Hankarteko memoria

Orbeak emakumezkoen lehen taldea sortu zuenean, 1985ean, egunkari batek izenburu honekin iragarri zuen berria: Bi gurpil gaineko aingeruak. Eta horixe zen arazoetako bat: aingeruek ez daukate sexurik, emakume txirrindulariek ez omen zeukaten genitalik. Oinaze latzenak hortik etorriko zitzaizkien: gizonezkoentzat diseinatutako bizikletekin lehiatuko ziren, gizonezkoen zelen gainean, gizonezkoen kulotekin.
Arantxa Orbegozok argi azaldu ohi du: “Hankek ehun kilometro egiteko ematen zidaten, motxinak berrogeita hamarrerako bakarrik”. Orbea taldeko aitzindari haietako bat izan zen tolosar hau, Amaia Elosegi, Josune Gorostidi, Carolina Sagarmendi eta Dina Bilbaorekin batera. “Ordura arte neskak txandalarekin edo atletismoko galtza motzarekin ibiltzen ginen bizikletaz, pentsa nolako poza hartu genuen Etxeondotik deitu zigutenean taldeko arropa emateko: txirrindulari profesionalen arropa berdina jantziko genuen! Baina gero lotsa ere pasa genuen, gizonezkoen kulotak zirelako, hankartean sekulako paketoia egiten zigutenak… Maillotak ere bularrean estuegiak ziren guretzat eta zabalegiak gorputz erdian… Ez zegoen emakumezkoentzako arroparik”.
“Gurekin Nivea krema eramaten genuen beti”, dio Ainhoa Artolazabalek, Bartzelonako Joko Olinpikoetan eta hainbat Munduko txapelketatan parte hartu zuen tolosarrak. “Kulot barruko larrua oso lakarra izaten zen garai hartan, eta biguntzeko krema eman behar izaten genion, urratuak eta minak etengabeak eta jasangaitzak zirelako”. Orbegozok gogoan du zenbat arazo izan zituzten furunkulu eta fistulekin: “Askok ebakuntzak egin behar izan zituzten, baginako ezpainak zuzentzeko adibidez, postura txarretan hainbeste orduz pedalei eragiten pasa eta gero, desitxuratuta zeuzkatelako”. Belodromoetan Munduko Kopa bat irabazi zuen Ainhoa Ostolaza urnietarrak infiltrazioak jaso zituen behin eta berriz: “Hainbeste furunkulu neuzkan, ezin bainuen zelan eseri ere. Munduko txapelketetan medikuak anestesia injektatzen zidan zona horretan. Hura lotsa pasatzen nuena”.
Aitzindari haiek omenaldiak jaso dituzte azken urteotan. Lau hamarkada geroago, pedalei eragiten jarraitzen dute askok, behingoz emakumeentzat diseinatutako zela eta kuloten erosotasunarekin harrituta. Baina ez dute oinaze ezkutu hura ahaztuko: hankartean gordetzen dute memoriaren zati bat.