Ianire Elorriaga: “Olinpikoa izatea profesionalizatzeko bidea da, baina xarma kenduko dio skateari”
Ianire Elorriaga (Bakio, 1983) aitzindaria izan zen Euskal Herriko neska skaterren artean. Europako txapeldun sei aldiz izan arren, skatea sekula ez du kirol gisa hartu. Entrenamendurik gabe, lagunekin kalean gozatuz ikastea izan da bere filosofia. Horregatik, orain, argi-ilunak ikusten dizkio olinpiko bihurtzeari. Onura asko ekarriko baditu ere, esentziaren gainetik lehiakortasuna nagusitzearen beldur da.
Txertoa hartu eta zuzenean elkarrizketara, Ianire. Ongi etorri!
Bigarren dosia hartu eta hemen nago, bai.
Momentuz ondo? Albo-efekturik gabe?
Bai; momentuz, dena ondo [Barre]. Ea zelan doan!
Zein jarri dizute?
AstraZeneca.
A, noski, irakasle zarelako jarri dizute bigarren dosia. Pauta osatu duzu…
Hori da.
Eta zer iruditu zaizu Pfizer edo AstraZeneca, bietako zein hartu azkenean norberak erabaki izana?
Ba, arduratuta egon naiz. Azken finean, nik uste dut hiritarrok ez garela erabaki hori hartzeko gai. Nik AstraZeneca hartu dut, kuadrillako bat medikua delako eta berak gomendatu zidalako, baina ez dut ziurtasun osoz egin. Beste leku baten hartu beharreko erabakia dela iruditzen zait. Ez da norbanakoaren esku utzi behar.
Tira, esan dugu, irakaslea zara. Heziketa Fisikoko irakaslea. Zure eskoletan skatea presente egoten da?
Bai. Beti. Hiruhileko bakoitzean skate unitate bat egiteko aukera ematen diet ikasleei. Normalean, bukaeran egiten dugu, sari bezala, oporrak baino lehen.
Eta, ikasleak gustura?
Bai. Berez, ez da skatea bakarrik, irristaketa saioak egiten ditugu, eta nik skatea ekartzeko aukera ematen diet. Guk eskolan ez daukagu denentzako materialik eta bakoitzak etxetik ekartzen du nahi duena: batzuek scooter-a, beste batzuek patinak… Baina esan behar dut aurten nire seigarren mailako ikasleen %99 skatearekin etorri zirela bigarren hiruhilekoan!
Irakaslea ezin harroago…
Oso pozik!
Zenbat orkatilako bihurritu eta ukondoko kolpe sendatu behar izan dituzu?
Asko, egia esan. Orkatiletako lesioak, batez ere.
Orkatila da skatea praktikatzerakoan gehien lesionatzen dena?
Nire kasuan, bai. Ez dira lesio larriak izan, baina sarritan izan ditut orkatilako bihurrituak. Batez ere, udaberrian izaten ziren, gainera. Ez dakit eguraldi aldaketa edo zein zen motiboa, baina hala gertatzen zitzaidan.
Irakaslea izateaz gainera, Ianire Elorriaga gaur egun zer da, skaterra ala skater ohia esan beharko nuke? Inoiz uzten al zaio skaterra izateari?
Uste dut betirako izango naizela skaterra. Zaila da skater ohi bat bilatzea, skatea beti izango delako gure bizitzaren parte, nahiz eta ez lehiatu edo egunerokoan lehen bezain beste ez praktikatu. Nik, adibidez, beti daramat skate bat autoan, eta, askotan, herrian skatearen gainean mugitzen naiz.
Sarritan ibiltzen zara, beraz…
Ia egunero. Askotan, ez naiz pistara trukoak egitera joaten, baina garraiobide gisa bai. Beste batzuk bizikletan joaten diren bezala, ni skatean mugitzen naiz.
Eta nola definituko zenuke skatea zer den? Kirol bat? Jarrera kontu bat? Janzkeratik ere badauka…
Gauza asko daude hor. Janzteko estilo bat den ez dakit, baina garbi dago markak oso sartuta daudela skatearen munduan eta marken helburua saltzea dela; beraz, modak asko markatzen du. Bestetik, kirola den ala ez, badago nahikoa polemika. Nire iritziz, ez da kirola. Nik ez dut horrela bizi. Urte askotan praktikatu izan dut futbola, eta futbolean entrenamenduak genituen astean birritan, astearteetan eta ostegunetan. Skatean ez zegoen horrelakorik. Orain, profesionalizatzen ari da eta kirol bihurtu da, baina gure garaian ez zegoen entrenatzailerik eta ez zegoen gure gaitasunak hobetzeko entrenamendurik. Lagunekin gozatzea zen helburua, eta aurrerapausoak, truko berriak, lagunekin ateratzen genituen, kalean eta ordutegirik gabe.
Janzkerarena aipatzen nuen lehen pertsonan bizi izan dudalako. Nik zu gaztetatik Bakion skatearekin ikustetik ezagutzen zaitudalako, eta garai hartan zuk eramaten zenituen zapatiletan fijatzen ginelako, adibidez. Are gehiago, aitortuko dizut inbidia handia genizula zuri markek arropa oparitu egiten zizutela komentatzen zelako. Ez dakit hori horrela ote zen…
Bai, bai. Eta oraindik ere hala da! Oraindik ere ematen dizkidate! [Barre]. Batzuetan, markaren zapatila adierazgarrienak ematen zizkiguten, kalean jendeak ikusi zitzan, edo txapelketa bat genuenean zein zapatila eraman behar genuen esaten ziguten, jendaurrean erakutsi nahi zituztelako.
“Skatea beti egon da lehiakortasunetik urrun; orain, kontrakoa izango da”
Ba, jakin dezatela gure kuadrillarekin, behintzat, oso ondo atera zitzaiela marketin estrategia…
Ordainsaria eskatu beharko diet! [Barre]
Baina lehengora itzulita, esan didazu skatea zuretzat ez dela kirola. Eta, jarrera kontu bat? Bizi filosofia bat? Azkenean, beti izan delako kalekoa, transgresorea, gaizki ikusia askotan…
Oso gaizki ikusia. Pentsa, ni 90eko hamarkadan skatean nenbilen. 10 urteko neska bat, skate gainean egun osoan, mutilez inguratuta… Zer esana ematen zuen. Ez zegoen ondo ikusia. Gaur egun, aldatu egin da kontua eta udalek eta erakundeek ere gehiago babesten dute, baina iruditzen zait garai hartan umeen jolas bat bezala ikusten zuela jendeak eta oraindik ere baduela kutsu hori.
Bakion hobetu egin dituzte skatean aritzeko instalazioak, ezta?
Berritu egin dute, bai. Baina urteetan oso zaharkituta egon da. Ni Bakiokoa izanda, askotan beste pista batzuetara joan behar izaten nintzen, lehiaketetan aritzen nintzen garaian instalazioak oso txarto zeudelako. Baina egia da ni herrian bertan hasi nintzela. Boom moduko bat gertatu zen 80ko hamarkadan eta udal askok eraiki zituzten skate parkeak. Arazoa da gero ez zituztela zaindu.
Orain, ordea, olinpiko bilakatu da. Hain kalekoa izanik, horrek ez dio esentzia kenduko?
Iritzi kontrajarriak daude horren inguruan. Batzuk ez daude Olinpiar Jokoetan egotearekin ados horrexegatik, xarma galdu egingo dela uste dutelako. Bestalde, ikusi behar dugu skaterrak profesionalizatzeko bidea ere badela, dirulaguntza askoz gehiago jasoko dituzte, instalazioak hobetu egingo dira…
Bi iritzien artean, erdibidean ikusten zaitut…
Alde on asko ikusten dizkiot, baina bai iruditzen zait xarma galdu egingo dela, umeak lehian hasiko direlako. Jokoetan truko bakoitzagatik puntuak emango dituzte eta helburua puntuak pilatzea izango da. Skatea beti egon da lehiakortasunetik urrun, eta orain, justu, kontrakoa izango da. Horregatik, garrantzitsua izango da haurrekin eta gazteekin guk bizi izan dugunaren kontzientzia zabaltzea, jatorria zein den jakin dezaten.
Izatez, skater asko dago txapelketetan lehiatzeri uko egin diona konpetizio kontzeptu horretan ez delako eroso sentitzen, ezta?
Asko. Batzuk oso famatuak eta oso marka onekin dabiltzanak, gainera. Egiten dutena da munduan bidaiatu, bideoak editatu, aldizkarietarako argazkiak egin… Baina euren kontratuetan jasotzen dute eurek ez dutela txapelketetan parte hartuko.
Olinpikoa izango denez, azaldu egiguzu nola baloratuko den eta zertan fijatu behar dugun Tokion skaterrak lehiatzen ikusten ditugunean…
Ez nago oso jantzita, baina badakit bi modalitate egongo direla, park izenekoa bat, arrapalan egiten dena, eta bestea street izenekoa, kalekoa. Arrapalakoa 45 segundoko ibilbidea da eta eroriz gero kanporatuta geratzen da, eta bestean, street-ean, ibilbidea egiteaz gain bost truko solte egin behar dira. Truko bakoitzarekin lortzen den puntuazioa zuzenean ikusten da, aurkariaren puntuazioa ere ezagutzen da, eta horren arabera jokatu daiteke. Azken trukoetan zenbat behar diren kalkulatu, eta gehiago edo gutxiago arriskatu.
Bat erlojuaren kontra izango da, beraz, ibilbidea zeinek azkarren egin; eta bestea, ibilbidea horretan zehar puntuak lortzea…
Hori da. Eta horregatik nioen lehia ikaragarria izango dela. Jokoetarako sailkapen proba batzuk ikusi ditut eta guztiz modalitate lehiakorra da, estrategia hutsa.
Surfean bezala, hortaz…
Berdin. Izatez, nik surfa beti ezagutu izan dut lehian sartuta. Ez dut ia surf freelance hori ezagutu.
Eta harrobi aldetik nola gabiltza?
Oso ondo. Euskal Herrian gero eta gazte gehiago dabiltza, oso gaztetxoak, gainera, 12-13 urte ingurukoak, eta oso maila handia dutenak. Gaur egun, skate eskola asko dago eta horrek lagundu egiten du.
Jokoen kontu hau duela urte batzuk izan balitz, japoniera ikasten ariko zinateke orain?
Argi dago beste garai baten izan balitz Jokoetarako sailkatzen saiatuko nintzela, behintzat. Kontua da nagusi harrapatu nauela, beste kontu batzuetan sartuta, eta pena ematen dit, zentzu baten, baina nik nire ibilbidea egin nuen eta hura bizi izan nuen.
Besteak beste, sei aldiz izan zinen Europako txapeldun…
Hori da!
Baina horra iritsi aurretik. Nola hasi zinen? Anaiari segika?
Bai. Nik kirol asko praktikatu izan ditut eta, batez ere, futbolean aritzen nintzen, baina neba nagusiak skatea egiten duenez eta txikiak garenean beti neba nagusiak egiten duena imitatu nahi dugunez, ni ere patinatzen hasi nintzen. Bakion, justu, pista eraiki zuten eta orduan hasi nintzen. Gero suertatu zen guztia modu inkontzientean izan zen.
“Gure garaian ez zegoen entrenatzailerik eta ez zegoen gure gaitasunak hobetzeko entrenamendurik”
Beraz, neba nagusiarekin eta bere lagunekin aritzen zinen, neskarik patin batekin ez zelako ikusten…
Ez, ez. Ez zegoen. Begira, justu, atzo Mungiako pistan egon nintzen eta lau neska zebiltzan patinatzen, eta esan nien hori nire garaian ezinezkoa zela. Ni bakarra edo bakarretakoa nintzela Estatu osoan. Nebarekin eta bere lagunekin ibiltzen nintzen. Aurrerago, Hossegorren, Europako nesken lehenbiziko txapelketetako bat izan antolatu zuten eta parte hartzera gonbidatu ninduten. Inolako helbururik gabe joan nintzen, ea zer zegoen ikustera, baina irabazi egin nuen, eta, marka gehienek egoitza Hossegorren eta Iparraldean daukatenez, deitzen hasi ziren, eta eurekin Europatik bidaiatzen hasi nintzen.
Momentu hartan, skatea kontu serioagoa bihurtu zen zuretzat, edo ordura arteko filosofia berarekin jarraitu zenuen?
Serioagoa bai, baina nik bizimodu normala egiten jarraitu nuen, lagunekin, eta abar, eta esango nuke gaur egun ere, hein handi baten, berdintsu jarraitzen duela nahiz eta profesionalagoa izan. Agian, entrenamendu fisiko gehiago egiten dituzte, gorputza gehiago zaintzen dute, gimnasiora joan… Guk ez genuen horrelakorik egiten, baina ez dut uste gaur egun ere skate entrenamendu espezifiko gogorrak dituztenik. Alde fisikoa, agian, bai, prestakuntza gehiago dago, baina besteak librea izaten jarraitzen du.
Profesionala izateko aukera izan zenuen edo gertu ikusi zenuen inoiz? Skatera %100 dedikatzeko aukera mahai gainean egon zen?
Profesionala izatea zer den zehaztu beharko genuke. Nik dirulaguntza bat jasotzen nuen patinatzeagatik eta txapelketetan parte hartzeagatik, eta diru horrekin bizitzeko adina neukan. Kontua da banekiela epe laburrerako zerbait zela, ez zidan aurrezteko ematen, eta ondoren beste zerbait egin beharko nuela garbi neukan. Ikasten jarraitu nuen eta lanean hasi nintzen. Irakaslea naiz, eta garai hartan lanaldi murriztuarekin moldatzen nintzen. Hezkuntza publikoan nabilenez, puntuak berdin pilatzen nituen, baina lanorduak gutxiago ziren, eta, horrela, bidaiekin eta entrenamenduekin uztartzen nuen.
Esan nahi nuen ea momenturen baten Ameriketako Estatu Batuetara joan eta beste dimentsio batera salto egiteko aukera planteatu ote zenuen…
Aukera bat da, baina nik ez nuen hori buruan, inondik inora. Bide oso zaila iruditzen zait, eta arrakasta lortzea, are zailago. Ameriketako Estatu Batuetan oso skater famatuak daude eta ez dira %100 profesionalak. Gainera, lehen aipatu dugun moda kontua ere sartzen da jokoan. Patinatzeaz gain modelo itxura izanez gero, agian, marka potente batek fitxatu eta orduan bai, diru gehiago irabaz daiteke. Baina, sarritan, ez du patinatzearekin bakarrik balio, gauza gehiago daude.
Zerekin geratzen zara? Gustukoa duzun zerbait praktikatzeko aukeraz aparte, zer eman dizu skateak?
Gaur egun naizena eman dit. Bizipen horiek guztiak gabe ezberdina izango nintzatekeen. Egiten ditugun gauza guztiak motxilan sartzen ditugu eta hortik garatzen da gure izaera eta nortasuna. Horretaz aparte, lagunak ditut hainbat tokitan, Herbehereetan, adibidez, eta oso gaztetatik mundu osoan bidaiatzeko aukera izan dut, eta adin horrekin hori bizitzea ez da ohikoa.
Kontatu lagunekin Landetan jokatzen zen txapelketa batera egin zenuen bidaiarena. Nolakoak ziren lehenbiziko bidaia haiek?
Oso gaztea nintzen, garai hartan ez neukan gidabaimenik, eta amari sekulako txapa eman nion txapelketa hartan parte hartu nahi nuela eta joan egin behar nuela. Amak esan zidan eramango ninduela, baina gero lanera bueltan etorri behar zuela eta han geratu beharko nuela. Kuadrillako beste hiru lagunekin amaren autoan sartu eta hara joan ginen. Txapelketako neska frantses batzuekin hitz eginda geneukan euren etxean geratuko ginela lotan, baina, azkenean, ez ziren agertu eta aparkaleku batean egin behar izan genuen lo. Hurrengo goizean, gainera, isuna jarri ziguten, han kanpatzea debekatuta zegoelako. Lehiatu eta berriro amari deitu behar izan nion bila etorri zedin.
Txapelketa ondo joan zen, behintzat?
Irabazi egin nuen. Adin horrekin grina hori daukazu, berdin zaizu dena, edozein tokitara joateko prest zaude, motibazio estra batekin hartzen duzu. Gero, urteek aurrera egin ahala nagia sartzen zaizu, nagusi egiten zara. 13 urte eman nituen lehiatzen eta bidaiatzen. Nahikotxo dira.
Bidaia horietan ezagutu duzun toki bat, bereziki markatuta geratu zaizuna?
Suitza. Askotan bueltatu naiz. Oso leku polita da. Niretzat berezia da, han hainbat txapelketa irabazteko aukera izan nuelako. Oroitzapen politak dakarzkit.
Eta ezer negatiboa? Neska apurretakoa zinen, esan didazu ez zegoela ondo ikusia… Inoiz arraroa zarela edo okerreko bidetik zoazela sentiarazi dizute?
Alde horretatik, ez dut inoiz inolako zalantzarik izan, gurasoen babes osoa izan dudalako. Beti esan izan didate gustukoa banuen jarraitzeko, beste ezeri jaramon egin gabe, eta, etxean babes hori sentitzen baduzu, beste segurtasun bat daukazu barnean ere.
Lehiatzen aritu zaren urteetan neskak dagokizuen tokia hartuz joan zaretela iruditzen zaizu? Hasierako trabak eta bakardade hura aldatu egin dira?
Asko eboluzionatu du nesken skateak. Eta gehiagora doa. Orain ikusten den maila izugarria da eta etorkizunean hazten jarraituko du.
Zein zen Ianire Elorriagaren trukoa? Arma nagusia?
Ba, ez dakit. Ni, gehienbat, arrapalan ibili izan naiz Euskal Herrian ohikoena delako, baina, truko bat esan behar badut, kickflip-a esango nuke. Oso ondo egiten nituen. Eta egiten ditut oraindik! [Barre]
Trukoarena galdetu dizut behin esan zenuelako zahartu egin zarela ohartzen zarela gazteek egiten dituzten trukoak egiteko gai ez zarenean…
Baina hori ere moda kontu bat da. Trukoak aldatu egiten dira. Orain, eskuarekin patina heltzea dago bogan. Ni gazteagoa nintzenean ez ziren egiten horrelakoak, baina lehenago bai. Arropak bezala, trukoek ere bilakaera daukate.
Beraz, kontua ez da ez zarela gaur egungo trukoak egiteko gai, zurea beste estilo bat dela baizik?
Egia esan, orain ez naiz gai gauza asko egiteko! [Barre]
Amaitzeko, Ianire. Eta hemendik aurrera zer? Irakaslea zara, lehiatzen ez baina patinatzen jarraitzen duzu… Eta, horretaz gain, ama ere bazara. Bi txikiren ama.
Ba, ez dakit zer egingo duten eurek. Nahi dutena. Inolako presiorik gabe. Baina bai gustatuko litzaidake skatea zer den ezagutzea, behintzat. Nik, esan dizut, kirol asko egin dut: frontoian ibili naiz, futbolean urte askotan jokatu dut, surfa egin izan dut, orain mendiko bizikletarekin nabil… Gustatuko litzaidake ume kirolariak izatea. Agian, ez dut lortuko, ze, badakizu, etxean ikusten dutena gero ez dute beti eurek egin nahi izaten, baina transmisio hori lortzea polita litzateke. Ikusiko dugu.