Ibai Arrieta del Pico: “Argazkilaritzak aske sentiarazten nauen eremura narama””
Ibai Arrieta del Pico argazkilariak Berri Txarrak taldearen agur-biraren eta Gorka Urbizuren Hasiera bat diskoaren grabaketaren argazkiak atera ditu. Harekin hitz egin dugu elkarlan horri buruz, argazkilaritza ulertzeko duen moduaz eta gaur egun argazkiek duten garrantziaz, besteak beste.
Ibai Arrieta del Pico, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko gonbidapenagatik.
Noiz hartu zenuen lehendabiziko aldiz argazki-kamera bat?
Zehazki ez dakit; seguru asko, haurtzaroan galdutako gertaera bat delako. Txikitatik ikusi izan ditut gurasoak reflex-kamera eskuetan zutela, egiten genituen txangoetan argazkiak ateratzen. Eta aparailu horiek ukitu eta eskuetan izan nahi nituen. Gogoratzen dut 6 urte inguru izango nituela aitona-amonek erdi-jostailuzko kamera bat oparitu zidatenean. Orduan hasi nintzen argazkiak ateratzen.
Eta argazkilari profesionala izan nahi zenuen erabakia noiz eta zergatik hartu zenuen?
6 urte haietatik erabakia hartu nuen arte, bide luzea pasa da. Profesionalki horretan jarduteko hautua 2017an egin nuen. Haurtzaroan argazki-kameraren botoiek erakartzen ninduten, bai eta argazkia ateratzearen atzean zegoen magiak, une berezi horrek. Gerora, argazkilaritza modu sakonagotik deskubritzen hasi nintzen, eta harrapatu egin ninduen. Argazkilaritza nire bizitzako fase desberdinetan egon da beti. DBHn argazkilaritza aukeratu nuen hautazkoen artean, eta gela beltza ezagutu nuen. Pixkanaka, modu progresiboan, argazkilaritzaren harra sartzen joan zait.
Zuretzat zer da argazkilaritza?
Askotan galdetu izan diot neure buruari zer den argazkilaritzatik hainbeste gustatzen zaidana, eta gaur egun ere ez dakit oso argi dudan. Argazkilari bati entzun nion argazkilaritza bazela aske sentiarazten zuen eremu bat, eta nire egiten dut definizio hori. Argazkilaritza bihurtu da ni aske sentitzen naizen eremu bat, eta nahiko ezkutuan edo neronek entzuten ez dudan ni batekin topo egiteko plaza eskaintzen dit. Argazki bat egiterakoan erabaki tekniko batzuetatik abiatzen zara, eta zeure buruarekin elkarrizketa bat hasten duzu. Batzuetan ez dakizu argi nora zoazen, beste batzuetan bai, eta bilaketa horrek, prozesu horrek, asko betetzen nau.
Zer eduki behar du argazki batek ona izateko?
Argazki batzuk badaude gertaeraren beraren ikusgarritasunagatik edo momentuaren garrantziagatik bertan harrapatzen zaituztela. Baina, nire ustez, argazki on bat da bertan deskribatzen ez zaizun giro hori zure egiten duzunean. Sentsazio batera eramango zaituena, norberaren barruan dauden su txiki horiek piztuko dituena. Agian, argazki horrek niri sortu dit beldurra edo poza, eta beste bati beste era batera eragiten dio. Hori litzateke argazki on bat.
“Gaur egun argazkiak oso azaletik kontsumitzen ditugu”
Berri Txarrak, liburua eta Gorka Urbizu; nola hasi zen elkarlan hori?
Abentura hori 2017-2018an sortu zen, BECen Berri Txarrak taldeak kontzertua eman zuenean. Erronka izan zen euskal talde batek BEC betetzea. Kontzertu hartara joan nintzen kamerarekin –askotan joaten nintzen kontzertuetara argazkiak ateratzera–, ofizio bihurtu baino lehen, ikasitakoa praktikan jartzera. Hainbat gaztetxetan atera izan ditut argazkiak, eta kontzertu handiago hartara joateak erakartzen ninduen. Berri Txarrak taldearen zalea izanda, gainera. BECen argazkilari guztiak aurrealdeko zuloan sartuta geunden, irudi beraren bila. Orduan pentsatu nuen ez nuela argazki bera atera nahi, eta urrutiratu egin nintzen. Eta orduan une magiko bat gertatu zen: denek telefonoetako linternak piztu zituzten –uste dut Maravillasen kantan zela–, eta argazki hura atera nuen. Handik denbora batera Gorka Urbizu bera nirekin harremanetan jarri zen argazki horrengatik, eta hura izan zen abiapuntua. Argazki hura bihotzean gordetzen dut, eta handik sortu da harreman bat. Berri Txarraken momentu oso berezi bat erretratatzea tokatu zait; hau da, taldeak bere borondatez uztea erabakitzen duen une hori, agur-biran. Izugarrizko esperientzia izan zen argazkilari gisa, fenomeno oso berezi bat erretratatzea izan zelako. Taldea gertutik erretratatzeko proposamena egin nien eta onartu egin zuten. Orduan, Eider Iturriagak eta biok Berba eta irudia liburua ondu genuen, Harkaitz Canoren testuarekin eta Galder Eizagirreren edizio-lanarekin. Gero, pandemia etorri zen eta bat-batean dena geratu zen. 2023ko udaberri amaieran Gorkaren deia jaso nuen, zerbait bazuela esku artean, eta haren grabaketa prozesua jarraitzeko eskatu zidan. Aukera hari ezin izan nion ukorik egin. Gainera, argazkilari gisa oso interesgarria egiten zitzaidan grabaketa nola planteatzen zuen. Zenbaitetan tokatzen zaizu ezagutzen ez duzun eremu bat erretratatzea, eta oso enpatikoa izan behar duzu kameraren aurrean daukazunaren errealitatearekin. Asko gozatu dudan eremu batera eraman ninduen lan hark.
Zergatik izan zen berezia lan hura?
Beste grabaketa batzuetan egon izan naiz, baina Gorkaren bakarkako grabaketaren berezitasuna izan da bat-batekotasunak zuen garrantzia. Gorka bazetorren Berri Txarraketik, tren handi batetik, indar handikoa, zarata handia egiten zuena, argi asko… Beste norabide bat hartu nahi zuela esan zidan. Mundu intimo hartan sartzen saiatu nintzen irudien bidez. Irudiekin atmosfera hura jasotzen ahalegindu nintzen. Teatre de Ca l’ Eril estudio berezia izan da. Espazio berean ari da gertatzen grabazio osoa, eta espazio horretatik bertan arnasten dena transmititu behar duzu.
Eta lortu duzula uste duzu?
Saiatu naiz. Oso interesgarria izan zen lengoaia musikala argazkilaritzan aplikatzea. Oso intentsua izan zen. Irudiak hor daude, eta, jendearen iritziaren arabera, badirudi iritsi dela. Jendeak esango du hori. Bertan arnastutako hori liburuaren bidez edo erakusketaren bidez ematen saiatu naiz.
Teknika, kamera edo begi ona; zer da garrantzitsuena?
Gehiago ere egongo lirateke, baina hiru osagai horiek interesgarriak dira. Oso modan dago esatea kamera baino gehiago begirada dela garrantzitsua. Baina argazki bat ateratzeko orduan erabaki asko hartu behar dituzu. Eta kamerak ere zerikusia badu. Begirada landu bat edukitzeari erabateko garrantzia ematen diot. Teknika ere garrantzitsua da, baina ez dut ikusten hain oinarrizkoa.
Eta nola lantzen da begirada?
Argazkiak ikusiz, lan inspiratzaileak ikusiz… eta kopiatuz ere ikasten da. Zintzotasuna eduki behar da esateko: “Irudi horren atzean beste lan hau dago; horretan oinarritu naiz”. Azkenean, kopiatuz ere iritsiko da une bat zuretik zerbait edukiko duena argazki horrek. Begirada arituz elikatu behar duzu. Argazkilaritza aske sentiarazten nauen eremua da. Batzuetan, oso argi daukazu zer egin nahi duzun, baina, askotan, bere lekuan jartzen zaitu errealitateak. Eta beste batzuetan, ez daukazu egin nahi duzunaren ideia hain garbi, baina hari-mutur bat aurkitzen duzu eta eramaten zaitu hor zegoenik ez zenekien eremu batera. Eta entzuten hasten zara nahikoa isilpean dagoen zure ahotsa. Eta beste batzuetan, zerbaiti argazkia ateratzeko bulkada izaten duzu, eta gero, editatzen ari zarela, galdetzen diozu zeure buruari: “Zergatik atera dut?”. Alor komertzialagoetan mugak non dauden argiago dago.
“Argazkiekin barruan ditugun su txikiak piztu nahi ditut”
Askotariko lanak egiten dituzu, baina kuttunetako bat Herrira begira da, Usurbilgo Noaua! aldizkarian egiten duzuna.
Proiektua 2017 inguruan hasi zen. Hasiera batean, Noaua! aldizkariak Ion Markel Saez de Urabaini eta bioi egin zigun proposamena. Hilean behin bakoitzak gai bat hartu eta hamar argazkitan gure ikuspegia ematea eskatu ziguten. Gaur egun, bi hilean behin egiten dudan ariketa da. Egunkarietako zutabegile batek idatziz egiten duen iritzi emate horren antzekoa egiten dut nik irudien bidez. Lan horrek aukera ematen dit Usurbilekin, nire jaioterriarekin, halako konexio eta hausnarketa bat egiteko. Abiapuntuak izan daitezke txikitako oroitzapenera naraman gune bat, edo sentsazio bat… Hemen ez dut gaurkotasunaz hitz egiten, esperimentatzeko plaza oso interesgarria da niretzat. Aukera ematen dit nire ahotsarekin topo egiteko. Argazkiak zerbait mugiaraztea bilatzen dut. Literatura eta poesia irakurtzen dudanean gero eta gehiago konturatzen naiz laguntzen didatela horrelako proiektuak garatzen, ideia bati heltzeko orduan.
Zein eginkizun du argazkilariak gaur egun?
Askotan, ekipo ona duen operario bat ote naizen sentsazioa izaten dut. Irudiak izugarrizko presentzia du, baina inoiz baino azkarragoa da haien kontsumoa. Argazkiak kontsumitzeko moduak mantsoagoa izan behar duela pentsatzen dut. Komunikatzeko modu bat da, sentsazioak pizteko modu bat da. Askotan, argazki ona eta txarra edo polita/itsusia sinonimotzat hartzen dira, eta irakurketa horretatik urrundu egin beharko genuke. Argazki bat izan daiteke oso ona, eta itsusia izan. Gaur egun, irudiak oso azaletik kontsumitzen ditugu. Argazkilaria izateko kamera ona eduki behar dela ez dut esango. Mugikorrarekin ere egin dezakezu lan. Kontua da mugikorra desblokeatzen duzunean hainbat mezu eta abisu sartu zaizkizula, despistatzeko aukera gehiago daude, eta argazkilaritza lantzeko prozesu hori bidean galdu daiteke. Espresuki kamera bat izateak lagundu dezake prozesu horretan murgiltzen.