Iker Lauroba: “Behingoz, bide duin bat dut musikari moduan”
Musikari donostiarra gonbidatu dugu Interneteko kontuak, sare sozialak, ingurune digitala, euskara… hizpide izateko asmoz. Horiekin hasi bai, baina, beste modu batera ezin izan zitekeen legez, musikaz hitz egiten amaitu dugu. Gitarra hartu, eta kantu eder bat ere eskaini digu TTAP-zaleoi.
Ongi etorri, Iker Lauroba, Keler gunera. Ibilbide luzeko musikaria zaitugu. Solasaldi honetan, baina, bereziki, Interneteko kontuak, sare sozialak, ingurune digitala, euskara… izan nahi ditugu hizpide. Musikari buruz ere arituko gara, noski. Gainera, jakin dut etxe honetan eman zenuela bakarlari gisa zure lehen kontzertua.
Bai, halaxe da! Zeru tolesgarria hemen aurkeztu nuen. Gure arrebak egiten zuen garai hartan lan hemen eta hainbatetan etortzen nintzen. Konturatuta nengoen akustika polita zuela. Diskoa era berezian aurkeztu nahi genuen eta akustikoan egin genuen: inongo mikrofonorik gabe, entxufatu gabe. Oso-oso polita izan zen. Lagun asko etorri ziren…Uztaila zen eta jendez beteta zegoen.
Oroitzapen onak, beraz. Oroitzapenekin jarraituta, egin ezazu atzera une batez sare sozialen hasierara, Interneten hasierara zuretzat. Non koka dezakegu zeure burua eremu horretan?
Nahiko berandu iritsi naizela uste dut. Gogoratzen dut, adibidez, Laurobaren lehenengo diskoan, Xabier Silveirak egin zizkigula letra batzuk. Esan zidan: “E-mailez bidaliko dizkizut”. Eta nik: “E-maila? Zer da hori?”. Arrebak bazuen e-maila, eta ni baino 13 urte gutxiago dauzka. Gogoan dut berari bidaltzen zizkiola eta berak inprimatu egiten zizkidala mezuak. Ez naiz inoiz izan ordenagailuaren lagun… Sare sozialei dagokienez, Facebook uste dut izan zela nire lehenengoa. Lagun batek esanda egin nuen. Sare sozial berri bat ezagutzen zuela eta… horrela hasi nintzen. Duela gutxi, Facebookek ohartarazi zidan bederatzi urte pasatu direla harrezkero.
Lagunak gara hainbat saretan; beste batzuetan, jarraitu-jarraitzaile… Kuxkuxean ibili naiz, eta, nik dakidala, behintzat, baduzu Twitter, Facebook, Instagram eta Youtubeko kanala. Zure profilei begiratuta, esango nuke erabilera ezberdina ematen diezula sare ezberdinei, ezta?
Zeharo desberdina. Ez zait gustatzen bizitza pribatua aireratzea. Saiatzen naiz lagunen arteko bizitza hori niretzat mantentzen eta ez argitaratzen. Baina interesgarriak ikusten ditudan gauzak elkarbanatzen ditut. Hori, Facebooken. Gero, hortxe bertan ere badaukat Iker Lauroba delako orri profesional bat, bideoklipak zabaltzeko edo, norbaitek diskoa nahi badu, berarekin harremanetan jartzeko… Eta Instagram ere badaukat. Hemen denetarik egiten dut. Badakizu aukera ematen duela bideo motzak egiteko…
Bai, hain modan jarri diren InstaStories horiek, ezta?
Bai, bideo laburrak igotzen ditut pianoa jotzen edo… eta oporretara joaten naizenean, argazkiren bat edo beste ere igotzen dut. Eta txiste txarrak ere ipintzen ditut…
Hori esan behar nizun. Nik Twitterreko zure kontua jarraitzen dut eta ikusten dut sare sozialei ematen diezun beste erabilera bitxi bat: umorea. A ze barreak egiten ditudan zurekin!
Kar, kar, kar. Nik uste dut arrakasta handiagoa dudala txiste txar kontalari gisa, musikari gisa baino…
Adibideren bat? Agian, ez dauka grazia bera hemen kontatuta, baina…
Asko gustatzen zaizkit hitz jokoak eta hizkuntza ezberdinetako hitz berdinak nahastea, esanahi ezberdina dutenak: “Ella vino y yo ardo” edo “Sator batekin egin nuen topo”.
Horiek zuri bururatzen zaizkizu edo…?
Bai; betidanik izan naiz horrelako txiste txarren zale. Hitzen esanahi bikoitzak ere oso gustuko ditut. Esanahi bikoitzen bila ibiltzen naiz…
Niri ere izugarri gustatzen zaizkit hitzak, hitz jokoak… Ipini zenuen bideo bat supermerkatu batean. Ausoniarena izan liteke?
Bai! Nivea (Ni, Bea), Ausonia (Hau, Sonia); kar, kar, kar. Nik uste dut honen ondoren hasi zitzaidala jende gehiago jarraitzen. 500 aldiz elkarbanatua izan zen Twitterren… Gainera, horren harira kontu bitxi bat. Izaro, duela gutxi, Ameriketako Estatu Batuetan egon da. San Diegon bizi den euskaldun batek idatzi zion sare sozialetan. Bere etxera gonbidatu zuen afaltzera, eta San Diego ikustera. Bere etxera joan ziren eta lagun batek Jazzaldiko bideo bat jarri zion, non Izaro azaltzen zen. Amaitzean, hurrengo bideora pasatu ziren, nahi gabe, eta Ausoniarena zen! Kontua da Ausoniaren bideoan azaltzen den ahotsa Izarorena dela…
“Folk eta pop estiloak euskaraz ere egin daitezke”
Bai? Ze ona! Ez nekien Izarorekin zeundenik supermerkatuko bideoan…
Bai. Eta Izarok hori esan zionean, erabat harrituta geratu ziren.
Norbaitek bideoa ikusi nahi badu, zure Twitter kontura joan daiteke: @ikerlauroba. Bideo hori finkatuta duzu hasieran; beraz, erraz topa daiteke.
Bai; ez da nire txisterik onena, baina bai arrakastatsuena… Egia esateko, ez naiz txiste kontalari ona.
Zure sareko jarduna ikusita, oso pertsona konprometitua zarela esan daiteke. Txio batzuetan ikusi dut injustiziak salatzen dituzula. Horretarako ere balio dute sare sozialek, ezta?
Bai, alderdi positiboa ere badute. Norberak erabakitzen du zertarako eta nola erabili. Ni saiatzen naiz gizarte honetan dugun hainbat arazoren salaketa egiten.
Sareko kontuak alde batera utzita, “2006koDonostiako Pop-Rock txapelketa irabaztea oso baliagarria izan zen geure buruan sinesteko eta gauzak egin genitzakeela ikusteko” esan zenuen elkarrizketa batean aspaldi. Urte asko pasatu dira. Harrezkero, bizipen ugari bizi izan dituzu musikaren alorrean: taldean ibili zara, bakarka, azkenaldian Izarorekin… Zein unetan zaude orain? Txapelketa hura irabaztean izan zenuen baikortasun putz hori mantentzen duzu?
Ni erromeria mundutik nator. Niretzat, oso ikasleku polita izan zen. Erromeriak hiru-lau orduko emanaldiak izaten ziren, eta halabeharrez ikasi nuen. Lehenengo aldiz agertoki batera igo nintzenean, 19 urte ingururekin, hilabete batzuk baino ez neramatzan gitarra jotzen. Beraz, ikasteko baliagarria izan zitzaidan. Handik, Utikantaldera pasatu nintzen. Gero, Laurobataldearekin hasi ginen, duela hamalau urte. 2006ko sari hori izango zen hasi eta bi urtera edo… Maketa bat kaleratua genuen aurretik eta, sariaren ondoren, Gor-ekin atera genuen gure lehen diskoa. Laurobarekin, guztira, lau disko kaleratu ditugu. Nik bakarka bi eta orain hirugarrena grabatzen ari naiz. Izarorekin ere beste bi. Charlie & The Colours taldearekin ere bi disko… Eta hainbat proiektutan kolaboratzen ere ibili naiz.
Horixe galdetu behar nizun. Elkarlanean zabiltza azkenaldian. Gogoan dut Harkaitz Cano idazlearekin egin zenuen kolaborazio zoragarria. Nola sortzen dira horrelakoak? Agian, musikarien artekoak errazagoak dira…
Hori nire lehenengo diskoa izan zen. Harkaitzek beti esaten du bera musikari “frustratua” dela. Oso musikazalea da eta musikaltasun handia du. Oso jende gutxi ezagutu dut letrak idazteko orduan musika hain presente duena. Nik ezagutzen nuen, Laurobaren hirugarren diskorako bi letra egin zituelako. Garai hartan komentatu nion banituela abesti batzuk lasaiagoak zirenak, Laurobarentzat hain aproposak ez zirenak, eta ea proiektua elkarrekin egingo genuen. Horrela sortu zen elkarlan hori. Izugarria da bere musikaltasuna. Berak letren esanahian pentsatzen du, baina baita haien soinuan ere. Oso presente du musika. Nik maketak bidaltzen nizkion ingeles asmatuan, silabak neurtzeko –askotan egiten dugu hori musikariok–, eta bera asmatutako hitz ezezagun horiek euskaratzen saiatzen zen eta, askotan, fonetikoki oso antzeko zerbait egiten zuen. Eskularru bat jartzea bezala izan zen: letra bat jaso eta segituan gai izatea goitik behera abesti osoa abesteko. Nik asko diot eskertzeko Harkaitzi, nire lehenengo diskoko letra guztiak berak egin baitzituen. Elkarlan hori egin izan ez bagenu, ez nintzen hemen egongo orain…
Abesti ederrak daude disko horretan. Gogoan dut, gainera, azala ere berezia zela. Diskoa ere fisikoki ezberdina zen…
Zerbait berezia egin nahi izan genuen. Lagun ilustratzaile batek postal modukoak egin zituen eta lauki zuzen baten itxura eman genion. Jendeak esan izan dit autoan zailtasunak izaten dituela gordetzeko beste diskoekin batera…; kar, kar, kar. Postalaren alde batean ilustrazioa zegoen eta bestean, letra. Letrek garrantzi handia zuten disko horretan eta ez nuen nahi liburuxka arrunt bat izatea. Letra bakoitzari merezi zuen garrantzia eman nahi izan nion.
Eta Izarorekin nola etorri da oraintxe bertan duzuen hartu-eman hori?
Zoragarri! Nik uste dut, inoiz ez bezala, musikari sentitzen naizela. Izarok oso garbi izan du hasieratik musika bide profesionaletik hartu behar zuela, lanbide duin baten antzera. Eta aukera izan du horretarako. Musikariok ohituta gaude taberna batera joan eta, afariaren truke, adibidez, gaua girotzen. Oso gutxitan baloratu izan da musikarien lana. Izarok hori oso garbi izan du hasieratik. Oso lantalde polita osatzeaz gain, oso profesional sentitzen naiz. Behingoz, bide duin bat dut musikari moduan. Eta, horretaz aparte, horrelako jende zoragarriarekin batu ahal izateak are zoragarriago egiten du dena.
Ingurune digitala aipatu dugu hasieran. Beste esparru bat euskara litzateke. Zuk hautu pertsonala egin duzu honen inguruan, beti edo ia beti euskaraz aritu zara. Dena den, aurrekoan ikusi nuen bideo bat Izarorekin. Gaztelaniaz ari zineten. Nola ikusten duzu hizkuntzaren hautu hori, orokorrean? Ingelesez abestea pentsatu duzu, adibidez?
Ingelesez, ez. Noizbait egin dugu abestiren bat Laurobarekin ingelesez, baina zaila egiten zait. Gertatzen da, ba, atzerritar bati abesten entzutean, deigarriagoa egiten zaizula azentua abestia baino? Bada, antzeko zerbait imajinatzen dut ni ingelesez arituko banintz. Imajinatzen dut adiago egongo liratekeela nire azentu txarrera abestira baino. Hala ere, ez da baztertzen dudan zerbait. Egunen batean, agian, egingo dut. Oraingoz, oso eroso sentitzen naiz euskaraz idazten, euskaraz abesten… Gainera, nik uste dut gure kulturarentzat garrantzitsua dela erakustea posible dela estilo guztietako musika egitea euskaraz. Askotan, euskaraz egin izan den musika estilo jakin bati lotuta egon da eta beste estilo batzuetan egitea zailagoa izan da, tamalez. Borroka hori neure egiten dut. Uste dut folk eta pop estiloak euskaraz ere egin daitezkeela, eta horretan saiatzen naiz, behintzat.
Amaitzeko, Iker, zer duzu oraintxe esku artean? Eta etorkizunari begira ere zein egitasmo duzu buruan?
Oraintxe, urrian eta azaroan, bira polit bat daukagu Izarorekin. Baditugu zazpi-zortzi kontzertu.
Non ibiliko zarete?
Bizkaian, Madrilen, Bartzelonan… Eta Kursaalean kontzertu berezi bat emango dugu. Bira hasierakoa, Victoria Eugenian, oso berezia izan zen. Nik hainbeste kontzertu ikusi ditut bertan! Opari bat izan zen, niretzat, han jotzea. Izarori beti eskertuta egongo natzaio. Kursaalekoa ere berezia izango da, han ere kontzertu asko ikusi baititut. Aurrekoan, kontzertua iragartzeko kartela ikusi nuen, Donostia Kulturak egindakoa, uste dut. Luz Casal, Izaro eta Benito Lertxundi ipintzen zuen. Horrelako bi musikari handiren inguruan egotea eta jotzeko aukera izatea oso ederra da. Hori, Izarorekin. Bakarlari gisa, hirugarren diskoa prestatzen nabil. Izarok stand bat hartu du Durangoko Azokan, eta lekutxo bat egingo dit. Dena ondo badoa eta garaiz banabil, beraz, Durangon aurkeztuko dut. Azken ukitua ematen ari naiz.
Zer moduzko sentsazioak dituzu?
Oso onak! Hala ere, bakarkakoan, maitasun-gorroto sentsazio hori izaten dut. Etsipen puntu bat. Laurobarekin gertatu zitzaiguna, adibidez, hamalau urteren ondoren kontzerturik ez, eta utzi behar izatea… Ba, bakarka sentsazio hori izaten dut. Adibidez, aurreko diskoa kaleratu nuenetik, urte eta erdi pasatu da. Pentsatu nuen kontuak eraman behar nituela, nahiko utzia bainaiz horretarako. Apuntatzen hasi nintzen grabazioko gastuak eta diskoak saltzean izandako diru-sarrerak. Kontuak negatiboan dauzkat eta horrek amorrua ematen dit. Pentsatzen dut, agian, seinale bat dela, uzteko seinale bat. Beste alde batetik, oso mezu politak iristen zaizkit. Eta horrek indarra ematen dit. Beraz, hortxe daukat balantza hori eta, oraingoz, musikan jarraitzearen aldekoa da. Ez dakit noiz arte.