Hordagoa, handira!

38. ikasturtea abiatu berri du Iruñeko Euskalerria Irratia-k. 27 urtez egin zuen bidea lizentzia ofizialik gabe, baina herritarren, bazkideen, babesleen eta, finean, euskal komunitate oso baten babes, baimen eta indarrarekin. 1997an banatu zituzten irrati lizentzietako bat euskarazko irratiari zegokiola baieztatu zuen Nafarroako Gobernuak 2015ean, ia hogei urte beranduago. Bazterrean, ahotsik gabe, soinurik sartu gabe nahi izan zuten zokoratu Euskalerria Irratia urte luzez. Euskaraz haizatzea helburu zuelako. Erregimenaren garai gogorrenetan, aldapatsua izan zen euskarazko irratiaren bidea. Mikel Bujanda izan du zuzendari irratiak urte luzez, eta eskerrak zoro zoragarri taldetxo batek erabaki zuela modu alegalean bazen ere abiatzea uhin bidezko bidea, bestela, 1988an izan ordez, 2015ean mustu behar izanen zukeen proiektua.
Malkartsua izan da bidea. Zailtasunez betea. Oztopoz eta sasiz. Hesiak gainditzen jakin du komunitate oso bati esker. Bidelagun izan dituen euskaltzale guztien bitartez. Urratsez urrats aurrera egiten ikasi du. Irrintzi Dorrea izan du 38 urtez etxe. Periferiatik zabaltzen hasi zen euskarazko irratia. Itsasargi izan da Iruñean eta Iruñerrian. Egindako lana, sortutako komunitatea eta etorkizunera begirako handira saltoa denokin batera egiten segitu nahi du.
Proiektu handiagoa eta zabalagoa izateko iritsi da hiri buruzagiko erdigunera. Iruñeko Alde Zaharreko Kale Nagusian egoitza hartu du. Sortu den aro erreakzionarioari erantzun irmoa emateko. Elkarlanean. Erdigunean sortzen ari den mugimendu sozialarekin esku hartuta. Berria egunkariko lankideekin batera. LABA, Karrikiri eta Txalaparta alboan izanda. Bide berean, euskaratik eta euskaraz aritzera. Tira elkarrekin egitera.
Eta tira hori Agerrera iritsaraztera ere badoa Euskalerria Irratia. Euskarazko tokiko komunikabiderik ez dagoen lurraldera: Zangozaldera, Lizarraldera, Tuteraldera… Hango berriemaileek emanen dituzte hango albisteak, eta irratiak emanen die hiriburu inguruko informazioa. Elkartruke eta fusio berriak sortuko dira hasi berri den aro berri baterako. Handira joko du hordagoa Euskalerria Irratia-k. Irratiko egoitza berriaren inaugurazioan Sustrai Colinak bertsotan kantatu bezala, konplexurik gabe eta, harriduraz bada ere, baldintza onak bidelagun hartuta handira jotzeko garaia da.