Messnerren bandera
Reinhold Messnerrek maiz gogoratzen du Alpino Klub austriar-alemaniarrak kide juduak egotzi zituela 1919an, eta mendiko aterpetxeetan sarrera debekatu ziela. “Alemaniar askoren izpiritu taldekoiarengatik” eta “agintariekiko mendetasunarengatik” gertatu zela dio. Eta ahots propioa mantentzea dela faxismoaren aurkako antidotorik onena.
Hamalau zortzimilakoak igo zituen lehen mendizalea baino askoz gehiago izan zen Messner: batez ere, bide propioa urratu zuen aitzindaria. Bere aurretik, planetaren esplorazio eta konkista kolonialaren aldaera bat zen himalaismoa, gailurretan euren banderak sartu nahi zituzten herrialdeen arteko gerra bat, sinbolikoa bezain serioa: frantsesak Annapurnan, italiarrak K2n, alemaniarrak eta austriarrak Nanga Parbaten, britainiarrak Everesten… Espedizio nazionalak ziren, handiak, jendetsuak, diruz ondo hornitutakoak, hierarkia eta logistika militarrarekin. “Mendi literatura soldaduen hizkuntzarekin idatzita dago”, salatu zuen Messnerrek. Jarduera pertsonala, arina eta sortzailea bilatu zuen berak: bide berriak, bakarkako eskaladak, neguko igoerak, kapitainari bidea zabaltzen zioten soldadurik gabe. 1978an, Peter Habelerrekin batera Everesteko gailurra zapaldu zuen oxigeno estrarik gabe, ordura arte ezinezkotzat jotzen zena. Gizaki baten izaera minimoa zeukala sentitu zuen han goian, arnasestuka ari zen birika pare bat besterik ez zela, eta ez zuen ulertzen hori nola izan zitekeen nazio baten ordezkari.
Messner Hego Tirolen jaio zen, hizkuntza alemaniarreko italiarra da. Everestetik itzuli zenean, hainbat komunikabidek zabaldu zuten Hego Tiroleko bandera atera zuela gailurrean. Harrera jendetsua egin zioten eta bere printzipioak aldarrikatzeko baliatu zuen: “Nik ez dut mendia Hego Tirolen izenean igo, ez Italiarenean, ez Austriarenean. Inork ezin du Everestera igo beste norbaiten izenean”. Jendearen aurrean zutik jarri zen, poltsikotik mukizapia atera eta airean astindu zuen: “Hau da nire bandera bakarra”.