Gazteak eta zaharrak

Arantxa Urretabizkaia

Nire adineko emakume batek esan zidan gure atzetik etorri diren belaunaldiak gurea baino kontserbadoreago direla, ia esparru guztietan. Aspalditik gara ezagunak eta hamaika aldiz izan zaizkit lagungarri bere hitzak. Esan behar izan nion ez natorrela bat. Are gehiago, baieztapen horrek akats bat duela oinarrian, garai bateko abangoardia oraingo orokortasunarekin alderatzen duelako. Orokortasunak orokortasunekin alderatu behar direla.

Hiru hamarraldi bete berriak dituen emakume batek esan zidan zaharrok atzerakoiak garela berez; gaztetan aurrerakoi izan baginen ere, hori dela bizitzak daraman norabidea, biologiaren legea. Aipatu behar izan nizkion zahar iraultzaileak eta gazte atzerakoiak, zahar hausleak eta gazte otzanak. Gaztetan aurrerakoi izan ondoren zahartzaroan kontserbadore bilakatzen denak ezin dio erantzukizuna biologiari leporatu.

Berez nahasia den errealitatea hobeto ulertzeko, gehienetan sinpletu egiten dugu ikusten edo bizitzen duguna. Horregatik sailkatzen ditugu pertsonak adinaren, jatorriaren, erlijioaren edo klase sozialaren arabera. Jokaera horrek, ordea, berezko arriskua du: zenbat eta gehiago orokortu, orduan eta zirrikitu gehiago ditu ondorioztatu dugun horrek.

Adinak ez gaitu berdintzen, gazte guztiak ez dira berdinak. Are gutxiago zaharrok, geure burua janzteko edo eransteko denbora gehiago izan dugu eta bakoitzak ahal edo nahi duena egin du denbora horrekin.