Hildakorik gabeko iraultza

Ander Izagirre

Medellingo Comuna 13 auzoko biztanleei ikara berritu zitzaien. Gazteak grafitiak pintatzen hasi ziren etxeetako hormetan, eta berriz ere gerrillarientzako edota paramilitarrentzako zeinuak zirela pentsatu zuten; etxe jakin batzuk helburu bezala markatu eta bertakoak bahitu, torturatu, bortxatu eta hiltzeko zeinuak, hain zuzen.

1950eko hamarkadaz geroztik, Kolonbiako etengabeko gerrek milaka nekazari bultzatu zituzten landa eremutik hirietara. Medellin inguratzen duten muinoetan kartoi, txapa eta adreiluzko auzo amaigabeak eraiki zituzten miseria gorrian, Estatuaren inolako babesik gabe. Gerrillak eta paramilitarrak su eta gar sartu ziren auzo horietan, kuartel nagusiak finkatu zituzten, erasoetarako abiapuntuak eta ezkutalekuak prestatu, droga-trafikoaren bideak zabaldu. Kolonbiako armadak hogei eraso egin zituen Comuna 13n urte gutxitan: hogei sarraski. Eta auzotarrak eguneroko izuan murgildu ziren.

Giro horretan jaio zen Yur Arley Perea, Shura ezizenez, biolentziatik ihesi Medellinera etorri ziren guraso afrokolonbiarren semea, gazte beltz lerdena, kamiseta eta galtza lasai koloretsuak daramatzana: borroka egitea erabaki zuen gazteetako bat. Baina biolentziaren kontrako borroka izan zen bere hautua. Eta artearen bitartez. Shurak eta beste gazte batzuek diseinu eskola bat sortu zuten –grafitiak, horma-irudiak, web orriak, kamisetak, disko azalak, denetarik egiteko–, hip-hop kantarien sare bat gero, eta Hildakorik gabeko iraultza izeneko kontzertu jendetsua ere antolatu zuten. Talde armatuen mehatxuak jaso zituzten, euren kontrol sozialetik kanpoko ekimen horiek ez zituztelako batere gustuko. Eta auzokoen errezeloa ere estu sentitu zuten: pandilleroak ziren haientzat, drogazaleak, talde armatuen kolaboratzaileak. Shurak gaur egun Kolacho kulturgunean egiten du lan –tiroka hil zuten kantari baten izena dauka guneak–, eta Graffitourrak gidatzen ditu: Comuna 13ko kalezuloetako horma-irudiak, arte urbanoko galeriak, breakdance erakustaldiak eta azken urteotan auzoan zabaldu dituzten hamaika dendatxo eta taberna bitxiak ezagutzeko ibilaldi gidatuak. Shura bezalako artista gazteei esker, hain fama odoltsua zeukan Comuna 13 modan dago orain Medellingo biztanleen eta turisten artean. Bisitariei, hori bai, ohar bat ematen die Comuna 13ra sartu behar dutenean: “Erne ibili telefonoekin”. “Lapurtuko dizkigute?”. “Ez, argazki pila bat aterako dituzue eta memoriarik gabe geldituko zaizue”.