Ibai Gomez: “Athleticen, jokalarien eta zaleen arteko gertutasuna garrantzitsua da”

Alavesen hiru denboraldi egon ostean, Athleticera, etxera, bueltatu da Ibai Gomez (Santutxu, 1989). Bere ibilbideko “sasoirik onenean” itzuli da, eta, apurka, Gaizka Garitanoren hamaikakoan pisua hartzen hasi da. Zuri-gorrien laborategian, Lezaman, hartu du TTAP aldizkaria jokalari bilbotarrak.

Ibai Gomez, eskerrik asko gu Lezaman hartzeagatik. Gaur, gainera, goizean goizetik etortzea tokatuko zitzaizun…

IBAI GOMEZ: Bai, goizero etortzen gara hona entrenatzera eta gaur arratsaldean berriro, zuekin egoteko.

Ze ordutarako egon zara gaur hemen?

Bederatzi eta erdiak alderako, gutxi gorabehera…

Entrenamendua hamar eta erdietan zeneukaten?

Bai, ordubete lehenago etorri ohi naiz.

Dembelerik ez dago Athleticen? Lo hartu eta entrenatzera berandu iristen den norbait?

Ez, ez; kar, kar. Hemen, denak ailegatzen dira ondo.

Zuzenean entrenatzera etortzen zarete ala hemen gosaltzen duzue?

Bai, gosaldu nahi dutenek hemen aukera daukate; eta bazkaltzeko, berdin. Denbora asko ematen dugu hemen eta uste dut taldearentzat ona dela ez bakarrik zelaian, zelaitik kanpora ere guztiok batera egoteko denbora izatea.

Elikaduraz gero hitz egingo dugu sakonago, badakidalako garrantzi handia ematen diozula, baina nonbaiten irakurri dut astean pare bat aldiz, gutxienez, gosaldu gabe entrenatzen zarela. Hala da?

Orain, egunero egiten dut. Paleo estiloa jarraitzen ari naiz, eta ez soilik elikadurarekin, lan egiteko moduarekin ere bai. Arratsaldeetan nire kabuz entrenatzen naiz, adibidez. Normalean, bi otordu baino ez ditut egiten egunean, bazkaria eta afaria, eta, batzuetan, afaria bakarrik.

Eta goizetan sabela hutsik duzula entrenatzeak, esaterako, zer abantaila ematen dizu?

Azkenean, energia iturri asko ditugu. Batzuk karbohidratoak dira eta besteak grasak. Gosaldu gabe entrenatuta lortzen dudana da beste iturri horrekin lan egitea, grasak erretzea, eta, nire ustez, abantaila handiak ditu. Hala ere, orduak eman ditzakegu honetaz hizketan…

Gero jarraituko dugu horrekin, baina, aurretik, gatozen Lezamara berriro. Bi urte eta erdi pasa dituzu Gasteizen, hemendik kanpora; gauzak lehen bezala topatu dituzu ala zerbait aldatu da?

Nik uste dut Athletic dela talde guztietatik gutxien aldatzen dena. Jokalariak urte asko egoten dira hemen, filosofia badakigu nolakoa den, eta horrek egiten du gauzak askorik ez aldatzea. Ia taldekide guztiekin egon nintzen aurreko etapan, eta oso pozik nago berriz bueltan egoteaz.

Eta aldagelan? Gehienek ezagutzen zaituzte, zure tokia zein zen eta zure takila zein zen jakingo zuten… Hori errespetatu egin dizute? Berreskuratu dituzu?

Ez, ez. Takila, normalean, kamisetan daramagun zenbakiaren araberakoa izaten da. Nik zenbakia aldatu egin dut, eta, beraz, takila galdu. Baina, adibidez, bitxikeria gisa, San Josek gauza bat ekarri zidan ni itzuli eta bigarren edo hirugarren egunean, eta, erratuta, lehengo takilan utzi zidan, berrian utzi beharrean.

Hemeretzia daramazu orain. Beraz, aldamenean Aritz Aduriz eta Oscar De Marcos dituzu?

Berez, bai. Kontua da batzuek zenbakia aldatu dutela baina aldagelako tokia mantendu, eta Lezaman nahastuago gaude. Baina San Mamesko aldagelan bai, Aritz eta Oskar ditut alde banatan.

Eta gaurko entrenamenduan, hemen, Lezaman, zein zeneukan alboan?

Raul Garcia eta Mikel Rico.

Zertaz hitz egiten dute Ibaik, Raul Garciak eta Mikel Ricok goizeko bederatzi eta erdietan entrenamendurako prestatzen ari diren bitartean?

Aldagelan jarrita egoten da eguneko lan-saioa nolakoa izango den eta horretaz hitz egiten dugu, normalean. Kanpora atera aurretik gimnasiora joaten gara, fisioarengana hankak berotzera, eta, martxan jartzen goazen bitartean, nolako entrenamendua datorkigun komentatzen dugu, gehienbat.

Eta entrenamenduaren ostean, edo partidu baten ostean, txipa aldatzen duzuenean, nolako elkarrizketak entzuten dira lehen mailako aldagela batean?

Anekdotak entzuten dira, arratsaldean norbaitekin planen bat egiteko geratu bazara, horri buruz ere bai… Egunerokotasunaz, orokorrean.

Egiten dituzue planak elkarrekin? Behin Adurizi entzun nion Athletic berezia dela, jokalariak kuadrilla bat zaretelako. Egia da hori?

Bai, duda gabe. Athletic horretan ere ezberdina da. Denak bertakoak gara, eta, horregatik, gustuak ere antzekoak ditugu. Askotan geratzen gara elkarrekin gure denbora librean.

Bada gauza bat, ibai, zu hemen zaudenetik seguru aldatu dena: aldagelako giroa. Zu iritsi zinenean, taldearen egoera larria zen; orain, beste lasaitasun bat eta beste umore bat egongo da, ezta?

Giroan asko nabaritzen da emaitzak nola doazen, sailkapena nola doan. Gure lana da eta gure umorea horrekin bat doa. Gauzak ondo ateratzen direnean, askoz errazagoa da dena, eta, txarto doazenean, askoz ere zailagoa, baina hori edozein pertsonarentzat da horrela. Ni iritsi nintzenean, taldea dinamika aldatzen ari zen, bizpahiru emaitza on zeramatzan, eta nik zortea izan dut joera ona egokitu zaidalako. Oso pozgarria da.

“Bueltatzean banekien hamaikakoan sartzea oso zaila izango zela”

Momentu txar horietan nor da giroa animatzen duena? Badago baten bat aldagelan ala taldearen zeregina da?

Talde kontua da. Denok batera egin behar dugu bultza, denok batera egin behar dugu lan zelaian gauzak aurrera ateratzeko. Horrek markatzen ditu diferentziak.

Zu zeu ere pertsonalki azken asteotan gero eta pozago, gero eta zoriontsuago egongo zara, ezta? Gauzak zelai gainean gero eta hobeto ateratzen ari zaizkizu…

Egia esan, oso pozik nago azken urteotan daramadan boladarekin. Azken bi urte eta erdiak Alavesen oso onak izan dira pertsonalki zein kolektiboki, eta bueltatu naizenetik ere oso pozik nago. Banekien hemen oso-oso jokalari onak zeudela, zaila izango zela hamaikakoan sartzea, baina, lehen esan dudan moduan, taldearen emaitzak onak direnean, dena da errazagoa. Egia da azken bizpahiru partiduetan asistentziak emateak konfiantza eman didala, baina, orokorrean, oso gustura nago.

Baina zu Gasteizen beti zeunden hamaikakoan, idoloa zinen, hirian oso ondo hartu zintuzten… eta, esan duzun bezala, bazenekien hona nora zentozen; gauzak, agian, ezberdinak izango zirela. Prozesu mental hori egitea ez da erraza izango…

Erabakia hartzea oso zaila izan zen niretzat. Bi urte eta erdi oso on izan ziren, nire lehentasuna Gasteizen jarraitzea zen, baina beti esan izan dut Athleticekoa naizela, eta Athleticek deitzean dena aldatu zen. Etxera bueltatzea zen, nire taldera itzultzea. Nahiz eta esan duzun hori guztia jakin, nik uste dut prest nagoela Alavesen nintzena bezain garrantzitsua izateko hemen ere.

Gasteizekin loturarik izaten jarraitzen duzu? Joaten zara?

Bai. Duela pare bat aste etorri naiz Bilbora bizitzera, baina ia bi hilabetez handik etorri izan naiz. Azkenean, berrogeita hamar minutuko bidaia izan arren, zaila da egunero joan eta etorri ibiltzea, baina, hasieran, han geratzea erabaki nuen, oso pozik nengoelako mundu guztiarekin, ez soilik taldearekin. Asko eskertzen diet eman didaten guztia; sarritan joaten naiz partiduak ikustera, eta, ahal dudanean, hala egiteko asmoa daukat.

Zuretzat zaila izan den erabaki hori hartu ondoren, sentsazioa daukazu hemen kazetariok eta zaleen parte bat injustua izan dela zurekin? Ez dizutela egokitzeko astirik ere eman eta lehen minututik exijitu dizutela ehuneko ehunean egotea?

Ez. Futbola horrelakoa da. Jendeak ezin dio futbolari bati denborarik eman; are gutxiago, Athletic zegoena bezalako egoera batean. Ehuneko ehuna eskatzen dizute lehen momentutik. Alde horretatik, asko ikasi dut, eboluzio handia izan dut eta, normalean, nahiko ondo daramat jendeak nitaz esaten duena.

Zerbaitek min eman dizu?

Orain ez. Kritikak eramaten ikasi dut. Duela urte batzuk bai, min ematen zidaten, baina orain, kritikak errespetuarekin direnean, eskertu egiten ditut; eta errespetu gabeak direnean, ez diet inportantziarik ematen.

Egoera horren aurrean bi aukera daude: jokalari gehienek egin ohi duten bezala hesi bat eraiki, burbuila moduko batean sartu eta sare sozialetan jarraitzaileekin daukazun gertuko harreman hori moztea minik ez emateko; edo justu kontrakoa egitea. Eta zuk bigarrena aukeratu duzu. Zergatik?

Futbolari izan aurretik pertsona naizelako, eta, pertsona normala naizenez, gustuko dut besteekin hitz egitea eta nire iritzia ematea, beti errespetuarekin. Uste dut hori dela onena. Ezin duzu mundu guztiaren gustuko izan, ez futbolari bezala ez eta futbol zelaitik kanpora ere. Hori denok jakin behar dugu. Beraz, errespetua badago, ez dago arazorik jendearekin hitz egiteko eta harremanetan egoteko. Ni beste aldean egon naiz, eta txikia nintzenean jokalariekin argazkiak ateratzea eta beraiekin hitz egitea gustatzen zitzaidan. Horregatik, orain ere beste aldean jartzea garrantzitsua da.

Behin entzun nizun oso esaldi on bat: “Futbolean normaltasuna falta da”.

Bai; lehen, gutxiago; baina orain, gero eta gehiago. Normaltasuna beharrezkoa da. Athletic bezalako klub batean oso garrantzitsua da taldea eta zaleak gertu egotea. Guretzat, ezinbestekoak dira. Hori San Mamesen ere ikusten da. San Mames ondo badago, emaitzak ere askoz hobeak dira eta normaltasuna horretarako inportantea da. Azken batean, gu ere pertsonak gara.

Seguru gauza gehiago aldatuko zirela, baina nik Gasteizko egonaldiaren ostean Ibai helduago bat ikusten dut. Zenbateko zerikusia dauka horretan Aiala deitzen den neskatotxo batek?

Aita izatea bizi daitekeen esperientzia onena eta pozgarriena da. Nire emazteak eta biok momentu gogorrak pasa genituen, gainera, bi abortu izan genituen, eta haurra izatea guretzat… Helduagoa izaten laguntzen dizu, gauzak beste modu batera ikusten dituzu. Bizitzako momentu onena da.

Erabat aldatu zaitu…

Bai; asko aldatzen da bizitza, baina hoberako. Momentu gogorrak ere badaude, noski. Logura gehiago daukazu, momentu batzuetan ez duzu ezer jakin nahi berataz… baina musu bat ematen dizunean sentitzen dena deskribatzeko ez dago hitzik.

Hainbat hizkuntzatan egiten omen duzue berekin hizketan emazteak eta biek?

Emazteak gazteleraz eta ingelesez oso ondo daki. Euskaraz ez, Las Palmaskoa delako. Orduan, berak ingelesez egiten dio, nik euskaraz, eta gaztelera ikasteko oso erraza dauka aitaita eta amamarekin edo kalean, orokorrean. Hiru hizkuntzak zenbat eta arinago eman, orduan eta errazago ikasiko ditu.

Baba erori aurretik gaia aldatuz… Beste aldaketa bat zugan: bizi estiloa erabat aldatu duzu…

Alavesen Marcos Llorente ezagutu nuen eta berari eta bere familiari esker paleo estiloa zer den ikasi dut. Ikaragarri lagundu dit.

Nola azalduko zenuke, labur, zer den paleo estiloa?

Ba, besteak beste, sabela hutsik dudala entrenatzea, egunean otordu bat edo bi bakarrik egitea… Elikadurarekin dauka lotura, batez ere. Barazkiak, fruta, haragia, arraina eta arrautzak bakarrik jaten ditut. Ez zerealik, ez eta janari prozesaturik edo azukrerik. Benetako janaria jatea, hori da gakoa.

Sukaldean aritzea ere gustatzen zaizu?

Bai, asko.

Eta, esku ona daukazu?

Hobetzen ari naiz. Duela hiruzpalau urte ez nuen ezer egiten, baina orain, gustua hartu diot eta uste dut hobetzen ari naizela.

Zure etxera afaltzera joango bagina, zer prestatuko zeniguke?

Gehien gustatzen zaidan platera da batata (boniatoa), arrautzekin eta urdaiazpikoarekin.

Patatak beharrean batatak, orduan?

Hori da. Gozoagoa da. Yuka ogia ere egiten dut, eta, egia esan, ikaragarri ona ateratzen zait!

Atzerriko sukaldeetako influentziadun sukaldaria zara, hortaz?

Bai, bai. Azkenean, sare sozialen bidez asko ikasten da, besteek zer egiten duten ikusita. Begira, hilabete barru Marcosek [Llorente], beste bi bazkidek eta laurok jatetxea zabalduko dugu Madrilen, era honetako elikadura osasungarriarekin.

Zure beste afizioetako bat moda omen da. Baina zehazki zer? Modelo aritzea, azken tendentziak jarraitzea…?

Modelo bezala badakit ez naizela ona, baina argazki mundua gustatzen zait, modarena, nire emazteari ere, bai eta horretan ibiltzen gara. Tendentziak jarraitzen ditut, baina estilo propioa mantenduz beti.

Lehen aipatu dugun San Mamesko takila hori, Adurizen eta De Marcosen artean dagoena zabaltzen badugu, krema eta kolonia asko topatuko ditugu? Zentzu horretan, zeure burua zaintzea gustatzen zaizu?

Lezamakoan gehiago. San Mamesen astean behin egoten gara, baina Lezamakoan bai, baditut. Atsegin dut zaintzea.

Amaitzeko… kirol esparrura itzuliz eta etorkizunera begira jarrita. Talde honi permanentzia baino gehiago eskatzea oso memoria gutxi izatea da?

Guretzat, mentalitate onena pausoz pauso joatea da, noraino helduko garen pentsatu gabe. Horrek ekarri gaitu egun daukagun egoerara eta horrela jarraitu behar dugu. Ilusioa daukagu eta ahalik eta gorenera iristeko lan egingo dugu zaila dela jakin arren, baina jakinda guretzat onena partiduz partidu joatea dela.

Banekienez hori esango zenidala, non egon nahi ez duzuen galdetuko dizut. Alegia, zazpigarren izatea marroi bat litzateke?

Ez, inondik inora ere! Oraintxe bertan sinatuko nuke.

Datorren urtean denboraldia arinago hasi behar baduzue ere?

Ez digu inporta. Nahiz eta udarik ez eduki, Europan jokatzea oso sari handia izango litzateke.

Uda aipatu duzunez, zer gomendatuko zenioke Aitor Elizegiri udara begira? Zu joan zinen eta baita itzuli ere. Mundu guztiak beso zabalik hartu zaitu, baina hori ez da Athleticera itzul daitezkeen beste jokalari batzuen kasua [Llorente, Javi Martinez, Ander Herrera]. Zer egingo zenuke zuk?

Athleticentzat onena bada, etor daitezela. Denok nahi dugu klubak aurrera egitea; beraz, ona bada, egin dezala. Jarrai dezala orain arte bezala, gauzak ondo egiten ari da eta.