Hippiekeriak: Korapiloz korapilo, sormena bitxi bihurtuta
Ione Olea dago Hippiekeriak proiektuaren atzean; bere alde sortzailea garatzeko sortu zuen mikromakramezko bitxien proiektu hori. 2023an hasi zen mikromakramearekin, eta, hasieran, gertukoentzat egiten zituen piezak. Baina, korapiloz korapilo, zaletasun hura proiektu pertsonal bihurtu zen. Eskuz sortzen ditu bitxi guztiak: lepokoak, belarritakoak, eraztunak, eskumuturrekoak eta bestelako osagarriak.
Harri naturalak
Labradoritarekin, amatistarekin edo ilargi-harriarekin egiten ditu bitxiak, eta pieza bakoitzak bere izaera eta nortasuna izatea bilatzen du. Olearen sormen-prozesua pausatua eta artisaua da; pazientziaz jarduten du, eta xehetasunak zaintzen ditu. Ondorioz, hurbil sentitzen du slow fashion filosofiaren ideia: gutxiago, baina kontzienteki egina. Horrez gain, tarteka, mikromakramearen oinarrizko korapiloak ikasteko tailerrak ere eskaintzen ditu, teknika hori ezagutarazteko eta beste pertsona batzuek ere sortzearen plazera deskubritu dezaten.



