Gorka Otxoa: “Inoiz baino fikzio gehiago ekoizten ari dira plataformak”

Ikus-entzunezkoen plataforma gehienetan Gorka Otxoa (Donostia, 1979) aktore gipuzkoarra agertzen den estreinaldiren bat ikus dezakegu. Lan eta lan dabil Madril aldean, hainbat proiektutan murgilduta.

Ohitu zara Madrilgo bizitzara ala ahal duzun guztietan itzultzen zara Donostiara?

Ba, bi gauzak, egia esan: alde batetik, 16 urte igaro eta gero, ohitu egin naiz Madrilgo bizitzara, zalantzarik gabe, eta lagun asko dauzkat; baina, bestetik, hasieratik gaur arte, ahal dudan guztietan ihes egiten dut etxera, familia, lagunak eta itsasoa ikustera. Eta gozo jatera, noski…

Para entrar a vivir estreinatu berri da eta Machos alfa estreinatuko da hurrengo astean. Zein beste proiektu duzu esku artean?

Duela gutxi, Un asunto privado estreinatu zen Prime Videon, produkzio potente eta desberdina. Machos alfa telesaila abenduaren 30ean estreinatuko da Netflixen. Bertan, datorren urtean, Eres tú filma estreinatuko dugu, Alauda Ruiz de Azua euskaldunak zuzendua. Eta, azkenik, oraintxe amaitu dudan Monos con pistola telesaila datorren urtean estreinatuko da HBOn. Bestalde, urtarrilean Mexikora noa, Sobre las olas filmean parte hartzera.

Hainbat proiektu interesgarritan parte hartu izan duzu azken hilabeteetan. Besteak beste, HBO, Netflix eta Prime Video plataformetakoak. Ate gehiago zabaldu dituzte plataforma horiek aktoreentzat?

Zalantzarik gabe. Inoiz baino fikzio gehiago ekoizten ari da; eta proiektu interesgarri eta desberdinak, gainera, telebista orokorretan ezinezkoak izango liratekeenak. Hala ere, plataformen burbuilak eztanda egin duela dirudi… Ea norantz doan…

Zaila da telebistan edo ikus-entzunezkoetan lan egitea eta antzerkia uztartzea?

Ba, batzuetan, agenda kontuagatik bai, eta, batez ere, gaur egungo telesailak Madrildik urrun grabatzen direlako asko; gauez, kanpoan. Horrek dezente zailtzen du bi gauzak egin ahal izatea. Baina, beste askotan, borondate kontua da eta lortzen da.

Faltan igartzen duzu euskaraz lan egitea?

Bai; aukera dagoenean, bi aldiz pentsatu gabe joaten naiz, eta oso pozik. Euskaraz egin nituen azken bi filmak, Bypass eta Igelak; plazer handia izan zen. Baina, zoritxarrez, denbora dezente pasa da… Instituzioetatik gehiago lagundu beharko lukete euskarazko ekoizpenak egin ahal izateko, zinemetan, eta, noski, ETBn. Euskara daukagun altxor garrantzitsuenetako bat da.

Euskaraz fikzio gutxi ekoizten da; zergatik?

Ba, esan berri dudan bezala, laguntza eta bultzada gutxi jasotzen duelako, besteak beste.

Baduzue aktore euskaldunen kuadrillarik Madrilen? Hainbeste zaudete eta…

Aktore lagun dezente dauzkat, bai, Madril aldean.

Realzale amorratua zara. Gozatzen egongo zara taldearen azken lorpen eta garaipenekin.

Imajinatu! Realaren historian bigarren talderik onena da. Oso proiektu sendoa da, hazi besterik ez da egiten eta gure historiako errekor eta momentu historiko dezente lortzen ari gara. Eta geratzen zaiguna!