Iholdi Beristain: “Euskarak balio batzuk ditu eta niri asko gustatzen zaizkit”

Bago!az saioko garaile izan ostean, Goazen! telesailean dihardu gaur egun Iholdi Beristainek. Xabier Payak Bilboko Euskalduna jauregian elkarrizketatu du “Ezkerraldeko emakume euskalduna”.

Euskalduna jauregian gaude. Jauregia gaur egun, baina ontziola garai batean. Lehen, ontziak egiten zituzten; gaur egun, artea. Nola lotu zaitzaket zu horrekin? Zu Portugaletekoa zara, Puerto de galeotes, herrikoa hain zuzen. Garai batean izango ziren ontziak; gaur egun, ez gehiegi. Baina orain badute artea. Zu hemen eserita, besteak beste.

Joe, Xabi…

Dantzaren musa dago jauregiaren aurrean, eta ez dakit inspiratuko gaituen edo ez. Noizbait izan zara Euskalduna jauregiko agertokian?

Bai; justu iaz estreinatu genuen Goazen hemen. Bestela, bitan bakarrik egon naiz Euskaldunan eta hauxe da bigarren aldia.

Eta Iholdi izan zen ala Nahia? Iholdi desagertu da eta Nahia da erabat?

Ez, ni Iholdi naiz. Nahia da Iholdiren parte txiki bat bakarrik. Nahiaren osotasuna da Iholdi, azken batean, Iholdik sortzen baitu Nahia. Ni Iholdi naiz.

Baina Euskal Herrian, kalean Nahia deitzen dizutenean buelta ematen duzu?

Bai, buelta ematen dut. Ez naiz zeharo identifikatuta sentitzen, baina horixe da umeek daukaten irudia. Haien ametsa hori da.

Nik Iholdi ezagutu nuen lehenbizi, jende gutxik ezagutzen zaituen itxurarekin: 10 urte, txikia, ile luzea, betaurrekoak… ez zinen lurrean geldi egoten, saltoka ari zinen etengabe, aurreskularia izango zinela iradokiz. Zeraingo bertso-udalekuetan izan zen. Aspalditik ezagutzen dugu elkar eta galdera asko bururatzen zaizkit, baina lehenbizikoa izenari buruz egin nahi dizut. Zenbat Iholdi zaudete Portugaleten?

Portugaleten ez dago Iholdirik, eta Euskal Herrian beste bat baino ez dut ezagutzen nitaz aparte.

Eta nondik dator izena?

Nire amak nahi zituen bi izen, nire ahizparentzat eta niretzat, apur bat arraroak, esanahirik eta itzulpenik gabekoak. Eta atera ziren Iholdi eta Ibabe.

Eta jendeak hasieratik ondo ulertzen du?

 Ez. Hasieran beti da “Yoli”, eta beste milaka ateratzen zaizkie. Eta idazteko erarena ere beste istorio bat da; jendeari asko kostatzen zaio ondo idaztea.

Eta “Yoliren” bizitza Portugaleten errazagoa izan zen, ezta?

Seguru baietz.

Baina zu Iholdi zara, eta zerbait ordezkatzen baduzu, hori  “e hirukoitza”: Ezkerraldeko emakume euskalduna.

O, gustatzen zait!

“Oholtzatik Euskal Herri desberdinak ikusi ditut, denak politak”

Bada, hiru hitzei buruz hitz egingo dugu, eta hasiko gara azkenarekin. Iruditzen zait zure inguruan ahalegina egin duzula euskara sustatzeko, baina irakurri izan dizut elkarrizketaren batean zure euskalduntasunari buruzko zalantzaren bat: euskaldun guztiak garela eredugarriak, baina zu ez zarela “euskaldun perfektua”. Azalduko didazu hori?

Hori da nire paranoia bat: edozein euskaldun da eredugarri, baina ez dakit euskaldun perfekturik dagoen, eta inon baldin badago baten bat, ni ez naiz euskaldun perfektua. Idealizatzea perfekzioa ez da nire helburua, baina euskalduna naiz eta bizitza horrela egiten saiatzen naiz.

Niri iruditzen zait zu Portugaleteko euskaldun perfektua zarela, baina… zuk nolakoa irudikatzen duzu euskaldun perfektua? Edo zer du balizko euskaldun perfektu horrek zuk ez daukazuna?

Perfekzioa bilatzea edozein arlotan iruditzen zait ez dela beharrezkoa; orduan, euskararen inguruan ere ez da beharrezkoa, baina egia da esaten dudala ez naizela euskaldun perfektua naizelako euskaldun bat, eta listo.

Eta zu kasu berezia zara zure inguruan, edo gero eta euskaldun gehiago sortzen ari dira?

Biak. Egia da gero eta euskaldun gehiago sortzen ari direla, baina esango nuke nire kasua berezia izan dela: Portugalete batean justu familia euskaldun batean haztea, bi guraso euskaldunekin eta ahizpa euskaldunarekin… Gainera, giro euskaldun batean hazi izan naiz ni Portugaleten bizi izanda, edo Ezkerraldean bizi izanda. Kasu berezia da, baina egia da gero eta euskaldun gehiago daudela; batez ere, umeen artean euskara entzuten hasi naiz, eta hori polita da.

Zenbateko errua dute zure gurasoek zuk gaur egun egiten duzun horretan?

Handia. Azkenean, soilik euskara sustatuz nigan, euskara da balioak dituen hizkuntza bat, eta balio horiek transmititu egin dizkidate. Gainera, familian kide guztiak euskaldunak ez izan arren, beti giro euskalduna eduki izan dugu; eta umeak ginenean, gurasoek etxe bat erosi zuten Ien, Ean, eta Ea oso herri euskalduna da, eta horrek ere pila bat lagundu dit nire euskalduntasun hori ez galtzen. Ikastolan ez zen erraza euskaraz hitz egitea adin batetik aurrera… eta gurasoek Eara eramateak pila bat lagundu dit.

Eta Euskal Herrian ibili izan zarenean lan kontuetan eta bestelakoetan, zure euskalduntasuna beti sendo sentitu duzu?

Bai; beno, tokiaren arabera. Nire euskara ez da perfektua, euskara batua da, nik ez daukat euskalki propiorik. Eta noizbait, agian, bai sentitu izan naizela intimidatuta euskaldunagoak edo euskara maila handiagoa duten pertsonekin, baina… nahiko harro egon izan naiz beti.

Ez dizute inoiz esan Portugaletekoa izateko oso ondo hitz egiten duzula euskaraz?

Denetarik esan izan didate!

Ziur, eta guri dagokigu gauza horiek nabarmentzea. Oraintxe esan duzu zuk “euskaldunagoak edo euskara maila handiagoko pertsonak”… euskaldunen gehiengoak zure edo gure maila izango balu, izugarria izan litzateke Euskal Herria!

Pertsona bat taulara igotzean, igotzen da bere zalantza eta beldurrekin. Eta emakume izateagatik beldur batzuk badaude, euskaldun izateagatik badaude… zein dira zure beldurrak?

Taulara igo izan naizen gehienetan Nahia gisa igo naiz, baina beldurrak ez dira Nahiarenak, Iholdirenak baizik. Eta askotan izan ditut beldurrak: jendearen iritzian pentsatzeagatik, beste profil bat izateagatik jendeak espero ez duena, edo espero duena, baina… askotan publikoaren aurrean jendeak espero ditu gauza batzuk eta zuk ez duzu zertan horiek bete. Batzuetan bete ditut eta beste askotan ez. Eta emakumea izateagatik are gehiago: presioa handiagoa da eta begiradak gehiago dira.

Hiru e horiek batzen dituzulako, meritu handia duzu. Taula asko zapaldu dituzu, ordu asko igaro kamera aurrean… zein balorazio egiten duzu zure ibilbideaz?

18 urte ditut eta duela gutxi, aitarekin hizketan, esaten nion Euskal Herriko mapa bat hartu beharko nukeela eta markatu zein herritako zein antzokitan egon naizen.

Aitarekin hizketan, ziurrenik, aitak eramango zaituelako antzokiz antzoki?

Bai, gaixoak eramaten nau! Antzokietara edo antzokiak ez ziren tauletara…

Eta zer motatako Euskal Herria ikusi duzu oholtza horietatik?

Oso Euskal Herri desberdinak. Asko nabaritzen zen… giroa desberdina zen, harrera, jendea… oso Euskal Herri desberdinak ikusi ditut, denak politak. Batzuk beste batzuk baino samurragoak, baina ikusi dudanarekin nahiko pozik geratu naiz.

Eta zer ematen du Goazen-ek hainbesteko arrakasta izateko, adin tarte jakin bateko Euskal Herri osoa, euren guraso eta guzti, zuei begira egoteko?

Ez dakit oso ondo, egia esan, baina pentsatzen dut, ni txikia nintzenean, lehengo Goazen ikusten nuenean, agian, ez nintzen konturatzen orduan, baina orain beste balorazio bat eginda, helduagoa izanda… Euskal Herrian ez dago fikzio askorik, eta, gainera, gazteei bideratua, eta, gainera, musikala, eta nik uste dut horrekin egiten duela beste e hirukoitz bat… beno, ez dira e-ak…

Hiru faktoreren elkarketa…

Bai, eta beste era bat da euskara sustatzeko, eta euskal kantak… hori erakargarria da.

Eta zein ibilbide ikusten diozu Goazen-i?

Bada, ez dakit. Azkenean, urtero harrera desberdin bat daukagu. Baditu antzekotasun batzuk, baina desberdina izaten da. Orduan, ez dakit etorkizunik dagoen; Goazen dago, eta unea disfrutatu nahi dut.

Gainera, zure istorioak badu parte berezi bat. Gogoan dut Charlie eta txokolatezko fabrika-ren istorioa etorri zitzaidala burura, zu lehiaketa baten bidez sartu zinelako Goazen-en. Agian, prozesu hori ere oso berezia izan zen, ezta?

Bai; batez ere, heldutasun faktore batzuetan, norbere burua ezagutzeko faktore batean. Bagoaz-en sartu baino lehenago, jendearen aurrean kantatu gabe nengoen… udalekuetan, ikastolan eta kito. Ni nintzen programako txikiena, eta kideek asko zaintzen ninduten. Besteek bazuten esperientzia, eta ni ondo pasatzera joaten nintzen, esperientziarik gabe. Eta horrela hasi nintzen benetan konturatzen hori zela benetan gustatzen zitzaidana: ordura arte gustatzen zitzaidan, noski, baina probatzean konturatu nintzen pila bat lan egiten ari nintzela, baina ez zitzaidala inporta, gustura ari nintzelako.

Hor helburua argi zegoen, Iholdi Nahia bihurtu zen. Nahiak ia-ia Iholdi jan du, baina Iholdik zer beste erronka dauzka? Probatzea bazen asmoa, probatzea baino askoz gehiago egin duzu… Antzerkia, telebista… ildo profesional hori gustatzen zaizu?

Bai, baina oso zaila da. Orain, nire erronka da hor segitzea eta ikastea, oraindik pila bat ikasi behar dudalako. Ni ez naiz inoiz antzerki eskola batean izan. Baina, bai, gustatuko litzaidake segitzea eta hori da nire erronka.

Kontziente zara zu oasi batean bizi zarela? Hau da, Goazen-ek daukan arreta, dauzkan boloak eta aukerak… eta gero, euskal antzerkiak edo antzerkiak, oro har, izan ditzakeen aukerak oso bestelakoak direla? Zer gustatuko litzaizuke egitea Goazen-ez aparte?

Ez dakit. Niri gustatzen zait pertsonaiek motxila bat izatea, eta, adibidez, Nahiaren kasuan, badauka. Ni beti fijatzen naiz horretan; oso zinemazalea naiz eta egunero pare bat pelikula ikusten ditut, gutxienez, eta beti ematen diet beste buelta bat pertsonaia okerrei. Iruditzen zait okerrak direla zerbaitengatik eta gustatuko litzaidake pila bat okerraren papera egitea.

Motxila esaten duzunean, zer esan nahi duzu?

Garapena. Garapena aurretik eta oraindik egiteko geratzen zaiona, ibilbide bat dauka pertsonaiak, sakontasun bat. Eta horrek erakartzen nau pila bat.

Eta euskaratik kanpo ere irudikatzen duzu zeure burua?

Ez dakit. Oraindik ez daukat argi. Niri gustatuko litzaidake euskaraz lan egitea eta Euskal Herrian. Oso eroso sentitzen naiz eta ez da erosotasun kontua bakarrik. Hori da gustatzen zaidana. Lehenago esan dut: euskarak balio batzuk ditu eta balio horiek gustatzen zaizkit. Identifikatuta sentitzen naiz. Baina, beno, denetarik probatu behar da, ezta?

Zuk balio eta gaitasun asko dituzu. Dantzan ere ibilbide bat egindakoa zara. Txikitan hasi zinen, ezta?

Bai; 4urterekin hasi nintzen euskal dantzak dantzatzen, eta, berez, denbora guztian ari naiz dantzatzen. Egun osoan zehar etxean ibiltzen naiz, eta beti gertatzen zait etxean dantzan ari naizela erdi biluzik eta bat-batean gurasoak agertzen direla….

Euskal dantzak, dantza garaikidea… horietan ibili izan zara, ezta?

Bai; batez ere, horiek biak. Balleta ere egin nuen urte askotan zehar; ez zen nirea, baina asko gustatzen zitzaidan. Oso sufritua zen, eta justu zera gertatu zitzaidan: ni beti izan naiz oso argala, zu ondo gogoratuko zara, oso argala, oso malgua… eta justu bat-batean emakumetasuna heldu zitzaidan eta bat-batean ez nuen betetzen ballet dantzariaren profil hori, eta askoz gehiago kostatzen zitzaidan dantzatzea… eta utzi egin nuen, baina dantza erabat alde batera utzi gabe.

Beirazko sabai bat da balletean dagoen hori? Uste duzu oso kortset estua dela balleta emakumeentzat?

Orokorrean, emakumeak badauka hor zailtasun bat, batez ere, balletean, batez ere, zentzu fisiko batzuk oso garrantzitsuak direlako, baina zailtasuna orokorra da. Baina dantzan zerbait berezia gertatzen da: adibidez, futbolean, edo, batez ere, mutilak garrantzitsuak diren kiroletan, neska bat sartzen zenean, neska hori bastante baztertuta geratzen zen. Balletean, alderantzizkoa gertatzen zen: balletean mutil bat sartzen bazen, bera mutil bakarra zenez, berak eramaten zituen dantza guztiak, eta nik horrekin barne gatazka bat izan nuen. Ohean sartzen nintzenean, pentsatzen nuen zergatik mutilek izaten zuten protagoniso hori: ez nuen ulertzen. Eta horri buelta asko ematen nizkion adin hartan.

Baina, tira, balleta utzi egin zenuen; ez, ordea, euskal dantzak. Dantzan ibili zinen Elai-alai taldean, ez edonon. Zer da, zuretzat, euskal dantza? Zer zentzu dauka gaur egun? Zer balio dauka zuretzat?

Ez daukat oso argi. Beti izan da zerbait oso presente egon dena nire bizitzan. Ez da zerbait oso hedatua, batez ere, hemen, baina beti egon izan naiz oso pozik dantza arloan, eta nik euskal dantza beti lotzen dut erromeria eta dantza-plazetara joatearekin. Bada talde bat, Erdizka Lauetan, nire osabaren taldea dena, eta umetan nire osabak esaten zituen pausoak eta ni, txiki-txikitatik, dantzara sartzen nintzen; kalean bikotea aldatzeko dantza bat egin behar bazen, helduek beti esaten zidaten erdian jartzeko, umeekin, eta nik ezetz esaten nien, burugogor, beti oso pozik ibili izan naizelako kalean dantzatzen. Baserritar jantziekin egiten baino gusturago egon izan naiz erromerian dantzan.

Diasporan, euskal dantzak askotan betetzen du hizkuntzaren hutsunea. Jendeak ez du euskara ikasten, baina dantzan jakiten du. Eta beti pentsatu izan dut Bilbo handi honetan –utzi Uribe Kosta eta Ezkerraldea barnean sartzen une batez–, dantzak profil hori bete izan duela. Eta galdetuko dizut: Elai-alain dantza-eskolak zein hizkuntzatan ziren?

Bai, askotan ez ziren euskaraz.

Ni ere dantza-talde batekoa izandakoa naiz eta iruditzen zait gure inguruan euskal dantzak balio izan duela euskaldunon topaleku izateko plazetan, Patxirekin [Erdizka Lauetan taldearekin] edo beste hainbat ekimenetan.

Bai.

Eta gaur egun segitzen duzu?

Beno, egia da orain apur bat aparte utzi dudala. Denbora aldetik ez naiz oso fin ibili; Goazen-ek denbora asko kendu izan dit dantza egiteko eta gustatzen zaizkidan beste gauza batzuk egiteko. Ni beti izan naiz klasetik atera eta batetik bestera ibiltzeko pertsona, jarduera batetik bestera, eta, agian, Goazen-ek horiek guztiak batu ditu.   

Eta dantzan segitzeko gogoa duzu?

 Bai, noski.

Guk bertso-udalekuetan ezagutu genuen elkar. Egia da eltze askotako burruntzalia izan zarela, oso davincianoa, espezializatzea saritzen den garaiotan. Ematen du gizarteak esaten duela hobe dela dantzari ona izatea soilik, eta ez dantzaria, abeslaria, euskal dantzaz dakiena… baina bertsolaritzaz galdetuko dizut. Badakit oraindik Portugaleteko merkatuko bertso-eskolara joaten zarela ahal duzunean. Zer da Iholdirentzat bertsolaritza, kolorez betetako paleta horretan?

Nik bertsolaritza lehenengoz ezagutu nuen udalekuetan, Zeraingo bertso-udalekuetan. Hor ezagutu nuen bertsolaritza benetan zer zen; hori baino lehen, ikastolan egiten genuen zerbait zen, kantatzearekin zerikusia zeukana. Gustatzen zitzaidan, baina ez nuen harreman sakonik bertsolaritzarekin. Udalekuen ondoren, aldiz, txip bat aldatu zitzaidan eta bertsolaritza deskubritu nuen. Gero sortu genuen Portugaleteko bertso-eskola bospasei lagunen artean eta merkatuan elkartzen gara –tira, ni oso gutxitan joaten naiz–, eta beti ibili izan naiz oso eroso. Ez naiz sekula bertsoak kantatzera igo oholtza batera; errespetu handiegia diot bertsolaritzari, baina oso bertsozalea naiz.

Izugarria da esan duzuna: aktore batek bertsoei izugarrizko errespetua izatea, kontrakoa izan zitekeenean ere. Baina bertsozalea zara eta bertso-idatziak ere egin izan dituzu.

Bai.

Ez dakit kantagintza profesionalki landu duzun, baina badakit oso ondo kantatzen duzula. Abesteak zer ematen dizu?

Kantatzeak ematen dit izugarrizko askatasuna, baina errespetua ere bai. Beti ibiltzen naiz kantuan, baina norbait hurbiltzen bazait eta eskatzen badit kantatzeko, bat-batean isilik geratzen naiz. Ez da lotsa, baina, lehen esan duzunaren haritik, ni ez nago ezertan espezializatuta, eta orduan ez naiz kapaz askotan gustatzen zaizkidan gauzak egiteko pertsona jakin baten aurrean, ez naizelako horretan aditua, eta bera bai.

Elkarrizketa honen ondoren galdetuko banizu zu zer zaren, zer azpititulu jarri zeure buruari… zer da Iholdi Beristain? Azpititulu bat. Badakit maltzurra izaten ari naizela, espezializazioa kritikatu baitut eta horixe bera eskatzen ari naizelako, baina… zer da Iholdi Beristain?

Ez dakit… badakit zer ez den. Ez da Nahia, baina ez dakit zer den. Deskubritzen ari naiz pixkanaka-pixkanaka, eta urte batzuk barru, agian, itzuliko naiz zuregana eta esango dizut, Iholdi hau da.

Bada, segi deskubritzen, eta deskubritu bitartean gu gozarazten. Nik, bitartean, argi daukat zer jarriko dudan. Euskal Herriak uste dut bereziki sortzaileak behar dituela, garbi geratzen da zu sortzailea zarela, eta nik zerbait jarri beharko banu, hirukoitza ez, e laukoitza jarriko nuke: Ezkerraldeko emakume euskaldun eredugarria.