Gaztaroari gorazarre

Orain zahartzaroa bertatik bertara ikusten dugunok jakin badakigu nola aldatu diren gauzak azken hamarraldiotan, edozein esparrutan. Horietako bat adinaren inguruko iritzia da.
Gu gazteak ginenean, bizitzaren gailurra helduaroan zegoen eta gazte ginenok aprendizak ginen, heldu izateko ikasten ari ginen, merituak egin behar genituen gailur horretara heltzeko, seriotan hartuak izateko.
Gero, 1968. urtearen inguruan, ideia iraultzaile bat zabaldu zen: ez, gailurra ez zen helduaroa, gaztaroa baizik. Eta gaur arte, paradigma horren menpean bizi gara. Gailurra gaztaroa da eta hortik aurrera aldapa behera mingarri bat besterik ez dago. Horregatik ahalegintzen gara gazte itxura betikotzen, eginahal guztiak egiten ditugu gure nortasun agiriak dioen adina baino gazteago garela antzezteko. Gizon nahiz emakume.
Adin nagusira heldu bezain pronto, helburu hori dugu, nortasun agiria gezurtatzea. Esaiozu edozein pertsonari duen adinari dagokiona baino itxura gazteagoa duela. Ikusiko duzu sinesten duela eta, ondoren, hori izango dela lagunei edo adiskideei kontatuko dien lehen gauza: gaur esan didate …
Gaztaroaren gorazarrearekin batera, dikotomia bat onartu dugu itsu-itsuan: gazte=on, zahar=txar. Data urrun hartan onartu genuen irizpideak bumeran baten moduan jo digu muturrean oraingo zaharroi.
Ez dugu zeregin makala: zahartzaroa duintzea tokatzen zaigu, hain zuzen, zahartzaroa gorrotatzen duen gizarte honetan.