Ibai Zabala: “Duintasunaren bila joan egin behar da”

Hamahiru urte daramatza profesionaletan Ibai Zabalak (Berriz, 1987). Iazko urrian Baiko enpresako hamabost pilotarik egin zuten greban berak jarri zien aurpegia eta ahotsa aldarrikapenei. Ondorioak izan arren, ez da bere iritzia emateko beldur.

Zer moduz, Ibai? Duela hilabete batzuk baino lasaiago bai, ezta? Zama bat gainetik kenduta, behintzat…

Kirol arloari dagokionez, bai. Gure gatazka eduki genuen enpresarekin, eta, nola hala, akordio batera iritsi ginen. Oraindik, gauza batzuk egiteke daude, baina lasaixeago bai, buruko min gutxiagorekin.

Osasun aldetik ondo?

Ondo. COVID-19a asintomatiko pasa nuen duela gutxi. Beste pilotari batek positibo eman zuelako egin zidaten PCR proba, eta neuk ere positibo eman nuen. Pasa dugu, eta orain, zorionez, lasai. Ea kontu hau ahalik eta lasterren pasatzen den.

COVIDa pasa duten beste kirolari batzuek gerora izan dituzten arazoak ikusita, arduratuta zaude?

Ez, ez daukat horren ardurarik. Jakin badakit futbolean-eta horrelako kasu batzuk izan direla, baina pilotan pasa dugunetatik inork ez dugu arazorik izan. Batzuek diote neke handiagoa sentitu daitekeela, baina ez da nire kasua, ezta nire lankideena ere. Momentuz, ondo gaude.

Kirolean hobeto, beraz, osasunez ondo… baina inork egin ez dizun galdera garrantzitsua: nola dago zure ibilbide musikala? Nola eragin dio pandemiak Basque Street Boys-en kontzertu egutegiari?

Kar, kar, kar. Normalean, egutegi laburra izaten da gurea, gustuko dugulako jotzen dugu eta urtean bi-hiru kontzertu baino gehiago ez ditugu egiten. Orain, bat ere ez. Bakoitza bere gauzetan gabiltza, noizean behin akustikoren bat egiteko elkartzen gara, baina tira, poltsikoari, behintzat, ez digu eragin!

Esan daiteke, beraz, talentu hutsa zaretela? Ez duzuela entrenamendu askorik behar?

Talentua baino gehiago, pasio hutsa garela esango nuke; kar, kar, kar. Duela hamahiru urte sortu genuen taldea, beroaldi baten: beste talde bat ikusten ari ginela esan genuen: “Hauek jotzen badute, guk ez dugu egingo?”. Eta horrela hasi ginen. Beti elkartasun jaialdietan jotzen dugu, ondo pasatzen dugu eta jendeari ondo pasarazten saiatzen gara. Geure crew edo publiko fidela ere badaukagu, eta ondo pasatzeko momentuak izaten dira.

Nola definituko zenuke zuen estiloa?

Gure taldeko baxu-joleak dio erromeria-punka egiten dugula. Jendeari gustatzen zaizkion kanten bertsioak, beti rock edo punk estiloarekin. Ahal duguna egiten dugu.

Laukotea zarete gaur egun…

Bai; boskote hasi ginen, baina nirekin abesten zuenak beste kontu batzuetara dedikatzea erabaki zuen, eta orain, lau gara taldean.

Eta zure rola laukotean, hortaz, abeslari?

Hori da, abeslaria naiz. Kontzerturen batean baxua ere jo izan dut abestiren batean, kanta hori ikasi eta jo, baina, bestela, abestu.

EITBren maratoian pilotari batzuek bertso katean parte hartu zenuten. Esango dugu nabari zela nor den abeslaria eta nor ez…

Kar, kar, kar. Bai, nabari zen, baina hor ikusten da abestu edozeinek egin dezakeela esaten denean, ez dela hain erraza. Ez dela gauza bera abeslari batekin abestea, autoan abestea, edo norbera musika batekin eta bakarrik aurkitzea horrelako egoera baten. Lotsagatik, batzuk parte hartu gabe geratu ziren, eta, horregatik, abestu zutenak zoriondu nahi nituzke, ahalegintzea ez delako gutxi.

Ez dakit jende askok abeslaria zarela dakien, ez dakit oso jakinekoa den irakaslea zarela?

Azken etapa honetan hasi naiz irakaskuntza munduan. Euskal Filologia ikasten hasi nintzen, pilota dela-eta alboratu egin nuen eta joan den urteetan berriro berrartu eta karrera amaitu nuen. Lan munduari dagokionez, beti izan da nire helburu nagusia euskara irakastea. Ez dut inoiz planteatu hezkuntza publikoan, ikastoletan edo euskaltegietan. Euskaltegi baten ibili nintzen, eta oso gustura, gainera. Gaur egun, Getxoko institutu baten nabil, batxilergoko bigarren mailako ikasleei euskara irakasten eta, aldi berean, ikasleengandik asko ikasten.

Profesionaletan neutraltasuna mantendu behar nuela esan zidaten; gutxi iraun zidan

Gauza onak?

Bai! Gauza onak eta oso aberasgarriak; ez bakarrik euskara edo hizkuntza arloari dagozkionak. Irakasten asko ikasten da, baita gazteen gustuen, arazoen eta euren kezken inguruan. Gauza interesgarri asko ikasten nabil.

Hainbeste fazeta izanda, zeinetan nabaritu duzu izan duela pandemiak eragin handiena? Hezkuntza alorrean, musikan edo frontoietan?

Frontoietan, nik uste. Antolakuntzari dagokionez, adibidez. Entrenatzeko zenbat arazo, partidetan ere bai, protokoloz bete beharreko hainbat eta hainbat kontu… Gainera, lan gatazka bat ere ekarri zigun. Ez zen pandemiaren ondorioa izan, baina bai gatazka eragin zuen azken printza. Aurretik gordeta zeuden hainbat gauza azalera atera ziren, eta horregatik esango nuke niri dagokidanez pandemiak eragin handiena pilotaren alorrean eragin duela.

Goazen gai horretara. Irakaslea zarela aprobetxatuz, nola irakatsi zure Getxoko batxilergoko ikasleei zer den elkartasuna eta zer den duintasuna?

Zaila da. Saiatzen naiz, irakasle zaren heinean hezitzaile ere bazarelako, eta ahalegintzen naiz hainbat gai ukitzen, feminismoa eta beste hainbat, baina ez da erraza. Elkarlanetik elkartasuna sustatu daitekeela uste dut, eta, duintasunari dagokionez, saiatzen naiz ikusarazten norbere buruari gehiegi begiratzetik ezberdindu behar dela. Gauza bat duintasuna da eta beste bat norberekeria. Hala ere, gazteek informazio gehiegi daukate eta nahikoa lan daukate bizitzan nolabaiteko perspektiba baten kokatzen eta antolatzen. Irakasleon betebeharra da duintasuna, elkartasuna eta, batez ere, talde izaera hori adierazten saiatzea.

Zuek grebarekin praktikoki irakatsi diezuela esango zenuke? Adibide bat izan zarete?

Adibide oso hitz potoloa da. Erreferenteak izatea ona da, baina hortik adibide edo idolo izatera… Ni saiatu naiz lan gatazka horretan nire izaerarekin eta ideiekin koherentea izaten; mundu guztiak bezala, nire kontraesanak ere baditut, baina nik uste nuen hori egiten saiatu naiz. Eta lehen aipatzen zenituen bi balio horiek, duintasuna eta, batez ere, elkartasuna, nire lankideen artean eta iritzi publikoaren aurrean zabaltzen.

Zuk publikoki esana da lehendik ere sindikatu batean afiliatuta zeundela, eta pilotarien gatazka honetan ere aurpegi eta ahotsetako bat izan zara. Betidanik izan duzu borroka edo aldarrikapen kontzientzia hori?

Bai. Nolabaiteko kontzientzia militante hori oso gaztetatik izan dut gizarte alorreko hainbat esparrutan. Uste dut militantzia beharrezkoa dela. Gero, bakoitzak aukeratu du zein den bere bidea. Duela gutxi, lagun bati esaten nion nire militantzia birbideratzen ari naizela, batez ere, hizkuntzara. Baina uste dut duintasun horren bila joan egin behar dela, eta bizitzaren hainbat alorretan aurki daiteke. Izan daiteke gizarte alorrean, etxebizitzan, adibidez, edo, gure kasuan bezala, lan alorrean.

Pandemiaren eragina azken tanta izan dela esan duzu. Zein puntutaraino zen txarra pilotaren egoera?

Ez dakit txarto definizio egokia den. Uste dut hobeto egon behar zela eta gaur egun dagoena baino hobeto egon behar dela. Gutxieneko batzuk adostu ditugu, baina hori dira, gutxienekoak. Gauza asko daude landu ez direnak eta landu behar direnak. Kontua da guk gai oso sentsible bat geneukala mahai gainean, lau lankideren kanporatzea, eta guretzat oso garrantzitsua zen horren inguruan baiezko bat, konponbide bat lortzea. Baina badaude heldu beharreko beste hainbat kontu; pilota eskolena, adibide bat jartzearren. Pilotari profesional izan aurretik, umeak izan gara, eta pilotari bezala izan dugun lanketa prozesu horretan ahanzturan geratzen dira hainbat faktore; pilota eskolak, tartean. Nik uste dut eurekin ere badela zor bat, baina niri, zoritxarrez, edo, batzuentzat, zorionez, gero eta gutxiago geratzen zait mundu honetan, eta ondorengoen esku geratuko da.

Badago lekuko hori nori eman?

Bai. Pilotarien elkarte bat sortu da. Hasiera-hasieratik nahi genuena zen, pilotariak elkarrekin egon eta elkarrekin gure eskubideak aldarrikatzea. Nahiko nukeena baino geldoago doa, baina sortze hutsa nahikotxo da, eta badoa pixkanaka pausoak ematen. Gauza polit batzuk lortu dira. Adibidez, nik debuta egin nuenetik, gutxieneko soldata bat beharrezkoa zela ikusten nuen, iruditzen zitzaidan debuta egiten zuten gazteek ez zeukatela soldata duin bat, eta horretan nolabaiteko duintasun batera heltzea lortu da. Baina, nioen bezala, asko dago egiteke.

Beldurrak atzean utzi behar dira; pilotariok ere iritzia eman dezakegu

Gatazkaren momentu baten gaizki ulertu edo haserrealdi bat izan zenuten beste lau lankiderekin euren jarreragatik. Tartean, zure gertukoa den Mikel Urrutikoetxearekin. Horretaz hitz egiteko aukerarik izan duzue gero?

Ez dugu aukera handirik izan. Pandemiak horretan ere eragin du. Pilotarien arteko harremanak asko moztu dizkigute, nolabaiteko burbuilak sortzen saiatu dira positiboren bat egonez gero txapelketak eten behar ez izateko, eta ez da aukerarik egon. Baina aukera dagoenean hitz egingo dugu, seguru aski, eta elkartrukatuko ditugu bakoitzaren iritziak.  Iritzi guztiak dira zilegi eta denak dira errespetagarriak; beste kontu bat da konpartitzea, baina nik denak errespetatzen ditut.

Publikoki zure iritzia eman duzu gai askoren inguruan, baita hedabideetan egiten dituzun kolaborazioetan ere. Ez da ohikoena pertsonaia publikoen eta kirolarien artean. Zergatik ez da ohikoena edo zergatik ez daukazu zuk erreparorik?

Galdera ona da, zergatik ez da ohikoena? Nik ez daukat erreparorik. Pilotari profesional bilakatu nintzen egunean jaso nuen mezuetako bat hori izan zen, figura publikoa nintzela eta nolabaiteko neutrotasun bat mantendu behar nuela. Gutxi iraun zidan. Nik uste dut kirolariak garela, baina pertsonak ere bagarela eta pertsonak garen heinean gure iritziak dauzkagula eta gure indar publiko hori nolabaiteko balioak hedatzeko baliatu behar dugula. Agian, norbaitek esan dezake nik hedatzen ditudan balio horiekin ez datorrela bat, eta hori ere izan daiteke. Bakoitzak egin dezala berea. Baina gauza bat da Ibai Zabala pilotaria eta beste gauza bat Ibai Zabala pertsona, eta pertsona bezala daukadan iritzia beti agertu izan dut idatziz, ekintzaz edo zegokion bezala. Egia da kirolari askok, eta jende famatuak, orokorrean, bere burua ezkutatzea erabakitzen duela kritiketatik babesteko, alde batetik, eta norbere ibilbideari kalterik ez egiteko, bestetik. Enpresako burua edo hedabide potente bat ildo horretakoak ez izatearen beldurragatik. Nik uste dut beldurrak atzean utzi behar direla eta beste inori min eman gabe eta errespetu faltarik gabe iritzia emanez gero norberak lasai asko egon behar duela.

Azken gatazka honetan hain lehen lerroan egoteak ondorioak ekar ditzakeen beldur zara? Maiatzean kontratua berritzeko aukera berberak dauzkazula uste duzu?

ERTEa dela-eta maiatzetik abuztura luzatu didate kontratua, baina ez, garbi daukat ez daukadala kontratua berritzeko aukera bera. Jakin badakit. Zer esango dizut? Badakit enpresari ez ziola grazia handirik egin batzuek eurekiko izan dugun jarrera. Beste kontu bat da bozeramaile izan edo ez alde handia dagoen, azken finean, toki berean zaudelako, baina bozeramailetza onartu nuenean kontziente nintzen zer gerta zitekeen. Lehen esan dudan bezala, nire ideiekin koherente izan nahi nuelako onartu nuen, eta, gainera, beteranoa naizen aldetik, nire beharra zela. Aldagelan pisua daukan pertsona bat izanik hartu beharreko bidea zela uste nuen, eta ez naiz damutzen. Denok dakigu horrelako egoeretan albo-kalteak izaten direla, eta nik, hamahiru urteko ibilbide profesionala edukita, nahiago nuen albo-kalte horiek niri eragitea gazte bati eragitea baino.

Bestela, gatazka albo batera utzita, kirol aldetik nola sentitzen zara?

Ondo, oso gustura sentitzen naiz kantxan. Egia da gatazka amaitu zenetik aste asko pasa direla eta enpresak ez didala ia partidurik jarri, baina, bitartean, entrenatzen nabil, gauzak ahalik eta ondoen egiten eta gazteei nire jakintza apurra eskaintzen, arrasto txiki bat utzi ahal izateko, behintzat.

Zure onena erakutsi duzula uste duzu ala lesioak traba handia izan direla zure ibilbide profesionalean zehar?

Lesioak oso traba handia izan dira. Lehenengo mailako txapelketa askotan jokatu dut, bai titular zein ordezko, baina beti momentu onenetan lesio nahiko gogorrak izan ditut. Eskuetako lau ebakuntza, bi hezur hautsi… Eta noski, itzultzerakoan beti dago tokia kendu dizun norbait, eta bide luzeagoa egin behar da zeunden tokira itzultzeko.  Gorengo mailan jarraikortasuna falta izan zaidala uste dut. Agian, lesio gabe gairik ere ez nuen edukiko, baina ibilbide oparotxoagoa izan nezakeela sentitzen dut.

Nola ikusten duzu pilota? Atzelarientzat gero eta zailagoa ari da jartzen…

Hala da. Buruz burukoa eta lau eta erdikoa ezinezko txapelketa bilakatu dira atzelarientzat. Azken baten, umeek erreferenteak sortzen dituzte eta, normalean, erreferente gehienak aurrelariak dira. Horrek dakarrena da denek aurrean jokatu nahi izatea eta, batez ere, onak direnek aurrean jokatzea. Nik uste dut jendeak ez duela atzelariak partidu baten egin duen lana, daraman zama, esker txarreko lan gogor hori baloratzen. Aurrelariak bai, baloratzen du ondo dakielako zer den, baina publikoak kanpotik ez behar adina. Asumitu beharreko zerbait da. Pilotak aurrera segitzen du, eta ea horrela jarraitzen duen urte askoan eta nik telebista bidez ikusten dudan.

Juan [Martinez de Irujo] bihotzeko arazoagatik erretiratu zenetik eta Aimarrek adinean aurrea egin ahala, badirudi inork ez duela euren lekukoa garbi hartu. Zergatik? Onerako ala txarrerako parekatu delako maila?

Kostako da Aimar eta Irujo moduko bi eta garai berean berriro agertzea. Nik kantxa barruan ikusi ditudan bi onenak dira. Hala ere, gaur egun badaukagu Jokin Altuna, adibidez. Ikaragarrizko pilotaria. Egia da dikotomia hori galdu egin dela. Altunaren eta Ezkurdiaren artean sortu da antzeko zerbait lau eta erdian, baina esango nuke hori dela falta dena. Orain, abanikoa zabalagoa da, baina gorengo pilotarien artean oso maila altua dago, pilota osasuntsu dago eta nik uste dut azpitik elikatu behar dela apur bat gehiago. Beti gertatzen da gauza bera, Irujo bezalako txapeldun handi batek bat-batean pilota utzi behar izatea shock handia izan zen, baina gero, praktikan, denetara egokitzen gara. Bazirudien Juan gabe dena amaituko zela, eta, denbora gutxian, inor ez zen berekin gogoratzen. Gizartea erritmo horretara egokituta dago eta gauza berriak nahi ditu, gainera.

Amaitzeko, bi azkar. Enpresak kontratua berritu eta urte asko barru pilota uzten duzunean, non ikusiko zaitugu irakasle? Pilota eskola baten ala eskola, ikastola, euskaltegi baten?

Eskola baten edo euskaltegi baten. Hori erabakita daukat. Pilotari ibilbidea amaitzen dudanean, seguru aski, aurten, baina beranduago bada, hobeto, argi daukat ez ditudala praka zuriak jantziko. Pilotak beti izango nau hor laguntzeko prest, baina bizitza hezkuntza alorrera birbideratuko dut.

Azkena. Pilotari izanda, udan dauden beste festibal egonda, eta, gainera, musika talde bateko abeslaria izanda, zeintzuk dira Euskal Herriko herrietako festa onenak? Batzuk ezagutuko dituzu…

Mordoa ezagutzen ditut, ez noa gezurrik esatera. Euskal Herrian zerbait badago, festak dira, eta gu, normalean, festarik festa goaz. Iruñeko sanferminetan jokatzea itzela izan ohi da, lehenengo frontoian eta gero frontoitik kanpo, baina hainbeste egonda bat esatea ez dakit askotxo izango ez ote den.