Gorka Belasko: “Kalean marraztean beldurra eta lotsa galtzen dituzu”

Gorka Belasko Arranz marrazkilaria, irakaslea eta zirikatzaile-grafikoa da. Euskal Herria Sketchcraw taldeko kidea da, eta ekimen horren nondik norakoak azaldu dizkigu elkarrizketa honetan.

Gorka Belasko Arranz, ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko, Idoia.

Marrazkilaria, irakaslea eta Euskal Herria Sketchcraw taldeko kidea zara. Hain zuzen ere, azken horri buruz hitz egitera etorri zara. Zer da sketchcraw bat?

Marrazkilari italiar batek Kalifornian asmatu zuen hitz joko bat da. Euskarara itzuliko bagenu, “marrazkiaren betekada edo mozkorraldia” litzateke. Ekintza bat da, jendea egun osoan zehar marrazteko elkartzen den ekintza bat.

Noiz ezagutu zenuen?

Sare sozialetan “arrantzan” nenbilela ikusi nuen Euskal Herrian egiten zela ekimen hori. 2014an animatu nintzen lehen sketchcraw-era joaten, eta, orduz geroztik, bertan nabil buru belarri.

Noiz sortu zen Euskal Herriko taldea?

2011n egin zen lehen deialdia Donostian. Iruñeko Ana Garcia de Pablok eta Edurne Iriartek izan zuten ekimena Euskal Herrira ekartzeko ideia, eta, ondoren, Bergarako Pili Azkarate eta Maite Azkargorta batu zitzaizkien. Horrela sortu zen taldea. Erabaki zuten hiru hilabetean behin egingo zela, eta Euskal Herria izango zela marrazteko eremua.

Talde handia da?

Handia baino gehiago bizia da: pandemiarekin etxean geundenean ere sketchcraw-ak egin genituen; taldeko jendea beti agertzen da sketchcraw-ak antolatzeko prest. Gure taldean ez dago hierarkiarik; dena da horizontala eta irekia: azken urtean zortzi sketchcraw egin badira, bost pertsona desberdinek antolatu ditugu. Nik, noizbait,  800 pertsonako sketchcraw batean parte hartu izan dut, eta hori ez da nire neurria, handiegia da. Niretzat gurea talde arrakastatsua da, dinamikari eusten diogulako eta talde ona garelako.

Nolakoa izaten da sketchcraw egun bat?

Lehenbiziko pausoa leku apropos bat aukeratzea da; normalean, hiri bat edo herri bat izaten da. Mundu mailan, sketchcraw-ak ordu pare batekoak dira, baina gureak egun osoko jarduerak izaten dira. Marrazteko egitarau bat osatzen dugu, lekuaren, eguraldiaren eta leku bakoitzean aurkitzen ditugun baliabide eta azpiegituren arabera; eta marraztu egiten dugu.

Sketchcraw’-a ez da lehiaketa, partekatzea baizik

Nola erabakitzen duzue zer marraztu?

Sketchcraw-a antolatzen duen pertsonak erabakitzen du marrazteko zer den egokiena. Gero, jendeak jarraitu dezake egitarau ofiziala, edo, agian, berarentzat interesgarriagoak diren beste elementu batzuk  topatzen ditu. Hori, guretzat, beti da oso aberasgarria.

Eta egunean zehar elkartzen zarete?

Egunean zehar hitzordu batzuk jartzen ditugu, eta saiatzen gara horietan denok batzen; modu horretan, elkar ezagutzen dugu, eta dakiguna eta ez dakiguna partekatzen dugu. Sketchcraw-a oso modu aproposa da guztion artean ikasteko. Azken finean, hau ez da lehiaketa bat, partekatze bat baizik.

Zer behar da sketchcraw batean parte hartzeko?

Zaletasuna ezinbestekoa da, zeren, batzuetan, hotzarekin, euriarekin… sufritu egiten dugu; baina ez da besterik behar. Bertan elkartzen gara maila handiko artistak, noizean behin marrazten dutenak, aspaldian marraztu ez dutenak… denetatik dago. Inori ez zaio inolako mailarik eskatzen. Batez ere, dakiena partekatzeko ikaragarrizko prestutasuna duen jendea topatzen da bertan. Zerbait marrazten ez badakizu, galdetu egiten duzu; edo, begiratuz ere, pila bat ikasten duzu. Bazkaria ere antolatzen dugu, eta hori oso une aproposa izaten da elkar ezagutzeko eta ikasteko.

Zer eramaten duzu sketchcraw-era?

Koadernoa da gure euskarria, eta, gero, oso gauza sinpleak eramaten ditugu: arkatzak, boligrafoak, errotuladoreak, eta, batzuetan, akuarela eramangarriak. Azken horiek kolorea modu azkar eta eraginkorrean ematea ahalbidetzen dizute. Ni minimoarekin joaten naiz, baina beste batzuek aulkitxoak eta beste gauza batzuk ere eramaten dituzte.

Marrazteko egitarau bat osatzen dugu lekuaren arabera

Non egin duzue azken skechcraw-a?

Donapaleun, baina desberdin planteatu genuen. Bertako plazaren egitura kontuan hartuz, proposatu genuen 360 gradutan marraztea, drone batek goitik izango lukeen  begirada baten antzekoa lortzeko. Ariketa interesgarria izan zen.

Zer dio jendeak marrazten ikusterakoan?

Jendea bere herria nola margotzen duzun ikustera hurbiltzen da. Beraiek kontatzen dizute toki horretan gertatu den zerbait, eta zure marrazkiak erakusten dizkie beraiek ikusi ez dituzten detaileak. Oso elkarrizketa interesgarriak sortzen dira, eta Euskal Herria ere hobeto ezagutzeko aukera ematen digu.

Zer ematen dizu kalean marrazteak?

Kalean bi gauza galtzen dituzu: beldurra eta lotsa. Bestetik, nik esaten dut koadernoan egiten ditugunak ez direla artelanak, komunikazioa baizik. Beraz, artelana egiteko presio hori ez dugunez, lasaiago marrazten dugu, eta, askotan, lortzen dira presio horrekin lortuko ez genituzkeen gauzak. Ikasketa horretan ezinbestekoa da akatsa. Gainera, zauden tokian zaudela, marraztu dezakezu. Orduak metatzen dituzu eta begirada ere lantzen duzu.

Zer da begirada lantzea?

Askotan ez dugu begiratzen, scrolleatu egiten dugu. Marraztean, begirada elementu zehatzetan finkatzen duzu: batzuetan koloreagatik, besteetan enkoadraketagatik… Niretzat, koadernoa osotasun bat da; beste erritmo eta gustu batekin begiratzeko aukera ematen dizu. Nik uste dut, hain zuzen ere, horregatik ari dela koaderno-marrazketa indarra hartzen. Bitxia da: sare sozialekin, mundu mailan halako indar bat hartu du, gehitu zaiolako alde sozial hori. Beste bizitza bat eman dio, eta, leku batzuetan, lanbide bihurtu da. Toki batzuetan, dirutza mugitzen du, Katalunian adibidez; koaderno horiengatik asko ordaintzeko prest dago jendea.

Nonbaiten ikusgai jartzen dituzue sketchcraw-eko marrazkiak?

Batzuk sare sozialen bidez zabaltzen dituzte, eta beste batzuk ez. Batzuetan, sortu ditugu erakusketa digitalak; kontua da horrek lan gehigarria eskatzen duela.

Noiz egingo duzue hurrengo sketchcraw-a?

Hurrengo zita Azpeitian egingo dugu, apirilaren 25ean. Hartu koadernoa, hartu zerbait marrazteko eta etorri! Bestela, Instagramen, “Euskal Herria Sketchcraw” jarrita, aurkituko gaituzue.