Ibon Gaztañazpi: “Arraunak ikaragarri eman dit, baina baita kendu ere”

Arraunlari, entrenatzaile, eta orain iritzi emaile Euskal Telebistan, arraun estropadetan. Ez du aditutzat bere burua, ezta adiktotzat ere, baina onartu du pasioarekin bizi duela kirol hau. Ezin zuen bestela izan, oriotarra baita Ibon Gaztañazpi, eta Orion arrauna zer den kontu jakina da. Hastear da traineru denboraldia, eta igarle lanetan aritu zaigu oriotarra. Urtero bezala, aparteko irrikaz dago traineruak lehian ikusteko.

Arraunean aritua eta arraun aditua. Arraun adiktoa ere bai?

Gogor hasi gara elkarrizketa. Aritua bai, nazkatu arte. 11 urterekin hasi eta 22 denboraldiz arraunean, ez denak segidan, urte batean ikastera joan nintzelako Ingalaterrara. 20 urte Orion egin nituen, eta beste biak Santurtzin. Aditua esatea ez zait askorik gustatzen, oro har zenbat eta gehiago jakin zerbaiten inguruan, geure mugaren gainean jartzen gaituelako, eta nik badakit ez naizela aditua; beste batzuk dira: Korta, Salsamendi, Orbañanos, Joseba Fernandez, Zabala, Makazaga eta beste garai bateko beste hainbat. Azkenik, adiktoa naizenik ez dakit. Kirol honekin badaukagu zerbait. Guk Orion txiki-txikitatik bizi izan genuen Kortaren aroa, eta oso barruan eraman dugu hori guztia. Arraunak ikaragarri eman dit, baina baita kendu ere. Nire bizitzako eztabaida eta haserre handienak eta gordinenak arrauna tartean zela izan ditut. Zenbait etxetan politikarekin gerta daitekeena, Hondarribian alardearekin, eta abar, guri Orion arraunarekin gertatu izan zaigu.

Orion arrauna dena baita, edo ia dena.

Bai. Gure kuadrillan denok arraunlariak izan, eta ez genuen arraunaz hitz egiten, elkarrekin ez haserretzeko, eta ez naiz ari egun bateko haserre txikiaz. Orduan, maitasun-gorroto erlazioa daukat arraunarekin, eta gaur egun ez dut esango kanpotik bizi dudanik, eta Orion bizi izanda hori ezinezkoa da kasik. Gainera, 10 urteko alaba zer eta arraunean hasi da. Hitzerdirik esan gabe guk, bera hasi. Lanean ere, Kazetaritza bukatu, prentsan ekin, gero telebistara, albistegietan-eta jardun, eta bueltaka-bueltaka, arraunean bukatu dut. Azkenik, adiktoa ez dakit, baina pasioarekin bizi dudala, bai. Urruntze bat eskatzen du arraunak, eta neguan hartzen dut nik distantzia hori. Udan barrutik bizitzen dut telebistan, kazetari moduan, eta saiatzen naiz emozionalki tarte handi bat hartzen. Hala ere, orratza sartuz gero, atera egiten zaigu.

Oriok 2017an Kontxako Bandera irabazi zuenean lortu zenuen tarte edo distantzia hori hartzea?

Ez. Orioko jendeak, eta gertukoez ari naiz, esan izan dit hitz politak Orioren alde esaten azkena naizela, eta hori omen da distantzia gehien Oriorekin hartzen dudalako. Saiatzen naiz talde guztiekin berdina izaten, baina ezinezkoa da, pertsonak garelako azkenean. Justu egun horretan, lehendabiziko aldiz 2011n arrauna ematen hasi nintzenetik ETBn, kaskoak kendu eta minutu bat hartu behar izan nuen arnasa hartzeko, uda edan eta lepoaldea bustitzeko, aurrera segitzeko. Hau kazetari bezala oso galdera polita da: kiroletan aditua edo iruzkinak egiten dituen pertsonak esan egin behar du zein taldek nahi duen irabaztea? Askotan esaten dut baietz, esan egin beharko genukeela, sinesgarritasuna irabaziko genuelako hala eginez gero, baina bestetan, ezezkoa ateratzen zait, denentzat ari naizelako hizketan, ikusten dudana kontatuz.

Hastear da traineru denboraldia, eta zer traza hartzen diozu?

Eusko Label ligan, azken urte luze hauetan ikusten da Urdaibairen eta Hondarribiaren arteko lehia dagoela, garai batean pasaitarren artekoa edo Castroren eta Astilleroren artekoa izan zen bezala. Erreferentziak izango dira aurten ere. Urdaibai gutxi ikusi dugu neguan, eta, prestakuntza garaiko Hondarribiaren emaitzak bakarrik aztertuta, kaskarragoak izan dira aurreko urtekoen aldean, baina, hala ere, puntan ikusten ditut. Oriok aldaketak izan ditu, eta haren kotizazioa asko igo da neguan. Aldaketa sakonak izan diren urteetan, Orio ondo ibili izan da historikoki. Ikaragarri ibili da traineru jaitsieretan, eta udako emaitzekin, askotan, lotura zuzena izaten dute emaitza horiek, eta Orioko zaleak badu itxaropena uda honetarako. Zierbenan ere iraultza izan da, eta uste dut iaz hainbeste ibiltzea kostako zaiola, asko ibili zelako, baina puntan ikusten dut, Zunzunegi entrenatzaileak sekulako konfiantza ematen didalako. Puntako arraunlaria izan zen, eta entrenatzaile lanean ere bide berean doa. Santurtzik eta Donostiarrak iaz egin zuten debuta Eusko Label ligan, eta esango nuke bizkaitarrek aho zapore gozoagoarekin amaitu zutela. Neguko emaitzak ikusita, nabarmen egin du gora Santurtziren kotizazioak uda honetarako, eta banderen lehian ikusten dut ohorezko txandan. Donostiarraren neguko erreferentziak hartzen baditugu, Santurtzi-eta baino gutxiago ibili da, baina ondo indartu da, eta teoriak esaten du hori egin duen taldeak aukera duela ondo ibiltzeko, baina hau ez da matematika. Sei aurrenekoetan ikusten dut, eta maila onena ematen duenean ohorezko txandan ibiliko da. Cabo ere asko eraberritu da, baina ez du arazorik izango mailari eusteko, nahiz eta ez diodan ikusten iazko distirarik. Ondarroa ere oso ondo ikusten dut, eta azken urteetan egiten ari dena oso txalogarria da. Mailari eustea lasai ari da lortzen, eta aurten ere ez luke arazorik izan behar. Nabarmenduko nuke Iñaki Errasi egiten ari den lana taldearekin, denak elkartuta eta bat eginda baitoaz.

“Arraunak sekulako oihartzuna hartu du kanpora begira”

Zortzi talde aipatu dituzu, eta gainontzeko lauren inguruan zer daukazu esateko?

Uste dut nahigabe sailkapeneko nire hurrenkeran ari naizela izendatzen taldeak, eta horri segika, San Pedroren txanda da orain. Azken urteetan zuloan ikusten genuen, baina erakutsi dute Arostegik eta taldeak sekulako gaitasuna. Alderaketak egiten hasita, Aitor Baldaren San Pedro harekin parekatuko dut: uztaileko estropadetan, dagoeneko, 38 pala kolpe minutuko erritmoan jarri, eta lan  egin, ea zein den gai jarraitzeko. Udazkenean bazen kezka taldean udara begira, iazko arraunlari askok utzi zutelako taldea, baina orain sekulako jaikialdia hartu dute. Ingurura begiratuko dute, eta bi txarragoak egon daitezkeela pentsatu, udazkenean ezinezkoa zirudiena. Isuntzaren berri handirik ez dut, gutxiago ikusi dugulako azken urteetan, ez delako goiko ligan ibili. Baina iaz, sekulako igoera kanporaketa egin zuen, eta Osertz Aldai entrenatzailearen bereizgarria izaten ari da egun seinalatuetan taldea ondo ibilarazteko gaitasuna ari dela erakusten. Kezka handiagoa edo galdera ikur susmagarriena Kaikuri jarriko nioke. Urruti ibili da neguan beste taldeetatik, eta, batez ere, entrenatzaile aldaketa izan du. Joan dena ez da edozein, badakigulako zein ibili den hor, bere argi eta ilunekin. Salbatzeko arazorik ez zuen izan iaz, urterik txarrenean, eta hori Kortak sortu zuen. Erabateko etena eta haustura da aurtengoa horretatik, eta neguko emaitzak ikusita, kezkatzeko motiboak eragin ditu. Azkenik, Astillero geratzen zait. Neguko jaitsieretan nola ibili den badakigu, iaz justu-justu igo zen, entrenatzailea ere berria da liga nagusian, eta gero, azken urte hauetan ikusi duguna izan da zenbateko koska dagoen goitik behera. Behetik datozen talde gehienei ikaragarri kostatzen zaie, lehiaketaren erritmo maila oso ezberdina delako Eusko Label ligan.

Euskotren ligan, emakumezkoetan, Oriok sekulako aukera du aurten.

Hala ematen du, behintzat. Azken urteetan San Juanen nagusitasuna erabatekoa izan da, haren aroa izan da, baina Oriok iaz erakutsi zuen zerbait. Falta zaio azkeneko pauso erabakigarria ematea, eta aurten San Juan ez dago, eta ikusi egin behar da egoera hori nola kudeatzen duen. Faboritoa dela ez dago batere zalantzarik, baina Arraun Lagunak ez du aparte izango. Orioren inguruan sortu den giroak aldeko haizea ematen dio, baina jakin egin behar da hori kudeatzen, ez delako erraza faborito izaera gainean eramatea. Arraun Lagunak ondo ibili zen estropada batzuetan iaz, eta trainerilletan Gipuzkoako Txapelketa irabazi dio Oriori. Donostiarra beste maila baxuago batean egongo dela uste dut. Emakumezkoetan, koskaz koska joan dira igotzen taldeak, eta hori egin zuen San Juan berak ere, baita Zumaiak ere bere garaian. Donostiarrari koska batzuk falta zaizkiola iruditzen zait. Hondarribia ikusi nahi dut, iaz jauzi handia eman zutelako, azalduz badela borondatea klubean emakumezkoekin zerbait handia egiteko. Uste dut azkena ez dela izango estropada guztietan, eta ez da arrastaka ibiliko. Epe ertain batean, oso goian ikusten dut talde hau, eta ez dakidana da bide horretan non kokatuko den aurtengo udan.

Nola dago arrauna, orokorrean?

Kirola bera ez da aldatu, baina materiala bai. Arraunak azken urteetan izan duen aldaketa handiena hau da, nire ustez: kanpora begira hartu duen oihartzuna, horrek dakarren guztiarekin. Udan egunkarietako azalean azaltzen da, telebistako audientzia datuak onak dira, eta lehen kostaldean jarraitzen zen kirola zen bezala, gaur egun barnealdeko lekuetan ere baditu jarraitzaileak. Hau datuek esaten digute. Prestaketa, ingurua, arraunlarien profila eta klubena ere aldatu egin dira. Lehen, herri kutsu handia zuen arraunak, arraunlari gehienak herrikoak edo ingurukoak izaten zirelako, eta orain, galdu egin da hori. Beste garai bateko kontua da hori. Ia inor ez da geratzen lehengo kasuistika horretan. Hizkuntzaren erabilera ere aldatu egin da, gizartean bezala, eta gero eta gaztelera gehiago entzuten da. Patroien kasua esanguratsua da alde horretatik, eta sekulako mina ematen dit. Bakoitzak gure erara bizi dugu hizkuntzaren gaia, baina min handia sentitzen dut patroiak gazteleraz entzuten ditudanean traineru barruan. Prestakuntza osoa trainerura bideratuta dago, eta jan egin du horrek aulki mugikorra, esate baterako. Traineruen Kluben Elkartearen ligak asmatu egin du gauza batzuetan, eta jaten ari da lekua, gero eta esparru zabalagoetara heltzen.