Ibon Abad: “Gure alde ilunetatik kalitatezko entretenimendua sortzen saiatzen naiz”

Aurten trilogia ilunaren hirugarren eta azken eleberria, El laberinto de Bilbao, kaleratuko du Ibon Abadek (Bilbo, 1990). Jaiotzez bilbotarra den baina aspalditik Izarran bizi den idazlea suhiltzailea eta harri-jasotzailea ere bada. Zaletasun guztiak lapikoan sartu eta nahastearekin eleberriak sortzen dituela azpimarratu du Abadek.

El laberinto de Bilbao zure hirugarren lanak noiz ikusiko du argia?

Aurten, 2025ean atera nahi dut, Durangoko Azokara trilogia osoarekin joateko. Oraindik labean daukat, baina uda pasata gustatuko litzaidake publikatzea. 

Nola definituko zenuke zure estiloa?

Uf… ez dakit nola definitu… Nahiko iluna, baina, aldi berean, borrokaz eta itxaropenez betea. Bai idazkeran, bai bizitzan; kar-kar.

2022an kaleratu zenuen lehenengo eleberria; hala ere, zenbat urte eman dituzu gaiekin eta istorioekin buruan bueltaka?

Uste dut bizitza osoa eman dudala istorioak asmatzen, errealitatetik ihes egiteko. Lehenengo liburua kaleratu arte, istorio haiek galdu egiten ziren; askotan, paperean idatzi eta gero bota egiten nituen. Lotsa, amorrua… eta ez nuela idazle izateko behar dena pentsatzen nuen. 

Eta nondik ateratzen duzu inspirazioa? Fantasia-beldurrezko alorra oso gustuko duzula argi dugu.

Kalitatezko entretenimendua gure alde ilunetatik sortzen saiatzen naiz, horrek bultzatzen eta inspiratzen nau. Artistengan, marrazkilariengan, argazkilariengan, tatuatzaileengan edo artisauak direnen lanetan arreta handia jartzen dut, eta helburu bezala gauza ederrak edo entretenigarriak sortzea merezi duela uste dut. Iluntasunetik zerbait berri eta polita garatzea. 

El escritor tatuado zara sare sozialetan; zer dira zuretzat tatuajeak?

Betidanik friki galanta izan naiz tatuajeekin. Estilo bakoitzaren historiak, tatuaje bakoitzaren esanahi historiko edo sozialak flipatzen nau. Niretzat tatuajeak artistikoki adierazteko modu bat dira; nire tatuaje bakoitzak istorio bat kontatzen du. Gorputzean dauzkadan guztien kontua galdu dut jada; kar-kar.

Harri-jasotzea beste pasio bat da zuretako; nondik datorkizu? Gaur egun badiharduzu?

19 urterekin hasi nintzen harriak jasotzen. Txikitan ez nintzen mutil indartsua, eta erronka moduan hartu nuen. Behin sartuta, kirol horren historiaz, tradizioaz eta dakarren erronkaz maitemindu nintzen. Lehen, 100 kiloko harriekin ibiltzen nintzen; gaur egun, harri handiagoekin ibiltzen naiz, eta Araban harri-jasotzaileak entrenatzen ditut. Oso pozik eta entrenatzen ditudan harri-jasotzaileez oso harro sentitzen naiz.

Arabako Harri Eskolan diharduzu; indarra hartzen ari da Araban harri-jasotzea?

Uste dut gauzak ondo egiten ari garela; hori esaten didate beste lurralde batzuetatik, behintzat. Arabako Harri Eskola sortzearen helburua Arabatik kalitatezko harri-jasotzea ateratzea da, eta gure izena kirolean bultzatzea; uste dut lortzen ari garela. Hamazazpi kide inguru gara eskolan, mutil eta neska, eta Araban zein Euskal Herri mailan lehiatzen gara txapelketetan. Eta bidean, noski, disfrutatu egiten dugu. 

Suhiltzailea, harri-jasotzailea, idazlea… Seguru ez duzula klonik?

Oxala! Ez, klonik ez, baina egunak ez dauka ordu nahikorik egin nahi ditudan gauza guztiak egiteko. Idazteko orduan, adibidez, denbora ateratzeko arazoak dauzkat, eta oposizioak prestatzeko ere gauza batzuk alde batera utzi behar izan ditut. Baina tira, ez dakit noiz arte egongo naizen mundu honetan, eta horrelako gauzek bizitza pizten didate. Gorputzak eta buruak eusten duten heinean jarraituko dut!

Egia da autobus gidari lana dela-eta Donostia, Gasteiz eta Bilboko kaleak ondo baino hobeto ezagutzen dituzula?

Kar-kar! Bai, zerbait bai! Batez ere, Donostian eta Bizkaiko Busturialdean ibili naiz. Ordu pila sartu ditut autobusean; orain dela hiru urte utzi nuen lan hori, eta oraindik autobusa gidatzen nabilela amesten dut… Asko irakatsi zidan autobusak eta errepideak. Ordu asko buruari bueltak ematen eta jendearekin hartu-emanean… Nahiz eta gogorra izan, oso eskertuta nago, lan hartan asko ikasi nuelako.

Zure liburuak zinemara eramango balira, zein zuzendari eta aktore gustatuko litzaizuke agertzea bertan?

Ostra, ze ona! Ba, zuzendari egokia, Tim Burton edo Alex de la Iglesia. Eta aktorea… nire liburuetako antagonista Morowa da, sorgin nagusia, eta beti Najwa Nimri edo Rossy de Palma bezala irudikatu dut.