Hitzekin
Hitzekin da 2022ko Korrikaren goiburua. Hitzekin egiten da hizkuntza. Baita euskara ere. Horregatik aproposa, egokia da aukeratutako goiburua. Egun hauetan ehunka kilometro egingo dira korrika euskararen aldeko konpromisoa agertzeko. Baina konpromiso hori hitzekin jantzi behar da gero. Euskaraz hitz egitea eta idaztea dugu erronka.
Edozein esparru jantzi behar da euskarazko hitzekin, euskarak ez duelako inolako mugarik izan behar. Nolanahi ere, badira arreta berezia merezi duten esparruak. Unibertsitatea eta lan-mundua dira horietako bi. Lan-munduko arlo askotan euskarak tokirik ez omen duelako, asko dira D ereduan ikasketak egin arren gerora unibertsitatean euskarari bizkarra ematen diotenak. Antza, mundu profesionala eta euskara ez dira bateragarriak hala pentsatzen dutenentzat.
Mundu profesionala euskaratzeko premiazkoa da aldez aurretik behar den moduan trebatzea. Hori da egin beharreko bestelako korrikaldia; unibertsitatean hasi beharrekoa, alegia.
Alabaina, unibertsitatean euskal ikasleak ez ezik euskal irakasle eta gaiak ere behar dira. Bestela esanda, eskariak eta eskaintzak eskutik joan behar dute. Euskal ikasleak ugari ez izan arren ere, eskaintzari eutsi beharko litzaioke beti, badirelako euskaraz eskaini gabe utzi diren irakasgaiak, ikasle-kopuru urria aitzakia hartuta.
Zinez, Korrika baliagarri zaigu hori guztiori irudikatzeko, eta aurtengo goiburuak argiro erakusten digu zein garrantzitsua den hitzak baliatzea euskararen aldeko lanabesik aproposena bezala.