Idurre Eskisabel: “Motibogintza eta desiogintza landu behar ditugu euskaran”
Idurre Eskisabel Larrañaga joan den urte amaieran hautatu zuten Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi. Harekin hitz egin dugu euskararen biziberritzeaz, Batuz Aldatuz dinamikaz eta esku artean dituzten erronkez, besteak beste.
Ongi etorri TTAPera, Idurre.
Eskerrik asko.
Duela hilabete batzuk pasa dira Euskara Erakundeen Kontseiluko idazkaritza nagusia kargua hartu duzula; tamaina hartu diozu?
Tamaina hartzen ari naizela esango nuke. Azaroaren erdialdean hasi nintzen lan berrira egokitzen eta abenduaren hasieran egin genuen kargu aldaketa. Beraz, hilabete batzuk pasa dira, baina nire sentipena da oraintxe izan dela. Lan eta ardura berri honek ardatz bat eta oso finkoa dauka, baina ardatz horretatik adar asko ateratzen dira, eta horren guztiaren panorama egokia egitea ez da erraza.
Paul Bilbaoren itzala ere luzea da, ezta?
Bai. Esan behar dut Paul Bilbaok merezita duela itzal luzea izatea. Azpimarratu nahi dut oso eskertuta nagoela Pauli trantsizio honetan eman didan laguntzagatik. Oso. Ikaragarri ari zait laguntzen; hori bai, egiten dizkiodan galderei ez die nik nahi adinako zabaltasunez erantzuten. Nik informazioa jaso nahi dut eta hark zertzelada nagusiak ematen dizkit, baina ia beti hauxe esaten dit: “Ez dizut gehiago kontatuko, ez zaitut-eta baldintzatu nahi”. Hori egitea oso eskuzabala izatea da, eta oso aberasgarria niretzat.
Euskararen biziberritzearen gaur egungo egoera zein da?
Gure egiteko nagusia euskararen biziberritze prozesuan eragitea da. Hainbat bazkidek osatzen dute Kontseilua. Euskalgintza askotarikoa da eta bazkideak ere askotarikoak ditugu, baina denok ardatz horretan kokatzen gara. Nondik gatozen badakigu, non gauden adostasun bat badagoela uste dut; hau da, zergatik gauden edo sentitzen garen motel. Oztopo eta ezinen diagnostiko horretan bateratasun handia dago, eta ez da gutxi, abiaburu ona delako aurrera egiteko. Zailtasun gehiago ditugu aurrera begira: alde batetik, noranzko zehatzak zehazten eta asmatzen; eta bestetik, behar ditugun baliabideetara iristen ere.
Batuz Aldatuz dinamika martxan duzue.
Batuz Aldatuz dinamika Kontseiluak azken urteetan duen proiektu nagusia da, gogoeta baten ondorio dena, euskararen biziberritze prozesuan eragin nahi duena. Aurrera egiteko zer behar den noranzkoak markatze horretan Kontseiluak ondorioztatu zuen adostasun sozialak lantzea eta zabaltzea ezinbestekoa dela prozesu horretan aurrera egiteko. Hainbat eragile sozialekin oinarrizko adostasun batzuk ezarri nahi ditugu. Horietako bat euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzea da, eta bestea, euskararen erabilerarako espazio erosoak sortzea; hau da, euskaldunontzat bizitza bizigarriak eratzen hastea. Momentu honetan 113 eragile daude engaiatuta dinamika horretan. Esan bezala, batzuk euskalgintzako kideak dira, baina badira euskalgintza kanpokoak ere, eta haiek ere askotarikoak: Athletic Fundazioa, Erizainen Elkargoa, elkarte feministak, migratuekin lan egiten duten elkarteak… Hau da, gure gizartearen askotarikotasun hori islatzen duten erakundeak dira. Badakigu euskararen biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu luzea dela, eta horretarako beharrezkoa ikusten ditugun adostasun eta oinarri sozial sendo horiek jartzen joan behar dugu.
Erraza da adostasun horietan ados jartzea?
Batuz Aldatuz dinamikarekin dugun erronka handienetako bat horixe da. Badugu akordio soziala abiaburuan, baina uste dugu akordio sozial horiek politiko ere bihurtu behar dutela. Hau da, euskararen biziberritzea gauzatuko bada, adostasun sozial horietatik akordio politikoetara iristea oso garrantzitsua da. Hamahiru eragilez osatutako Talde Eragile bat dago, askotarikotasun hori bere baitan hartzen duena. Momentu honetan daukagun lana, bi ardatz horietatik abiatuta, proposamen politiko izatera zer irits daitekeen zehaztea da. Goazen aletzera zer esan nahi duen ezagutzaren unibertsalizazioak eta zer esan nahi duen erabilerako espazio erosoak sortzeak.
“Euskararen biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu luzea da”
Euskararen biziberritze prozesu horretan Euskal Herria hiru administraziotan banatuta egoteak ez ditu lanak erraztuko.
Ez, ez ditu errazten. Hemen gurutzatzen dira administrazio eta politika publiko desberdinak. Horretaz gain, oraindik Euskal Herriko zati gehienetan euskarak ofizialtasun estatusik ez du. EAEn bai, Nafarroako zati batean bai, baina Ipar Euskal Herrian ez. Azken horretan ikusten ari gara hango ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubiderik ez dutela, eta egoera absurdoak daude: ikasleak protestan ikustea azterketak egiteko! Egia da oso borroka polita dela, Seaskak dinamika indartsua jarri duelako martxan, baina oso oinarrizko eskubide batez ari gara.
Ipar Euskal Herrian gazteak euskararen alde mugitzen ari dira.
Ipar Euskal Herrian gauza interesgarri asko gertatzen ari dira. Ziur aski, erreferentzialtasun kulturaren aldetik, gazteen bizipen batzuk Hego Euskal Herriko gazteena baino sendoagoak dira. Horren kausa aztertzera bagoaz, tamalez ez da ona. Minorizazio eta estutasun egoera horrek, nolabait, behartzen ditu gazte horiek kontzientzia-hartze handia hartzera. Hala ere, esango nuke Euskal Herri mailan ere oso gauza interesgarriak egiten ari direla. Euskalgintzari dagokionez, 2022ko albiste onenetako bat izan zen gazte euskaltzaleen sarearen sorrera, eta hor dago hezkuntzak euskaraz izan behar duela aldarrikatzeko mobilizazioa ere.
Gehiegi eskatzen diegu gazteei?
Gazteei buruz hitz egiten dugunean, ulertu behar dugu beraien testuingurua guk izan genuenetik oso desberdina dela. Hasteko, aurreko belaunaldiekin alderatuta, hizkuntza gehiago dakizkite portzentualki. Baina, batez ere, ia denek ingelesaren ezagutza dute, eta guk izan ez genuen bizipen bat hizkuntza horrekin. Gure garaian ingelesa ez genuen eskura. Kasetetako letrak asmatzen ibiltzen ginen eta musika aldizkariak Londrestik beste norbaitek ekartzen zizkigun. Hau da, urrun geratzen zitzaigun. Gaur egun, berriz, dena daukate une oro, toki guztietan, mugikorra tarteko. Ingelesa gorpuztutako hizkuntza bat da gazteentzat. Euskararen aldeko hautua egiteko motiboak eduki behar dira eta motibo horiek sortu egin behar dira. Eta motiboak sozialki eta politikoki sortzen dira. Nola? Hizkuntzei balio sinbolikoa emanez, prestigioa emanez, dibertsioa eta entretenimendurako tresnak eskainiz… Izan ere, gauza bat da ezagutza ematea eta beste bat da erabilerara jauzi egitea. XXII. mendera begira, motibogintza eta desiogintza landu behar ditugu. Beste herrialde batzuetan beraien hizkuntzan asko ari direla inbertitzen ikusten ari gara. Adibidez, Frantziak kuotak jartzen dizkio frantsesezko ekoizpen guztiari, eta kapital sinbolikoan inbertitzen ari dira, entretenimenduaren industrian, kulturan,… Eta gu horretan hankamotz gabiltza.
Euskararen kontrako oldarraldia daukagu gainean.
Nik esango nuke ozenduta dabiltzala azken boladan. Oldarraldi judiziala deitzen diogu, administrazio publikoko enpleguari dagokionez adostutako politiken kontrara doazen epaiak etorri direlako. Ematen du administrazio publikoan aritzeko euskaltzainak izan behar dugula! Baina gero, enplegu deialdiak ongi aztertzen baditugu, ikusten dugu hizkuntza eskakizunen nondik norako guztia arautua eta errealitate soziolinguistikora egokitua dagoela eta, gainera, kontsentsua dutela. Nire ustez, gainera, kontsentsu horiek berrikusi beharko genituzke, kontrako noranzkoan. Baina epai horiek urratu egiten dituzte kontsentsuak. Oldarraldi judiziala badago, baina baita oldarraldi mediatikoa ere. Nola esplikatzen zaio hori guztia iritzi publikoari? Hizkuntzen politiken eztabaida dikotomia faltsu batera eraman da: langile eskubideak versus hizkuntza eskubideak. Mediku onaren ala euskaldunaren aldaera berri baten aurrean gaude. Asko sartzen ari den diskurtso bat da eta uste dut euskalgintzatik, zoritxarrez, ez dugula behar adina landu horren aurkako erantzun pedagogiko bat.
“Mediku onaren ala euskaldunaren aldaera berri baten aurrean gaude“
Zein dira Kontseiluaren une honetako erronkak?
Alde batetik, Batuz Aldatuz dinamikan adostasun sozial horietan sakontzea akordio politiko horiek norabidetzeko. Horrek badauka bere adierazpen zehatza Nafarroan. Martxan jarri dugu ofizialtasunaren eskaria berrekartzeko ekimena. Alegia, ofizialtasuna ez dela euskaldunei edo euskaltzaleei bakarrik dagokigun zerbait, baizik eta bizikidetza eta justizia sozialeko arazo bat dela, eta, beraz, gizartegintzan eta termino demokratikoetan ari den edonori dagokion zerbait dela. Adostasun hori bilatu nahiko genuke Nafarroako eragileen artean. Bestetik, zoritxarrez, atzera begira jartzen gaituzte oldarraldi judizialek, eta nahiz eta ez den egin nahiko genukeen lan bat, saihets egin ezin diogun zerbait da. Azkenik, oso ondo pentsatu behar dugu gurea bezalako hizkuntza gutxitu batek nola eutsi diezaiokeen hizkuntza anitzeko testuinguru horretan. Motibogintzaren eta desiogintzaren lanketa ere garrantzitsua izango da.
Indarguneak ere baditu euskararen biziberritzeak.
Bai; bestela, zu eta biok ez ginen hemen egongo. Alor pertsonalean milaka euskaldunek konta dezakete euskarak zer-nolako poza ematen dien. Gutxitutako hizkuntza komunitateko kideok, gero eta aldrebesago ikusten dugun mundu honen etorkizunera begira, zeresana badugula uste dut. Izan ere, mundu eta jendarte mendebaldar hau ez da oso bizigarria. Globalizazioak sekulako homogeneizazioa ekarri du: aberatsak gero eta aberatsago dira, pobreak gero eta pobreago eta hizkuntza nagusia nagusiago eta txikiak gero eta ahulago. Gaur egun hizkuntza dibertsitatearen alde egitea joera horretan arrakala bat sortzea da.