Haizkan taldea
Haizkan taldeak lan luze bat argitaratu berri du; hain zuzen, bederatzi abestiz osatutako diskoa. Apirilaren hasieran kaleratu zuten, eta oholtzetara igotzeko irrikan dago hirukotea.
Nortzuek osatzen duzue taldea?
Euken Perez bateria-joleak, Haritz Goikoetxea baxu-joleak eta Gaizka Lanas gitarra-jole zein abeslariak osatzen dugu Haizkan, eta rocka da jorratzen dugun estiloa.
Zer aurkitu dezake entzuleak Zauriekin diskoan?
Gure aurreko lanarekin alderaturik lan finduagoa dela esango genuke, bai letra eta bai musika aldetik. Guregan eta gure inguruan identifikatzen ditugun zauriak jorratzen dituela esan genezake.
Nolakoa izan da sortzeko prozesua?
Maiatza eta ekaina bitartean hiru single kaleratu genituen, eta azaroaren amaieran beste sei abesti grabatu genituen, eta denak bateratzea erabaki genuen LP bat osatzeko. Egia esan, prozesu luzea izan da abestiak sortu eta grabatu ditugunera arte, baina nahiko argi izan dugu estudioan grabatzeko orduan bilatu nahi genuena zer zen.
Zer izango duzue datozen hilabeteetan?
Ahal bezain beste kontzertu eman nahi ditugu. Apirilaren hasieran kaleratu genuen diskoa eta apirilaren amaieran hasi ginen nolabaiteko aurkezpen kontzertuak ematen. Horrela jarraituko dugu udara arte, eta udarako, momentuz, gauza handirik ez dugu lotu.