Gazteentzako lan duina?

Javier Arrieta Idiakez

Gazteak dira etorkizuna. Izan beharko dute, halabeharrez. Zahartua dugu gizartea. Gazte gehienak berandu laneratzen dira; asko, erdipurdiko baldintzekin. Horren aurrean zer egin?

Duela urte batzuk, Eusko Jaurlaritzak apustu garrantzitsua egin zuen, unibertsitateetan ere formakuntza duala ahalbidetuz. Estatuan Euskadi izan zen aitzindari.

Horrenbestez, unibertsitateko azken bi urteetako ikasleek irakasgai batzuk enpresetan lan egiten gauza ditzakete. Bada, unibertsitateen eta enpresen arteko lankidetza-hitzarmenak ugaritzen doaz. Ezbairik gabe, unibertsitateetako formakuntza dualak gazteak lehenago laneratzea ahalbidera dezake. Gainera, Jaurlaritzak hala aginduta, enpresek ikasleei ordaindu behar dizkiete, gutxienez, lanbide arteko gutxieneko alokairua (950 euro) eta bidaia-sarien kostua.

Hori guztiori bideratzeko, estatuko 2021erako aurrekontu orokorrei buruzko legeak ezarri du prestakuntzarako eta ikaskuntzarako lan-kontratua baliatu beharko dela. Horrekin orain arte zegoen lege-hutsunea bete da. Bestela esanda, lan-kontratua izango dute ikasleek eta hitzarmen kolektiboetan xedatutakoa aplikagarri izango da.

Langabezia-prestazioa kobratzeko eskubidea ere izango dute. Alabaina, gazteek lan duina izateko zerbait gehiago behar da. Gazteek aukera ezin hobe bezala hartu behar dute hori, eta euren esfortzua ezinbestekoa da. Behin formakuntza duala eta ikasketak bukatuta, helburua ezin da izan langabezia-prestazioa kobratzea, ezpada lan-kontratu egonkor eta bidezkoak izatea.