Iban Zaldua: “Liburu-dendak ixtea tragikoa da”

Irakurtzea gogoko baduzu, Zaldua da euskal letretako erreferentziazko ipuingileetako bat. Liburu berria argitaratu du: Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar). Musika gogoko baduzu, jar zaitez berarekin harremanetan. Eta harrituko zaitu.

Eskerrik asko, Iban, TTAPekoon gonbidapena onartzeagatik eta Zarauzko Garoa liburu-dendara hurbiltzeagatik. Ondo dakizunez, Garoa hitzaren eta doinuaren etxea da. Literaturak toki zabala hartzen du, baina musika saioetarako habia ere bada. Egun, gainera, panorama zailean daude herrietako liburu-dendak. Geroz eta gehiago desagertzen ari baitira…

Liburu-denda plazererako lekua iruditu zait beti. Irakurriko duzunaren, erosiko duzunaren antizipazioa; batzuetan, ondoren lortzen duzuna baino hobea dena. Aipatu duzuna tragikoa iruditzen zait niri, ez bakarrik herri txikietan. Gasteiz bezalako hirietan ere gustu oneko eta aukera ona eskaintzen duten liburu-denda txikiak desagertzen ari dira. Hori guztia disko-dendekin ezagutu dugu. Eta hori, niretzat, tragedia bat izan da. Beraz, aurreikusi dezaket zer izan daitekeen.

Kapitalismoaren legea da, suntsipen sortzaile hori. Jarraituko dugu liburuak irakurtzen, musika entzuten jarraituko dugu. Baina ez era berean.

Musika aipatu duzu. Nik ez zaitut zu idazle bezala ikusten. Musikazale amorratua zara. Zurekin eta Pello Lizarralderekin gauza bera gertatzen zait, jakinduria ikaragarria duzuela musika kontuetan. Musika kontsumitzaile konpultsibo horietakoa al zara?

Gaztetandik naiz musika kontsumitzaile amorratua. Eta ez hori bakarrik, konpletista naiz. Gustuko ditudan kantarien ahalik eta erreferentzia gehien izaten ahalegintzen naiz. CDaren garaia harrapatu nuen eta CDak erosten jarraitzen dut.

Pello Lizarralderekin egon naizenetan oso ondo konpondu gara eta hitz egin dugun gaietako bat musika izan da. Gogoan dut azken aldian Lloyd Coleri buruz hizketan aritu ginela. Zineman jakinduria askoz handiagoa duela iruditzen zait, eta hor, berarekin eztabaidatzeko gaitasunik gabe sentitzen naiz. Zineman bere aldetik aholkuak jasotzen ditut.

Musika, zinema, literatura,.. idazlea zara, baina idazlea bakarrik? Nola definitu beharko zaitugu?

Idazlea naiz, zalantzarik gabe. Borgesen apalkerian erori gabe, nire burua irakurle on bat bezala daukat. Gil de Biedmak esaten zuen naturalena edo normalena irakurtzea dela, eta idazteko garaian zerbait derrigortzen ari zarela dio. Baina, idazleaz gain, irakaslea ere banaiz. Historia Ekonomikoa ematen dut unibertsitatean (EHU). Ikasleek ezagutzen ez dituzten gauzak ezagutaraztea eta zalantzak sorraraztea gustuko dudan zerbait da.

Eta Rock Deluxen agertu zara! Lehen, behintzat, hor agertzea oso cool zen.

Gaztelaniazko lanaren inguruko iruzkin bat zegoen bertan, eta ikustean emozionatu egin nintzen. Hau izango da rock star bat izateko hurbilen iritsi naizen uneetako bat. Oso aldizkari snob-a da; beraz, oso gogoko dudan aldizkaria da. Izan ere, nire komuneko irakurgai nagusietakoa da. Bertan agertzen diren artikulu eta elkarrizketak eserialdi batean irakurtzeko modukoak baitira. Niretzako, oso kuttuna da.

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuin bilduma bat da. Beste batzuetan baino gehiago jo omen duzu fikziora. Aurkezpenean, Rutu Modan komikilariaren erreferentzia aipatu zenuen. Esplikatuko al zenuke berriro?

Rutu Modan komikilari israeldarra da eta berak, fikzioaren bidez, gauzak modu zintzoagoan kontatzea posible dela dio.

Berari askotan galdetzen omen zioten ea zergatik ez zuen modan dagoen erreportaje moduko nobela grafikoa egiten, Joe Saccok egiten duen moduan. Horrela jokatuz gero iritzia eman behar duzu eta, bere ustean, bere iritzia agertzea ez zaio bereziki garrantzitsua iruditzen. Fikziora joz, pertsonaia ezberdinekin aritu daiteke pertsonaia bakoitzari iritzi bat esleituz. Modanen Metralla eta La propiedad komikietan, esaterako, fikziozko elementuak erabilita egiara hurbiltzeko –egia txikietara, baldin bada ere– oso ahalegin ona egiten du. Erabat konektatzen du nik egin nahiko nukeenarekin.

Liburuaren aurkezpenean, euskal auziari buruz hitz egiterakoan,  kazetarien lana azpimarratu zenuen. Tokiko kazetaritzaren ikuspegitik interesgarria iruditzen zait hori.

Bai, eta ez bakarrik kazetariengan. Baita soziologo, historialari eta antropologoengan ere. Momentu honetan, gatazkaren parterik gordinenena igarota, bortxarena nolabait esateko, kazetaritzari lerratzea eskatzen zitzaion lehen. Eta batzuetan, propaganda bide izatearena ere bai. Indarra galdu du horrek eta tokikoan ezkutuan geratu diren historia horiek azaleratzeko aukera dago. Alde guztietan egon den mina, beldurragatik isilduak izan diren gauzak ateratzeko,… halako kazetaritza lanak kasik fikziotik idazleok egin dezakeguna baino garrantzitsuagoak dira. ETAren osteko errelatoen bilduman berrikuntzarik handienak, sorpresarik handienak, hortik etorriko dira.

Hau dena diot ea gerora egingo diren nobelak edo ipuinak hobeak izango ote diren galdetu izan didatelako. Eta ez dakit zer erantzun.

Batzuk hobeak eta besteak txarragoak izango dira. Literatura ona eta txarra egingo da, lehen bezala.

Garai berrietan gatazka eta aldarrikapen berriak daude. Deigarria egiten zait, erraustegiaren inguruan edo feminismoan Bizitza da handiena leloak erabiltzen direlako. Deigarria da, orain dela ez asko horrelako lelo indartsurik ez zelako erabiltzen.

Seguruenik, gauza solemneagoetan geundelako. Nola den utopia, sozialismoa, independentzia. Egia txiki horiek, bizitza handia da bezalakoak, baztertuak edo subordinatuak geratzen ziren halako helburu handien ondoan.

Sufrikario hori pasa behar izan dugu egia txikia horietara iristeko. Iruditzen zait sintesi lan horretan idazle onen lana esanguratsua dela. Bizitza handia da horretan Atxagaren oihartzunak entzuten ditut: “Bizitza, bizitza da, kentzen duenak kentzen du dena”.

“Fikzioaren bidez gauzak modu zintzoagoan konta daitezke”

Iragana atzean geratzen da, eta nahieran erabiltzen da. Intsumisioa antimilitaristen garaipena izan zen, eta orain, badirudi ezkertiar eta abertzale askok euren garaipen moduan hartzen dutela. Gertatu izan zait lagun artean, eta deigarria egiten zait.

Niri ere deigarria egiten zait, eta ez. Hain garaipen gutxi izan dira hemen, horri heltzea kasik normala egiten zait. Egia da hasieratik horretan ibili ginenok harritu egiten garela batzuetan, 80ko hamarkadaren bukaeran horri buruz hitz egiten hasterakoan, batzuekin eztabaidatzen hasi eta “la mili con los milis” entzun behar izaten genuen. Dudarik gabe, mugimendu antimilitaristaren eta intsumisioaren helburu nagusia armada espainiarraren kontrakoa zen. Baina nik beste parte bat ere ikusten nuen, zeharka bada ere eta borroka egiteko moduagatik, ETAri kritika.

Baina, esandakoa, normala iruditzen zait, oso garaipen gutxi izan ditugulako. Lemoizkoa agian, baina Lemoizkoa ere, neurri batean, zikinduta dago Jose Maria Ryanena bezalako hilketengatik, eta abar.

The Who taldearen pin ederra daramazu jantzita, Paul Weller handiarena. Denbora askoan, fusila bitan hautsita agertzen den pina eraman zenuen paparrean…

Bai, eta oraindik badaukat. Eta noizean behin ere janzten dut. Mugimendu antimilitaristan sartuta egon nintzen, oso hurbileko jendeari kartzelara joatea egokitu zitzaion. Hor egon ginen laguntza taldeetan. Ni miopea naiz, ez dut tutik ere ikusten eta soldadutza egiteaz libratu nintzen, baina borroka horretan engaiatu nintzen. Nire bizitza militantean oso momentu inportantea izan zen.

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak liburuan bada ipuin bat, Ibilbidea izenekoa. Ipuin hori ikaragarria iruditzen zait. Ipuineko protagonista Donostiako gidari turistikoa da, bere egunerokotasunean murgilduta. Bere lanaren barruan dago memoriaren oinarritutako ibilbideak egitea. Terrore motaren arabera, ibilbide bat edo beste egin daiteke.

Ibilbide bat edo beste, eta bat baino gehiago egin ditzake: 1A, 1B, 2A, 2B… Ipuin horrekin nahiko pozik nago; oraindik, behintzat. Ikaragarria dela diozu eta gogoko dut adjektiboa. Niretzat, ez da ipuin alaia.  Badauka puntu ironikoa, baina ironia oso iluna da. Ipuina idazterakoan gauza askotan pentsatzen ari nintzen, baina, gehienbat, errelato zurrun eta estanko horien fosilizazioari buruz idatzi nahi nuen.

Egunaren arabera, errelato guztien nolabaiteko sintesi bat egitera hel gaitezkeela iruditzen zait. Gehienetan, egia esan, pesimista naiz eta bi edo hiru errelato erabat estanko eta bakoitzak bere kontsumorako per secula seculorum erabiltzen jarraituko duela pentsatzen dut.

Ipuina idazterakoan banuen beste preokupazio bat: gure gizartea bizitzen ari den museizazio edo parke tematizazio prozesua. Ez daukagu meategirik, baina bai meatzaldeko museoa. Ez daukagu industriarik, baina bai papergintzako museoa. Ez dugu poteorik egiten, orain esperientzia gastropintxoistikoak egiten ditugu. Ez dugu Obabakoak irakurtzen, eta Muskerraren bidea egitera joaten gara. Hori ere bazegoen ipuinean, neurri handi batean.

Ipuinak, bloga, aurkezpenak… ba al daukazu lan egiteko metodorik?

Ez, nahiko anarkikoa naiz.

Baina etengabe ari zara.

Bai; lo gutxi egiten dut. Eta zahartzaroarekin, geroz eta gutxiago. Nahiko anarkikoa eta inpultsiboa naiz. Aitatasunak erakutsi didan beste gauzetako da lan egiteko edozein momentu aprobetxatu behar dela. Lehen, ordenatuagoa nintzen, egun guztia nuelako horretarako. Baina momentu honetan… Beno, ari naiz lehengora itzultzen, alabak nagusiagoak baitira.

Oharrak & Hondarrak zure blogak ere zeresana eman izan du. Izen hori du, baina izan zitekeen Ziri zorrotz izenekoa. Azkena irakurri dizudana literatur ekimenen antolatzaile eta sustatzaileei buruzko dekalogoa da. Mugiroa izan du; Twitterren, bereziki.

Nire ohiko postak baino gehiago mugitu da. Euskal blogosferan euskal jartzen duzun momentutik kontua gehiago mugitzen dela dirudi.

Kultur ekitaldien antolatzaile jator izateko zer egin behar duzun aholkatzen saiatzen nintzen post horretan. Neurri handi batean, autoaholkuak dira. Ni ere ibiltzen naizelako tarteka literatura jarduerak  antolatzen. Eta orduan jo behar duzu idazleengana, intelektualengana edo irakasleengana. Esperientzia propioagatik diot, nik ere, seguru aski, egin izan dudalako, oso lehorrak garela. Ez dakit euskaldunen lehortasunarekin zerikusia duen, edo zuzenean edukazio eta jendetasun faltarekin. Pertsonak gehiago mimatu beharko genituzkeela iruditzen zait.

Hau guztia diot, duela gutxi mahai inguru batean parte hartzeko deitu zidatelako. Ez nintzen gai sentitu gai horri heltzeko, ezezkoa eman nuen eta ez zitzaidan inolako erantzunik iritsi. Okerrena da ez niola garrantzirik eman, normala iruditu zitzaidan. Baina, halako batean, nire lagun bati ere gauza berbererako deitu zioten, eta berdin gertatu zitzaion. Bera izan zen esan zidana: “A ze jendetasun falta”. Eta orduan konturatu nintzen horrela zela. Benetan uste dut jendea zaindu egin behar dugula, eta diruari buruz ere hitz egitea –gutxi bada ere–, prekarietatea nagusi den kulturgintzan, adibidez… detaile bat da. Horrelako gauzen inguruan hitz egin nahi nuen eta dekalogo moduan zabaldu nuen, gogoko dudan eskeman.

Gasteizen bizi den donostiarra. Donostiara tarteka etortzen den gasteiztarra… dagoeneko nor zara?

Poetak esango lukeen moduan, ez naiz inongoa. Dagoeneko donostiarrek ez naute donostiartzat hartzen, eta gasteiztar batentzat Gasteizen jaioa izan ez bazara –eta nahiz eta nik badaramatzadan 33 urte bertan bizitzen–, ez naiz sekula izango gasteiztarra.

Horrek lasaitasun pixka bat ere ematen du, azkenean nazionalismo mota batez libratzen baitzaitu. Tokiko nazionalismo horretaz libratzen zaitu eta, adibidez, festetako pregoia emateko deitua izatera libratzen zaitu. Inongoa ez izateak, alde horretatik, askatasun asko ematen dizu.

Gasteiz zabala da, eta Gasteiz bat baino gehiago egon daitezke. Gora Gasteiz ekimenean parte hartze handia izan zenuten eta Argia saria ere jaso zenuten. Hori oso testuinguru berezian izan zen, Javier Marotoren agintaldian. Hau aipatu nahi nizun, estatu mailan dagoen egoera politikoa kezkaz bizi duzula adierazi duzulako.

Bai, eta ez da kasualitatea Maroto orain nondik ari den bere arrazismoa xaxatzen. Marotorekin Gasteizen gertatu zena larria izan zen, eta Gora Gasteiz mugimenduarekin, neurri batean, lortu genuen hirian giroa aldatzea. Nazionalismoarekiko mesfidantza handia daukat, bai euskal nazionalismoarekiko eta baita espainiar nazionalismoarekiko ere. Baina okerragoa eta arriskutsuagoa iruditzen zait bere burua nazionalistatzat aitortzen ez duen nazionalismoa. Are gehiago, estatu baten indar guztia, armada eta polizia atzean daukanean. Nazionalismo espainolaren kasua da hori. Beraz, Espainian suflearen igoera hori, hazkunde hori larria da eta benetan kezkatzen nauen gaia da. Beldurrez bizi dut egoera.

Liburuaren Eguna iristear da. Aholkatuko al zeniguke liburu bat eta, musikazale amorratua zarela jakinda, disko bat ere?

Azken hilabete hauetan gehien hunkitu nauten bi erreferentzia ekarri ditut: batetik, Aspernen paperak, Henry James idazlearena (Igela argitaletxea). Sinesgaitza dirudien gertaera da, baina benetan gertatu zen. Editore bat etxe batean infiltratu egiten da, bertan bizi den emakumeak amorantea izan omen zuelako. Bertan poeta handi baten paperak egon daitezkeelakoan, horiek harrapatu nahi ditu. Venezian gertatzen da, halako agertoki erabat literarioan. Nobela motz bat da, eta tentsioa eta suspensea erabateko maisutasunarekin erabilita daude. Euskaraz asko zabaldu ez den liburua da. Joan Gartziaren itzulpena sekulakoa da.

Eta diskoa?

Elbow talde ingelesa, Britainia Handian azken bi hamarkada hauetan zabalkuntza handia izan duena. Kantariak Peter Gabrieletik nahiko hurbil legokeen ahotsa du. Rock epikoaren eremuan, batzuetan xamurtasunera jotzen duena, oso klasikoa da ikuspegi horretatik. Little fictions atera duten azken diskoa. Primavera Sound jaialdian deskubritu nituen, eta liluraturik utzi ninduten. Geroztik, euren disko guztiak erosi ditut. Disko honetan bada All disco izeneko kanta ikaragarria. Pinpirintasuna soilik musikan iruditzen zait onargarria, eta hauxe da, nire ustez, adibide horietakoa. Azkenaldi honetan gehien entzuten dudan CDetakoa da.