Gëre taldearen ‘23556’ diskoa

Iñaki Gereñu, Peachy Joke eta Lander Zalakain, Belako elkartzen dituen proiektua da Gēre: synthwave euskalduna eta melankolia elektronikoa uztartzen dituen taldea. Kantuak etorkizunera begiratzen duten melankolia batetik sortzen dira. 23.556 izeneko diskoa hamar kantuz eta hainbat kolaborazioz osatua dago.

Duela gutxi argitaratu duzue 23.556 diskoa. Nolakoa da?

23.556 oroimenari, galerari eta gure baitan geratzen diren arrastoei buruzko diskoa da. Oso pertsonala da, baina, aldi berean, denok bizi ditugun sentimenduez hitz egiten du: faltan botatzea, nostalgia, maitasuna edo denboraren joana.

Musikalki, elektronika organikoa eta atmosfera zinematografikoak uztartzen ditu. Gure erreferentziak elektronikaren, folkaren eta irudi zein paisaia distopikoen arteko elkargune

batean daude. Dantzarako moduko diskoa da, baina baita gelditu eta barrura begiratzekoa ere.

Zer nolako harrera izan du?

Egia esan, oso pozik gaude. Diskoa kaleratu zenetik jasotako mezu, iritzi eta erantzunek asko hunkitu gaituzte. Jende askok bere egin ditu kantuak, eta hori da musikari gisa jaso dezakegun oparirik handiena. Gainera, lehen aurkezpen kontzerturako sarrera guztiak agortu ziren, eta horrek erakutsi zigun proiektuak jendearengan interesa eta jakin-mina piztu dituela.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua? Zein izan da diskoaren inspirazio nagusia?

Prozesua luzea izan da. Urte eta erdi baino gehiago eman dut abestiak idazten, moldatzen eta ekoizten. Inspirazio nagusia bizitza bera izan da: bizitako galerak, maitasunak, oroitzapenak eta denborarekin ulertzen joaten garen gauzak. Diskoaren izenak berak ere lotura zuzena dauka horrekin; nire (Peachy Joke) aita bizi izandako egunen kopurua da 23.556.

Zer nabarmenduko zenukete disko berritik?

Zaila da abesti bakarra aukeratzea, uste dugu diskoak osotasunean hartuta duela benetako zentzua. Kantu bakoitzak bere lekua dauka eta guztiek elkarrekin osatzen dute kontakizun bat.