Igor Elortza Aranoa: “Zintzoena iruditu zait nitik kantatzea”
Bertsotan oso gazte hasi zen, eta musikarekiko zaletasuna aspalditik datorkio. Artistikoki, Gu Ta Gutarrak taldetik Anonyme Popular egitasmo berrira egin du jauzi. Rafa Ruedarekin ondu du disko-liburua, Zart kolektiboaren eskutik argitaratu duena. Azpeitian ekingo diete zuzeneko emanaldiei, urtarrilaren 29an. Zarautz, Elorrio, Iruñea, Hernani, Oñati, Bilbo… Anonyme Popular Euskal Herrian barrena ibiliko da hurrengo hilabeteetan.
Ongi etorri TTAPera, Igor.
Eskerrik asko.
Durangoko Historia Museoan gaude, zure ohiko ingurutik ez oso urruti. Aurreko urtearen amaieran Anonyme Popular egitasmoa aurkeztu eta promozionatu eta gero, zuzenekoei ekingo diezue. Musika elektronikoa nagusi da proposamen berrian, Rafak ontzen lagundu dizun diskoan. Diskoa entzun dugunoi, kantuei erreparatu diegunoi… piztu zaigu jakin-mina. Nolakoa izango da ikuskizuna? Edo kontzertua? Zein kontzeptu erabili beharko dugu?
Ikuskizuna, hobeto. Kantuak entzunda, jende guztiaren galdera bera da: “Hau zuzenean zelan egingo duzue?”. Musika elektronikoa, egun, oso estilo ezberdinetan garatu daiteke. Garai batean ia-ia dantzarako estilo modura bakarrik ulertzen zen, nahiz eta horrelako piezaren bat ere badugun tartean. Rafa Ruedak elementu elektronikoekin egin du lan, eta instrumentazio organikoa ere erabili du.
Ikuskizun deituko genioke, kontzertu formatua ez genukeelako bere horretan egin gura. Azken batean, mamia eta funtsa bertso-sortak dira. Hitzari eman nahi diogu zentralitatea, eta bertsoak musikatuak badira ere, taularatzeko orduan bi musikari izango ditut lagun: Rafa Rueda bera eta Alvaro Olaetxea. Biak hainbat gailurekin, tartean, elektronikoak, eta bestelako instrumentuak ere bai.
Eszenifikazioari begira Oier Zuñiga antzerkilari eta zuzendariarekin ari gara lanean, derrigortuta gaudelako gure formatua bilatzera. Ez dugu nahi musika kontzertu bat bezala ulertu dadin. Argiztapenekin giroak sortzea lehenetsi dugu, argiak asko mugitu ordez. Proiekzioak izango dira; tartean, Youtuben kantuekin zintzilikatu ditugunak.
Kantuetan eta kantuen arteko pasarteetan hari modukoa egin nahi dugu antzerki munduko baliabideak erabiliz. Horrek ez du esan nahi antzerkia egingo dugunik, kantuetan zabaltzen ditugun hitz eta mezu horien mesedetan. Diskoa osatzen duten piezak izango dira oinarri, eta tokian tokiko eta garaian garaiko bertso-jarriekin osatuko dugu errepertorioa. Baita bertsioren batekin edo besterekin. Oso nitik egindako diskoa beste ni batzuek sortutako piezekin ordubeteko gu modukoa sortu nahiko genuke.
Gogoan dut Gu Ta Gutarrak-ekin antzerkirako dohaina garatu zenuela. Itzoiz taldearen Hegal egiten kantua zeuena egiten zenutenekoa…
Beharbada, antzerkia dela esatea askotxo da, baina gestikulatzen-edo ikasi genuen. Egia da badaudela hiru-lau pieza nahiko dantzagarriak, eta apur bat suelto aritzea eskatuko didate. Horretan ere ari gara.
Bada morroi bat abestuz daramat hainbat egun. Koristen lana hortxe dago, zure diskoan. Bolumen altuan eta zutik areto batean ikusteko modukoa iruditzen zait niri. Non ariko zarete hurrengo asteetan?
Jesarrita ikusteko moduko aretoak izango dira, hasiera batean. Orain, Bada morroi bat edo beste kanturen batean norbaitek zutituta abestu eta dantza egin nahi badu, guk seguru eskertuko dugula. Bigarren aldi batean beste formatu bat ez dugu baztertzen, eta jendea emanaldian zehar zutik egon ahal izatea. Garagardoa eskuan, eta gerria mugituz.
Hitz jario luzeak egoki txertatzeko doinu eta erritmo elektronikoak erabili dituzue. Jostunen hizkera gurera ekarrita, musikaren aukeraketan zu izan zara, akaso, modista eta Rafa jostuna?
Bertso-sortak izatea oso argi nuen, Zazpi Eskale eta Gu Ta Gutarrak esperientzien ildotik. Kantu pop eredura eramateko joera bat egon da beti. Oraingoan, erradikal izan nahi nuen, bertso-jarriak eginez. Hitzetan errepikapen jokoak ageri dira. Badira esaldi berberarekin amaitzen diren bertso-sortak, edo esaldi berberaren aldaera ezberdinak…
Bat gehiago, adibidez.
Hori da. Asmoa oso argia zen. Rafa eta biok ez gindoazen ohiko kantu pop kanonikoak egitera, ez genuelako kantuen iraupenarekin kezkarik izan nahi. Rafak lan handia egin du jarritako baldintza horiekin, eta hitzari adi egon beharrik gabe ere kantu modura funtzionatzea lortu du. Oso eskertuta nago eta oso pozik Rafak egin duen lanarekin. Estiloari dagokionez, Rafaren eskua dago, gehienbat. Baina banituen irizpide batzuk oso garbi. Nahi nuela zerbait berria egin, aurreko esperientzietan egin bakoa. Iruditzen zait oso garai egokia dela jolasteko eta buruz zabal jokatzeko. Euskal kultur munduan badago horretatik dezente azken urteetan. Pandemia ere izan da halako zartada bat gauzak egiteko ustezko molde egokitik bestelako molde irekietara jotzeko. Esango nuke bertso munduan eta musika munduan pandemia aurreko eta osteko alde hori oso nabarmena dela. Libre jokatu genezakeela iruditu zaigu. Ez garelako musika talde bat, eta bertsoak musikatzeko garaian modu zabalean aritu garelako. Melodian eta erritmoetan badago barietatea, baina badago sonoritate berritzaile bat.
Diskoan agertzen diren kantuen bitartez entzulea hunkitzea lortu duzue, baina baita dantzan jartzea ere. Anonyme popular kantuan gertatu zait, lehen kolpean eta baita bigarrenean ere, Iñigo Muguruza kantua entzuten irudikatzea. Gitarra hartu eta kantuaren gainean ariko litzatekeela irudikatzen dut.
Plazer handia litzateke. Hori bere horretan laudorio bat da. Tipo ezin maitagarriagoa zen, oso alaia eta bertsozalea. Hil aurretik, azken bi-hiru urteetan, Irungo Moskuko jaietan gu bertsotara joan eta han ikusten nuen alabarekin eta. Ondo ekarria dago, nik ere irudikatu dezaket gitarra alboan duela.
“Oso garai egokia da jolasteko eta buruz zabal jokatzeko”
Zureak esanez niri buruz kantari zabiltzala sentitu dut nik, zure hitzak galderara egokituta. Konexioa bakantasun horretatik abiatu duzu.
Garai eta giro batean bizi gara zeinean indibiduoaren eta kolektiboaren arteko haustura bat baino gehiago eratze berri batzuen premia gertatu den. Ziurtasun batzuk urtu ziren eta beste batzuk sortu guran gabiltza. Ariketa zintzoena iruditzen zitzaidan nitik kantatzea. Ez, zehazki, nitaz. Nahiz eta kasu batzuetan oso gauza autobiografikoak esan. Nitik kantatzea ariketa zintzoa delako hainbat gairen aurrean kokatzeko, gure ingurune gertuan zein munduaren aurrean.
Hizpide duzun kantu horretan bada beste esaldi bat: Ez dut nahi neure hutsik mozorrotu taldez, ez neure zomorroan bilatzea babes. Eta uste dut horrek esplikatzen duela oso erraza dela askotan haiei buruz hitz egitea guri buruz hitz egitea baino. Baina, batzuetan, guri buruz aritzea ere bada babes eremu bat, gu horretan norberaren burua diluitzeko eta ardurak taldean urtzeko.
Ez da hasieratik pentsatutako zerbait. Horrela atera zen, pilatzen joan zitzaizkidan bertso gehienak 2021eko udaberrian idatziak dira. Nahiz eta denborarekin orraztu egin diren. Badira oraindik pandemia garaian idatzitakoak, baina pandemia aurretik buruan nituen gogoetak ziren. Geroko sorta batzuk ere badira. Norberetik esandakoak dira, eta behin argitaratu eta kantatzen hasten zarenean beste batzuei ere balioko dietelakoan…
Pentsatzen dut jende askok sentitu duela hori.
Normala da berrogeita hamarrerantz gauden euskaldun, zuri, CIS, heterook, batez ere, partekatzea. Esan didaten gehienak halakoak zarete. Interesgarria da jakitea gazte batek edo emakume batek edo bestelako ezaugarriak dituen batek zer sentituko lukeen. Egia da nitik idatzi dudan horretan nire ezaugarriak daudela, baita belaunaldi batena ere.
Bada morroi bat letraren hasierako deskripzio-garapenak Gizon arruntaren koplak kantura narama. Morroi hori gizon arruntarentzat ari da lanean, 2022ko gizon arruntarentzat. Azaldu dezagun, lehenik: nor da morroi hori?
Ironikoki deskribatzen du gutako dezenteren egunerokotasuna eta sakonean hitz egin nahi du gure baitan garen eta gure baitatik kanpo jokatu behar izaten ditugun pertsonaien arteko distantziari buruz. Kantu batzuk, tonuari dagokionez, serioagoak dira eta beste batzuetan badago ironia handia. Ironia izanik, ez du esan nahi fondorik ez duenik. Morroi hori gaur egungo gizon arrunt askoren egoera dela. Emakume eta ez bitar askoren egoera ere deskribatzen da kantu horretan.
Badira pertsona maitagarri batzuk Twitterren hater hutsak direnak.
Bai, ezagutu nituen. Garai batean, gehiago ibiltzen nintzen Twitterren. Twitterretik kanpo egon naiz bi urtez.
Zure falta sumatu genuen.
Neuk ez! Kar.kar! Jende asko atera, haserretu, sartu berriz… Neu lasai egon naiz.
Hainbat artistak Twitter aipatzen dute, orain, molatzen ez duenean. Baina garai batean, molatzen zuen…
Bai, bai. Neu ere oso gustura ibilitakoa naiz. Ez zenean hain publikoa, jolas gehiago zegoenean. Aspaldian izan zen hori… Autobonboa eta coach-ak aipatzen dira diskoan; bizi garen mundu honen beste ezaugarri eta paisaia bat da, kasik-kasik.
Bat gehiago kantuan humanitateak bizi duen egoera deskribatzen da. Nor gara gu? Hipoteka ordaintzen dugunak, petrolioa xahutzen dugunak… Badira hamarkada ezberdinetan errepikatzen diren egoerak. Joxe Azurmendik poesia gogoangarria idatzi zuen Neu bakarrik nauk izenekoa, eta bertan zioen: Gizona mixerable da gizon izaten hasteko eskubideen deklarazio bat behar badu. Zure hitz askotan sumatzen da mixeria hori, Joxe Azurmendiren poesiaren kutsuko hori.
Bertso Txapelketa Nagusiko finalean desesperantza borrokatzeko mezua zabaldu zuen Maialen Lujanbiok. Beste garai batzuetan egon da ipar komun eta esperantza handiagoko mundu bat. Mundua hobetzearen alde. Eta aukera horren posibilitatea irudikatzen zen. Orain, lausoagoa da, iluna ez esateagatik. Horrek areagotzen du gure norbanakotasunetik zein leku betetzen dugun munduan. Ez nago ados, ez nago konforme munduarekin, baina, aldi berean, ze kokaleku daukat munduan? Eta zein paper jokatzen dut? Eta zenbateraino bultzatzen dut munduak horrela segi dezan. Hortik doa. Ustez dudana nahiko nukeen arren gainerako guztientzat abestu dudanean, sexu grinak askatzea edo non bizi edukitzea edo ahotsa edukitzea… Ustez hainbat gauza baditut nik ere, baina, aldi berean, bat gehiago naiz haientzat. Hor fokua jartzen dut haiengan. Nortzuk lirateke? Botere handi horiek, askotan ez dakigunak ez ze izen ez zein aurpegi duten.
“Beste garai batzuetan egon da ipar komun bat; orain lausoagoa da dena”
Aitzin-solasera itzulita, zure ibilbide artistikoan eta bitalean Unai Iturriaga saihestezina da. Hauxe dio Unaik aitzin-solasean: Lehen gutarra nintzen, orain nitar nago, dio hasieratik bertatik, ez dadin inor ekibokatu, ez dela hau ezeren osteko zera, bere zereko zeretik ondutakoa baizik. Bestela esanda, Igorren energia ez dela galtzen, eraldatu baizik.
Nahi nuen Unai Iturriaga Anonyme Popular disko-liburuan egotea. Pare bat kantutan koruak egiten ditu eta disko-liburuaren sarrerarako zer hoberik haren hitzak baino, ezta? Beraz, hemendik eskerrak, beste behin, Unai.
Beste elkarrizketaren batean esana dut. 47 urterekin bi aukera daude: edo guztiz akobardatu edo ausarta izan. Eta bigarrenaren aldeko hautua egin dut. Zorionez, pare bat urteko krisia pasata ere bai, bertso plazatik nahiko aldenduta ibilita eta bizitzako beste gorabehera batzuekin –pandemiaz gain–. Ausart izatea erabakitzeaz gain, noski, ez nuen edozerekin plazara atera nahi. Alde horretatik, pozik nago, energia hori atera dudalako, eta isilaldia pasatu eta gero piztu da grina nire baitan. Jendeari hau eskaintzeko. Eta uste dut sakonean badagoela eguneroko ohiko bizitzaz gain egin dezakedan gauzarik ederrena hemendik doala.
Oso gaztetatik hasi ginen, eta, neurri batean, hauxe gara. Anonyme Popular pauso bat gehiago da, ez dakidalako zenbat gehiago gelditzen diren, ezta? Beharbada, hauxe da halako lanak hartzen ditudan azken aldia. Zintzoki esanda, orain bi urte atzera egitasmo honekin plazara aterako nintzela galdetu izan balidate, erokeriatzat joko nuke.
Adin batera iristean infinitua baino gehiago finitua hasten da buruan bueltaka. Zeharkatu nauena Baina heuk be badakik kantua izan da. Halako tristura bat sentitzen da, baina ikaragarri ederra da eta hori zure etxeko hizkeran, bizkaitarraz, idatzita dago. Nabaritu duzu lehenengo entzuleen aldetik kantu hori askoren barrenera iritsi dela?
Bai, bai. Youtuben zabaldu eta denbora laburrean zabalkunde handia izan duen lehena da. Komentario asko eragin ditu, eta uste dut gaiagatik ere badela. Ez bakarrik bizkaieraz, baizik eta etxeko hizkeran eta hikaz idatzita. Badelako oso ispilu aurrean jartze bat, elementu autobiografiko askorekin. Zorionez, feminismoak hainbesteko indarra hartu duen garaiotan, ispiluaren aurrean jarri eta nor bere buruaren errebisio ahalik eta zintzoena egitea, ezta? Gogorra dela esan didate, tristea ere baten batek. Ez dut tristetzat hartzen; mingarri eta gordina bada, baina, hain justu, hor nik bilatu nahi dut argi-izpi bat neure buruarengandik ikasteko eta hobea eta justuagoa izateko. Hemendik aurrera, finitua infinitua baino gehiago izan, oraindik ere adin on batean harrapatzen gaituela hobetzeko, eta gure ingurunea hobetzeko ere bai.
Segi dezagun dudatik, kontraesanetik eta behar adina baina guztiekin plazara ateratzen eta sortzen. Eskerrik asko, Igor. Zorterik onena!
Eskerrik asko zuei. Plazera.