Hitzarmen kolektiboen garrantziaz
Berriki sinatu dute Gipuzkoan metaleko hitzarmen kolektiboa. Akordio historikotzat jo da berau. Ez da gutxiagorako. Ia hamar urte igaro dira esparru horretan azken hitzarmen kolektiboa sinatu zenetik. Hark bezala, oraingoak ere eragingarritasun orokorra izango du; hots, sektore horretan diharduten langile eta enpresaburu guztiei aplikatuko zaie.
Sindikatuek eta enpresaburuen erakundeek badute funtsezko eginkizuna halako hitzarmenak negoziatu eta adostean. Areago, gizarteak galdatu behar die akordioetara heltzea. Bada, hitzarmen kolektiboek balio dute autogestiotik lan-harremanen arauketa unean uneko errealitatera egokitzeko. Agian, horregatik ezarri zen 2012ko lan-erreforman, erregela nagusi gisa, urtebeteko epea, behin hitzarmen kolektiboa salatuta, hitzarmen berria adosteko. Agian, horregatik ezarri zen orduan zenbait gaitan, ekonomia- teknika-, antolaketa- eta ekoizpen-arrazoietan oinarrituta, indarreko hitzarmen kolektiboa ez aplikatzeko aukera. Antza, sindikatuen eta enpresaburuen erakundeen arduran gehiegi konfiatu zen. Baina, tamalez, errealitateak erakusten digu sarri ez direla gai gizarteari begira duten ardura gauzatzeko. Egin-eginean ere, bi-biek botere publikoekin batera jardun behar dute estatu sozial eta demokratikoaren elkarrekintzan.
Azken buruan, enpresek euren baitan biltzen badituzte kapital ekonomikoa eta giza kapitala, bi-bien arteko orekari eutsiz, helburua izan behar da enpresak eta lan-kontratuak iraunaraztea. Horixe politika sozialik onena.