teknika bera, gorputza, posturak, egurrean zenbat ezpala hartu… Teknikari buruz orduak egonen nintzateke azaltzen.

Entzuna dut teknologia ere erabiltzen duzula zure entrenamenduetan eta. Bideoak grabatu eta ikusi zure teknika hobetzeko.

Bai. Gaztetan, Australiara joan nintzen, duela bost urte. Han ikusi nuen txapeldunek horrela egiten zutela. Entrenamenduetan bere burua grabatu eta gero ikusi. Asko gustatu zitzaidan eta horrela hasi nintzen, entrenamenduetan eta txapelketetan dena grabatuz. Egia esateko, asko gustatu zait.

Aizkora txapelketa lasterketa moduko bat da. Nola planteatzen duzu txapelketa? Fuerte hasi eta gero ikusiko dut zer egin, edo indarrak gerorako gorde…

Urte hauetan, taktika desberdinak erabili ditut. Hasieran, Aitzol Atutxa ni baino indartsuagoa zen eta saiatzen nintzen topera hasten. Orain, berriz, ohartu naiz nire erritmo bizkorrean hastea hobea dela niretzat; hau da, ez tope, baina erritmo arinean. Askotan, pultsazioek goraka egiten dute eta ez da erraza erabakiak hartzea. Erlojupekoa balitz bezala hartzen dut txapelketa, aurkariak ikusi gabe.

Zure ondoan pertsona edo laguntzaile bat dago, zure aita izaten da. Zer esaten  dizu ondoan dagoenak?

Apustuetan bai, bi laguntzaile daude, bata makilarekin eta bestea aizkorak ematen.  Euskadiko Txapelketan, aldiz, ez dago laguntzailerik, baina kanpotik oihuka ematen dizkizute aholkuak, nahiz eta oso ongi ez entzun. Normalean, gauza teknikoak, eta aurkariak nola doazen, baina, gehienetan, nahiago dut ezer ez esatea.

Aitzol Atutxa aipatu duzu birritan. Bera izan da zure aurkaririk sutsuena?

Bai. Ni lehen mailara iritsi nintzenean, bera han zegoen jada eta lehen urtetik biak ibili gara txapelketa guztietan nor baino nor gehiago. Hasieran, berak gehienetan irabazten zidan, baina azkeneko urteetan parean gabiltza. Aurten, finalean ez da sartu, baina Larrañaga bai, eta aurrekoan, aurre hartu zion berak. Orain arte, aurkari nagusia Aitzol izan da, baina hemendik aurrera ere uste dut Larrañaga oso arriskutsua izanen dela.

Atutxari, duela urte bat, apustua bota zenion. Esplikatu iezaiozu jendeari, aizkora gertutik jarraitzen ez duen jendeari, zer diren apustuak eta nola egiten diren.

Apustuak, askotan, pike batetik ateratzen diren gauzak dira. Aizkolari batek besteari desafioa botatzen dio. Taberna batean geratzen dira; normalean, Tolosako Kantabrikon, eta han bi aizkolariak azaltzen dira beren taldeekin, eta apustuaren data, dirua eta lana adosten dituzte. Lehengo urtean, Euskadiko bigarren gelditu nintzen eta horregatik bota nion desafioa, baina berak erabaki zuen ez etortzea.

Zer nahiago duzu, apustua ala txapelketa?

Apustua, zalantzarik gabe. Txikitatik, etxean herri kirolzale amorratuak izan dira, aita eta ama aizkolariak, eta gertutik bizi izan dut apustu mundua. Nire bizitzan apustu bakarra egin dut, baina esperientzia zoragarria izan zen eta desiratzen nago beste bat egiteko.

Orain arte, zu izan zara desafiatzen zenuena. Prest zaude, txapelduna izanik, zuri botatzen dizkizutenak onartzeko?

Bai; finala bukatzean esan nuen espero nuela baten bat. Kirol mundua horrela ulertzen dut nik, eta txapeldunak beti bere txapela defendatu beharra du. Behintzat, entzun besteak esan behar duena.

Aurtengo errepasoa bukatzeko: Australiara joan zara eta munduko bigarren postua eskuratu duzu. Oso aizkolari gutxi joaten zarete hemendik. Zer gertatzen da Australian?

Bai; hemen lan luzeetan ibiltzen gara gehien, 40 minutu eta ordubete inguruan. Hemendik kanpo, Europan, Kanadan, Australian eta Zeelanda Berrian, enbor bakar batera dira txapelketak, guztiz desberdina. Munduko Txapelketa Australiako Sidneyn izaten da. Gaztetan joan nintzen lehenengo aldiz eta urtero noa orain. Oso zaila da hemengoentzat adaptatzea.

“Eliteko kirolariak gara. Minutu bat hobetzeko, detaile asko hobetu behar dira”

Esplosiboagoa da, ezta?

Bai, oso esplosiboa, eta, gainera teknikoki dena aldatzen da, erreminta, egurra, dena. Aurten, nire helburua finala jokatzea zen, europar batek sekula ez baitu jokatu, eta, azkenean, bigarren bukatu nuen finala jokatu eta gero. Oso-oso pozik, ez nuen espero horrelakorik.

Nola ikusten zaituzte handik?

Hangoek asko jarraitzen dute hemengo kirola. Kirola asko maite dute eta ezinezkoa iruditzen zaie lan luze bat egin ahal izatea.

Otsagabian gaude, oso txukun prestatuta duzun txoko honetan, zure laborategian. Zergatik erabaki duzu Otsagabian gelditzea, nahiz eta askotan autoan kilometro mordoa egin behar izan?

Txikitan hemen jaio, gero Leitzan bizi eta hona itzuli ginen. Oso toki lasaia da, Irati ondoan dago eta mendia oso gustuko dut. Egia da asteburuetan Bizkaira eta Gipuzkoa aldera joatea tokatzen zaigula, baina gustuko dut hemengo lasaitasuna. Eta bai, hau da nire aitaren eta nire laborategia eta hemen ematen ditugu ordu gehienak.

Imajinatzen dut hemen pasa izan dituzula zure momenturik politenak, baina baita gogorrenak ere. Negarrak, frustrazioak, barreak…

Bai, kirolean denetarik dago. Agian, ongi zaude txapelketan, baina entrenamenduetan une txarrak izaten dira. Eguna iristen ari dela eta zure helburua ez duzula lortzen ikustea… hori da gogorrena niretzat. Tokatu izan da eta tokatuko da berriz eta hementxe igaroko ditut, nire ingurukoekin.

Horrelako une gogor bat dagoenean, tipo lasaia zara, erlatibizatzen duzuna edo, oraindik gaztea izanik, sentipen bero eta handikoa?

Egia esan, une horiek ez ditut oso ongi kontrolatzen. Zerbait ongi ateratzen ez zaidanean, nire buruarekin asko haserretzen naiz. Adibidez, zortzi entrenamendu txar egin eta… uf… Negatiboegi pentsatzen hasten naiz. Aitak eta amak ondo ezagutzen naute eta asko laguntzen didate positiboago pentsatzen hasteko; bestela, ni bakarrik buruari bueltak ematen egonen nintzen denbora luzez.

Hemen zure lagunak izanen dituzu. Orain, txapelduna zara eta dena politagoa da. Hasieran ulertzen zuten egin beharreko esfortzu eta sakrifizioa? Haiek parrandan eta zu hemen lanean.

Hasierak zailak dira bai, denak kanpoan eta zu hemen. Gainera, aizkora kirol bezala hemen ez da oso ezaguna eta ez zuten ulertzen. Ikasketak bukatuta denak Iruñera joan ziren eta ni hemen gelditu eta bai, erotuta banengo bezala tratatzen ninduten. Gero, txapelketak irabazten hasi, eta orain ulertzen dute dezente. Egia da jendeak ez duela oso ongi ulertzen atzetik dagoen esfortzua. Askotan esaten didate: “Hau egiteagatik ez da ezer gertatzen”. Ba, ez, kirolak bere diziplina dauka eta jendeak, askotan, ez daki hori zer den.

Zein da, zure ustez, goi mailako kirolari batek izan behar duen ezaugarri nagusia?

Barne indarra. Burugogorra izan behar duzu. Hemen itzalean ordu asko eman behar dituzu entrenatzen; azken finean, urte osoko eta urte askotako lana da. Azkenean, lan egin behar da.

Zergatik erabaki zenuen aizkolari izatea? Zergatik aizkora eta ez futbola edo pilota?

Beti argi izan dut aizkolari izan nahi nuela. Hori nuen gustuko, ez pilota eta ez futbola, ni aizkolaria, 5 urterekin jada. Hasieran, jolas bat zen, eta orain, lana, baina beti argi izan dut.

Zein izan da zure erreferentea, ez aizkoran bakarrik, kirolari guztietan?

Nazabal izan da. Txikitatik aitaren txapelketak ikustera joan, eta Nazabalek irabazten zuen beti. Idolo bezala, kirolari bezala, ispilu bat izan da niretzat.

Beste kirolak jarraitzen dituzu?

Bai, noski. Kirola asko gustatzen zait, ikusi eta praktikatu.

Gehiena zein duzu gustuko?

Pilota. Lagunak izan ditut pilotan betidanik ibili direnak eta oso gustuko dut.

Zein da pilotari gustukoena?

Laguna Ezkurdia dut. Lehen, Irujoren jarraitzailea nintzen, eta orain, Ezkurdiarekin noa.

Biak odol berokoak dira. Zu ere beroa zara?

Kar, kar, kar. Bai, ni ere odol berokoa naiz.

Dena irabazi duzu, eta dena irabazteko duzu, oso gaztea zarelako. Hemendik aurrera, zer?

Saiatuko naiz ahalik eta gehien irabazten eta kirol honetaz gozatzen.

Gustatuko litzaizuke errekorren bat haustea?

Bai; buruan zerbait badut eta, agian, izanen duzue horren berri hemendik gutxira.

Bueno, Iker, mila esker gurekin egoteagatik, zure txoko-laborategi honetan gu hartzeagatik, eta espero dut hemendik aurrera etortzeko dauden txapelak eta errekorrak hemen kontatzea.

Mila esker zuei.