Gurutz Aginagalde: “Handien artean lehiatzea oso polita da Bidasoarentzat”

Urtebete igaro da Gurutz Aginagalde Bidasoa eskubaloi taldeko presidente hautatu zutenetik, eta lehen taldea Txapeldunen Liga jokatzen dabil 24 urteren ondotik. Atezain izandakoa Bidasoan bertan eta Logroñon, 41 urterekin utzi zion jokatzeari duela urtebete, eta pilatu zuen eskarmentua baliatu nahi du kluba ondo kudeatzeko.

Atea zaintzetik klub oso bat zaintzera igaro zara. Aldaketa handia, ezta?

Bai. Jokalari nintzenean, ni eta nire burua ginen talde baten barruan, kapitain ere banintzen, eta banuen ardura puntua. Baina jokatzea zen soilik. Orain, aldiz, klub osoa daukat ardurapean, lehen taldea, harrobia, bazkideak, zuzendaritza. Buruhauste dezente dauzkat, baina ilusioz gainezka nago.

Izan ere, ez zara Bidasoako lehen taldeko presidente bakarrik. Klub oso bat daukazu kudeatu beharra.

Lehen taldea da ikusgai dagoena edo gehien ikusten dena, baina punta horren azpian beste gauza eta lan asko daude. 1.400 bazkide, 200 haur baino gehiago harrobian, badauzkagu mila buruhauste lehen taldekoez aparte.

Esan izan diozu zure buruari non arraio sartu zaren?

[Barrezka] Bagenekien horrela izango zela pauso handi hau eman aurretik, eta egia da uste baino gauza potoloagoak kudeatzea tokatzen ari zaigula, baina alderdi onetik esaten dut. Izan ere, Txapeldunen Liga jokatzea ez zen aurreikusten hauteskunde garaian, ligan postua lortzeaz gain, diru sarrerak behar genituelako Europako lehiaketa horretan aritzeko, eta gonbidapena ere jaso egin behar genuen. Lortu genuen hori dena lehen taldearen eta zuzendaritzaren aldetik, eta halako txapelketa handi batean jokatzeak asko eskatzen digu denoi. Gainera, Txapeldunen Liga izena marka ere bada, eta eskakizun horri ere aurre egin behar diogu. Ari gara, buruhausteekin, baina oso polita izaten ari da.

Bidasoak duela 24 urte jokatu zuen azkeneko aldiz Txapeldunen Ligan. Aspalditxo…

Bartzelonaren aurkako finala izan zen hura, eta ni jokalari nintzen. Sekulakoak pasatu ditu Bidasoak  klub bezala ordutik, eta berriz itzultzea sekulakoa da. Are gehiago, itzulera hori orain izatea, eskubaloia gorantz doanean, hazi eta hazi. Handien artean lehiatzea oso polita da klubeko inguru guztiarentzat, eta oso garrantzitsua.

Klub historikoa da Bidasoa, eta egon beharra dauka eskubaloiaren gorakada honetan, eta momentuz, behintzat, hor dago, leku egokian.

Egon beharra duen ez dakit, nahiz eta historiagatik batzuek pentsa dezaketen tokatzen zaigula hor egotea. Baina begira zenbat talde historiko desagertu diren azken urteetan: Atletico Madril, San Antonio, Ciudad Real… Espainiako ligan, Bartzelona eta gu bakarrik gara Europako txapeldun izan eta oraindik hemen jarraitzen dugunak. Une txarrak pasatu genituen, eta Bidasoa berriz hor egoteak esan nahi du gauzak ondo egin direla eta egiten ari garela.

Garbi esanda, Bidasoari ere hutsa falta izan zitzaion beste talde handi horiek bezala amaitzeko.

Bai. Une oso gogorrak izan ziren, eta garrantzitsua izan zen, alde batetik, zaleen babesa, eta bestetik, ekonomikoki erakundeen laguntza. Denak elkartu ziren, eta elkarri lagunduz aurrera egin ahal izan zuen klubak. Horri esker gaude orain gauden lekuan, une gozo hauek bizitzen.

Denbora gutxian egin zuen goitik behera eskubaloiak: babesleak desagertu egin ziren, telebistetan partidak irekian emateari utzi zitzaion… Zer gertatu zen?

Eskubaloia telebistatik kanpo geratu arren, lizentzia kopuruetan hirugarren lekuan mantendu izan da Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Espainian. Jende askok jarraitu izan du jokatzen, eta mailari eutsi egin zaio. Behera egin zuena telebistak ematen zion oihartzuna izan zen, eta hogei urte egon gara irekian zuzeneko emanaldirik ikusi ezinda. Horrek sekulako kaltea egin dio eskubaloiari. Kudeaketan, erabaki okerrak hartu ziren garai hartan, telebista pribatuek dirua ematen zutelako, eta une hartan gozoa ematen zuen diru horrek luzera kalte egin du, babesleak aurkitzeko zailtasunak eragin zituelako, gure kirola ez zelako emanaldi irekietan ematen jende guztiak ikus zezan. Gero, krisia ere etorri zen, eta eskubaloiari gauzak ez zitzaizkion ondo atera. Kolpe latza izan zen, baina orain, ematen du ari garela pixkanaka berreskuratzen gure lekua, eta telebista hasi da berriz ere eskubaloi partidak irekian ematen. Ondorioz, babesleak ere berriz hurbiltzen hasi dira, eta gure kasua, Bidasoarena, oso esanguratsua da: iaztik hona, aurrekontua asko igo ahal izan dugu. Eskubaloia itzuliko da lehen egon zen lekura oihartzun mailan.

Zenbaterainoko eragina izan du suspertze horretan leku batzuetan egiten segi izan den harrobiko lanak?

Etorkizunak ilusioa eragiten du, eta Gipuzkoako herri askotan, esate baterako, lan bikaina egin da harrobiarekin. Horrek ematen digu bermea edo oinarria horren gainean lanean hasteko. Baina ez da nahikoa. Nik uste dut eskubaloiaren kudeaketak aldaketa behar duela, enpresa bezala egin behar da lan, azken batean beren borondate onenarekin ari delako jendea lanean zuzendaritza askotan. Baleko jendea dabil, eta klub askotan eskubaloi jokalari ohiak dabiltza agintean, beren borondate onenarekin, baina ez behar bezala prestatuta. Orain, eskubaloiak aukera ematen du lan ona egiteko, eta jende ona bezain prestatua jarriz gero leku egokietan, gure kirolak aurrerapauso handia eman dezakeela iruditzen zait. Gu horretan ari gara Bidasoan, jende oso prestatua dugulako alor guztietan, eta antzematen da, pauso handia eman dugulako.

Zein dira zure zuzendaritzaren helburu nagusiak?

Gehienek lehen taldeaz bakarrik hitz egiten dute kanpotik, eta zorionez, bikain doa. Horrek zehazten digu beste guztiaren abiadura, baina lehen talde on batek ez du ezertarako balio azpitik ezer ez badator. Nahi dugu lehen taldeak horrela jarraitzea, eta hori hobetzeko badakigu erakundeen baliabideak mugatuak direla diruz, talde eta kirol askoren artean banatu behar dituztelako. Horregatik, baliabide pribatuak eskuratzea da bidea, hori da gakoa, eta horretarako lan handia egin behar da. Horretan gabiltza, eta gure babesleak oso pozik gaude. Hortik hazi behar du klubak. Gero, harrobiko lana ondo egin behar dugu, eta Bidasoa izena edo marka ondo zabaldu gizartean. Irun eta Bidasoako eskualdea bakarrik ez da gure lekua, Gipuzkoako beste lekuetatik eta Euskal Herriko beste lurraldeetatik ere etortzen da jendea ikustera, baita Frantziatik ere, eta Bidasoa zabaltzen ari da, gero eta babes gehiago dugu toki askotatik.

“Bidasoa zabaltzen ari da, eta gero eta babes gehiago daukagu”

Haztea duzue helburu, baina oinarri sendoarekin, lehen gertatua ez gertatzeko berriro ere.

Bai. Krisiaren ondoren ia talde guztiak desagertu ziren, eta iraun dugunak harrobiko lan sendoa egin dugunak izan gara: Ademar Leon, Granollers, gu… Altxorra da harrobia. Bidasoak 1987an lehen aldiz liga irabazi zuenean, Irungo hamaika jokalari zeuzkan, Pasaiako beste bi eta bi atzerritar. Horrek ematen digu harrobiak guretzat daukan garrantziaren neurria, eta gure hasieran sustraia hori izan bazen, garbi dago gure eginbeharretako bat harrobia ondo lantzea dela, gazteek aukera izan dezaten etorkizuneko Bidasoan garrantzi handia edukitzeko.

Gauza bat da harrobia lantzea, baina hortik lehen talderako baleko jokalariak ateratzera beste jauzi handi bat ez al dago?

Bai, baina harrobiak ez du bakarrik lehen talderako haztegia izan behar. Ezin dugu lan guztia baldintzatu 200 gaztetatik bat edo bi bakarrik iristeko lehen taldera. Gu hezitzaileak ere bagara, eta ez ditugu soilik kirolari bezala hezi nahi, pertsona bezala ere bai. Atera daitezke bizpahiru jokalari lehen talderako, baina besteak kluberako etorkizuneko langileak ere izango dira: zuzendaritzako kide, entrenatzaile edota bazkide. Horiek guztiekin lan ona egitea oso garrantzitsua da guretzat.

Kirola, hortaz, bizitzarako ere balio hezitzaile bezala ikusten duzue.

Bai, hori oso garbi daukagu. Kirolari profesionala izan naiz 24 urtetan, eta gurasoei oso eskertuta nago eman izan didaten etxeko hezkuntzarekin, eta etxekoa oso ondo uztartu dugu anaiak [Julen, eskubaloi jokalari profesionala] eta biok eskubaloiak emandako balioekin. Tresna indartsua daukagu esku artean gazteak hezteko, eta kirola egitea oso garrantzitsua da.

Goazen zure ibilbide profesionalari begiratzera. 24 urte erraz esaten da.

Berandu hasi nintzen, 14 urterekin, eta nire ilusioa zen lehen taldearekin partida bat jokatzea. Maila gorenean zen taldea. Ametsa zen nire bilobei esatea aitonak partida bat, behintzat, jokatu zuela Bidasoan. Azkenean, hamar urtez jokatu nuen lehen taldean, eta beste hamalau Logroñon. 600 partidatik gora jokatu nituen Asobal ligan, eta 39 urterekin debuta egin nuen Espainiako selekzioarekin. Hasiera hartan uste nuena baino gehiago lortu dut, baina behin garai hori bukatu eta atzera begira jartzean, ez dira garaipenak bakarrik etortzen burura, ezagutu izan dudan jendea baizik; eta baita ere pertsona bezala eskubaloiaren bidez nola hazi naizen ikustea. Hori da altxorrik handiena nire ibilbidekoa.

Ikusi eta ikasitako horren bidetik doa Bidasoan ezarri nahi duzuna?

Bai. Urte askoan ibili eta gero, gauzak ondo eta gaizki nola egiten diren ikasi ahal izan dut, eta ondo egindakoak ezartzen saiatzen ari naiz, gazteek eduki dezaten aukera denerako. Ikasketetan ondo joateko ere ona da kirola egitea, eta bereziki eskubaloia, taldean jokatzen delako, gogorra delako, baina zintzoa. Eskubaloian jokatzen duen jendeak altxorra dauka.

Noblearena esan duzunean, atezainen lana nabarmentzea oso bidezkoa da. Izan ere, hori bai dela lan noblea: ate baten azpian jarri, eta taldearen babeserako zuen gorputza baloi jaurtiketa indartsuen aurrean jartzea.

Noble baino gehiago, erotzat hartzen gaituzte; kar, kar, kar. Futbolean hasi nintzen atezain, eta oso txarra nintzen. Erabaki nuen urte batzuk pasa eta gero jokalari izan nahi nuela, golak sartzeko. Atezain bezala probatzeko esan zidaten eskubaloian, baina nik ezetz, jokalari nahi nuela, golak sartzeko. Egun batean, baina, atezain bat gaixotu, eta esan zidaten entrenamendu horretan atezain jartzeko, egun horretan bakarrik. 27 urte izan ziren, azkenean, egun hartatik. Langintza arraroa da batzuentzat, baloikada gogorrak jasotzen direlako, baina oso gustukoa izan dut. Oso kirol taktikoa da eskubaloia, eta ematen badu ere jokalariak bakarrik erabaki dezakeela baloia nahi duen lekura botatzea, atezainak ere baldintza dezake jaurtiketaren noranzkoa. Joko psikologiko hori oso indartsua da, eta entrenatzaileek dioten bezala, atezainarena da postu bakarra zeinetan jokalari batek berak bakarrik partida bat irabaz dezakeen. Hori bizi ahal izatea oso polita izan da.

Maisu onak izan zenituen taldekide.

Denengandik saiatu izan naiz ikasten. Entrenamenduaren filosofia aldetik oso oinarrizkoa da eskubaloia: entrenatzaile bat dago, prestatzaile fisikoa ere bai, eta jokalariak daude. Atezainak beste mundu batean bezala egoten gara, aparte entrenatzen, eta elitean oraindik ez dago atezainen entrenatzailerik. Zure kontura ikasi behar duzu lehendabizi, eta nire garaieragatik [2.01 metro da luzeran] antzeko atezainei begiratzen nien telebistan. Lehen taldean hasi nintzenean, Javi Barreto eta Jordi Nuñez zeuden, baina ez ziren oso garaiak. Nik beste estilo bat neukan baloiak geratzeko. David Barrufet eta Alexandru Buligan nituen ispilu, eta asko ikusten nituen telebistan. Baina taldekide izan ditudan guztiekin ikasi dut, eta ez soilik hasieran; 41 urterekin utzi nion jokatzeari, eta azkeneko taldekideekin ere ikasten saiatu nintzen, ni baino hogei urte gazteagoak izan arren. 41 urtera arte iraun banuen jokatzen, ikasteko gogoari eutsi niolako izan zen.

Hori bai dela garaipen handi bat, ezta?

Birziklatzen jakitea? Kar, kar, kar. Ikasten jakitea gauza handia da, eta edonork dauka erakusteko zerbait. Umiltasunez jokatu izan dut beti, ikasteko gauzak ditudala oso garbi izanda. Beste batzuek dituzte nik ez dauzkadan bertuteak, eta horiengandik ikasten saiatu izan naiz.

Bi taldetan bakarrik jokatu izana zure izateko moduagatik izan zen?

Beti sartu izan naiz epe luzeko egitasmoetan, eskubaloian eta hortik kanpo. Herriko eta ametsetako taldea dut Bidasoa, eta gustatuko litzaidakeen ibilbide osoa bertan egitea, baina aurrerapauso bat ematea erabaki nuen, ardura handiagoa edukitzeko, eta horregatik joan nintzen Logroñora. Han bizi izandakoa berezia izan zen, Bigarren Mailatik Lehenengora igo ginelako, eta harrezkero berezko bilakaera bat izan zuen taldeak, mailari eustetik Europan eta Txapeldunen Ligan jokatzeraino hamalau urtetan. Adin handia duzunean jokatzeko, nire kasuan bezala, sasoiko egotea bezain garrantzitsua da ilusioarekin eta buruz indartsu egotea, eta talde horrek ematen zidan urtero ilusio eta helburu berriak edukitzeko aukera, eta horrek asko laguntzen zidan 41 urtera arte jokatzen segitzeko. Oso harro nago bi taldeei fideltasuna erakutsi nielako.

Ez zaizu arantzarik geratu zure ibilbidean?

Beti geratzen da zerbait, eta nire buruari galdetu izan diot zer izango zen kanpoko ligetara jokatzera joatea, zer esperientzia biziko nituen, beste hizkuntza batzuk ikasi, beste lehiaketa batzuetan jokatu, eta abar. Atezain ibilbideak zer bilakaera izango zukeen ikusteko gogoarekin geratu naiz, baina arantza txikiak dira, eta ez nuke egindako bidea aldatuko.

Kanpoan zer eta nola bizi den erakusteko maisua etxean duzu: Julen anaia.

Kanpoan bizi da orain, eta sei urte daramatza etxetik kanpo. Oso esperientzia polita eta aberatsa ari da bizitzen, eta ikusten dut zenbat kostatzen den kanpora joatea, etxera datorrenean nola bizi duen etorrera, eta balio handia ematen diot nire kasuan etxean geratu izanari.

Polita izango litzateke egunen batean argazki hau ikustea: zu, Bidasoako presidentea, anaia taldeko jokalari bezala aurkezten. Ikusiko dugu egunen batean?

Ez dakit bizitzak nora eramango gaituen. Bazkide bezala, presidente bezala eta anaia bezala, asko gustatuko litzaidake. Bidasoarentzat ametsa litzateke Julen bezalako jokalari garrantzitsu batek hemen etxean bukatzea ibilbidea, eta horretan ari gara lanean, ilusioarekin. Gure helburuetako bat dela beti esan izan dut, Bidasoarentzat handia litzatekeelako. Baina zaila dago, Bidasoak daukan maila daukalako ekonomikoki, eta Europan gurearen aldean sei edo zazpi aldiz handiagoak direlako aurrekontuak. Julenek esana du baldintza egokiak izaten direnean, itzuliko dela, eta nik ere ilusioz itxaroten dut argazki hori.