Gure etxeko leihotik

Herrian bizi naizenetik liluraz begiratzen diot gure etxadiari; hotsez, argiz, kolorez eta usainez betea. Orain isilik dago patioa, nabari da negua dela. Falta dira lehen eguzki izpiekin eskegitako izarak, lau hankatan dabiltzan auzokideak, udako giro epel eta argitsua, intsektuen bisitak loreontzietan… Eta azken eguzki izpiekin kantatzen duten enarak. Baina denok lozorroan egon arren, nabari dira bizitzak lau pareta hauen artean. Badaude etxe barneko bizitzaren arrastoak, hormei kolorea ematen dieten arropak, izararen bat edo beste, gure izateen apurtxoak… eta, ikusten ez ditugun arren, entzuten ditugun txoritxoak.






