Heitxi: “Kameleoiaren modukoa naiz bizitzako arlo ezberdinetan, ez soilik musikalki”

2025eko udaberrian kaleratu zuen  Heitxik –Eider Etxeandia (Zornotza, 1998)– Berreraikitze aroa izeneko bere lehen lana. Udan kontzertu gutxi emango ditu zornotzarrak, izan ere, sormen prozesu bete-betean murgilduta dagoela aitortu du.

Zer moduz zaude Eider? Nola dator abuztua?

Oso ondo, motibatuta eta gogotsu. Proiektu honi dagokionez, uda aldera ez ditugu kontzertu asko aurreikusten. Sormen prozesuan nago orain, eta horri eskaini nahi diot denbora. Gainera, beste hainbat proiekturekin nabilenez, nahiko kontzertu ditut jada…

Ikusi arte kantaren bertsio bat plazaratu berri duzue. Nondik dator bertsio hori gauzatzeko ideia edo nahia?

Aspalditik, banuen oso ezaguna den abestiren baten bertsio elektroniko xume bat egiteko gogoa. Mila abesti pasatu izan zaizkit burutik, eta, abesti desberdinekin froga egin ondoren, abesti horren bertsioa egitea erabaki nuen. Izan daiteke nik egiten dudanetik nahiko urrun gelditu izana bertsio hori, estilo aldetik, batez ere; baina hori ere gustuko dut, gauza ezberdinak egitea, gauza berriak egitea, laborategian frogak eta frogak egitea…

Urtebete pasatxo joan da, jada, Berreraikitze aroa kaleratu zenuenetik. Oso urrun gelditzen zaizu une hori, edo oraindik olatua hor duzu?

Egia esan, urtebete pasatu den arren, martxoaren 7an eskaini genuen lehenengo kontzertu hori atzo izan balitz lez gogoratzen dut. Bizi izan nituen urduritasun guztiak, zalantzak, beldurrak… Inoiz ez nuen esperoko lehenengo kontzertu bat horren ondo irtetea… Aurten ez gara ari joan zen urtean eman genuen kontzertu kopuru bera eskaintzen, eta, zentzu horretan, bai ikusten ditugula pixka bat urrun emandako kontzertu guztiak. Orain nire burua beste momentu batean dago, sortze prozesuan murgilduta; atzerantz begiratzen baino, aurrera begira.

Trikitia, musika elektronikoa, tradizioa, modernitatea, bakarka, taldean, dantzak uztartzen… Nondik datorkizu musikalki kameleoi izate hori?

Lehen komentatu bezala, gustuko dut gauza berriak egitea, ikastea, frogatzea… Era batean edo bestean, gauza berriak egiten ditudan heinean, argiago daukat zer naizen, zer egin nahi dudan, zer dudan gustuko eta zer ez… Nire nortasuna eraikitzeko bidea da. Uste dut kameleoia naizela nire bizitzako arlo desberdinetan, ez soilik musikalki. Denera egokitzen diren horietakoa naizela esango nuke.

Aipatu izan duzu elektro-triki-popa. Zer da hori zuretzat?

Ez nuen oso argi nire estiloa nola izendatu, ez zelako guztiz popa, ez elektronika ezta folklorea ere. Hori dela eta, elektro-triki-pop bezala izendatu genuen lehenengo lan hori. Gustukoen ditudan eta gehien identifikatzen naizen estiloak bateratzeko modu bat izan da.

Eta erreferenterik aipatu beharko bazenu, gaur gaurkoz?

Lehenengo lan horretan, erreferente diren bi kiderekin elkarlanean ibiltzeko aukeratu izan dut: Lide Hernandorekin eta Ines Osinagarekin. Hasi nintzenean, ez nuen imajinatzen haiek bezalako artista handiekin lan egiteko aukera izango nuenik. Niretzako oso aberasgarria izan da haien lan egiteko modua ikustea. Euskal Herrian, erreferente gehiago baditut, adibidez, Olaia Inziarte edota Pirritx eta Porrotx; bakoitza, bere modura.

Horrenbeste gauza uztartzen eta lantzen, egin ez duzun zer gustatuko litzaizuke zure kontzertu baten txertatzea?

Etxean laborategian nagoenean erabiltzen ditudan katxarroak erabili nahiko nituzke zuzenekoetan: hala nola looper-a edota autotune-a.

Heitxi eta Eider. Berdinak dira ala agertoki gainean eraldatzen zaren horietakoa zara?

Hasieran, pertsonaia bat sortzen saiatu nintzen, agertoki gainean seriotasun eta profesionaltasun handiagoz agertzen zen artista bat. Baina ezinezkoa zait nire izaera agertokitik kanpo uztea. Naizen moduan aurkezten naiz, eta uste dut zintzotasun horrek egiten duela publikoarengana errazago heltzea.

Konta egiguzu zutaz ez dakigun zerbait, beste zaletasunen bat…

Oso kirolaria izan naiz, txikitatik. Saskibaloian, gimnasia erritmikoan eta errugbian aritu izan naiz. Gaur egun, padelean jokatzen dut, eta akroyoga eta alderantzizkoak praktikatzen ditut. Noizbait zirkua probatu nahiko nuke.

Gomendatu egiguzu azkenaldian entzun duzun talde berriren bat edo diskoren bat.

Azken hilabeteetan Raye artista entzun izan dut, nire ahizpa Iratxek gomendatuta. Asko gustatu zait orokorrean, baina, batez ere, aurten kaleratutako This Music May Contain Hope albumeko Click clack symphony kantua, Hanz Zimmerrekin elkarlanean kaleratu duena.