Hamaika lore

Iratxe Etxeandia

Hamaika kolore eduki beharko lituzketen hamaika lore; udaberri atarian beharko litzatekeen ostadarra. Jaio baino lehen ere, iluntasunean hasten dugu denok bizitzaren bidaia, harik eta izaten hasten garenean argi itsugarri batek hartzen gaituen arte. Beltzetik zurira, kolpe bakar batean. Kolore guztiek bien beharra dute, bata ezin delako bestea barik bizi. 

Gure lorategia zimelduta ikusten dugu joan zinenetik, negu amaierako egun hartako iluntasunak udaberri honetan jarraituko balu bezala. Kolore guztien aukeran, bi bakarrik: zuria eta beltza. 

Urtaro berriak kapritxoz betetzen du begi-bistan dagoena kolore alai eta biziz, jaiotzen garen unean bezala arnasa hartzeko balio digun argi itsugarria bezala. Lorea eta kolorea batera doazelako. 

Zuri-beltzetik harago, zintzotasun osoz maitatzen gintuzun zuk, baita kolore biziz ikusten ere: argi lasaigarri bat utzi diguzu. Horrekin ikusiko ditugu guk udaberri berri honetako kolore guztiak; zimelduriko loreen benetako edertasuna. 

Eskerrik asko, AMA.