Goiatz Urkijo: “Ariketaren eraginean jarri behar dugu fokua”
Behetik gora egin du ibilbidea laudiarrak. Aiaraldeko arduradun izatetik Arabako koordinatzaile izatera igaro zen. Hirugarrenean, koordinatzaile orokorra da. Hastear da Euskaraldia, eta mezu argia bidali nahi die euskaldunei: “Ez dezagun gugan bakarrik pentsatu”.
Eskerrik asko, Goiatz, TTAPen gonbita onartzeagatik.
Eskerrik asko zuei.
Ikusleen artean gaude, Donostiako Lugaritz kultur etxean, eta Euskaraldia noiz hasiko zain bezala gaude. Hilabeteetako lanketa prozesuaren ondoren abiatuko da ariketa kolektiboa. Hitzez ekiteko garaia da aurtengo lelo nagusia. Bereziki, jauzi kualitatiboa eman nahi delako. Hori da, berez, helburua, ezta?
Bai, hori da. Eta uste dugu aurtengo leloak aurrerapauso hori emateko gonbita egiten digula. Aurten, ahal dela, alde batera utzi nahiko genituzke datu kuantitatiboak. Eta, benetan, ariketaren eraginean jarri nahi dugu fokua. Ezin dugu ahaztu aurreko Euskaraldia –bigarrena– 2020ko udazkenean egin genuela, pandemia bete-betean, oso egoera eta baldintza zailetan. Aurtengoa baldintza hobean egingo dugu, eta uste dugu jendea ere animatuta dagoela. Ikusi genuen udaberrian Korrikak zelako irudiak ekarri zizkigun. Eta Korrikako eta Euskaraldiko leloen artean bada sinergia bat. Euskaraldikoa hitzez ekiteko garaia da eta Korrikakoa, hitzekin. Aurrerapausoa emateko garaia da, eta urte hasieran Korrikako antolatzaileekin batera hori bera adierazi nahi izan genuen: aurtengoa hitzaren eta ekintzaren urtea izan izatea nahiko genukeela.
Era berean, eta lehen ediziora itzulita, Euskaraldia bada bere horretan ahalduntze ariketa bat.
Ahalduntze ariketa bat da, eta, gainera, kolektiboa. Hor du indar handiena Euskaraldiak. Euskaldunok estres linguistikoa deitzen diogun hori pairatzen dugu; aldiro-aldiro pentsatzen ibili behar dugu ezezagun baten aurrean: “Euskaraz egingo diot? Bai? Ez? Zelan hartuko du nik euskaraz egitea?”. Askotan, erosotasunagatik edo askorik ez inplikatzeagatik erdarara jotzen dugu. Euskaraldiak ahalduntzeko ariketa hori eskaintzen digu. Milaka txapa ikusten ditugulako, eta hori izugarria da ahalduntzerako bidean. Babesgune bat sentitzen dugulako, ez gaude bakarrik, eta hori oso inportantea da gure lurralde honetan.
Izan ere, Euskal Herrian dibertsifikazio handia dago. Baita udalerri bakoitzean ere. Euskaldunen ikuspegitik jarrita, bada “hemen gaude” adierazteko modu bat.
Askotan, norberarengan pentsatzen dugu eta arnasguneetan edo euskaraz bizi diren eremu horietan zalantzan jarri da Euskaraldia, behin baino gehiagotan. Eta pentsatu behar dugu ez gugan bakarrik, baita ingurukoengan ere. Noski, gugan eragiten dugu, gure hizkuntza ohiturak aldatzen ditugu, baina ingurukoenak ere bai. Ikuspegi hori zabaldu behar dugu. Askok diotelako “euskaraz bizi naiz”. Ondo, baina zure ekosistema horretatik ateratzen zarenean beste milaka ahobizi eta belarriprest daude euskaraz bizi zarela ez dakienik. Orduan, arnasgune horietan eta euskaraz bizi den jendea animatu nahi dugu txapa janztera. Eurengatik eta ingurukoengatik. Identifikaziorako oso tresna baliagarria delako Euskaraldia, eta, horretarako, txapa ezinbestekoa da.
Euskararen bidean doazenentzat, berriz, bada gonbit bat. “Zu ere bertan zaude” adierazteko modu bat da Euskaraldia.
Aukera bat zabaltzen zaie pertsona horiei. Ariketa egin behar dugu aurreiritziak alde batera utziz, lotsak alde batera utziz. Eta ekin. Ekin, gugatik eta ingurukoengatik.
Ahobizi-ek belarriprest-ak behar dituzte, eta alderantziz. Ekosistema hori osatzeko, babesgune eta arnasgune erraldoi hori sortzeko denon beharra dugu.
Laudiokoa zaitugu, eta Laudion bizi zara. Nola bizi da euskara Laudion, oro har? Eta zer izan da Laudioko euskalgintzarentzat Euskaraldia?
Laudion 18.000 biztanle gara, eta, askotan, uste dugu denok elkar ezagutzen dugula. Baina zenbat sorpresa hartu ditugun Euskaraldiarekin! Txapak jantzi genituenean, 2018an, gehienbat, zenbat sorpresa hartu genituen! Lehen aipatzen nuen bezala, identifikaziorako tresna gisa hartzen dut nik Euskaraldia. Bai Laudion, eta baita Euskal Herri osoan ere. Laudion, adibidez. Zenbat sorpresa hartu genituen ezagutzen genuen jendea txaparekin ikusi genuenean! Ez genekien hainbatek euskara ulertzen zuenik. Eta 2020an ere antzeko, entitateekin. Tokiko merkataritzan eta ostalaritzan ariguneen identifikagarriak ikusi genituen, eta hori oso baliagarria izan zen. Laudioko eragileen artean saretzeko aukera eman digu, bide batez.
Arabako koordinatzailea izan zinen aurreko edizioan. Eta orain, Euskal Herri osokoa. Jauzi handiegia da?
Bai. Eta oso prozesu aberasgarria izan da niretzako. Atzera begira jarrita, 2018an egin nuen lehen harremana Euskaraldiarekin, Aiaraldeko dinamizatzaile izan nintzelako. Bertan hasi nintzen Euskaraldia bizitzen. Herri mailan, eragileekin eta herritarrekin, aurrez aurreko harreman horietan. Bigarren edizioarekin martxan ari ginela, Euskaltzaleen Topagunean hasi nintzen lanean, eta Arabako koordinatzailea izatea egokitu zitzaidan. Egitasmoa beste ikuspegi batetik bizitzea egokitu zitzaidan, eta hirugarren edizio honetan ikuspegia gorago jarri behar da. Prozesu osoa, hasiera-hasieratik, oso aberasgarria izan da niretzat, eta uste dut hiru ikuspegi horiek beharrezkoak direla Euskaraldian. Herri mailatik hasita eta koordinazio orokorrera bitarte.
Nola daramazu zure baitan ardura horiek izatea? Antsietateak jota zaude? Urduri?
Lasai nago, pentsatu baino lasaiago. Egia da alde batetik bestera ibili behar dudala. Uste dut Euskal Herriari buelta emango diodala hirutan edo lautan. Entretenituta nago. Niri dagokit aurpegia ematea, baina oso lasai nago, nirekin lantalde izugarria dudalako.
Lasai nago, sinesten dudalako ariketa honetan eta badakidalako jendea gogotsu dagoela. Euskaraldia egingo dugu, gutxienez, aurrekoan baino baldintza hobeetan. Eta hori asko da.
Baina, nahi gabe ere, presioa egon badago. Dagoeneko ezaguna da Euskaraldia eta lehen aipatu duzu jauzi kualitatiboa eman nahi dela, baina nahi gabe ere datuena erreferentzia bat da. Lantaldean ondo kudeatzen ari zarete hori?
Presio hori kentzen ikasi dugu. Datuak oso garrantzitsuak dira eta lehenengo ediziokoa izugarria izan zen. 200.000 kidetik gorakoa izan zen parte hartzea. Baina benetan sinesten dugu ariketaren eraginean jarri behar dugula fokua. Hori delako lortu nahi duguna. Nahiago jende gutxiagok eta ariketa ondo eginez parte hartzea, eta gure hizkuntza ohitura aldatzea. Eta fokua ez hainbeste jartzea milaka eta milaka pertsonaren datu horretan. Fokua ariketaren eraginean jarri behar dugu.
Aurtengo Euskaraldiak, beraz, arrastoa utzi behar du parte-hartzaileen artean.
Euskaraldiak 15 egun irauten du, baina hamaseigarrenetik aurrera ere nahi dugu arrasto hori uztea. Hamabost egunean hasitako ariketa mantentzea nahiko genuke, eta, ahal dela, hurrengo 365 egunetan ere bai.
Eta Aiaraldean hasi eta Araban jarraitu duen Euskal Herriko dinamizatzaile izateko bide horretan, zein izan da, aipa daitezkeenen artean, adibide zirraragarri edo aipagarriena?
Euskaraldiaren antolaketa bera. 400 batzordetik gora sortzen dira Euskal Herri osoan ariketa hau aurrera eramateko. Oilo-ipurdia jartzen zait pentsatze hutsarekin.
Lehenengo edizioan jendearen ilusioa izugarria izan zen, eta hori izan zen behin eta berriro errepikatu zen hitza: ilusioa eta konplizitatea. Bigarren edizioa oso baldintza zailetan egin genuen, eta, atzera begira jarrita, izugarria iruditzen zait batzordeek egokitzeko izan zuten gaitasuna.
Pandemia zela-eta ezjakintasun egoeran egin genuen ariketa eta aurreko prestaketa guztia. Ez genekien hurrengo egunean zer gertatuko zen munduan. Eta batzordeen erantzuna izugarria izan zen, egunero-egunero egokitzen egoerara. Pentsatzeak soilik emozionatu egiten nau. Batzordeak dira Euskaraldiaren motorra. Batzorderik gabe, ez legoke Euskaraldirik.
“Ekin gugatik eta ingurukoengatik“
Asko kosta da edizio hau martxan jartzea?
Esango nuke ezetz. Ilusioz prestatu dugu hirugarrena. Koordinaziotik helburuetako bat parte hartzaileei prozesua erraztea izan da; batez ere, izen ematean. Berresteko aukera eskaini dugu, eta ez hutsetik izena emateko. Kanpora begira erraztasunak eman nahi izan ditugu, baina barrura begira ez da horren erraza izan. Ilusioz lan egin dugu, baldintza hobeetan egingo dugulako aurtengo ariketa. Indar hori hartu genuen aurreko esperientzia gazi-gozo hura oinarri hartuta.
Dagoeneko Euskaraldiaren mekanismoa ezaguna da, gutxi-asko. Rolak, ariguneak… Euskaldun eta ahobizi denaren aldetik, mekanismoa errepikatzearen poderioz gerta daiteke herritar horiek Euskaraldiarekin lasaitzea, aspertzea edo motibazioa galtzea?
Izan daiteke. Bi urterik behin egiten den ariketa da. Jende bat egongo da benetan euskaraz bizi dena, eta Euskaraldian aurrerapauso handirik egin ezin duena, baina badago jendea aurrerapauso asko emateko prest dagoena, eta hori adierazi digute. Orduan, ekosistema hori guztia hartu behar dugu kontuan.
Batzuentzat errepikakorra izan daiteke, baina beste batzuentzat aukera paregabea da Euskaraldia, apurka-apurka eta edizioz edizio erronka propioak jartzeko.
Bigarren edizioan arigunea txertatu genuen, berrikuntza modura. Oso zaila izan zen horiek aurrera eramatea pandemia garaian. Eta horregatik, hirugarren edizio honetan ez dugu berrikuntza handirik egin. Euskaraldiaren edizioak aurrera joan ahala berrikuntzak sartu beharko dira motibazio hori edo asperdura hori gainditzeko.
Belarriprest txapa soinean daramazu. Elkarrizketarako jantzi duzu ala zuk belarriprest izena eman duzulako?
Belarriprest eman dut izena. Lehenengo edizioan ahobizi izan nintzen, eta ikusi nuen ez dela horren erraza ahobizi lez jokatzea.
Horrek zerikusia dauka, beharbada, Laudion bizi izatearekin?
Izan daiteke. Ez da erraza ahobizi rola. Ez Laudion, ez beste inon ere. Eta hori azpimarratu nahi nuke.
Barka egidazu, Goiatz. Badagoelako eztabaida moduko bat txaparen aukeraketarekin. Euskalduna zara, baina belarriprest txapa daramazu soinean. Uler dezakegu euskararen bidean dagoen jendea gerturatzeko borondatea duzula. Edo ez?
Neure buruarekin ariketa zintzoa egiteko, bigarren ediziorako erabaki nuen belarriprest izatea. Lehenengoan ahobizi izan nintzen eta ariketa ez nuen ondo egin, zintzoki izateko. Ez nintzen, benetan, ahobizi izan 11 egunez, 24 orduz. Askotan, euskaldun baten aurrean egon eta ez nuen euskaraz egin, edo lehen hitza beti ez nuen euskaraz egiten.
Bigarren ediziorako hausnarketa egin nuen. Uste dut inportantea dela ariketa ondo egitea eta presio hori kentzea. Askotan sentitu dugulako ahobizi eta belarriprest rola gaitasunarekin lotu direla, eta ez jokaerarekin. Ondo moldatzen naiz euskaraz, baina ez dut neure burua gai ikusten, adibidez, Laudio batean lehen hitza beti euskaraz egiteko, edo euskaldunen aurrean beti euskarari eusteko. Horregatik erabaki dut belarriprest izatea.
Aurten bada berrikuntza lorpenekin eta erronkei begira. Egindakoak zentzua izan duela frogatu nahi dudalako. Zuen lehenengo pertzepzio zein da?
Gure aurtengo helburu nagusia esango nuke hori bera dela. Lorpenak identifikatzea, eta geure buruari erronkak jartzea. Hasieran, kosta egin zen horiek ulertzea. Baina jada adibideak entzuten dituztenean jendea animatu egin da. Nafarroan bideo bat birala izan zen, protagonistak postaria txapa jantzita ikusi zuenekoa. Aurrerapauso txiki bat da, baina oso esanguratsua, euren hizkuntza ohitura aldatu zutelako. Horrelako aurrerapauso txikiak identifikatu eta ikusarazi nahi ditugu Euskaraldia benetan eraginkorra dela erakusteko.
Ariguneen kopurua igotzen ari da, inguruan ikusten ari naizena kontuan hartuta. Lanean, merkataritza-gune handietan, gune zehatzak jarriko direlako.
Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira. Babesguneak dira, ahobizi-z eta belarriprest-ez osatuta daudelako. Horrek esan nahi du arigunearen identifikagarria ikusten dugunean bertan euskaraz lasai aritu gaitezkeela. Eta hori asko da.
Txapa ikusten dugun moduan, ariguneen identifikagarri bat lantokian edo supermerkatuan ikustea garrantzitsua da. Entitate hitza esaten dugunean, enpresa handiak datozkigu burura, baina gure egunerokoan entitate askok askorekin daukagu harremana: Guraso elkarteak, kirol elkarteak… Gune horietan guztietan identifikagarriak ikusteak babesgune izugarria sortzen du, badakigulako bertan gutxienez euskara ulertzen duen jendea topatuko dugula, eta, orduan, gu euskaraz lasai aritu gaitezke bertan.
Aurreko edizioan milaka arigune sortu ziren Euskal Herri osoan zehar, baina asko ezin izan ziren martxan jarri pandemia zela eta. Aurten, arigune horiekin eta sortu diren berriekin uste dut ariketa taldean egiteko aukera izango dugula.
“Aurtengoa hitzaren eta ekintzaren urtea izatea nahiko genuke”
Euskal Herrian barrena egoera oso bestelakoa dela, alde batetik bestera. Ez da berdina Adunan edo Laudion edo Elorrion edo Zallan Euskaraldia burutzea. Eta, ondoren, Euskaraldiak nola neurtuko du ariketa kolektiboa?
Aurreko edizioetan bezala, ikerketa abian jarriko dugu aurten ere. Siadecok gidatuko du ikerketa hori eta fokua norbanakoarengan eta entitateengan jarriko du. Lagin bat egongo da, galdetegi batzuk erantzungo ditugu, focus group batzuk ere egingo dira. Eragina neurtu nahi da Euskaraldiaren aurretik, bitartean eta ondoren. Zer-nolako arrastoa utzi duen jakin dezagun.
Zergatik da ona gizarte ekimenek, herri ekimenek eta erakundeek bat egitea?
Elkarlanean aurrera eramandako ariketa bat da. Hori da Euskaraldiaren arrakastarako gako nagusia. Hasi erakunde publikoetatik, entitateetatik, ere bai. Elkarlanean egindako ariketa bat da. Eta uste dut horrela sentitzen dugula gure.
Galdetzen dizut, Euskaraldiaren baitan han-hemengo euskararen militanteak eta erakundeetako ordezkariak uztartzen direlako. Eta erakundeetatik, tarteka, eredu zatarrak ikusi ditugu. Euskaraldia probaleku modukoa da?
Inon ez da horrelako antolakuntza eredu bat egon, eta uste dugu funtzionatzen duela. Haren gauza on eta ez hain onekin. Asko daukagu hobetzeko. Ziur. Baina uste dut guztiona dela Euskaraldia. Hori da gakoa, guztiok bat egiten dugu bertan, guztiontzako ariketa bat da.
Eta horrela sentitzen dute norbanakoek, entitatetako ordezkariek eta erakunde publikoetako ordezkariek.
Erakunde publikoak aipatzen hasita. Lan egiten utzi dizuete? Eroso lan egiteko aukera egon da?
Bai, elkarrekin egindako zerbait delako. Ez da beraien babesarekin egindako zerbait, elkarrekin sortutako zerbait baizik. Zirkulu bat da. Ez nuke esango Euskaraldia gurea denik, baizik eta guztiona dela. Eta uste dut hori dela azpimarratu beharrekoa, horrelako ariketa sozial erraldoi bat aurrera eramateko.
Goiatz, hemen gaude eserlekuan eserita eta funtzioa hastera doa. Goza dezagun Euskaraldiaz. Hamabostaldi on!
Eskerrik asko.