Haritz Harreguy: “Ez daukat oholtzarekiko miresmenik”

Haritz Harreguy musikari eta soinu teknikariarekin musikak bere bizitzan duen garrantziaz, diskoen produkzioaz eta abarrez hitz egiten aritu gara.

Haritz Harreguy Artze, eskerrik asko zure etxean hartzeagatik. Aspaldi egin nahi nuen elkarrizketa da hau, eta, azkenean, lortu dut!

Zeinek esango luke, herrikoak izanda…

Ez zara oso elkarrizketa-zalea. Lehen lerroan baino erosoago egoten zara bigarrengoan, ezta?

Ez, ez zait askorik gustatzen. Eta hori sare sozialen garaian gaudela…

Betidanik musikarekin lotuta gogoratzen zaitut. Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?

Gure etxean musika txiki-txikitatik beti egon da. Usurbilgo Etxebeste kalean jaio nintzen, gure amaren jaiotetxean, artzetarren etxean. Osaba Joxan eta Jexux bertakoak ziren eta osaba Jexux –txalapartaria– gurekin bizi zen. Elkarrekin bazkaltzen genuen eta beti zebilen kontzertuetan, Mikel Laboarekin… Musika beti zegoen etxean. Mikel Laboa ere amarengana etortzen zen ile-apaindegira. Gure etxean musika naturalki egon da. Gogoan dut 3 urte nituenean eta osaba Jexuxekin bazkaltzen genuenean nola aritzen zen mahaian erritmoa markatzen, tapa-tapa… Pentsatzen dut horregatik guztiagatik datorkidala musikarekiko zaletasuna. Txikitatik oso argi nuen musika izango zela nire etorkizuna.

Gazte zinela sortu zenuten Aiotz taldea.

14 bat urterekin sortu genuen taldea, bai. Gogoan dut gure etxean sartu zen lehenengo gitarra espainola nire anaia gazteenak komunioa egin zuenean sartu zela. Nik orduan 13 nituen eta ez genekien nola afinatzen zen, baina dagoeneko musika entzuten genuen. AC/DCren posterrak nituen gelan eta haietan ikusten nuen akordeak adarrak bezala jartzen zituztela. Eta nik pentsatzen nuen: “Nik ere lortu behar dut postura hori jarrita gitarrak ondo entzutea!”. Eta horrela hasi nintzen.

Autodidakta izan zara, beraz.

Hasiera batean, bai. Gero, gitarra klaseetan hasi nintzen, Donostian.

Zer entzuten zenuten etxean?

Etxean The Beatles asko entzuten genuen, euskal kantautoreak… Gure aitak nazionalitate frantsesa zuen aitona Ipar Euskal Herrikoa zelako, eta bere bidez Jackes Brell eta antzekoen diskoak entzuten genituen. Gero, segituan hasi nintzen Itoizekin, eta, geroago, AC/DC, Ramones eta, noski, Eskorbuto a tope!

Musika sortzen hasi zinen lehen talde horretan.

Herrian banuen beste lagun bat, Joseba, eta hura artista hutsa zen. Dohaina zeukan, izugarrizko belarria zuelako. Nik baino hiru urte gutxiago zituen eta baxua oso ondo jotzen zuen. Poliki-poliki biok hasi ginen, eta gero, beste lagun bat ere etorri zen taldera, Lopez, eta gero, Iñaki Udabe baterian. Eta horrelaxe hasi ginen, tontamentian.

Eta zer eman zizun oholtzan egoteak?

Ez naiz izan oholtza-gizona, ezta plaza-gizona ere, eta, beraz, ez daukat oholtzarekiko miresmenik. Gehiago gustatzen zitzaidan kantuak egitea, horiek grabatzea…

Bigarren mailan edo ezkutuan egotea nahiago duzu, beraz.

Bai; zentzu horretan, pixka bat lotsatia naiz.

Zer ematen dizu musikak?

Gaztetan, lagunekin egotea ematen zidan. Gogoan dut nola herrian bazegoen Txamutoizeneko talde bat. Nire idoloak ziren. Ni baino lau edo bost urte zaharragoak ziren eta igande arratsaldeetan entseatzen zuten musika eskolan. Ni behean egoten nintzen, haiek entzuten. Txirrina jotzen nien gora igotzen uzteko, baina ezetz esaten zidaten, eta hantxe egoten nintzen arratsalde guztia entsegua entzuten. Disfrutatu egiten nuen. 14 urte nituen orduan, eta igande arratsalde guztiak han pasatzen nituen. Bete egiten ninduen. 26 urterekin, SEN taldea sortuta, oraindik ez nuen soldatarik kobratzen. Elkar-en nengoen laguntzaile gisa eta orduak pasatzen nituen SENekin entseatzen genuen tokian, eta zortzi ordu egoten nintzen hantxe kantuak egiten. Asetasun sentsazioarekin ateratzen nintzen handik. Nire inguruko guztiak lanean zeudela ikusten nuen eta larritu egiten nintzen batzuetan, baina musikak asetzen ninduen.

“Taldeek beraien nortasuna izatea gustatzen zait”

Gogoan dut garai hartako zortzigarren mailan zuk oso argi zenuela musikarekin lan egin nahi zenuela, baina orduan ez zegoen horretarako ikasketarik.

Osabarekin Baionako eskola batzuk begiratzen aritu ginen, baina gehiago ziren irrati mundura zuzendutako ikasketak. Madrilen ere ez zegoen soinu teknikari izateko ikasketa seriorik, eta, azkenean, institutua bukatuta osabaren bidez lortu nuen Elkar-en laguntzaile gisa hastea. Han urte mordo bat egin nituen: 19tik 26 urte egin nituen arte, pentsa! Bukaeran diskoren bat grabatu nuen eta orduka ere zerbait kobratzen hasi nintzen. Gauza pila bat ikasi nuen bertan; onak eta ez hain onak. Hasieran, ahal nuen guztia ikasteko edozer lan egiteko prest nengoen. Bilboko teknikari batekin lan egitea tokatu zitzaidan eta oso teknikari ona zen, baina, batzuetan, musikarien aurrean 500eko billetea eman eta “hay que limpiar el coche” esaten zidan, bakoitzaren tokia zein zen markatzeko. Eta nik, haserre,  autoari tronpo pare bat egiten nizkion… Lagunek esaten zidaten pikutara bidaltzeko. Etxean ere aipatzen nuen eta amak esaten zidan: “Ikasten ari al zara, Haritz?”. Eta nik baietz esaten nioenean, “ba aguantatu” erantzuten zidan. Nolakoa ez duzun izan behar ikasi nuen.

Bide ezohiko horretan etxekoen babesa izan zenuen.

Bai, zorte handia izan nuen. Mundu guztia karrera bat hastera doanean semeak karrerarik ez eta ogibide arraro bat aukeratzea ez da erraza, baina nik babes osoa izan nuen. Eta horrek lasaitasuna eman zidan.

Elkar-etik Garatera joan zinen lanera.

Autonomo bezala lanean hasi nintzen. Kaki Arkarazo Elkar-eko estudiora pare bat aldiz etorri zen Etzakiteta Latzenen diskoak egitera, ondo moldatu ginen. Bere proiektua sortu nahi zuela esan zidan, eta ea berarekin lan egin nahiko nukeen. Eta horrela joan nintzen. Han bi txandatara lan egiten genuen Kakik eta biok soinu teknikari bezala.

Eta handik urte batzuetara zure proiektua sortzea erabaki zenuen. Zergatik?

Bizitzak esaten dizu. Garaten jende asko ginen eta bakoitzak bere estiloa zuen lan egiteko. Nire bideari heltzeko nahia sartu zitzaidan eta aitaginarrebak aipatu zidan Usurbilgo San Esteban auzoan terrenotxo bat bazuela eta baimenak lortzen banituen bera prest zegoela nire estudioa bertan egiten uzteko. Horretan ere zortea eduki nuen. Zeru-lurrak mugitu nituen baimen horiek eskuratzeko, eta lortu nuen estudioa bertan egitea.

Zein da, zehazki, zure lana?

Taldeekin nagoenean, instrumentuak ekartzen dituzte. Adibidez, bihar Dupla taldearekin lanean hasiko naiz. Lehendabizi, instrumentuak grabatzen hasten gara. Normalean, lehenengo, beti bateria; ondoren, baxuak edo oinarriak; gero, gitarrak; eta jarraian, ahotsak. Behin dena grabatu denean, nahasketak egiten hasten naiz. Kontua da gaur egun Internetekin gertatu daitekeela beste toki batean grabatzea eta nik bakarrik nahasketak egitea. Hau da, taldeek ez dute zertan honaino etorri, eta gastuak ere gutxiago izaten dira beraientzat –dietak, hotela…–. Nahasketa egin bezain pronto, MP3 bat bidaltzen diet eta beraiek esaten didate zerbait igotzeko, edo beste zerbait moldatzeko. Eta bukaeran, egun batean etortzen dira estudiora, errepaso orokorra egitera.

Musikak asetzen nau

Soinu-teknikariak bere ukitua ematen dio diskoari, ezta?

Bai; gutxiago edo gehiago, teknikari bakoitzak gure lan egiteko era eta zigilua dugu, eta taldeek hori bilatzen dute.

Eta zein da zure zigilua?

Ez dakit; atetik sartzen dena gustura atera dadila da nire nahia. Horretan saiatzen naiz. Bestetik, ez dut egorik “nik esaten dudan bezala egin behar da” esateko. Egia da nire estiloa badudala eta gela honek ere soinu bat duela. Azken batean, zure zigilua zure soinua da.

Zer da zuretzat garrantzitsuena disko bat grabatzerakoan?

Taldeak bere nortasuna edukitzea gustatzen zait, eta beraiek izatea. Gazteek gaur egun dena eskura dute eta kanpora begira ikusten ditut –orokortzen ari naiz–. Askotan pentsatzen dut grina edo arima falta zaiela. Hori igartzen dut faltan.

Izan ere, zure gazte garaitik gaur egunera musikaren mundua asko aldatu da. Irudiak eta norbere musika saltzeak garrantzi handia du gaur egun…

Horixe. Guk, adibidez, ezin genuen Helmet taldearen kantarik jo, beraiek grabeago afinatzen zutelako. Guk dena al tuntun ikasi dugu, eta ordu asko pasa ondoren. Gaur egun, Googlen sartzen duzu nahi duzunaren tutoriala eta hortxe duzu eskura segundo gutxitan. Baina zer gertatzen da? Guztiok munduko onenari begiratzen diogula, baina bera bakarra da, eta hura izan nahi dugu. Gu izaten saiatu behar dugu.

Talde oso desberdinak grabatzen dituzu. Eta grabatzen duzun musika mota bat gustatuko zaizu eta beste bat ez.

Dudarik gabe. Duela gutxi, elkarrizketa hauxe bera izan nuen. Tremenda Jauria  talde madrildarraren nahasketak egiten ari nintzen: reggaetona egiten dute; reggaeton feminista, baina reggaetona. Eta ni nire artean: “Amatxo maitia! Nik asmatuko al dut hau egiten?”. Izan ere, nik ez dut entzuten reggaetonik. Beraz, aurretik beraien musika entzun behar izaten dut, ea nondik nora doazen jakiteko, elkarrizketak izaten ditut beraiekin garrantzia zeri ematen dioten galdetzeko, gustuko taldeak zeintzuk diren ikusteko… Informatu egin behar naiz. Eta gero esaten duzu: “¡Que suene fuerte!”.

Oroimenean geratu zaizun grabaketa bat?

Kuraiaren lehen diskoa. Bertako nahasketak egin nituen. Joseba Poncek– gitarra– maketa pasa zidan eta hori entzutean izugarrizko kantak zeudela konturatu nintzen. Diskotzarra zela segituan jakin nuen. Diskoa nahasten ibili nintzen denbora guztian burua mugitzen aritu nintzen. 16 pista batean grabatu zuten; hau da, ez zela munduko kalitate onena, baina arima zegoen. Diskotzarra.

Eta inoiz gertatu zaizu zure lana batere ez gustatzea?

Bai. Adibidez, Iruñeko heavy talde batekin. Ez nuen asmatuko. Beraiek nahi zuten supertalde alemaniarren soinu bera, eta orduan nituen baliabideekin ez nintzen horretara iristen. Gaur egun, teknika asko aurreratu da eta posible izango litzateke, eta asko ikasi dut ordutik hona ere. Horrelako kasuetan ez duzu ondo pasatzen, baina ikasi egiten duzu.

Zu oso perfekzionista zara, besteekin eta zeure buruarekin ere bai.

Bai, pixka bat. Adibidez, aipatu dudan Tremenda Jauriaren diskoarekin gauean ere pentsatzen egongo naiz nahasketak nola egin behar ditudan, ea asmatuko ote dudan. Bisualizatzen joaten naiz egingo dudan lana prozesu osoan.

Disko baten edizioan sufritu egiten duzu?

Ez, disfrutatu egiten dut, baina egia da une batzuetan neure buruari esaten diodala: “Baboa, lo egin ezak, aterako dek eta!”. Esnatzean lasai nago, baina buruko errota beti martxan izaten dut.

Zuretzat zer aldatu da musikaren munduan onerako eta txarrerako?

Lehen, ondo jotzen zuen taldeak diskoan ere ondo sonatzen zuen, eta gaizki jotzen zuenak gaizki sonatzen zuen. Gaur egun, berriz, denetik egin dezakezu. Paquirrinek ondo sonatzen du diskoan, baina gero, zuzenean… Pentsa zenbat tranpa egin daitezkeen! Lehen, ez zegoen hori. Eskorbutokoek ez zuten ondo jotzen, baina beste zerbait zuten. Cicatriz,  RIP eta Sex Pistol taldeek ondo jotzen zuten eta ondo sonatzen zuten.

Hori da faltan igartzen duzuna? Autentikotasuna?

Bai, baina gero, erremintak esku-eskura dituzu eta zuk ere tresna horiek perfekziorako erabiltzen dituzu.

Musikaren merkatua ere asko aldatu da, ezta?

Musika ez da desagertuko. Formatuak aldatu dira, negozioa aldatu da –batez ere, diskoetxeei dagokienez, baina baita estudioei dagokigunez–. Orain, askoz diru gutxiagorekin disko ederrak egiten dira etxeetan. Talentuaren arabera. Negozioa, batez ere, grabazioaren alorrean aldatu da. Gu adinean gora goaz eta musika gazteek berritzen dute, eta, beraz, guk erne egon behar dugu.

Soinu teknikari ibilbidearekin batera musikariarena ere egin duzu. Sen, eMe…

Bai. Denbora librea izanez gero, gitarra edo bateriaren oinarri bat hartu eta kantuak sortzen aritzea gustatzen zait. Gertatzen dena da sormenak denbora behar duela. Eta denbora askorik ez daukat. Nire bikotekide Nora Izagirre eta biok eMe taldearentzat zazpi abesti egiteko ia bi urte egon ginen. Bigarren disko bat eskatzen digutenean… uf!

Baina proiektu oso polita izango zen, ezta?

Oso polita, ze beste mundu batean sartu ginen gu biok eta Ruben Caballero. Sintetizadoreekin beste mundu bat ireki zitzaigun, eta bera soinuaren beste friki bat da. Asko ikasi nuen disko horrekin, egia esan.

Zein talde nahiko zenuke grabatu?

Gazteak ginenean, El Drogas ikusten nuen eta kristoren tipoa iruditzen zitzaidan; bere tximekin eta No hay tregua abesten. Eta bizitza horrelakoa denez, ba, tokatu zait bera grabatu eta ezagutzea. Edo Evaristo… Bizitzaren opari bezala hartzen ditut. 13 urte genituenean entzuten genituen, eta zeinek esan behar zidan orain beraiekin egongo nintzela. Bestetik, Kuraiaren diskoa nik egitea zorte handia izan zen; gainera, Joseba Ponceren fan absolutua naiz. Niretzat ametsa lan on bat egiten saiatzea da. Ea lan on horren ondorioz ahoz aho iristen den taldeengana eta niregana etortzen diren.