Ibon Larrinaga: “Nire ezizena ‘Pura vida’ da, hori delako niretzat boxeoa”
Azkue Fundazioaren egoitzan elkartu dira Ibon Larrinaga boxeolaria eta Aiert Arieta-araunabeña kazetaria. Boxeoak Euskal Herrian bizi duen loraldiaren gainean, aitatasunaren gainean eta etorkizunean izango dituen erronken gainean berba egin dute, besteak beste.
Zelan doa aitatasuna eta bizimodu berria?
Oso ondo. Ezberdina, baina polita.
Zerk ematen du errespetu handiagoa? Ringera igo eta beste boxeolari batekin parez pare jartzeak ala Oinatz eduki izanak?
Umea oso ondo portatzen da; beraz, momentuz, ring kontuak jarraitzen du gogorragoa izaten. Kar, kar, kar.
Esaten dute aitatasunak aldatu egiten gaituela. Boxeolari bezala ezertan aldatu zaitu?
Boxeolari bezala beti eman izan dizkiet buelta asko gauzei eta Oinatz jaio denetik bueltak eman dizkiet gauzei, baina zentzu batekin. Oinatz jaio eta gutxira, borroka bat prestatu behar izan nuen, Kerman Los Angelesera joan zen eta ia bakarrik entrenatzea tokatu zitzaidan. Orduan, bueltak eman nizkion, baina entrenamenduari zentzua topatzeko, denbora topera aprobetxatzeko eta umearekin ahalik eta denbora gehien pasa ahal izateko. Nire buruari esaten nion: “Zer landu behar dut? Non egiten ditut akatsak? Zergatik? Eta horrela hobetuko ditut”. Zentzua eman diot boxeoari.
Eta kontziliazioa posible da? Landu beharrekoa lantzeko nola moldatzen zara?
Ondo, nire bikotekideari esker. Iratiri esker. Nik lan gutxiago egiten dut, berak hartu du lanaren karga nagusia. Amatasun baja amaitu zaio eta egunero doa lanera eta nik entrenatu eta umearekin egoteko espazio hori daukat. Beragatik ez balitz, konplikatua litzateke.
Izan ere, zu profesionala zara. Horrek esan nahi du egunean, astean, ordu nahikotxo eskaini behar dizkiozula zure burua ondo entrenatzeari. Zenbat, denetara?
Asteko zazpi egunak ez, baina sei bai. Goiz eta arratsalde. Bi ordu goizean eta beste bi arratsaldean. Jardunaldi erdia da, baina horri, tokira joan, prestatu eta handik etortzea gehitu behar zaio. Bost ordu bai, behintzat. Saiatzen gara denbora ekonomizatzen eta bi entrenamenduak baten egiten, edo fisikoa tokatzen denean etxe ingurutik korrika egitera atera eta ordubetean bueltan egon naiteke… Batzuetan, moztu egiten dut lan jardunaldia, baina denbora da.
Boxeoa ukabilkadak ematea besterik ez dela uste dutenentzat, zer landu behar du boxeolari batek?
Fisikoa oso garrantzitsua da, baina askok uste dute boxeoa fisikoa bakarrik dela, eta ez da horrela. Teknika asko landu behar da eta burua ere bai. Boxeoa oso psikologikoa da. Askotan, ondo zauden itxura eman behar duzu gaizki zaudenean, edo porrot baten ostean, altxatu beharra dago. Eta alderantziz ere bai. Garaipenak errenkadan lortu ostean oinak lurrean mantentzeko burua landu egin behar da. Horrez gain, janaria ere kontrolatu beharra dago. Gu pisu zehatz batzuen barruan lehiatzen gara eta hori ere zaindu egin behar da. Gauza asko landu behar ditu boxeolariak. Kolpeak ematea bakarrik dela pentsatzen dutenentzat argibide bat: gaur egungo boxeolari onenak teknika eta defentsa onena dituztenak dira. Vasyl Lomachenko orain edo Floyd Mayweather duela urte batzuk, ez ziren oso boxeolari erasokorrak. Teknikan eta defentsan oinarritzen dute euren boxeoa.
Burua lantzea aipatu duzu eta zure sare sozialetan ikusi dut esaldi motibazionalak jarri ohi dituzula. Asko lantzen duzun alor bat da?
Bai. Beti esaten dut nire karreran gakoak izan direla motibazioa eta konstantzia. Konstantzia egun batetik bestera ez delako lortzen, jarraipena behar delako. Eta motibazioa, jarraipen hori eduki ahal izateko. Egunero altxatzeko. Askotan, nekatuta zaude, edo gose zara, edo nahiago duzu semearekin, bikotekidearekin edo lagunekin egon. Pintxo-potera jaitsi nahiko zenuke, baina ezin duzu, eta une horietan motibazioa ezinbestekoa da zure helburua lortzeko. Hori gabe, asko dira bidean geratu direnak.
Esaldiren bat beti gogoan daukazuna?
Beti dut buruan “lan eginez goaz aurrera” esaldia, aurrerapausoak lan eginez emango ditudala gogoratzeko; eta baita “ametsak egia bihurtzen” ere. Honetan hasi nintzenetik ametsak izan ditut; aldatzen joan dira, baina hor jarraitzen dute, eta lortu arte amestu egin behar da.
Motibazioaz eta burua lantzeaz aparte, elikadura ere aipatu duzu. Pisu jakin batean mantendu behar duzue, kategoriak ere horren araberakoak direlako. Nola funtzionatzen du horrek eta zu ze pisutan zaude uneotan?
Ni gaur egun 64 kilotan nago eta pisaketa egunean 59 kilo eman behar ditut. Metro eta hirurogeita hamahiru zentimetro neurtzen dut nik, nahiko pisu baxua da altuera horretarako. Adinarekin, gainera, gero eta muskulatuago zaude, eta, ondorioz, hartzen dituzun kaloriak neurtu egin behar dituzu, konstantzia behar da. Hori bai, kontua izan behar da eta profesionalen laguntzarekin egin. Nik pisu asko jaisten nuen. Titulua lortu nuenean, berrogeita hamabost kilo eman nituen pisaketan, berrogeita hamabost kilo eta ehun gramo, eta hurrengo egunerako hirurogei kilo izango nituen. Bost kilo egun batetik bestera…
Eta gorabehera hori ez da kaltegarria gorputzarentzat?
Bai. Lehiaketa ez da sanoa, lesiboa da. Boxeo eskolak ematen ditut eta nik lepoa lantzeko egiten ditudan ariketak ez ditut nire ikasleekin egiten. Eurek osasuntsu mantentzeko egiten dute kirola; boxeoa praktikatzea oso osasuntsua da, baina lehiaketa ez hainbeste. Ariketa batzuk, lan kargak, pisu aldaketak… lesiboak dira gorputzarentzat, eta ez bakarrik boxeoaren kasuan, beste kirol batzuetan ere bai. Egunero bost, sei, zazpi ordu entrenatzea ez da ona.
Baina, adibidez, zure borroka aurreko astean zehar zer jaten duzu?
Hidratoak; hau da, arrozak, zerealak, patatak, eta abar… guztiz edo ia guztiz kentzen ditut, eta proteinak eta grasa osasungarri gutxi batzuk bakarrik hartzen ditut. Gero, pisaketa aurreko egunetik, likidoak ere kentzen ditut. Beraz, ura kentzen baduzu, gimnasiora bazoaz, tapatzen bazara eta ordubetez korrika egiten baduzu, bi kilo kentzen dituzu. Baina pisaketa ostean ura edanda berreskuratzen diren bi kilo dira. Ez dira errealak. Horregatik, niretzat 59 kilo oso gutxi dela esaten didatenean, hori kontuan hartu behar da: entrenamenduekin hiru kilo galtzen ditudala eta beste biak ura edanda berehala berreskuratzen ditudala.
“Boxeoa oso osasuntsua da kirola egiteko, baina lehiatzeko ez hainbeste”
Bide batez, esan didate sare sozialetara zure gosarien bideoak igotzen dituzula…
Egia esan, oso lotsatia naiz zentzu horretan, baina boxeolariek ez daukagu hedabideetan beste kirol batzuek duten jarraipena, eta boxeoa jarraitzen dutenek gure berri izateko sare sozialetatik jarraitu behar gaituzte. Horregatik, egunero igotzen dut gosaltzen dudana, gimnasioan ere bideoak grabatzen ditut… eta, lotsatia izan arren, neure burua behartzen dut, zaleek merezi dutelako urte osoan zehar gure berri izatea, eta ez soilik urtean lau alditan, borroka daukagunean bakarrik.
Lehen aipatu duzu boxeoa lesiboa dela, eta horretaz galdetu nahi dizut aurrera jarraitu aurretik. Etorkizunean ondorio fisikoren bat izateak arduratzen zaitu?
Ez gehiegi. Buru arazoei dagokienez, esaterako, nik ez ditut kolpe asko jasotzen. Nire boxeoa oso dinamikoa da, asko mugitzen naiz eta defentsa asko lantzen saiatzen naiz. Berez, borrokatzen baino kolpe gogorragoak hartzen dira entrenatzen. Baina ez nau arduratzen. Okerragoa da lagun batekin edo bikotekidearekin dituzun arazoak ez konpontzea, edo senide baten heriotzak eragindako dolua ez gainditzea. Horri buruan bueltak ematea latzagoa iruditzen zait kolpeak hartzea baino. Boxeoan nabilenetik, gainera, fisikoki oso ondo sentitzen naiz. Lehen, futbolean aritzen nintzen eta askoz lesio gehiago izaten nituen. Orain, ubelduren bat, asko jota.
Lehengora itzulita, esan duzu lotsatia zarela, baina zaleek zure berri izateko sare sozialetan edukiak eskegitzen dituzula. Baina zure garaian, norengan fijatu zinen? Nola hasi zinen boxeoan?
Futbolean jokatzen tibia eta peronea hautsi nituen, eta lesionaturik nengoela lagun batek esan zidan gimnasioan boxeo eskolak ematen zituztela eta biok elkarrekin joan gintezkeela. Niri beti gustatu izan zait kirola egitea, korrika egitea, pisuak altxatzea… eta probatu egin nuen. Garai hartan, ez zegoen erreferente handirik ez Bizkaian, ez Euskal Herrian ez eta Estatu mailan ere. ETB1eko Boxeo izarrak saioa ikusten nuen ostiral gauetan, eta, askorik ulertzen ez nuen arren, gustatu egin zitzaidan. Horregatik, orain, boxeo eskolak ematen ditudanean, boxeoa azaltzea gustatzen zait. Praktikatze hutsaz gain, nik ulertzen dudan bezala, zientzia bat bezala erakusten saiatzen naiz.
Zientzia bat?
Boxeoan mugimendu zehatz batzuk daude. Guardia daramazunean, adibidez, norbere anatomiaren arabera gorputzak jarrera bat edo beste hartzen du. Ematen dituzun kolpeek ere arrazoi bat dute, ukondoen posizioak, eskumuturraren mugimenduak… Horri guztiari funtsa topatzen saiatzen naiz eta borroka bat ikusten dudanean, mundu guztiak ikusten duenaz aparte, elkarri kolpeka ari direla ikusteaz aparte, mugimenduen arrazoia ulertzen saiatzen naiz eta nire ikasleei ere hori azaltzen diet.
Boxeoaren munduan kondaira asko dago. Jende arazotsuak praktikatzen duen indarkeriazko kirol bat bezala ikusi izan da askotan. Zenbat dauka horrek egiatik?
Izan daiteke duela urte batzuk auzo marjinaletatik boxeolari gehiago atera izana, erraztasunik ez daukazunean gehiago borrokatzen delako ametsak lortzeko. Thomas Hearns munduko txapeldun izandakoak zioen munduko txapeldun izan eta zetazko izara artean esnatzen zarenean gehiago kostatzen dela goizeko seietan korrika egitera irtetea. Erraztasunak dituzunean, gehiago kostatzen da euritan korrika egitera ateratzea, edo hamabi round beharrean hamabostera borroka egitea, edo etxera jipoituta itzultzea. Erraztasun horiek ez dituztenek motibazio handiagoa izaten dute gora heltzeko, baina gaur egun, denetarik dago. Aurrekoan 23 urterekin munduko txapeldun izendatu zen Devin Haney, adibidez, Las Vegasen jaioa da eta nik Athletic jarraitu izan dudan bezala jarraitu izan du berak beti boxeoa. Denetarik dago. Baina egia da erakargarriagoa dela Bronxen jaio eta ahora ezer eramatekorik gabe munduko onena izatera eta Los Angelesko auzo aberats batean bizitzera iristen den boxeolariaren istorioa.
Zure ibilbide profesionala 2016an hasi zen, eta ibilbide horretako mugarri batzuk errepasatu behar ditugu orain, baina hasteko, zergatik zara Ibon Pura vida Larrinaga?
Boxeoan badirudi ezizena jarri behar dizutela, nahi eta nahi ez. Ni Ibon Larrinaga nintzen eta ez nuen besterik behar, baina diamante deitzen hasi ziren; gero, pretty boy… eta nik ez nuen horrelakorik nahi. Behin galdetu zidaten ea niretzat boxeoa zer den, eta “pura vida”erantzun nuen. Oso boxeo dinamikoa daukat, asko mugitzen naiz, eta gimnasiotik irtetean hori sentitzen dut, pura vida. Hortik atera zuten, eta eskerrak!
Tira, pretty boy-k ere badu bere gantxoa…
Bai, bai; kar, kar, kar. Beste boxeolari batzuek erabili izan dute ezizen hori. Pura vida, nik dakidala, beste inork ez.
Goazen zure ibilbide profesionalaren errepasoarekin. Lehen data: 2016ko apirilaren 16a. Zure debuta, Bizkaia frontoian. Zer gogoratzen duzu egun hartatik?
Gogoratzen dut borrokan zehar, ez dakit zenbatgarren roundean, izkinara joan nintzenean “bukatu hau” esan zidatela. Amateur mailan puntuaketa da gakoa, aurkaria ukitzea, nire pisuan KO bat gutxitan ikusten da. Nik beti esgrimarekin parekatzen dut. Baina profesionaletan kolpeek min ematen dute, eskularruak txikiagoak dira. Aurkaria odoletan neukan, zenbaketa bat egina zioten ordurako eta, izkinara gerturatu nintzenetako batean, “bukatu honekin berehala” esan zidaten. Kerman Lejarraga behean eserita zegoen eta gibela bilatzeko esan zidan. Atera, bat-bikoa gibelean eman eta lurrera bota nuen. Nire lehen knock out-a izan zen.
Bigarren data, zure lehen titulua, 2017ko maiatzaren 12an Arroxelan, Frantzian.
Nire zortzigarren borroka izan zen profesionaletan. Zazpi egin dituzunean tituluagatik borrokatu zaitezke, eta Mediterraneoko titulua jokatzeko aukera eskaini zidaten Arroxelan, etxetik kanpo. Boxeoan etxean edo kanpoan aritu alde handia dago, publikoak epaileen erabakian eragina izan dezakeelako. Baina egun hartan gogoratzen dut borroka aurretik anaiarekin hizketan egon nintzela eta, gero, nire bikotekidea anaiarengana gerturatu zela ea nola ikusten ninduen galdetzera. “Oso argi dauka irabazi egingo duela”, erantzun zion anaiak, eta hala izan zen.
Hurrengo mugarria. Zure lehen aldia Ameriketako Estatu Batuetan, Madison Square Garden-en. Ahaztezina izango zen…
Bai, bai. Meditarraneoko tituluaren errebantxa galdu, hurrengo borroka irabazi eta, errekor ona neukanez, aukera sortu zen. Aste Santua zen eta promotoretik deitu ninduten New Yorkera joateko aukera geneukala esateko. Boxeolariontzat Madison futbolari batentzat Maracana edo Anfield bezala da.
Toki mitikoa
Bi daude beste guztien gainetik, Madison Square Garden eta Las Vegasko MGM. Ea joango ote nintzen galdetu zidaten, eta nik: “Nor da aurkaria? Zenbat round?”. Zortzi round ziren Michael Conlanen aurka, amateurretan munduko txapeldun eta birritan olinpiarra izana, behin brontzea lortutakoa. Madison ezagutzeko aukera hutsagatik joan beharra zegoen, eta joan nintzen. Hegazkina hartu, New Yorka iritsi, aste osoa han pasa… ikaragarria izan zen. Borroka, gainera, ondo atera zen. Mundu guztiak espero zuen nik KO bidez galtzea. Conlanek zazpi borroka zituen eginak eta sei KOz irabaziak. Azkenean, puntuetara galdu nuen, baina borroka polita eginda eta maila emanda. Oso oroitzapen polita daukat.
Azkena. Lehen esan duzu etxean edo kanpoan borrokatu alde handia dagoela, eta horregatik pentsatzen dut iaz azaroaren 17an BECen jokatu zenuen Espainiako txapelketa galdu izanak bereziki emango zizula min, ezta?
Borroka baino bi hilabete eta erdi lehenago, hirurogeita hamahiru kilo eta erditan nengoen eta titulua berrogeita hamazazpi kilotan zen. Hamasei kilo eta erdi kendu behar izan nituen. Boxeolari asko egiteko gai dira, eta nik ondo nengoela sinetsita jaitsi nituen. Esan dizut lehen zeinen garrantzitsua den burua, baina nire gorputzarentzat gehiegi zen hainbeste kilo kentzea, eta borrokara guztiz desentxufatuta atera nintzen. Ez nuen borrokan sartzea lortu eta galdu egin nuen. Etxean borrokatu eta egindako lan guztia ezin erakusteak min eman zidan, bai. Ez galtzeagatik, emandako irudiagatik baizik.
Horren ostean, bi borroka egin dituzu aurten eta biak irabazi. Porrot mingarri hark ezer aldatzeko balio izan zizun?
Bai. Normalean, porrotek hori dakarte, gauzei buelta pare bat ematea. Garaipenen ondoren ere hala beharko luke, baina porrotekin egin ohi dugu. Akatsa zein izan zen aztertu nuen, eta aldaketa batzuk egitea erabaki: Alde batetik, pisuz igotzea, berrogeita hamazazpi kilo gutxiegi direlako niretzat. Eta bestetik, fisikoa lantzeko modua aldatu nuen. Lehen, pisu asko altxatzen nuen, crossfit moduko bat egiten nuen. Baina konturatu nintzen entrenamendu funtzionalagoa behar nuela, boxeora zuzendutako mugimenduetan oinarritua. Prestatzaile fisikoa aldatu nuen, aurrekoarekin oso harreman ona izaten jarraitzen dudan arren, eta egiten nuen lanari arrazoi bat topatzen hasi nintzen. Teknika batzuk aldatzeko balio izan zidan, eta boxeoa ulertzeko moduari ere beste norabide bat eman nion, erasokorragoa eta indartsuagoa sentitzeko.
Zein da Ibon berri horren hurrengo erronka?
Etxean galdu nuen titulu hori berriro hemen jokatzea, berrogeita hamazazpi kilotan egin beharrean berrogeita hemeretzitan, luman beharrean superluma mailan, eta irabaztea. Hortik aurrera, nork daki? Lan eginez aurrera, ametsak egia bihurtzen.