Iker Galartza: “Ezer ez zegoen tokian ‘gure zirkua’ eraikitzeak satisfazioa ematen du”
Pailazo, malabarista, akrobata, mago, eta abarren ikuskizunak biltzen ditu Iker Galartzaren Gure zirkua-k. Euskaraz sortu den lehenengoa da, Euskal Herriko hainbat herri bisitatu dituen ikuskizun ibiltaria.
Zure proiektu kutunaren agertokian gaude, Gure zirkua-n; badu betiko zirku klasikoaren kutsua.
Hau da hasieratik guk nahi genuena. Hau da hasiera baten nire buruan zegoena eta poliki-poliki sortzen joan garena. Hau da hemen arnasten dena. Publikoa hor aurrean esertzen denean, geure buruan dagoen magia hori bera arnasten du.
Zergatik zirkua, Iker?
Beste batzuek auto zaharrak erosten dituzte, zergatik? Gustatu egiten zaizkielako. Eta niri, zirkua gustatzen zitzaidan. Denoi ez zaizkigu gauza berdinak gustatzen, baina ni zirkuak harrapatu ninduen gazte nintzela. Askotan pentsatu izan dut ederra litzatekeela zirkuan lan egitea, baina erabat joaten zaizu burutik, pentsatzen duzulako ezinezkoa dela. Poxpolo eta Mokolo sortu genuen horrela, umeekin asko ibiltzen ginen, antzerkiak egiten genituen, pailazoak… eta asko gozatu dut horretan.
Gaztetxo zarenean; amets batzuk dituzu; gero, unibertsitate garaian-eta errealistago zara eta gauzak beste modu baten planteatzen dituzu. Momentu baten… pentsatzen duzu, eta zergatik ez? Katalunian zirku txikiak daude, zirku eskolak, Frantzian, Europa osoan dagoen afizioa… Euskal Herrian zergatik ez? Karpa bat zergatik ez? Horrela hasi nintzen begira, Interneten, eta konturatu nintzen Europan badagoela merkatua.
Zailtasun askorekin topo egin duzu bidean?
Behin karpa duzunean, pentsatzen duzu zailena egin duzula, baina egin duzun gauza bakarra karpa erostea izan da. Gero, hiru urte eman ditugu harmailak egiten, beste guztia atontzen. Dirurik ez zegoen, karpan gastatu zen dena, eta poliki-poliki egin behar izan dugu guztia. Hala ere, uste baino errazagoa izan da, jendea arrimatzen joan delako. Koldo Arakistain, Katalunian zirkua egiten zortzi urtez ibili izan dena, esaterako, jakin zuenean Iker Galartza zirku baten asmotan zebilela, nigana gerturatu zen. Konturatu orduko hor ari zen egurra mozten. Gero, Garazi etorri zen, Iraitz, Ekain… Konturatzerako, bederatzi artista nituen lanean.
Malabaristak, trapezistak… badira, beraz, Euskal Herrian?
Bai, jendeak uste ez badu ere. Tantaka daude, baina bai. Asko kanpoan ibil dira lanean, Frantzian, Belgikan, Italian, Katalunian… euren bizimodua aurrera ateratzen.
Izan duzu zuk zeuk ere aurretik zirkuarekin harremana. Il Circo Italianorekin ibili izan zara.
Afizioa izan dut beti eta ezagutzen nituen. Opor zoragarrienak ziren zirkuan. Iluntzean emanaldia egin, gero parrilada bertakoekin, gauzak konpondu… Zirkuan beti dago lana eta hori beti gustatu izan zait. Gauzak konpondu, txukundu, garbitu… Niri iruditzen zitzaidan etengabe oporretan bizitzea zela, eta egia dena da lanean zabiltzala. Uda hau holaxe joan da gure zirkuan.
Zirku ibiltaria da eta zuek ere zirkua dagoen tokian aurkitu duzue bizitokia.
Hori zen asmoa. Leku batzuetan hiru eta lau aste ere egin genitzake, baina gure genuen Elgeta bezalako herri txiki bateraino joan, Aiara, Amezketara, eta abarrera. Baita Bizkaira ere, Nafarroara… Mugitzea zen helburua eta, egia esan, pixka bat pasatu egin gara. Astelehen, astearte eta asteazkenean muntatu egin behar da; gero, ikuskizunak datoz; igandean, dena jaso eta beste toki batera. Baina hori da polita, ezer ez zegoen tokian hau eraikitzea, hemen bizi dugun hau guztia domekan jasotzen denean eta bidea abiatzen duzunean, atzera begiratu eta dena zegoen bezala utzi duzula ikustea. Satisfazioa ematen du.
Agertokian gertatzen dena ere zuen artean sortua al da? Ez dakit artista bakoitzak berea sortzeko askatasunik izan ote duen…
Ekarpen guztiak ongietorriak dira. Gehitzea da helburua. Egia da norbaitek ideiak argi samar izan behar dituela, emanaldi bat luzeegi joan daitekeelako, bestea laburregia… Musikak aukeratzea, esaterako, musikarien, artistaren eta nire artean egiten da. Artistak berak gustura egon behar du, bira osoan musika horrekin mugituko bada. Hark egon behar du gustura, eta malgutasuna denok izan behar dugu.
“Ez dut inoiz diru laguntzarik eskatuko euskaraz aritzeagatik”
Zein diziplina ikusiko dira hemen?
Munduko zaharrenak. Alanbrean Garazi aritzen da, trapezioan Iraitz, telan Irati. Koldok eta Iratik akrobaziak egiten dituzte; Ane Mirenek, bihurtzea; Asierrek, magia; Ekainek, eskujokoak; eta Joseba eta biok pailazoak egiteko gaude. Munduko diziplina zaharrenak ikusteko aukera dago, bertatik bertara eta zuzeneko musikarekin. Jendeari ahaztu egiten zaizkio telefonoak, problemak, miseriak, umeei PlayStation… pozik ateratzen dira hortik, ez dakizu zer den gustatu zaizuna, zer den gehien gustatu zaizuna, baina pozik ateratzen dira. Eta jendeari galdetzen diogunean zer iruditu zaien, kosta egiten zaie hitzak aurkitzea. Batzuek esaten dizute zoragarria, polita, goxoa, xamurra… izan dela. Batzuek bukatzen dute esaten: “Oso-oso gurea da”.
Sekulako arrakasta ari da izaten. Euskarazko lehen zirkua izateak badu eraginik?
Horrek sortzen du ikusmina, eta jendeak hizkuntzari garrantzi handia ematen dio. Baina horrek ez du aparteko meriturik. Gu herri batera euskaraz iristen gara, euskaraz eraiki ditugu harmailak, haserretu euskaraz egiten gara, adiskidetu ere bai, gure hizkuntza euskara da eta ez du zentzurik hona iritsi eta gazteleraz aritzeak. Inoiz ez dut diru laguntzarik eskatuko euskaraz aritzeagatik. Euskaraz aritzea da gure obligazioa. Egia da jendeak sorpresak hartzen dituela, uste baitu denbora osoan euskal musika entzungo duela, eta bai, badaude gure habanerak, gure koplak eta abesti herrikoiak, baina badira beste abesti batzuk ere, jendeak espero ez dituenak.
Iñaki Odriozolaz, zure laranja erdia zenaz, gogoratuko zara ikuskizun bat hasten duzun bakoitzean…
Ez da egunik pasatzen bera faltan igarri gabe, eta, batzuetan oso egoista ere banaiz, hemen sortzen zaizkidan arazo handienak ez baitira foku hau non ipini edo dorre hauek nola horra gora altxatu. Arazoak dira udalekin, paperekin, aseguruekin, baimenekin, eta abarrekin. Eta hori da niri kostatzen zaidana. Hura hemen egongo balitz, gauza asko aurreratuak izango genituzke eta gure bulegoa martxan egongo litzateke. Izan ere, seguru asko, bakarren bati zorko diot, beste batek niri zorko dit, ez dakit non egongo den faktura hori, autoan maletategian, aulki azpian… Hura hemen egon balitz, hau askoz errazagoa izango litzateke. Bizitza, lana eta dena. Lagun bat galtzen duzunean, galtzen duzu lagun bat, anaia bat, laranja erdia… asko gogoratzen naiz. Gogorra egiten zait bere ama hor eserita ikustea. Eta asko eskertzen diot ikusten dudanean, aurrean, pentsatzen baitut: “Maria Jesus, hor zaude, indarra ematen eta bultzada ematen”. Musu handi bat ematen dit beti, eta aurrera, horrelaxe da.
Lau hilabeteko lanak bukaera izango du, baina datorren urtean jarraituko duzue.
Guk segi egin behar dugu. Gure zirkua izena ipini genion, hemen dagoenak bere sentitu behar duelako eta ate horretatik sartzen denak ere bere sentitu behar duelako. Eta ni ez banago hemen hemendik zortzi-hamar urtera, aspertu naizelako, nekatu naizelako, ezin dudalako, edo nire seme-alabei jaten emateko beste zerbait egin behar dudalako, gura nuke honek martxan jarraitzea. Orain, dena oso bero dago, eta jarraituko genuke azaroan eta abenduan… baina etorriko da negua, etorriko dira euri zaparradak egunero, egunero, egunero, hemen hotz egingo du, berogailua jarri beharko da, gasolioa ordaindu… eta gu ez gara zirkuan jaio eta errealista izan behar dugu. Ez gara zirkuan jaio eta gure bizkarretan nekea ere antzematen da. Ez gara asko eta hemen lan asko dago. Orain, negua lasai hartzea tokatzen zaigu. Datorren urtean, apirilean, udaberriarekin eta loreekin, atera dadila berriz ere Gure zirkua.
Diru laguntzarik ez duzula eskatu esan duzu lehen; sarreren diruarekin soilik moldatzen zarete?
Horrekin moldatzen ari gara bai. Soldatak ateratzen, orain arte gastatutakoa ordaintzen. Zenbat falta zaigun? Asko. Baina ez naiz kexatzen. Okindegi bat irekitzen udenak eta negozio bat martxan jartzen duenak ez du inolako laguntzarik eta erosi beharko ditu labeak eta erosi beharko ditu aparatuak eta estraktoreak eta gastu handiak izango ditu, barra asko saldu beharko ditu hari buelta emateko, eta ez du laguntzarik eskatzen; zergatik? Ogia egiten ari delako. Kultura egiten ari denak badirudi obligazioa daukala laguntzak eskatzeko.
Nik ezagutzen dut laguntzen zain egoten den jendea gidoia idazteko. Ideia bat duenak jar dezala paper gainean; gero, laguntza ematen badiote, errazago egingo du, baina garrantzitsua da paper gainean ipintzea. Beste gauza bat da ideia hori gauzatzeko kamera bat behar izatea, esaterako, eta ez izatea horretarako dirurik. Ba, horretarako beharko duzu laguntza. Eta ez baduzu, beti dago modua. Esaiozu kamerariari: “Etorri, eta pelikula ondo ateratzen bada, etekinak erdi bana egingo dizkiagu”. Zoritxarrez, gu ferietakoak gara. Ez dira arte eszenikoak. Hau feria da. Nire errespetu guztiarekin, hau, legalki, txurruak egitea bezala da. Esan gura dut tasak ordaindu behar ditugula, espazio publikoa okupatzeagatik. Herri bakoitzeko. Herri batzuek egiten dute, nolabait, guk gastu hori izan ez dezagun. Izan ere, 10 lagunendako soldata atera behar da, baina sarrera ere ezin daiteke oso garesti saldu… Zer da kultura? Dantza da kultura, antzerkia da kultura, musika da kultura. Hemen dantza egiten da, zuzenean egiten da musika, antzerkia egiten da eta munduko diziplina zaharrenak. Hori dena batzen duen espazioa da zirkua. Eta hara! Guk ez dugu arte eszenikoa egiten. Gu gara, feria, herrira datorren matxinsaltoaren barraka bezala. Ez dut inoiz diru laguntzekin lan egin.
Horrekin kritikoa izan naiz, gogorra neure buruarekin, eta kontsekuente izaten saiatu naiz. Baina hemen uste izan dut beharko nukeela laguntza, batez ere, artista guztien soldata bermatzeko. Kamioia joango gara ordaintzen poliki-poliki, baina jendearen soldata bermatzea… Inork ez die ordaintzen entseatzeagatik, hauek atletak dira, entrenatu egin behar dira. Eta politikari batek esan zidan: “Galartza, aurrera egingo duzue laguntzarik gabe?”. “Ba, bai, orain ez dagoelako atzera bueltarik”. Eta bai, aurrera egingo dugu.
Ikuskizunak eta umoreak garrantzi handia izan dute zure ibilbidean. hor mugitzen zara erosoen?
Bai. Eta urteetan aurrera egin ahala, kontziente naiz zaila dela guk egiten duguna izatea. Diziplina bat, teknika bat, errutina bat eskatzen duelako. Umoreak eta honetan gabiltzanok eboluzio bat behar dugu. Konplexuak desagertu egiten dira, umorea egiteko jakin behar duzu zeure buruaz barre egiten. Zure ondokoaz barre egin behar baduzu, jakin behar duzu aurretik zuk jasaten, eta errespetuarekin egin behar da. Marrak hor egoten dira; nahi baduzu, ez pasa, baina sartu hatza eta aterako duzu.
Zaildu egin da umorea egitea?
Bai, zalantza barik. Guk, hemen, esketx baten, “Don Martin Pitilin” esaten dugu. Eta etorriko da bat eta esango du: “Pitilin gora eta pitilin behera… zein behar dago?”. Baina umeek barre egiten dute eta politikoki zuzena izatea oso zaila da. Jendeak gauzak exijitzen ditu, berak gabezia batzuk dituelako. Denerako jendea dago.
Sare sozialak erabiltzen ere hasi zara.
Behin ere ez ditut erabili, baina zirkurako baditugu, bai. Eta, batzuetan, gauza onak ekartzen ditu; beste batzuetan, ez hain onak. Horren gainetik egoten jakitea garrantzitsua da eta jakin behar da hemen benetan lagundu nahi dizuna etorriko dela ate horretatik eta esango dizula: “Hi, Galartza, hau hola egin beharrean, beste modu honetara egingo bahu?”.
Antena3 kateko Allí abajo-ren beste denboraldi bat hasiko da laster.
Bai; iaz bukatzekoa zen, baina norbait konturatu da behiaren errapeetan esne pixka bat gelditzen dela, eta errapeak erabat sikatu arte jarraitzekotan gelditu dira. Nik uste dut behi hori dagoeneko argal-argal dagoela, baina bueno…
Zirkua, Hirutxulo, Allí abajo… agian, gehiegi?
Bai. Miramonera gustura joaten naiz, gertu dagoelako; hiru seme-alaba ditut, eta etxetik gertu egotea dut orain nahiago. Ondo pasatzen dudala Sevillan? Bai, egia da, baina bost urte dira, eta nekatu ere egin naiz. Esaten didate: “Ateak irekiko dizkizu, ordea!”. Nongo ateak? Nik ez dut gura Madrilgo ateak irekitzerik. Egon izan naiz aurretik ere Madrilen. Eta baliteke 50 urterekin berriz ere hara joan gura izatea, baina une honetan delikatua da.
Lasaitasuna eskatzen diozu, beraz, bizitzari?
Bai. Eta orain, Sevillara joango naiz, lan egin behar dudalako, ezin bainaiz bost hilabetez geldi egon. Orain, horri heltzea tokatzen da eta hori egingo dugu, beste ezer ateratzen ez den bitartean.