Igor Anton: “Txirrindularitzan teknologia aldetik asko aurreratu da, baina txispa galdu da”
Urtetan txirrindularitza bere bizi izateko modua izan eta gero, aldaketa prozesuan dago Igor Anton bizikletatik jaitsi eta gero. Egindako ibilbidearen, ziklismoaren eta etorkizunaren gainean jardun du Aiert Arieta-Araunabeñarekin.
Zelakoa da erretiro osteko bizimodua?
Berezia eta arraroa. Hainbeste urtez kirola bizitzeko era izan ostean, amaitu da eta orain aldaketa izugarria da. Beste ilusio batzuk ditut, baina pixka bat arraroa da.
Profesionalki ez izan arren, jarraitzen duzu bizikleta hartzen eta errepidera irteten? Saiatzen zara zeure burua fin mantentzen?
Bai, inportantea da ondo mantentzea eta nik behar dut. Osasun aldetik eta psikologikoki oso garrantzitsua da kirola egitea. Niretzat, bizikleta pasioa da eta horrela izaten segiko du.
Pisua hartu duzu?
Lau kilo hartu ditudala uste dut, baina normala da. Nire muga zazpi-zortzi hartzea litzateke, gehienez. Orduan, hirurogeita hamar kiloren bueltan nengoke. Ondo.
Eta gutxien, zenbat pisatu duzu gutxien?
Gutxien pisatu dudanean ibili naiz okerren. Hirurogeita bi kilo, hirurogeita bat… Baina indarrik ere ez neukan.
Badago ezer orain arte debekatuta zeneukana eta orain egiteko aprobetxatu duzuna?
Denboraldian zehar ezin izaten nuen mendira joan, adibidez. Urte amaieran San Silvestre proban korrika egin ahal izan nuen eta eskiatzera ere joan nahiko nuke. Horrelako gauzak. Sortuko dira gehiago.
Eta kiroletik kanpo? Galdakaon poteoan irtetea, adibidez…
Hori lehen ere egiten nuen, baina ez hainbestetan. Momentu konkretuetan bakarrik. Baina hori kontrolpean eduki nahi dut, ohitura txarrak arin hartzen dira eta! Askatasun hori izatea, hala ere, polita da.
Omenaldiren bat eman diozu zeure buruari?
Bai, familiarekin zenbait lekutara ondo jatera joan gara, bidaia bat ere egin genuen… eta bizikletarekin intentsitatea jaistea ere omenaldia da niretzat. Deskantsatzeko denbora izatea.
Beraz, deskantsatu duzu, bizimodua aldatu… Zerbait faltan igartzen duzu?
Seguru asko, entrenamenduetako momentu onak faltan igarriko ditut. Sufrimendu handia dago, baina momentu dibertigarriak ere bai. Taldekide batek garaipena lortzen zuenean autobusean bizitako momentuak, leku asko bisitatzea… Adibidez, Hego Afrikan kontzentrazio bat egiten genuen taldearekin ia-ia bizikletak erabili gabe, eta horrelako gauzak faltan igartzen dira. Trukean, lehen faltan igartzen nituenak egin ditzaket orain.
Orduan, taldekideekin bizitako momentuak dira, batez ere, barruan gordeta geratzen direnak?
Bai. Kontuan izan nire azken hiru urteak atzerriko talde baten izan zirela, eta oso polita da Afrikako txirrindulariekin egotea, australiar batekin, amerikarra bestea… Nahaste hori gauza polita da. Guztiekin ezinezkoa da, baina batzuekin kontaktua mantenduko dut. Ben O’Connorrekin, esaterako. Italiako Giroan egon nintzen berarekin, oso etorkizun polita dauka eta bere ibilbidea jarraituko dut.
Denbora apur bat igaro izanak ematen duen perspektibarekin, zure ibilbidearen zer balantze egiten duzu? Zer aho-zapore geratu zaizu?
Azken momentua inportantea da eta esan dezaket nik erabaki nuela non, noiz eta nola utzi txirrindularitza. Beti egon daitezke momentu hobeak, garaipen gehiago, baina oso gustura sentitu naiz amaierara arte eta oso pozik nago. Nota ona ematen diot nire buruari. Hasi nintzenean ez nuen uste lortu dudana lortuko nuenik, hainbeste mundu ikustea, hainbeste karrera, jende… Hogeita hamabost urterekin utzi dut, nahiko maila onarekin, gainera, eta nahi nuen momentuan.
Hori oso garrantzitsua da, ezta? Zuk nahi duzulako uztea eta ez beste erremediorik ez dagoelako…
Baina ez kirolean soilik, bizitzan orokorrean ez da erraza noiz utzi erabakitzea. Azken momentuko zaporea batzuetan, ibilbidea polita izan arren, gaizki amaituz gero… Ni horregatik nago pozik. Agur polita egin zidaten Madrilgo zirkuituan, World Tourreko goi mailako talde baten… Jarraituko nukeen beste urte bat edo bi, baina gauza asko baloratu nituen: familia, etxetik kanpora hainbeste egun egotea… Pozik nago hartutako erabakiarekin.
Nonbaiten irakurri dizut urtean berrehun egundik gora zirela etxetik kanpo.
Kontuan hartuta kontzentrazioak, taldearekin egiten genituen entrenamenduak, oporrak… erraz joaten dira berrehun egun. Bizimodu polita da, e! Baina mekanikariak, masajistak, zuzendariak erretiratu arte daude horrela, eta, ondo pentsatuz gero, bizimodu hori hirurogeita bost urtera arte mantentzea ez da erraza. Emaztea, familia… zurekin behar dituzu. Alaba ez ikustea, adibidez, zaila da eta asko sufritzen da, baina nik ondo eraman dut. Bizimodu berezia da, nomadena bezalakoa. Egunero aldatzen duzu bizilekua.
Lehen aipatu duzun Madrilgo agurra ez diete ziklista guztiei egiten. Zerbait ondo egin izanaren seinale da. Ohartzen zara tropel barruan, zaleen artean, kazetarien artean… profesional eta pertsona ontzat zauzkala jendeak?
Bai, iritsi zait hori eta oso harro nago. Ni ez naiz Contador bat izan, ez naiz txirrindulari ospetsuegia izan, baina Euskal Herrian eta taldearekin jaso dudan feedbacka oso ona izan da eta horrek oso pozik uzten zaitu. Pena apur batekin ere bai, askok eskatu didatelako beste urte bat jarraitzeko, baina hobe da festatik momentu egokian joatea. Tabernako argiak pizten dituztenean beranduegi da eta nik ez dut horretara itxaron.
Zure ibilbidean erabakigarria izan den pertsona bat aukeratu beharko bazenu?
Miguel Madariaga esango nuke. Euskal txirrindularitzan hain ospetsua izan den Euskaltel Euskadi sortu zuen eta niri pertsonalki dena eman zidan, profesionala izateko aukera. Taldeak gero pixkanaka gora egin zuen eta ni lider bezala jarri ninduten, apustua egin zuten eta Miguel hor egon zen beti. Baina ez bakarrik nik, beste hainbat txirrindularik ere lortu zuen. Ez denek, denentzako ez direlako gauzak hain ondo joaten, baina nire kasuan bai, eta zorretan nago berarekin.
Euskaltel aipatu dugunez… Hori izan zen zure ibilbideko aro politena, nahiz eta amaieran festako argiak piztu?
Azken urtea arraroa izan zen, sentsazioak ez ziren onak. Tourrean geundela ez genekien zer pasako zen. Bazirudien zerbait aterako zela, baina amaitu egin zen. Pixkanaka konturatzen zara zenbateko handitasuna izan zuen talde hark. Hogei urte izan ziren, azken berederatzi-hamarrak World Tourrean, mundu osoan zen ospetsua taldea eta niretzat horren parte izatea… Niretzat, nire taldea izan zen Euskaltel Euskadi. Gero, beste bitan egon nintzen, baina Euskaltel da nire bihotzeko taldea.
Azken unera arte ez zen garbi egon taldeak jarraitu behar zuen edo ez, eta egoera horretan zuen etorkizuna ere ez zegoen batere garbi. Orduan, Movistar agertu zen…
Nik bederatzi urte neramatzan Euskaltelen eta, 2013an taldea amaituko zela zirudienean, Alonsoren proiektu hura azaldu zen. Nik Belgikako Quick Step talde ospetsura joateko aukera neukan, baina ezetz esan nuen, Alonso [Fernando] agertu zelako. Gero, kulerotan geratu nintzen. Talderik gabe. Eta bila hasi behar izan nuen azaroan ia…
“Jakin egin behar da momentu egokian joaten”
Taldeak eginda daudenean…
Nik, gainera, World Tourrean egon nahi nuen, eta ez zen erraza. Movistarri eta Eusebio Unzueri eskertu behar diet niri leku bat egin izana eta jarraitzeko aukera eman izana. Oso talde handia da. Nairo dago han, Valverde… Oso momentu politak bizi izan nituen bi urte haietan.
Momenturen baten pentsatu zenuen: “Zergatik esan ote diet ezetz Quick Stepekoei?”
Bai, noski. Azkenean, bizitza aukerak egitea da. Ate hori itxi zen, baina beste bat ireki. Ez dakit zer gertatuko zen Quick Stepera joan izan banintz, baina Movistarren Giro bat irabazi nuen Nairorekin, gaur egun munduko txapelduna den Valverderekin egon nintzen… Aldaketa, gainera, ez zen handiegia izan, han zeudelako Izagirre anaiak, Intxausti, Castroviejo… betiko lagunak. Atzerritar batzuk ere bazeuden eta horrek lagundu egin zidan gero Dimension Datarekin atzerrira pausoa emateko.
Horrek ere markatu zaitu, ezta? Beste kultura batzuk ezagutzea, mundu osoko jendearekin egotea… aberasgarria izan da zuretzat.
Oso aberasgarria izan da; batez ere, bilakaera. Euskaltelen nengoenean, etxetik hamabost kilometrora neukan egoitza nagusia; Movistar gertu dagoen auzo batera joatea bezala izan zen; eta Dimension Data jada… oso aberasgarria. Afrikako txirrindulariak ziren gehienak, oso pentsaera desberdinarekin, erlijio desberdina, beste ordutegi bat… zazpietarako afaltzen zuten, adibidez, eta interesgarria da hori. Ingelesez hitz egin behar nuen eta sekula aritu gabea nintzen… Gainera, polita izan zen hasieran Omar Frailerekin batera egotea. Esperientzia bezala izugarria izan zen. Hiru urtetan gauza asko hartu nituen nire eguneroko bizimodurako, baina pena ematen dit zerbait gehiago ikasi ez izanak. Askotan, hor geratzen gara, Euskal Herrian, Espainian edo Europan, baina mundua oso handia da.
Dimensionen egon zinen garaian umeekin eta bizikletekin zerikusia zuen proiektu solidario batean ere hartu zenuen parte…
Bizitzan motibazioak behar dira lanerako, entrenatzeko… edozertarako. Niretzat, motibazioa Qhubeka fundazioa zen. Afrikako umeei bizikletak bidaltzen dizkien fundazio bat da, etxetik eskolara eta eskolatik etxera joan daitezen. Distantzia izugarriak dira, ez dago autobusik eta oinez joateko bost, sei, hamar kilometro egin behar dituzte. Bizikleta salbazioa da eurentzat. Urtean zehar taldearen emaitzak onak baziren, fundazioari ere gauzak hobeto joaten zitzaizkion. Eta gero, azaroan, gu hara joaten ginen eta egun baten berrehun bat bizikleta zozkatzen genituen umeen artean. Bihotzean geratzen diren gauzak dira. Lasterketen edo soldaten gainetik, gauza horiek markatzen zaituzte.
Hala ere, garaipenak garrantzitsuak dira; kirol profesionala da, azken baten. Zuk bakarren batzuk lortu zenituen eta batzuk handiak, gainera. Zeinekin geratzen zara?
Nire buruari egiten diodan galderetako bat da. Viverokoarekin geratuko nintzateke. Bilbokoarekin. Nire taldearekin [Euskaltel] lortu nuen, afizioarekin, familiarekin, lagunekin… Gainera, Galdakaoko festak ziren eta birritan pasa ginen handik… Osagai asko izan zituen, eta horrekin geratuko nintzateke. Kirol mailari begiratuz gero, ordea, politena, gogorrena eta inportanteena Zoncolangoa izan zen. Nibali zegoen han, Scarponi ere bai, eta, batez ere, Contador, hoberena. Lider zegoen Giro hartan eta irabaztea lortu nuen. Baina nire momentu intentsoena Bilboko etapa izan da.
Eta barruan sartuta daramazun arantza? 2010eko Vuelta?
Bai, izan daiteke arantzetako bat. Nire Vuelta zen eta irabaztea posible ikusten nuen, edo podiumean egotea, behintzat. Hala ere, esan behar dut 2008ko Vueltan ere oso maila altua neukala, oso gustura nenbilen eta erori egin nintzen. Hori ere barruan daukat. Beste batzuetan nik nahi nuen momentuan forma ez hartzea ere arantza bat izan da, edo azken urtean beste garaipen bat lortu ez izana. Hamalau garaipen dauzkat, ez dira asko eta ez dira gutxi, baina iaz, adibidez, Burgosko Vueltan, oso pedal kolpe polita neukan Dimensionekin etapa bat irabazteko eta hori ere arantza bezala geratu zait. Baina tira, gauza onekin eta txarrekin gustura nago.
Nolako txirrindularitza utzi duzu, Igor? Askok kritikatzen dute ez dela hain ikusgarria, kontrol handiegia dagoela, estrategia gehiegi…
Gizartean bezala, aldaketa izugarria izan da azken hamar-hamabost urteetan. Teknologia aldetik asko aurreratu da, baina, era berean, hainbeste informaziorekin, eguneroko dibertimendua galdu da, teknologiaren morroi bilakatzen zara, eta askatasuna galdu. Lehen, dopinaz hitz egiten zen eta orain, zorionez, ez, baina txispa galdu da. Ez da erraza. Orain, mundu guztiak dena milimetrikoki egiten du. Lehen, gauza gehiago egiten ziren norbere izaeraren arabera. Gizartean gauza bera gertatzen da. Hala ere, konturatu dira eta ari dira aldaketak egiten: etapa motzagoak, talde murritzagoak… baina esandakoa, nire ustez, hainbeste informazio izatea, entrenamenduetan, adibidez, ez da ona. Ordenagailua apur bat ahaztu eta norberak ikusi behar du bere burua nola dagoen.
Dopina aipatu duzu. Orain, txirrindularitza garbiagoa da?
Seguru. Hainbeste urtetan ordaindu dugu txarto egindakoa eta pixkanaka hori alde batera uzten ari gara. Noizean behin agertzen da kasuren bat, baina ez dauka duela hamar urteko egoerarekin zerikusirik. Orain, beste gauza batzuez hitz egiten da, zorionez, eta hori da txirrindularitza garbiago dagoelako.
Dopin kasu bakoitza kolpe handia izango zen tropelarentzat, ezta? Zuen profesionaltasuna jartzen zuen kolokan…
Gertutik bizitzea tokatu zitzaidan batzuetan, lupaz begiratzen gintuzten, eta txarto sentitzen zara. Jendeak erruduna bazina bezala begiratzen zaituela pentsatzen duzu. Apurka hobetu da. Azken bost bat urteetan erremintak ere jarri dira, baina ez da erraza. Bizitzako alor guztietan bezala gertatzen da, politikariak ez dira denak lapurrak, lapurrak edonon daude.
Iazko Vueltan garbi geratu zen afizio aldetik txirrindularitza Euskal Herrian oso osasuntsu dagoela. Baina euskal txirrindularitza? Zer etorkizun dauka? Euskaltel bezalako taldea behar da?
Egon badaude bi talde, Euskadi fundazioa eta Murias. Horiek hazia dira eta orain, hazi hori haztea behar dugu. World Tourreko talde bat oso garestia da, baina proiektu sendo bat egiteko interesgarria litzateke diru gehiago egotea; bereziki, umeengandik hasita. Esfortzua harrobian egin behar da etorkizuna izateko. Afizioaz gain, herri honetan kalitatea ere badago. Hor daude Castroviejo, Peio Bilbao, Omar [Fraile], Izagirre anaiak… hainbeste ziklista ospetsu. Espero hemendik bost urtera gehiago egotea, baina horretarako lana eta dirua behar da. Ez World Tourreko taldea egiteko, baina bai talde profesional on bat.
Eta zuk zer proiektu dauzkazu etorkizunerako? Bat, nagusia, Udane izenekoa…
Bai, hori da nire ilusioa, aita eta ama diren guztiei gertatuko zaien bezala. Horretaz aparte, pixkanaka nire bidea aurkitzea urduri ipini gabe. Nahiko mugitua naiz, hiperaktiboa; horregatik, ezingo dut bizikleta utzi, baina nahi dudan zerbait bilatu nahi dut. Ez dut derrigorrez ezer egiten hasi nahi gero ez disfrutatzeko. Disfrutatzen baduzu, inportanteena ez da dirua, gustura sentitzea baizik. Hausnarketa bat egin nahi dut, nire barruan begiratu eta gauzak ukitu, probatu. Horretan nago. Nepalera noa aitarekin eta ea bidaia horretan ezer topatzen dudan.
Amai dezagun primizia horrekin: proiektu bat daukazu datozen egunetan hasiko duzuna…
Nepalera noa aitarekin trekking bat egitera. Bera osasun aldetik ondo dago eta biok zerbait elkarrekin egiteko momentu egokia da. Hogeita lau egun dira, Manaslun, eta uste dut pauso garrantzitsua izango dela nire bizi berrirako. Baita nire aitarekin une hori konpartitzeko ere.