Gora begira

Eneko Barberena

Harrapatu nau Emmanuel Carrere idazle frantsesaren Koljós obrak. Harrapatu, loari orduak kentzeraino, liburu on bati eskatu dakiokeen maneran. Bere amaren heriotzak abiatzen du kontakizuna. Ez zen edonor Helene Carrere d’Encausse Frantziako mundu akademikoan, eta ikerketa genealogikoa aintzat hartuta –Europako historian gertatutako gatazka handienetako batzuk ageri dira hurbileko gizabanakoen hariei tiraka–, hamaika kontu aletzen ditu, modu oso egokian, nire ustez.

Izan ere, zein da modu aproposa gure arbasoez jarduteko? Nola epaitu gure aurrekoek egin dutena, edo egin ahal izan dutena, ondoren gu ere epaituak izango garela jakinda? Uste dut Carrereren bertute nagusia naturaltasuna dela, naturaltasuna bere hitzetan eta naturaltasuna bere jarreran. Naturaltasuna hipotesiak egiteko, ezagutza falta ametitzeko, barkabera izateko. Eta, batez ere, egindakoa arakatu eta aitortzeko, ilunak eta argiak plazara aterata.

Euskararen mundutxora etorrita, nola begiratzen diegu gure goikoei? Belaunaldi batek, lekua egiteko edo euskararen apur ziztrinetan, bi jarrera hartu ohi ditu aurrekoekiko: adamismoa –kasurik onenean, ezagutza faltagatik–, edota, zuzenean, gupidagabe jipoitzen ditu.

Lehenengo jarrerak, ezagutza faltarenak, zerikusi zuzena du apurtua dagoen euskararen eta euskal kulturaren transmisio katearekin. Berria-k adierazi badu uda honetan hezkuntza zentroetako euskara ikasgaiko irakasleek apenas irakurtzen dutela euskarazko literaturarik, zer eska dakieke azaltzea ikasleei Lauaxetaren olerkiei buruz? Tene Mujikaren ipuinez? Miranderen gutunez? Ezinezkoa da kultura artikulatu bat edukitzea interes gutxienekoa duen bakoitzak zerotik abiatu behar badu bere ibilbide literarioa.

Bigarren jarrera gaitzesgarria bezain errepikakorra da, harrigarriki. Ondo da egurra ematea, ez naiz ni izango hori ukatzen duena betiere gutxieneko maneratan asmatzen bada, baina ez du balio behin ipurdia eserlekuan bermatu denean apaldu eta otzantzea. Gazte hasi ohi dira halako maiz eta urteen joanari egozten zaio halakoetan bihotzeko suaren apaltzea, baina hain giro txarra sortzen du horrek euskal letrak osatzen dituzten lau katuen artean, hain da aurreikusgarria, gainera, behin mekanismoa ulertu duzunean, kandelak jartzen dizkiodala Aretxabaletan Karmele Igartuak ez duen estatuari talentu literarioak beste bide batzuk aurki ditzan aurrea egiteko euskal bazterrotan.