Iker Ibarluzea: “Ez dago beti asmatuko duen metereologorik”

Iker Ibarluzeari txiktatik gustatzen zaizkio isobara mapak eta gaur egun Tolosaldeko Atarirako eta Naiz irratirako egiten ditu eguraldi iragarpenak. Meteorologoaren lanaz, probabilitateaz eta, nola ez, eguraldiaz hitz egin dugu berarekin.

Iker Ibarluzea, ongi etorri TTAPera. Aukera aparta izango dugu eguraldiaz eta meteorologia kontuez hitz egiteko datozen minutuetan.

Eskerrik asko.

Txikitatik izan duzu eguraldiarekiko zaletasuna?

Bai, txiki-txikitatik. Bospasei urte nituenean telebistaren aurrean jartzen nintzen Andoni Aizpuru ikusteko, eta atentzioa ematen zidaten bertan agertzen ziren mapek. Interesa piztu, eta hortik aurrera nire kasa irakurtzen eta ikertzen hasi nintzen, gaur arte.

Eguraldiak baino gehiago mapek eta datuek erakarri zintuzten, beraz.

Bai. Mapak txikitatik gustatzen zitzaizkidan, mota guztietakoak: mendienak, ibaienak… Eta eguraldi-mapak ikusi nituenean, hortik jo nuen.

Argi zenuen zure lanbidea ere hortik bideratuko zenuela, ezta?

Bai, garbi nuen. Irakasleek handitan zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, harrituta uzten nituen Andoni Aizpuru bezalakoa izan nahi nuela esaten nienean. Beranduxeago konturatu nintzen Andoniren lana meteorologiarekin lotuta zegoela, baina beste modu batera. Baina argi nuen hori ikasi nahi nuela.

Eta zer ikasi behar da meteorologoa izateko?

Meteorologoa izateko bi aukera dituzu. Bata da Fisikako karrera ikastea eta ondoren meteorologia masterra egitea Bartzelonan, Granadan edo Madrilen. Bigarren bidea Ingurumen Zientziekin lotutako karrera egitea da; nire kasuan, Geografia. Ondoren, proba bat egiten duzu, eta, hori gaindituz gero, meteorologia masterra egiteko aukera duzu.

Zuk bigarren bidea egin zenuen eta masterra Bartzelonako Unibertsitatean egin zenuen. Asebete zintuzten ikasketek?

Bai. Geografiako ikasketak gustatu zitzaizkidan, baina nire helburua meteorologia ikastea zen. Masterrak, berriz, erabat asebete ninduen.

Gaur egun, hainbat komunikabidetako eguraldi iragarpena egiten duzu.

Bai, hala da. Tolosaldeko atarian eta Naiz irratian egiten ditut egunero eguraldi iragarpenak.

Esan dezakegu, beraz, txikitako ametsa bete duzula?

Hein batean, bai, baina nire ametsa Euskalmet-en edo AEMETen lan egitea litzateke. Hala ere, ez nago kexatzeko moduan, gustura bainago egiten ari naizenarekin.

Zaila al da Euskalmeten edo AEMETen lan egitea?

Ez da erraza, ez. Biak erakunde publikoak dira eta bertan lan egiteko oposizioak egin behar dituzu. Euskalmetek lantalde nahikoa txikia du eta oposizioak ez dituzte urtero egiten. Zain eta erne ibili behar da aukera hori ateratzen denerako. AEMETek plaza gehiago izaten ditu, meteorologo eta behatzaile plazak ateratzen dituelako, baina biek ez dute maila bera. Meteorologoa gainetik dago. Oposizio hauen bidez jendea sartzen da, baina denbora eta dedikazio handia behar izaten da, eta, hala ere, ez da erraza izaten.

Zer lan-irtenbide dute meteorologia ikasketek?

Batetik, eguraldi iragarle izatea; eta, bestetik, behatzaile izatea. Hau da, eguraldia ez da soilik iragartzea, baizik eta momentuko egoera ere kontrolatu behar duzu. Egoera bereziren bat baldin badator –ekaitza edo elurra–, meteorologoak hor egon behar du aztertzen, egoerari aurre hartzeko. Hauetaz gain, goi mailako postua egongo litzateke, ikerkuntzarekin lotuta dagoena.

“Euria iragartzeko zailagoa da, baina ikusteko eta bizitzeko politagoa”

Alorrean adituak ez garenontzat iragarpenak erakartzen gaitu gehien. Zertan oinarritzen zara iragarpenak egiteko?

Lehendabizi, oso garrantzitsua da atmosfera zein egoeratan dagoen ulertzea. Horretarako, isobara mapa bat hartu eta egoera egonkorra edo ezegonkorra den ikusi behar duzu. Gero, Interneten dauden mapak aztertu behar izaten dira. Gaur egun, publikoki irekita dauden mapa piloa dago, eta, duela gutxi, zentro europarrak bere mapak ere eskuragarri jarri ditu. Horrek asko errazten digu lana. Mapa desberdin pila bat begiratu behar dituzu, datuak jaso, apuntatu eta datu horien interpretazioa egin. Mapa horien guztien artean bilatu behar duzu zeinek duen gertatzeko probabilitate handien. Behin hori jakiten duzunean, zure iragarpena egiten duzu.

Meteorologo bakoitzak aukeratzen dituen mapen esku geratzen da iragarpena, orduan?

Bai; ukitu pertsonalak garrantzia du, baina, batez ere, esperientziak ematen dizu ezagutza. Hasieran, mapa bat erabiltzen duzu gehiago, baina gero, konturatzen zara beste batek eredu hobea duela, edo konturatzen zara mapa batek gauza bat esaten duela eta beste guztiek beste zerbait diotela, eta, ondorioz, baztertu egiten duzu. Esperientziak zailtzen zaitu.

Zure iragarpenez ziur zaude edo oraindik bidea egiteko geratzen zaizu?

Ez dago beti asmatuko duen meteorologorik, meteorologo perfekturik. Ez dago bakar bat 365 egunetan eguraldia ondo asmatuko duenik, zaila delako asmatzea. Egia da lehen bi urteetan hanka-sartze batzuk  egin nituela, baina azken urteetan segurtasun gehiagorekin egiten ditut iragarpenak.

Komunikabideetan aste bateko iragarpenak ikusten ditugu. Zer-nolako probabilitatea duzue asmatzeko? Astebeteko epea ez da handiegia?

Bai, gehiegi dela esango nuke nik. Egoera oso egonkorra baldin bada, probabilitate handiagoa egoten da hemendik aste baterako eguraldia asmatzeko. Baina astebetera begiratzen duen iragarpenak ez du fidagarritasun handirik; %30ekoa, gehienez. Hau da, zerbait ikusi dezakezu, baina ez oso garbi. Meteorologook dugun ohitura txar bat dela esango nuke. Badakigu asmatzea zaila dela, baina erronka bezala jartzen diogu geure buruari. Edo eguraldia oso aspergarria dagoenean, epe luzera begira jartzen gara titular bat emateko gogoz.

Hartzailearen beharrak ere zerikusia izango du horretan, ezta? Hau da, gure bizitza ere asteen arabera bizitzen dugula dirudi.

Noski. Planak epe ertainera egiten ditugu; batez ere, asteburura begira. Eta, noski, guk hori eman nahi izaten dugu; eta gero, hortxe datoz hanka-sartzeak…

Meteorologia ez baita zientzia zehatza…

Ez, meteorologia probabilitatea da. Eguraldi ona egingo dugun esan dezakegu, baina norbaitek eskatzen badigu ordu honetan eta leku honetan zer-nolako tenperatura, zer-nolako hezetasuna eta zer-nolako haizea egingo duen, ez dugu asmatuko, probabilitateekin lan egiten dugulako. Eguraldia eguzkitsua izango dela eta tenperatura maximoa zein izango den esango dugu, baina hortik aurrera arazoak izango genituzke.

Eta hori zergatik da, eguraldiak nahi duena egiten duelako?

Atmosfera oso kaotikoa delako. Parametro txiki bat aldatzen bada leku konkretu batean –hezetasuna, tenperatura–, eragin izugarria izaten du handik kilometro askotara, eta, ondorioz, mapak asko aldatzen dira.

Jendea haserretzen zaizu asmatzen ez baduzu?

Bai; hori meteorologoek dugun oztopoa da: asmatzen dugunean, jende gutxi gogoratzen da gutaz, eta, asmatzen ez dugunean, denak kexaka etortzen zaizkigu. Jendea ez da jabetzen zer zaila den eguraldia asmatzea, parametro txiki batek dena aldatzen baitu.

“Meteorologia ez da zientzia zehatza, probabilitatea da”

Twitterren ere jendeak eskatzen dizkizu iragarpenak…

Bai; mezu pribatuen bidez eskatzen dizkidate. Normalean, eguneko iragarpena jartzen dut, baina jendeak zerbait zehatza jakin nahi izaten du eta zuzenean bidaltzen dit eskaera; batez ere, udan. Niretzat plazera da, eta gustura egiten dudan zerbait.

Baina negozio bat ere izan daiteke etorkizunean, ezta?

Bai, izan daiteke. Beharbada, ez Twitter bidez, baina webgune bat sortzea ondo legoke, iragarpen pertsonalizatuekin. Hortxe geratzen da ideia!

Asmatzen ez duzunean eta jendea kexaka datozenean ere, kudeatzen jakin egin beharko da, ezta?

Hasieran, kosta egiten da. Akatsak egiten dituzu, eta gero, jakin egin behar da akats horiek kudeatzen eta horietatik ikasten. Nire ustez, jendeak egiten dizkidan kritikak eraikitzaileak dira. Zertan ez duzun asmatu aztertu behar duzu; ikusi eta hurrengorako ikasi.

Zer eduki behar du meteorologo on batek?

Batetik, bere ingurunea ongi ezagutu behar du. Askotan, meteorologia fisikarekin bakarrik lotzen da, eta fisika funtsezkoa da, baina geografia eta zure ingurunea ezagutzea oso garrantzitsua da. Ez da gauza bera kosta partean bizitzea edo Pirinioetan; meteorologikoki egoera oso desberdinak dira. Niri orain emango balidate Alemaniako ez dakit zein tokitako eguraldia iragartzeko mandatua, galdu egingo nintzateke, ingurua ez dudalako ezagutzen. Bestetik, meteorologo izateko, pazientzia handia izan behar da; ez duzu erraztasunean erori behar. Datu pila bat begiratu behar dituzu eta gauzak asko aldatzen dira une batetik bestera, eta, horretarako, pazientzia edukitzea ezinbestekoa da. Azkenik, meteorologo ona izateko, akatsetatik ikasteko gaitasuna behar dela esango nuke. Ikasten baduzu hobetzen joango zarelako eta zure iragarpenak ere hobeak izango direlako. Hau oso funtsezkoa iruditzen zait.

Euskal Herrian izugarrizko interesa pizten du eguraldiak. Zergatik dela uste duzu?

Euskal Herriak duen gauza aberasgarriena anitza dela da. Distantzia gutxian paisaia oso desberdinak ditugu: itsasoa, desertua, 2.000 metroko mendiak… eta eguraldiaren aldetik ere berezitasuna ematen dio, askotarikoa baita. Interesa horregatik pizten digula esango nuke.

Zenbat denbora behar duzu iragarpen bat egiteko?

Eguraldi motaren arabera izaten da. Egoera ezegonkorra baldin bada, denbora gehiago behar duzu. Datu gehiago begiratu behar izaten dituzu, probabilitatearen papera handiagoa baita eta zure interpretazioa egiteko denbora gehiago behar duzulako. Gutxi gorabehera, 2-4 ordu behar izaten ditut itxurazko iragarpen bat egiteko. Eguraldi oso egonkorra baldin bada, berriz, ordu pare batekin nahikoa.

Goizez egiten dituzu iragarpenak?

Eguna bi zatitan banatzen dut. Lehenengoan, Tolosaldeko eguraldiari kasu gehiago egiten diot Tolosaldeko atarirako iragarpena egiteko, eta arratsalde partean Euskal Herriari erreparatzen diot Naiz irratiko lana egiteko.

Igogailuan norbaitekin topo egiten baduzu eguraldiaz, hitz egiten duzu?

Bai; gainera, nirekin horretaz hitz egitea errazagoa da! Jendeak badaki zein den nire lana; beraz, oso emankorra da alde horretatik.

Eta ezagutzen ez zaituztenekin?

Gertatu izan zait. Iruñean hilabete batzuk bizi izan nintzen eta igogailuan ezezagun batek “zer eguraldi txarra dagoen” esan zidan, eta nik arratsalderako okertu egingo zuela esan nion. Harrituta geratu zen!

Euria edo eguzkia, zer nahiago duzu?

Galdera tranpa da hori! Biak gustatzen zaizkit. Euriak emozio gehiago du meteorologoentzat, baina amodio-gorroto harremana dugu berarekin. Iragartzeko zailagoa da, baina ikusteko eta bizitzeko politagoa. Baina 25 graduko egun eguzkitsuak ere gustatzen zaizkit; mahuka motzean hondartzan edo mendian egoteko.

Aldaketa klimatikoaren inguruan zer iritzi duzu?

Garbi dagoena da aldaketa klimatikoa hor dagoela. Datu objektiboak hor daude eta mundu mailako tenperatura igotzen ari da. Euskal Herrian, urte honetan, kasik hilabetero anomalia positiboa daukagu; hau da, batez besteko tenperaturak pixka bat gora egin du. Gizakiak eragina izan duela horretan? Baita ere. Hortik aparte, nik nire zalantzak ditut hori zenbateraino den arriskutsua eta zenbateraino ez. Zalantza asko sorrarazten dizkidate iragarpen apokaliptikoek: itsasoaren maila ez dakit zenbat igoko dela, kostaldeko ez dakit zenbat herri desagertuko direla, Antartikoa izotzik gabe geratuko dela…

Zergatik?

Adibidez, izotzaren geologia eta geomorfologia aztertzen duten zientzialariek duela milaka urtetako datuak dituzte, eta hor ikusten da garai epelak egon zirela. Oso urrutira joan gabe, Erdi Aroan batez beste orain baino tenperatura altuagoa zegoen. Udak gogorragoak ziren eta neguak laburragoak ziren. Groenlandiari lurralde berdea deitzen zaio, Erdi Aroan berdea zelako. Datuak hor daude: duela urte asko egon ziren garai beroagoak eta garai hotzagoak ere. Niri iruditzen zait iragarpen apokaliptikoak zalantzan jarri behar direla.

Datozen urteetan tenperatura beroagoak izango ditugu, beraz?

Bai; klimak zer-nolako tendentzia hartu duen ikusita, argi dago goranzko joerari eutsiko diola eta horrek bere eragina izango duela; itsasoaren maila pixka bat igoko da eta izotzak geroz eta gutxiago izango dira. Euskal Herrian ere nabarituko dugu. Horrek ez du esan nahi udak oso beroak izango direnik eta negurik ez dugunik izango. Muturreko fenomeno meteorologikoak areagotu egingo dira: euri egun gutxiago izango ditugu, baina egiten duenean, askoz gehiago egingo du.

Ausartuko zinateke aurtengo negua nolakoa izango den iragartzen?

Jakingo banu, Euskalmeteko zuzendaria izango nintzateke! Ez, ezin da jakin.

Zein da bete nahiko zenukeen ametsa?

Euskalmeten edo AEMETen meteorologo lan egitea eta hortik bizitzea. Hala ere, momentuz, nagoen tokian oso gustura nago; nire sosak irabazten ditut, eta ez nago kexatzeko moduan.  Esango nuke ametsa bete dudala, baina oraindik gauzatxo hori geratzen zaidala.